(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Basoilo txikia berreskuratzeko kanpainari esker, desagertzeko zorian dagoen hegazti honen lau eme finkatu dira Nafarroan asteartea, 2018.eko irailak 4


Erdialdeko nekazariek eta Tafallako Udalak 22 lursail lugorri utzi dituzte


Basoilo txikiaren alea (Egilea: Eduardo Blanco). ( irudia handitu )

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak eta GAN-NIK enpresa publikoak 22 lursail lugorri utziz basoilo txikia berreskuratzeko bultzatu duten kanpainari esker, desagertzeko zorian dagoen espezie honen lau eme finkatu dira Foru Komunitatean. Ekimen hau urte hasieraz geroztik garatu da Nafarroan zereala laboratzen duten nekazariekin batera, “lurraldea zaintzeko kontratuen” bitartez, zenbait lursail lugorri utziz, basoilo txikiaren ugalketarako habitat gisa horietan ugaltzeko aukera izan dezan. Zehazkiago esanda, esperientzia 64 hektareako guztizko azalera duten 9 nekazariren 22 lursailetan egiten ari da Lerinen (6 lusail), Andosillan (7) eta Falcesen (7). Tafallako Udalak ere ekimenean parte hartu du herri-lurretan dituen sei lursail lugorri utziz.

Lau eme eta kumeez gain, jarraipena egin den aldi osoan, arren presentzia ere antzeman da une oro, eta basoiloak detektatu dira kumeekin batera lugorri horiexetan. Berrikitan ganga azpibeltzen bi bikote instalatu dira lursail horietako batean.

Basoilo txiki arrunta (Tetrax tetrax) desagertzeko zorian dagoen estepako hegaztia da, Mehatxatutako Espezieen Espainiako Katalogoan nahiz Mehatxatutako Espezieen Nafarroako Katalogoan “kalte-arriskuko” kategorian ageri dena. Azken urteotan, basoilo txikiaren populazioak dexente behera egin du Nafarroan. 2005-2016 epealdian, ale kopurua % 80 inguru murriztu da, espeziea galtzeko zorian utziz.

Erdialden gauzaturiko esperientzia hau, Departamentua estepako hegaztiak kontserbatzeko lantzen ari den planari gaineratuko zaio, lugorriak laboratu gabe uzteko nekazariekin mantendu beharreko lankidetza bermatzeko administrazioko mekanismoak ezartzeaz gain.

Lugorria, giltzarrizkoa

Ohiko lugorriak –urte bateko edo biko epean birsortzeko erein gabe uzten diren laborantza-lurrak– funtsezkoak dira estepako hegazti askoren kontserbaziorako, babesa, elikadura eta habia jartzeko habitat egokia eskaintzen baitizkiete espezie ugariri. Hainbat ikerlanen arabera, basoilo txikiak lugorriak nahiago ditu ugalketarako, eta erabat frogatuta dago berezko landare-geruza duten lugorriak mantentzeak estepako hegaztiei ugalketako une kritikoak bukatu arte ekarri ohi dizkien ondorio positiboak.

Basozaingoak basoilo txikiaren ugalketari 2018ko denboraldian egindako jarraipenetan, basoilo txikiaren ale ugaltzaileak detektatu dira lugorri utzi eta espeziearen ugalketarako landare-geruza egokia zuten zenbait lursaili atxikita.

Ingurumenetik adierazi dutenez, ez da aski lursailak laboratu gabe uztea, izan ere, espezieendako duten balioa estu-estu lotuta dago laborantza mota eta sasoiaren arabera antolatutako egutegiarekin eta kudeaketarekin, eta lugorriaren iraupenarekin.

“Lurraldea zaintzeko kontratuen” bitartez, lankidetza-ildoak ezarri nahi izan dira lugorri utzi eta basoilo txikien presentzia egiaztatua duten lursailen jabeei ordainsariak emateko, lugorri horiek espeziearen ugalketarako habitat gisa erabiltzeko baldintza egokietan mantenduko direla bermatuz.

Hautaturiko lursailetan, abeltzaintza lanak baztertu dira, ez da sakoneko edo azaleko lanborantza lanik egin eta ez da herbizidarik erabili ale ugaltzaileak aurkitu eta uztailaren 31ra bitarteko epean. Nekazari horiek jarraipena egiteko galdetegien bitartez emandako informazioa funtsezkoa da talde teknikoentzat eta esparru honetako ezagutza hobetzeko, lugorri utzitako lursailek basoilo txiki arruntaren harrera-leku bihurtzeko bete beharreko baldintza egokiak zehazten laguntzen dute.

Estepako habitata hobetzeko laguntzak

Ingurumen Departamentua Nafarroako Erdialdean garatzen ari den esperientzia hauez gain, Landa Garapeneko Departamentuak beste neurri batzuk ere abiarazi ditu 2014-2020ko Landa Garapeneko Programaren barnean. Esaterako, “Nekazaritza-ingurumena eta klima” deritzonaren 10. neurria, 300.000 euroko urteko aurrekontua duena, laboratzeko lurren hektarea bakoitzeko sariak ezartzen dituena, ustiategietan estepako habitatak hobetzeko konpromisoak mantentzearen truk.

Orain arte ekimen honekin bat egin duten 63 nekazariek estepako hegaztien ziklo biologikoekin bateragarria den laborantza-egutegia finkatu dute, udaberrian lugorri utziz eta otalurrak sortuz laboratutako lursailen mugaldeetan. Konpromiso hauek 5 eta 7 urte bitarteko epean mentendu beharko dira ustiategi guztietan.

Laguntza hauek eskatu ahal dituzte Bargota, Armañanzas, Sansol, Los Arcos, Barbarin, Arroniz, Arellano, Dicastillo, Morentin, Aberin, Villatuerta, Larraga, Tafalla, Erriberri, Beire, Pitillas, Santacara, Murillo el Fruto eta Carcastilloren arteko lerroaren hegoaldean kokatutako lehorreko ustiategi estentsiboen titularrek.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa