(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Menpekotasuna duten 4.367 pertsona gehiagori emandako arreta eta pobrezia-tasan izandako % 7,8ko jaitsiera (4.200 pertsona) dira Eskubide Sozialen Departamentuaren hirurteko balantzearen datu nagusiak astelehena, 2018.eko uztailak 23


Laparra Lehendakariordeak nabarmendu duenez, enpleguaren arloan, Nafarroak duela hiru urte baino 24.268 pertsona gehiago ditu afiliatuta gizarte-segurantzan eta 10.857 langabe gutxiago, "eta hori gizarte osoaren meritua da"


Transcripción textual del video

Miguel Laparra kontseilariak Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzaren eta Exekutibo aldaketaren  hiru urte hauetako balantze arras positiboa egin du, eta haren esanetan, “begien bistakoa” da, departamentuak ohiko jardunean esku artean darabiltzan adierazleen “hobekuntza orokorra”: 10.857 langabe gutxiago, Estatu osoko langabezia-tasa txikienarekin; menpekotasuna duten 4.367 pertsona gehiago artatu dira (% 50eko igoera); 10 milioi gehiago bideratu dira alarguntza pentsioen eta gainerako pentsio baxuen osagarrietara (lege berriari esker, pentsio baxuak dituzten 6.000 pertsona gehiagok dute osagarri honetarako eskubidea); pobrezia-arriskuaren tasa % 7,8 murriztu da, Espainian pobrezia gutxien duen Autonomia Erkidegoa bihurtuz eta murrizketa Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino handiako izanik; Nafarroan inoiz egindako inbertsiorik handiena bultzatu da errenta sozialeko 524 etxebizitza sustatzeko; eta % 20,33 gehitu dira haurrei eta familiei zuzendutako baliabideak.

Miguel Laparra kontseilariak Eskubide Sozialetako Lehendakariordetzaren eta Exekutibo aldaketaren  hiru urte hauetako balantze arras positiboa egin du, eta haren esanetan, “begien bistakoa” da, departamentuak ohiko jardunean esku artean darabiltzan adierazleen “hobekuntza orokorra”: 10.857 langabe gutxiago, Estatu osoko langabezia-tasa txikienarekin; menpekotasuna duten 4.367 pertsona gehiago artatu dira (% 50eko igoera); 10 milioi gehiago bideratu dira alarguntza pentsioen eta gainerako pentsio baxuen osagarrietara (lege berriari esker, pentsio baxuak dituzten 6.000 pertsona gehiagok dute osagarri honetarako eskubidea); pobrezia-arriskuaren tasa % 7,8 murriztu da, Espainian pobrezia gutxien duen Autonomia Erkidegoa bihurtuz eta murrizketa Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino handiako izanik; Nafarroan inoiz egindako inbertsiorik handiena bultzatu da errenta sozialeko 524 etxebizitza sustatzeko; eta % 20,33 gehitu dira haurrei eta familiei zuzendutako baliabideak.

Lehendakariordeak adierazi duenez, legealdiak aurrera egin ahala, “gero eta begi-bistakoagoa da Nafarroan egindako aldaketa batez ere aldaketa soziala izan dela; krisitik eta murrizketa sozialetatik indarrez hazi eta Ongizatearen Estatuari dagozkion osasuna, hezkuntza eta eskubide sozialak bezalako osagai nagusiak indartu dituen beste Nafarroa batera igaro gara. Eta guretzat funtsezkoa den beste gauza bat: Nafarroaren garapena ere soziala izan dadila, gizarte osoaren mesedekoa, hau da, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen, haurren, gazteen eta, oro har, kalte-arrisku handiena duten familia guztien mesedekoa.”

Laparrak argi utzi du “aurrerapen sozial hauek, beti gogoratzen dudanez, estu-estu lotuta daudela ekonomiaren bilakaera onarekin, erreforma fiskal aurrerakoiekin eta Gobernuari eusten dioten lau indar politikoen arteko lan koordinatuarekin”. Hona hemen, lauko gobernuaren lehentasun politikoak argitzeko moduko datu bat: “hiru urte hauetan Nafarroako aurrekontu osoa % 8,5 hazi delarik, lehengo Gizarte Politiken departamentuarena % 42,67% gehitu da". “Gaur aurkeztu ditugun datuen harira esan dezakegu dagoeneko ez dugula planez edo proiektuez hitz egiten, garrantzi handiko emaitza neurgarriak lortzen ari baikara dagoeneko”.

Lehendakariordeak nabarmendu duenez, “baliabideak areagotzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da lan egiteko modua aldatzea. Horren harira, aurrerapauso handiak eman dira kudeaketa-eredu berri bat finkatzeko, pertsona ardatz duen arretari nahiz kudeaketaren arintasun eta eraginkortasunari lehentasuna emanez, behar desberdinei erantzuteko zerbitzuak dibertsifikatuz, prebentzioaren esparrua garatuz eta gizartearen partaidetza bultzatuz baliabide publikoak hobetzeko giltzarrizko tresna bezala”. Ildo horretan, “bereziki eskertu nahi nuke langile publikoek nahiz Departamentuaren zerbitzuen kudeaketan laguntzen duten erakundeek egindako ahalegina. Horiek gabe, emaitza hauek ezinezkoak izango ziratekeen”.

Hala ere, Lehendakariordeak argi utzi du “egiteko dagoena ere oso garrantzitsua” dela. “Abiada onean ari gara lanean legealdi honetan garrantzi handikoko proiektuak osatzeko, eta aldi berean, garrantziagatik legealdi batetik gorako iraupena izan behar duten gaiei buruzko lana planifikatuta utzi nahi dugu. Hortaz, legealdia bukatutzat jo beharrean, giltzarrizko urtea dugu ordindik aurrerantzean".

Gaurko balantzean, Laparra Lehendakariordeak sei jarduera-eremu nagusitan  taldekatu ditu hiru urte hauetan egindako jarduketak: Enplegua; Mendekotasuna eta Desgaitasuna; Familia eta Adingabeak; Kohesio soziala eta Pobreziaren aurkako borroka; Etxebizitza; eta Gizarte Zibilarekiko Harremanak.

Enplegu Politika Aktiboak

Bereziki ekonomiaren bilakaera onari esker, hazkunde ekonomikoa Espainia osoko batez bestekoa baino handiagoa izan baita, Nafarroak 10.857 langabe ditu egun, langabezia-tasarik txikiena duen Autonomia Erkidegoa izanik, eta legealdiaren hasieran baino 24.268 pertsona gehiago ditugu afiliatuta Gizarte-Segurantzan. Zalantzarik gabe, hau gizarte osoaren meritua izan da, enpresa eta langile guztiena alegia, Nafarroako Gobernuaren politika espantsiboen eragin positiboa tarteko.

Nafar Lansarek garatzen dituen enplegu-politika aktiboei dagokienez, Laparrak nabarmendu du, hasierako aurrekontua % 15,7 hazi den egungo testuinguruan, nabarmen indartu dela funtsen kudeaketari dagokion lidergo publikoa.

Horrekin batera, lanerako orientazioaren, prestakuntzaren eta bitartekaritzaren hobekuntza eta enpresei, autonomoei, ekonomia sozialari eta enplegu zentro bereziei nahiz laneratzeko enpresei emandako laguntza azpimarratu behar dira. Baliabide hauei esker, 23.297 pertsonak lanerako lanbide-heziketa jaso zuten 2017an, aurreko urtean baino % 18,6 gehiagok eta 2015ean baino % 57,4 gehiagok.

“Orientazioan izandako aldaketaren funtsezko osagaia dugu kalte-arrisku handieneko kolektiboei zuzendutako enplegu-politiketan gizarte zerbitzuekin batera lan egiteko lehentasuna”, nabarmendu du Laparrak. “Horren ondorioz, 2017an, NLaren enplegu-politika aktiboek zuzeneko inpaktua izan zuten 4.800 lanpostutan, 2016an baino % 27 gehiagotan. Berrikitan, Errealitate Sozialaren Behatokiaren txosten batean adierazi genuen bezala, oso datu global positiboak izanda ere, lan-merkatuan gertatzen ari den dualizazioa azpimarratu behar da". Horren harira, 2013tik 2017ra bitartean mugagabeko kontratazioan izandako % 74ko hazkundea nabarmendu du, baita iraupen labur-laburreko aldi baterako kontratuetan izandako igoera arina ere, aldi baterako kontratazioaren % 41,9tik % 42,8ra igo baita 2013tik 2017ra bitartean. Ondorioz, enplegua sortzen laguntzeaz gain, nahitaezkoa da enpleguaren kalitatea indartzea.

Mendekotasun-Desgaitasuna-Adinekoak

Beste lehentasun handietako bat izan da mendekotasuna, desgaitasuna, gaixotasun mentala eta adinekoak artatzeko politikak indartzea.

Berariaz kontuan hartzeko modukoa izan da, mendekotasun egoeran egon eta zerbitzu edota prestazioren bat jasotzen duten pertsonen kopuruan izandako hazkundea. “Hiru urtetan, 4.367 pertsona gehiago artatzen ditugu, % 50eko igoerarekin”, Laparraren hitzetan. Era berean, esparru honetako alderdirik garrantzitsuenetakotzat aipa daitezke “mendekotasuna duten pertsonen kenkari fiskalak desgaitasuna dutenekin parekatu izana, mendekotasunerako prestazioenarteko zenbait bateragarritasun berreskuratu izana, edota desgaitasunaren eta gaixotasun mentalaren sektorearekin hitzarmen berri bat sinatu izana, lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzuen kalitatearen mesedeko inbertsio garrantzitsuak bultzatzeko”.

Adinekoen arloan, zalantzarik gabe, 2017ko LGStik beherako pentsioak kobratzen dituzten pentsiodunei gainerakoa kenkari fiskalen bitartez jasotzea bermatzen dien Lege berria izan da aurrerapauso nagusia. Aldaketaren aurretik, 10.000 emakume alargun baizik ez ziren profitatzen neurri honetaz, 2,5 milioiko inbertsioarekin, eta lege berriari esker, 16.000 pentsiodun inguru profitatu dira 2017an osagarri honetaz, emakume alargunak barne, 12,2 milioiko inbertsioa tarteko.

Azkenik, Tafalla aldean Osasun Departamentuarekin batera abiarazi den arreta soziosanitario integratuaren eredua nabarmendu nahi dugu, esparru honetan jarduteko jarraibidea ezarriko baitu datozen urteotarako.

Familia eta Adingabeak

Familia eta adingabeen arloan, baliabideetan izandako % 20.33ko igoera azpimarra dezakegu, kalte-arriskuan dauden familientzako nahiz adingabeentzako arreta-programa guztiak hobetzeko aukera ekarri baitu. Abiarazitako jarduketa guztien artean, 15 urteren buruan landutako Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko II. Plan Integralaren onarpena nabarmen daiteke, babesgabetasun egoeren prebentzio eta detekzio goiztiarrerako alderdiak lehenesten baititu, adingabeei zuzendutako egoitza-plazak berrantolatuz eta ugarituz, familiarentzako bitartekaritza, orientazio eta topagune programen arreta-gaitasuna % 20 gehituz, Lizarra, Tafalla eta Tuterako Haurrak eta Nerabeak Artatzeko Taldeen trinkotasuna eta estaldura % 50 handituz eta Iruñerrian nahiz Ipar-Iparrekialde-Iparmendebaldean antzekoak abian jarriz, guraso bakarreko familiei etxebizitzarako sarbidea erraztuko dieten laguntza berriak sortuz eta familiari eusteko programak % 30 aregotuz, besteak beste.

Nafarroa 2017an jaiotze-tasarik handiena izan duen bigarren autonomia-erkidegoa izatea ere konparazioetan positibotzat jotzeko moduko adierazlea dugu. Aldagai hau estu-estu lotuta dago gazte helduen ongizate ekonomikoaren gorabeherekin, eta bereziki egoera ekonomiko eta sozial orokorraren hobekuntzarekin. Kasu honetan, Estatuko batez bestekoan ez bezala, indize honek hobekuntza arina izan du Nafarroan 2015-2017 epealdian, emakumeko 1,45etik 1,46 seme-alabetara igaro delarik, hazkunde ekonomikoaren egunbgo testuinguruan Espainian 1,31ra jaitsi delarik. Gaur, Nafarroaren aldeko diferentzia positiboa azken hamarkadetako handiena da, eta gai hau, erronka demografikoa bezalaxe, giltzarrizkoa izanen da etorkizun hurbilean gure garapen ekonomikoari eta ongizate-sistemari eutsi ahal izateko.

Kohesio soziala eta pobreziaren aurkako borroka

Hiru urte hauetan, Eskubide Sozialen Departamentuaren lehentasunetako bat Nafarroako kohesio soziala indartu eta pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka borrokatzea izan da, bereziki haurren pobreziari erreparatuta, urteotako murrizketa sozialen eta krisi ekonomiko larriaren ondoriorik negatiboena izan diren heinean. Laparra lehendakariordeak helburu honetarako bideratutako baliabideen hazkundea eta Nafarroako Gizarteratze Planaren onarpena nabarmendu ditu. Nafarroan pobrezia larria erdira murriztea eta errenta bermatua jaso eta lan egiteko moduan dauden pertsona guztiei programan sartu eta bi urteko epean laneratzeko aukera bermatzea dira Planean zehaztuta dauden helburu nagusietako batzuk. Berariaz nabarmentzeko modukoa da, 2015az geroztik, errenta bermatua jasotzeko eskubidea duten familien kopuruan izandako % 42,5eko hazkundea, baita prestazio honen bitartez babestutako adingabeen kopuruan izandako % 30,6ko igoera ere, 2018ko ekainean guztira 7.798 adingabe bildu zituelarik.

Laparrak adierazi duenez, “inbertsio sozialaren hobekuntza fruituak ematen hasia da”. 2017ko Bizi-Baldintzen Inkestari dagokion azken datu erabilgarriaren arabera, Nafarroak % 7,8 murriztu du pobrezia-tasa, tasarik txikiena duen autonomia erkidegoa izanik, eta aurreko urtean baino alde handiagoarekin. Era berean, pobrezia-tasa autonomia-erdidego bakoitzean dagoen biztanleko BPGd-aren arabera naurtuz gero, Nafarroa, biztanleko aberastasunik handiena duen hirugarren komunitatea izanik, biztanleko pobrezia-tasarik txikiena duen autonomia-erkidegoa da, Madrilek –komunitaterik aberatsenak– baino % 8,2ko tasa txikiagoa izanik. “Kopuru hauek argi utzi dute garapen ekonomikoa ez dela nahikoa pobrezia gainditzeko. Politika sozialen aldeko apustua behar da pobrezia-indize txikiagoak dituen gizarte zuzenagoa eta berdintzaileagoa lortzeko”.

Barruko kohesio soziala hobetzeaz gain, Nafarroak ahalegin berezia egin du nazioarteko elkartasunari eusteko, balio honek oso garrantzia handia izan baitu historikoki Nafarroako gizartean. Hiru urte hauetako ibilbidean, inbertsio soziala % 107 gehitzeaz gain, Saharako herriarekiko elkartasun-loturak indartu eta Nafarroan errefuxiatuei harrera egiteko programa berri eta zabala abiarazi da elkarte-sarearekin batera, Nafarroara iristen diren errefuxiatuentzako harrera-prozesua hobetzeko protokolo integrala onartu delarik.

Etxebizitza

Etxebizitzari dagokionez, hiru lehentasun ezarri dira: prezio txikiagoko errenta sozialeko etxebizitza-parkeat handitzea, zaharberritzea sustatzea eta gazteei emantzipatzen eta etxebizitzarako sarbidea izaten laguntzea. Horien bitartez, funtsezko helburu hauek lortu nahi dira: pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidearen errekonozimendu eraginkorrerantz aurrera egitea, enplegua sortzea eta ingurumen iraunkortasunerantz aurrera egitea.

Orain arte, besteak beste etxebizitzari buruzko foru lege berriaren onarpenari eta alokatzeko etxebizitzen poltsa eta etxebizitza-bitartekaritzarako bulegoa bezalako neurriei esker, alokairu sozialeko 273 etxebizitzaren eraikuntza hasi da dagoeneko, etxebizitza sozialaren Foru Funtsa 55 etxebizitzatatik 112 etxebizitzatara handitu da eta beste 120 etxebizitza daude Alokatzeko Poltsan. Gainera, 2000tik 2015era bitartean izandako % 70eko igoeraren ondoren, lege berriari esker, etxebizitzaren alokairu sozialaren prezioak % 8-15 merketu ziren.

Zaharberritzearen arloan, krisiak eta laguntza publikoen murrizketak jardueran eragindako jaitsiera gogorraren ondoren, etxebizitzari buruzko lege berriaren eta gazteei, adinekoei nahiz baliabide eskaseko pertsonei zuzendutako laguntzen hobekuntzaren bitartez, dexenta handitu da zaharberritutako etxebizitzen kopurua: 1.821 etxebizitza 2014ko maiatzetik 2015eko maiatzera, eta 4.853 etxebizitza azken urtean, 2,6z biderkatu delarik.

Era berean, garrantzizko goraldia gertatu da etxebizitza berriaren sustapenean, baina zorionez burbuila immobiliarioan izandako kopuruetatik urrun. Honela, 2015ean 1.398 etxebizitza eraikitzen hasi ziren, eta 2017an 3.673.

Azkenik, beharrezkoa da krisi sozialaren eta etxebizitzaren krisiaren alderdirik gogorrenari ere so egitea: kaleratzeak eta familia askoz etxebizitzako ohiko gastuei aurre egiteko ezintasuna. “Horren harira, oraindik zer egin handi-handia dagoen arrean”, Lehendakariordearen esanetan, “guk uste dugu errenta bermatua, gizarte-larrialdiko laguntza berriak (etxebizitzako gastuei aurre egitea xede dutenak, nagusiki) eta bitartekaritza-bulegoaren lana, egoera ekonomikoaren hobekuntzarekin batera, arras mesedegarriak izan direla exekuzio hipotekarioen jaitsierari dagokionez, % 70 murriztu baitira 2015etik 2017ra bitartean".

Gobernuaren eta Gizarte Zibilaren arteko harremana

Gobernuaren eta antolatutako gizarte zibilaren arteko harremanetan izandako aldaketa da nabarmendu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat. Kontseilariaren iritziz, aurreko legealdian, “laguntza publikoen murrizketa, gizarte erakundeekiko elkarrizketa eskasa eta erakunde horiekin partekatutako plangintzaren aurrerapenik eza izan ziren nagusi”.

Horren aldean, hiru urte hauetan, baliabideak hobetzeaz gain, garrantzi handiko bi lege onartu dira: mezenasgo sozialari buruzko foru legea, gizarte erakundeen mesedeko dohaintzen kenkari fiskalak handitu eta erakunde horien autofinantzaketa-ahalmena hobetzen duena, eta itun sozial eta sanitarioei buruzko legea, gizarte erakundeekiko lankidetza-itunak egitea ahalbidetzen duena, erakunde horien esperientziaz, baliabide propioez, boluntarioez eta behar sozialei buruzko ezagutzaz zuzenaz (erakunde horietako asko kalteturiko pertsonek edo senideek osatzen baitituzte) baliatzeko aukera erraztuz.

Era berean, oso adierazkorrak dira legerik garrantzitsuenak nahiz abian ditugun planak onartzeko (Gizarteratze Plana edo Familia eta Adingabeen Plana, kasu) gauzatu diren partaidetza sozialeko prozesu zabalak. Finantzaketa publikoari dagokionez, gogoratu behar da, erakunde sozialek gizarteratzea, lankidetza, desgaitasuna, familia, adingabeak, adinekoak eta abar artatzeko garatzen dituzten proiektuetarako dirulaguntza-programen guztizko zenbatekoa % 64,6 gehitu dela 2015az geroztik, 2015ean bideratutako 17,5 milioietatik 2018ko 28,8 milioietara igaro delarik.

Azkenik, "berariaz nabarmendu behar dugu Errealitate Sozialaren Behatokia abiarazi izanak legealdiaren hasieraz geroztik gizarte-politikak aztertu, ikertu, planifikatu eta ebaluatzeko eskaini ditun funtsezko hobekuntza, eztabaida publikoa errazteaz gain”.

Legealdia bukatu arteko erronkak

Laparra lehendakariordeak ziurtatu duenez, "legealdiko lanak abiada egokia hartu du eta garrantzi goreneko proiektu ugari daude oraindik onartzeko zain. Aipagarrienak oso aurreratuta daude eta datozen hilabeteotan onartuz joango gara". Proiektu guztien artean, honako hauek nabarmendu ditu:

Nahitaezkoa da oraindik kalitateko enplegua sortzen eta zailtasun gehien duten kolektiboak laneratzen laguntzea. Ildo honetan, iraupen luzeko langabezian dauden pertsonen, gazteen, emakumeen, desgaitasuna duten pertsonen nahiz prestazio sozialak jasotzen dituztenen kontratazioa bultzatzeko programak sustatzen eta hobetzen jarraituko da, kontratu horien kalitatea hobetuko duten klausulak aplikatuz.

Plangintzaren arloan, legealdi honetan, honako esparru hauei dagozkien planak onartzea aurreikusi da: Etxebizitza, Desgaitasuna, Garapenerako Lankidetza eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa, baita Gizarte-Zerbitzuen arloko Lehen Mailako Arretaren berrikusketa eta ijitoen garapenerako Estrategia ere, orain arte onartu diren Gizarteratze Planari eta Familia, Haurrak eta Nerabeak Planari atxikiko zaizkienak.

Berrikitan, Gizarte-Zerbitzuen Zorroa aldatzeko zirriborroa aurkeztu zen, mendekotasunari, desgaitasunari, gaixotasun mentalari eta gizarteratzeari dagozkien 29 prestazio eta zerbitzu berri gehituz; horietako 18 bermatuak direlarik.

"Luze gabe, etxez etxeko zaintzaile profesionalak kontratatzeko laguntza berri bat onartzea espero dugu milaka pertsonaren mesedetan, zenbait gizarte-zerbitzu kudeatzeko fundazio publikoa abiarazteaz gain", zehaztu du Laparrak.

Azkenik, nabarmendu behar da, etxebizitza hutsari buruzko dekretua tramitatzen hasi dela eta, luze gabe, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzeko lege proiektu berria aurkeztuko dela, gazteei emantzipatzen eta etxebizitzarako sarbidea izaten laguntzeko eta kalte-arrisku handiena duten familiei etxebizitzarako sarbidea bermatzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Balance tres años
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa