(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Langabeziak 95 pertsonatan egin du gora abuztuan eta 3.287 pertsonatan behera azken urtean asteartea, 2018.eko irailak 4


Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioak 8.820 pertsonatan egin du gora azken urtean, krisiaren aurretik bildutako daturik onena lortuz


Transcripción textual del video

Abuztuaren bukaeran, 32.664 pertsona erregistratuta zeuden Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansareko (NEZNL) agentzietan..

Grafikoa

Nafarroan erregistratutako langabeziaren bilakaera. ( irudia handitu )

Abuztuaren bukaeran, 32.664 pertsona erregistratuta zeuden Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansareko (NEZNL) agentzietan.

Datu honen arabera, % 0,29ko igoera arina gertatu da hilabetetik batetik bestera, 95 langabe gehiagorekin. Hala ere, urteko kopuruetan, langabeziak % 9,14 egin du behera, duela urtebete baino 3.287 langabe gutxiago bilduz.

Hauxe da 2009az geroztik abuztuan langabeziak gora egin duen lehenengo aldia. “Zalantzarik gabe, datu negatiboa da”, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak prentsaurrekoan adierazi duenez, baina hala eta guztiz ere, krisiaren aurreko urteetan gertaturikoen antzeko elementuak edo jarraibideak bereizi ditu. Adibidez, 2007ko abuztuan, langabeziak gora egin zuen, orain baino areago gora egin ere. Orduan, langabe kopurua 192 pertsonatan gehitu zen.


Grafikoa

Nafarroako Gizarte Segurantzako afiliazioa. ( irudia handitu )

Ondorioz, Laparra lehendakariordearen iritziz, “langabeziaren edozein igoera negatiboa bada ere, datua ez da era isolatuan hartu behar, denborazko ikuspegi zabalago batetik baizik, bilakaera edo joera eta dagokion testuingurua kontuan hartuz, egungoa ez baita krisiaren garaiko testuingurua bezalakoa”. Horren harira, testuinguruari erreparatuta, langabeziaren urteko jaitsiera, % 9,14koa, 2015az geroztik (-% 9,6) izandako abuztuko jaitsierarik handiena da. Bestalde, hiletik hilera langabeziak gora egin badu ere, 2008aren bukaerara jo behar da langabezia erregistratuari buruzko antzeko kopuruak aurkitzeko.

Azaldutakoaren ildo beretik, ez dugu ahantzi behar Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean izan zela, 56.524 langaberekin. Harez geroztik, murrizketa % 42,2koa izan da, hau da, 23.860 langabe gutxiagokoa.

Estatuarekiko konparazioa

Bestalde, Estatuan langabezia % 1,50 igo da hilabetean eta % 5,92 jaitsi urtebetean. Hortaz, abuztuan langabezia gehiago hazi da Estatuan eta urtebeteko murrizketa txikiagoa izan da. Horren harira, urtebetean, Nafarroa hirugarren postuan kokatu da langabeziaren urteko jaitsierari dagokionez, Gaztela eta Leon (-% 9,42) eta Galiziaren (-% 9,22) eta aurretik eta gure inguruan dauden Aragoin (-% 8,15), Euskadi (-% 7,21) eta Errioxako (-% 5,30) autonomia-erkidegoen aurretik.

“Garrantzi berezia” duen beste elementu bat, Laparra lehendariordearen hitzetan, langabeak babesteko Estatuko Sistemaren estaldurari lotuta dago. Aurkeztutako azken datuek agerian utzi dituzte berriz ere “Estatuko sistemaren begi-bistako mugapena”, nahiz eta estaldura tasak beheranzko joera eten eta ondoz ondoko bigarren hilabetez gora egin duen. Azken datu erabilgarriaren arabera, uztailean, Nafarroan langabeziako estaldura-tasa % 52,21ekoa izan da. Hau da, ekainekoa baino 2,2 puntu handiagoa eta duela urtebetekoa baino 1,3 puntu handiagoa. Nolanahi ere, “kontuan izan behar da uztailean estaldura tasa igo ohi dela, eta ekainean eta uztailean estaldura horrek gora egin ondoren, ohikoa izaten dela ondorengo hilabeteetan behera egitea”, ziurtatu du Miguel Laparrak.

Laburbilduz, datu hauen arabera, langabeen erdiak baino gehiago langabeziagatiko estaldurarik gabe daude, % 52,7, zehazkiago esanda. Horrela, langabe guztiak kontuan harturik, Nafarroan 17.167 langabe estaldurarik gabe daude. Horren kariaz, “garrantzi handikoa da Errenta Bermatua bezalako laguntza tresna propioak izatea”, esan du Eskubide Sozialetako lehendakariordeak.

Era berean, kontuan izan behar da langabeziagatiko estaldura duten pertsonen % 64k prestazio kontributiboa duela, baina % 30,8k subsidioa kobratzen duela, % 4,9 Laneratzeko Errenta Aktiboa eta % 0,3 Enplegua Aktibatzeko Programan inskribatuta dagoela, horrek diru-sarreretan dakartzan ondorio guztiekin.

Bestetik, Estatuan, estaldura-tasa % 60,10ekoa da, hots, Nafarroan baino 7,9 puntu handiagoa.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, datuek hileko jaitsiera arina islatu dute, afiliazio maila egonkor mantendu den seinale.

Nafarroan, abuztuan, 280.415 pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden, aurreko hilean baino 560 gutxiago baina duela urtebete baino 8.820 gehiago. Aldaketa horiek, ehunekoetan, % 0,20ko hilabeteko jaitsiera ekarri dute, eta % 3,25eko urteko igoera, enplegua benetan sortzen ari den seinale. Gainera, urtearen hasieraz geroko batez besteko afiliazioari erreparatuta, urtarriletik abuztura bitartean enplegua % 3,6 gehitu da 2017ko epe berberaren aldean.

Bestetik, Estatuarekin alderatuz gero, afiliazioaren hileko jaitsiera handiagoa izan da Estatuan (-% 1,07) baina urteko hazkundea txikiagoa (% 2,89).

Autonomia Erkidegoekin alderatuz gero, Nafarroa urtetik urtera enplegu gehien sortu duten komunitateen artean kokatzen da. % 3,25eko urteko igoerarekin, Nafarroa laugarren postuan finkatu da, Madril (% 4,01), Kanariar Uharteak (% 3,89) eta Valentziar Komunitatearen (% 3,67) atzetik.

Gainera, langabezia-tasarik txikienak dituzten inguru hurbil-hurbileko Autonomia Erkidegoekin alderatuz gero, hileko nahiz urteko bilakaera are positiboagoa da. Adierazi denez, Nafarroan, langabezia-tasarik txikiena duen komunitatea izanik, afiliazioaren urteko igoera % 3,25ekoa izan da. Hartara, Aragoin, afiliazioaren arabera, enpleguaren urteko hazkundea % 2,26koa izan da, baina % 1,39ko hileko jaitsiera gertatu da. Bestetik, Errioxan, urteko hazkundea % 1,97koa izan da eta hileko jaitsiera % 1,29koa. Azkenik, Euskadin, afiliazioaren urteko hazkundea % 1,88koa izan da, baina hiletik hilera % 1,38ko jaitsiera izan da.

Horren harira, ez dugu ahantzi behar afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilekoa izan zela: 243.505 afiliazio. Beraz, abuztuko azken datua kontuan hartzen badugu, 36.910 ailiazio gehiago egon dira, % 15,2ko igoerarekin. 2008aren bukaerara jo behar da Gizarte Segurantzako afiliazioetan neurtutako maila bereko enplegu tasa aurkitu ahal izateko.

Kontratazioari dagokionez, abuztuan, lan-zentroa Foru Komunitatean duten 31.043 kontratu erregistratu dira Nafar Lansarean. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 3.018 kontratu gutxiago egin direla, % 8,9ko hileko jaitsierarekin. Hala ere, urteko kopuruetan, kontratazioa bere horretan mantendu da, izan ere, 2017ko abuztuan ia-ia kontratu kopurua bera egin zen (31.047 kontratu). Hileko jaitsierari dagokionez, bilakaeraren azterketak argi utzi du abuztua ez dela izaten oso hilabete mesedegarria kontrataziorako.

Positiboki nabarmendu beharreko elementu bat da mugagabeko kontratazioan izandako igoera, sortutako enpleguaren kalitatea egiaztatzen duena. Horrela, hilabetean mugagabeko kontratazioak % 14,7 gora egin duelarik, aldi bateko kontratuetan % 10,1eko jaitsiera gertatu da. Ondorioz, uztailaz geroztik izandako kontratazioaren jaitsiera aldi bateko kontratuen beherakari lotuta dago soil-soilik.

Aldaketa horien ondorioz, abuztuan egindako kontratazioen % 6,42 mugagabeak izan dira.

Iazko abuztuaren aldean, datuek mugagabeko kontratazioaren igoera handiagoa islatu dute, enpleguaren sorkuntza nagusi den egungo testuinguruan. Honela, mugagabeko kontratuetan, % 37ko urteko hazkundea gertatu da, eta % 1,83ko jaitsiera aldi bateko kontratuetan.

Baina hiletik hilera egindako balorazioez harantzago, kontratazioak urte hasieratik izan duen bilakaera kontuan hartuz gero, hau da, urtarriletik abuztura bitarteko epean erregistratutako kontratuak, datuek argi utzi dute mugagabeko kontratazioaren hazkundea handiagoa izan dela. Hartara, urteko lehen zortzi hilabeteetan, mugagabeko kontratuen kopurua % 20,8 gehitu da iazko epealdi berberaren aldean, eta aldi bateko kontratazioa dexente txikiagoa izan da kopuru erlatiboetan, % 3,5ekoa.

Bestalde, aldi bateko kontratuei buruzko datu metatuek argi utzi dute aldi bateko kontratazioaren iraupena hobetu dela. Horrela, urtetik urterako aldaketari erreparatuta, sei hilabetetik gorako iraupena duten aldi bateko kontratuen kopurua % 12,8 igo da urte hasieratik hona, eta astebetetik beherako iraupena dutenen kopurua % 0,8 baizik ez. Datua positiboa izan arren, kontuan izan behar da astebetetik beherako aldi bateko kontratuen pisua % 38,8koa dela urte hasi ondorengo kontratazio osoaren barnean. 2017ko epealdi beren, kontratuen % 40,2 izan ziren.

Langabezia-datuen banakapena

Enplegu-agentzien arabera, eta hilabeteka hartuta, hilabeteko aldaketa desberdina izan da.

Langabezia honako agentzia hauetan jaitsi da: Lodosa -%6,7, Agoitz -%3,8, Tutera -%3,6 eta Tafalla -%2,5. Aldiz, beste agentzia hauetan langabeziak gora egin du: Errotxapea (Iruña) %1,1, Zabalgunea (Iruña) %1,7, Lizarra %1,8, Yamaguchi (Iruña) %3,4, Doneztebe %3,7 eta Altsasu %5,8.

Urteko aldaketari dagokionean, kasu honetan langabezia oro har jaitsi egin da; alegia, langabezia murriztu egin da agentzia guztietan, beste behin era dibergentean gertatu bada ere.

Urteko jaitsiera hauek gertatu dira: Agoitz -%17, Doneztebe -%12,1, Yamaguchi (Iruña) -%11,7, Altsasu -%11,4, Zabalgunea (Iruña) -%9,8, Errotxapea -%9,5, Tutera -%7,4, Lodosa -%7,4, Lizarra -%4,9 eta Tafalla -%4,25.

Langabeziaren karakterizazioari dagokionez, sexuaren arabera, 19.662 emakume langabe daude, hots, 70 langabe gehiago egon dira hilabete batean (%0,36ko igoera) eta 13.002 gizon langabe, %0,19 gehiago (aurreko hilabetean baino 25 langabe gehiago). Hortaz, hilabetean langabezia zertxobait handiagoa izan da emakumeen artean.

Modu horretan, datuek langabeziaren banaketa desorekatua dela erakusten dute. Langabezia osoarekin alderatuta, emakume langabeak egun %60,2 izatera iristen dira; 2009. urte amaiera aldera, aldiz, %49ra iristen ziren, hots, orain, hamaika puntu gehiago. Kontuan izan behar da langabeen kopurua urtero jaisten dela (-%12,4), baina emakumeen jaitsiera txikiagoa izaten dela (-%6,8).

Adin-taldeei erreparatzen badiegu, langabeziak gora egin du batez ere lehen adin-multzoan; hau da, 25 urtetik beherakoen kasuan eta 25 eta 34 urte artekoen kasuan. Lehenengoei dagokienez, %3,1eko igoera gertatu da (93 gehiago) eta bigarrenen kasuan %1,6 (103 gehiago).

Bestalde, 35 eta 44 urte arteko langabeen kopuruak ere apur bat gora egin du uztailetik hona; hots, %0,4 gehiago (31 gehiago).

Alderdi positibo bezala aipatzekoa da, adin gehiagoko pertsonen langabezia nolakoa izaten den ikusita, 45 eta 54 urte arteko langabeen langabeziak behera egin duela, -%1 (78 langabe gutxiago), eta baita 55 urteko eta gehiagoko pertsonenak ere, -%0,7 (54 langabe gutxiago).

Beraz, 25 urtetik beherako 3.078 langabe daude (kopuru osoaren %9,4); 25 eta 34 urte artekoak langabezia osoaren %19,7 izatera iristen dira (6.420 lagun); 35 eta 44 urte arteko langabeak %23,9 dira (7.801); 45 eta 54 urte arteko langabeek, berriz, %23,3a osatzen dute (7.617 pertsona). Azkenik, 55 urtekoen edo gehiagokoen taldea %23,7koa da; hots, 7.748 pertsona.

Urteko aldaketari dagokionean, langabeziak oro har behera egin du, intentsitate ezberdinarekin bada ere. Kasu horretan, aipatzekoa da 35 urtetik beherako pertsonen langabeziaren jaitsiera. Era horretan, langabe gazteak -%15,7 jaitsi dira (575 gutxiago), eta 25 eta 34 urte artekoen taldeak -%4,8ko jaitsiera izan du (327 gutxiago). Bestalde, 35 eta 44 urte arteko langabeen urteko jaitsiera -%11,6koa izan da (1.022 gutxiago), 45 eta 54 urtea arteko langabeen kopurua -%9,6 jaitsi da urte batean (813 gutxiago), eta 55 urtetik gorakoen jaitsiera -%6,6koa izan da (550 gutxiago).

Ikasketa-maila kontuan hartuta, ia hamar pertsona langabetatik zazpik bigarren hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik izan gabe jarraitzen dute; hots, kopuru osoaren %68,9ra iristen dira (22.511). Bestalde, unibertsitate-mailako prestakuntza duten pertsonen langabezia %12koa da (3.923 lagun). Unibertsitate-ikasketak dituen biztanleria langabeari dagokionean, hamarretatik zazpik emakumeak izaten jarraitzen dute (%72,1).

Bestalde, nazionalitatearen arabera, abuztuko langabeen %18,4a atzerrikoa da; hots, 6.002 pertsona. Hilabeteko eta urteko aldaketei dagokienean, atzerritarren langabezia -%2,8 jaitsi da uztailetik hona, baina espainiarren langabezia %1 hazi da hilabetean. Urteari erreparatuta, ordea, atzerritarren langabezia gutxiago jatsi da, -%5,4 Espainiako nazionalitatea duten pertsonen langabeziaren -%9,9ko jaitsierarekin alderatuta.

Iraupen luzeko langabeziari dagokionean (urtebetetik gora etenik gabe langabezian dauden pertsonen kopurua), 12.416 pertsona aurkitzen dira egoera horretan, eta langabezia osoaren %38ra iristen dira. Nahiz eta kopuru oso altua izan, eta horrek eskatzen duen lan guztia kontuan hartuta, egia da baita ere murriztu egin dela, 2015eko udaberrian %43ra iritsi baitzen. Horrez gain, alderdi positibo gisa gehitu behar da iraupen luzeko langabeziaren jaitsiera handiagoa izan dela hilabetean nahiz urtean; hots, -%0,92 hilabetean aipatutako %0,29ko igoeraren aurrean. Gainera, urte osoa kontuan hartuta, -%10,5 jaitsi da, langabezia osoa -%9,1 jaitsi den bitartean.

Adina aintzat hartzen badugu, iraupen luzeko langabeen kopuru osoari erreparatuta, hamar pertsonatatik ia lauk 54 urte baino gehiago ditu (%39,2). Bestalde, urtebetetik gora etenik gabe langabezian dauden %65,1a emakumeak dira. Modu horretan, bi aldagaiek (sexua eta adina) erakusten digute iraupen luzeko langabezia osotik laurden bat (%25,1) 54 urtetik gorako emakumeak direla.

Azkenik, sektore ekonomikoka, langabeziak hilabetean behera egin du nekazaritzan eta eraikuntzan, industrian eta zerbitzuen sektorean apur bat igo den bitartean. Lehen sektorean izan da jaitsiera esanguratsuena, -%10,7arekin (205 langabe gutxiago). Ohiko gertaera da hori, nekazaritzan langabezia abuztuan murriztu ohi baita. Eraikuntzan, berriz, hilabeteko jaitsiera -%1,2koa izan da (uztailean baino 21 langabe gutxiago).

Langabeziaren igoerari dagokionean, industrian %1,2ko igoera gertatu da; alegia, sektore horretan 55 langabe gehiago egon dira. Zerbitzuen sektoreari dagokionez, igoera %1,5ekoa izan da, 314 langabe gehiago hilabete batean. Azkenik, aurreko enplegurik gabeko pertsonen kopurua -%1,6 jaitsi da, 48 gutxiago. Azken finean, zerbitzuen sektoreak eragin du batik bat hilabetean langabeziak gora egitea.

Urteko datuei erreparatuta, langabezia sektore guztietan murriztu egin da. Esate baterako, lehen sektorean -%8,8 murriztu da; hots, urte batean 165 langabe gutxiago egon dira. Industriako langabezia -%6,4 baxuagoa izan da, 308 langabe gutxiago. Eraikuntzaren sektoreko jaitsiera deigarria izan da, -%23,3 jaitsi baita, 512 langabe gutxiago. Azkenik, zerbitzuen sektorean, urteko jaitsiera -%8,3koa izan da; alegia, 1.959 pertsona langabe gutxiago urte batean.

Gehitu behar da zerbitzuen sektoreko langabeziak erregistratutako langabeziaren %66,6a hartzen duela; aldiz, industriako langabezia %13,8koa da, eraikuntzakoa %5,1ekoa eta lehen sektorekoa %5,2koa. Bestalde, langabeziak behera egin du baita ere aurreko enplegurik ez zuten pertsonen kasuan; hots, -%10,2 (343 pertsona gutxiago). Talde hori langabezia osoaren %9,3ra iristen da.

Langabeziaren bilakaera azpisektore ekonomikoei erreparatuta aztertzen badugu, aipatzekoak dira langabeziak hilabetean gora egitearen foku nagusi gisa ondorengo adarrak: Txikizkako merkataritza (67 gehiago), Enpleguarekin zerikusia duten jarduerak (59 gehiago), Motordun ibilgailuen fabrikazioa (58 gehiago), Janzteko arropa egitea (46 gehiago), Bestelako jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (40 gehiago) eta Janarien eta edarien zerbitzuak (35 gehiago).

Hilabeteko jaitsiera nagusiei dagokienean, nabarmentzekoak dira, abuztuan ohikoa izaten den moduan, Nekazaritza eta abeltzaintza (203 langabe gutxiago hilabete batean) eta Elikaduraren industria (90 gutxiago).

Langabeziaren urteko aldaketari dagokionez, jarduera-adar gehienetan langabeziak behera egin du urtean zehar. Edonola ere, ondorengoak aipatu behar dira:

Txikizkako Merkataritza (259 langabe gutxiago urte batean), Janarien eta edarien zerbitzuak (baita ere 259 gutxiago), Eraikuntza espezializatuko jarduerak (253 gutxiago), Herri Administrazioa eta derrigorrezko Gizarte Segurantza (243 gutxiago), Eraikinen eraikuntza (217 gutxiago), Nekazaritza, abeltzaintza eta horiekin loturiko zerbitzuak (136 gutxiago), Elikaduraren industria (103 gutxiago) eta Eraikinentzako zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak (100 gutxiago).

Bestalde, langabeziaren igoera izan duten jarduera gutxiei dagokienean, ondorengoak nabarmendu behar dira: Enpleguarekin loturiko jarduerak (51 langabe gehiago urte batean), Materialaren fabrikazioa eta ekipo elektrikoa (40 gehiago), Bestelako manufaktura-industriak (37 gehiago) eta Janzteko arropa egitea (30 gehiago).

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa