(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sabaizako finka (Ezporogi), azienda autoktonoa hazteko errefentziazko zentroa osteguna, 2018.eko abuztuak 16


Foru Gobernuak zaldi nafarraren 230 ale eta betizu pirenaikoaren 40 ale zaintzen ditu Nafarroako baso-ondareari atxikitako finka honetan


Elizalde kontseilaria, bisitaren une batean (Egilea: INTIA). ( irudia handitu )

Sabaizako finka (Ezporogi), Foru Komunitateko baso-ondareari atxikitakoa, Nafarroako azienda autoktonoaren eta bereziki galtzeko arriskuan dagoen zalditxo nafarra delako arrazaren hazkunderako erreferentziazko zentro bilakatu da.

Finkak 3.400 hektareako luze-zabala du eta zalditxo nafarraren 230 ale ditu gaur egun, baina betizu pirenaikoaren 40 ale ere, berriz ere hazteko, Sabaizan bertan kokatuta dauden bi saroi estaliren eta Gardalaingo txabola baten laguntzaz.

Finkaren instalazioetara egin berri duen bisitaren ondoren, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek departamentuak azienda autoktonoa berreskuratzeko proiektu honen alde egina duen apustua berretsi eta instalazio hauek hobetzeko inbertsioak bideratu behar direla nabarmendu zuen, bertan egiten ari den lanaren garrantzi, espezializazio eta kalitatearen harira. Natura Ingurumenaren Zerbitzua Sabaiza kudeatzeaz arduratzen da GAN-NIK (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa) enpresarekin batera, eta INTIA enpresa publikoak desagertzeko arriskuan dauden azienda-arraza autoktonoak zaintzen ditu finka honetan, Nafarroako Baso Ondareko beste batzuetan egiten duen bezalaxe. Sabaizan mantentzen ari den zalditxo nafarraren populazioaz gain, INTIAk galtzeko arriskuan dagoen betizu izeneko Europako azken basa-behiaren talde bat mantentzen du Sastoian (Urraulgoiti).


Zalditxo nafarraren alea (Egilea: INTIA). ( irudia handitu )

Instalazioak hobetzeko nahiz klima aldaketara egokitutako oihanzaintzan eta larreetan esperimentatzeko inbertsio berriak

Horren harira, Elizalde kontseilari buru duen Departamentuak 122.304 euroko inbertsioa aurreikusia du 2018rako behi-azienden nabea egokitzeko eta ur-instalazioa, biltegia nahiz larreak hobetzeko, eta horrekin batera, Nafarroa klima-aldaketara egokitzea xede duen LIFE NADAPTA europar proiektuak kofinantzaturiko 114.000 euroko inbertsio osagarria ere eginen da. Azken honen bitartez, luberritze-lanak, suebakiak, sastraka kentzeko lanak, itxiturak, ereiteak, bideak, ur-putzuak, teknifikazioa eta finkarako beste ekipamendu batzuk bideratuko dira.

LIFE NADAPTA proiektuaren bazkidea den aldetik, INTIAk Sabaizara eraman du klima-aldaketak ekosistema mediterraneoan eragin dezakeen kalte-arriskuari buruzko esperimentazioa. Hartara, eredutzat erabil daitekeen oihanzaintza nahiz abeltzaintzarako maneiu-sistema bat proposatu eta monitorizatzea da Nadaptak Sabaizarako duen helburua, betiere klima-aldaketara egokitzeko gaitasun handiagoa duten oihan-masen eta larren mesedetan eta Sabaiza bezalako mendi mediterraneoetan gerta daitezkeen suteen aurka borrokatzen laguntzeko asmoz. Laburbilduz, aziendak mendietan behar bezala maneiatuz gero, sute arriskua murrizteko aukera dagoela frogatu nahi da.

Zalditxoak kontserbatzeko maneiua

2008az geroztik, finkan, aziendak maneiatzeko hiru unitate handi daude: Sabaiza, Gardalain eta Julio, eta hirurek era autonomoan funtzionatzen dute.

Hiru abeltzaintza hauen bideragarritasuna bermatzeko eta finka oihanzaintzaren irizpideen arabera kudeatzeko, 2018ko udazkenean Julioko unitateko instalazioen osagarri gisa baliatuko diren 16 hektarea larre eta abeltzaintzan erabiltzeko behar den azpiegitura prestatzea aurreikusi da.

Zaldien maneiuari dagokionez, helburua zaldi nafarren taldearen arraza-garbitasunari eutsi eta, ahal den neurrian, ugaritzea da.

Estaltzeen ondoren, ugalketaren kontrola antolatzen da, eta udan, ekografien laguntzaz egiten da ernaldien jarraipena. Irailean, arreak baztertu eta saroira eramaten dira, eta azaro-abenduan, emeak bildu, parasitoak garbitu eta titia kentzen zaie zaldikumeei. Ondoren, bizirik jarraituko duten animaliak aukeratzen dira, jakitzat erabiliko direnetatik bereiziz, eta emeek negua eta udaberria bazkalekuan igarotzen dituzte.

Aziendaren maneiu honen helburua, zaldien taldea mantentzen laguntzeaz gain, finkaren lursailean ekoizpen orekatua bultzatzea da (larreetan nahiz basoetan), gehiegizko abeltzaintza baztertuz eta erosio arriskua nahiz gutxiegizko abeltzaintzari lotutako sasitzaren hazkundea eta sute arriskua saihestuz. Sistema hau eredu gisa erabili ahalko da Nafarroako mendi mediterraneoaren zati handi batean.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa