(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan laneko bajen intzidentzia krisi ekonomikoaren aurreko mailetatik hamar puntu beherago mantentzen da astelehena, 2018.eko irailak 10


NOPLOIk uztartzeko eta lanean pixkanaka sartzeko neurriak bilatzearen alde egiten du, aldi baterako ezintasunen goranzko joerari eusteko


Nafarroan izandako laneko bajak ez dira 2009ko krisi ekonomikoaren aurreko mailetara iritsi, nahiz eta goranzko joera gertatzen ari, ekonomia berreskuratzearen eta enplegua duen biztanleria igotzearen ondorioz. Horrela jaso dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasun Zerbitzuak egindako azken txostenean. 2017. urtean Aldi baterako Ezintasunaren 109.100 prozesu izapidetu dira, kontingentzia arruntekoak (eritasun arrunta eta lanez kanpoko istripua), Nafarroan Gizarte Segurantzako erregimenetara afiliatutako biztanleriaren kasuan. Horrela, pilatutako intzidentzia aseguratutako 100 pertsonako 39,8 bajakoa izan da (urtean, 36,3 gizonezko eta 44,0 emakumezko), duela hamarkada bat izandakoen (50,7 baja 2007an aseguratutako 100 pertsona bakoitzeko) azpitik hamar puntu baino gehiago.

2017an zehar jarduneko eta aseguratutako pertsonen batez bestekoa 274.239 lagunekoa izan da (150.636 gizon eta 123.602 emakume). Aldi baterako ezintasun-prozesuen batez besteko iraupena, berriz, 28,3 egunekoa izan da (26,9 egun gizonen kasuan eta 29,7 emakumeen kasuan) eta tarteko iraupena 4 egunekoa; hau da, baja-prozesuen erdia egun 1 eta 4 egun artekoa izan da. Pertsona afiliatu bakoitzeko batez besteko iraupena aldi baterako ezintasunaren 11,1 egunekoa izan da urtean. 2017. urtean zehar, 3.054.481 egun kontsumitu dira aldi baterako ezintasuna medio, gaixotasun arrunta eta lanez kanpoko istripua direla-eta.

Gizarte Segurantzara afiliatutako biztanleriaren %26,3ak (72.196 pertsona) aldi baterako ezintasunaren prestazioa behar izan du (gizonezkoen %24,3ak eta emakumezkoen %28,7ak).

2017. urtean zehar, aldi baterako ezintasunaren adierazleak apur bat igo egin dira, 2009. urtearen aurreko balioetara iritsi ez arren; urte horretatik aurrera, krisi ekonomikoaren egoeraren inpaktua nabaritu zen aldi baterako ezintasunaren adierazleetan gure komunitatean, eta gizarte eta osasun arloko prestazio horren erabilera jaitsi egin zen. 

Eragin handiagoa emakumeengan

Bajen intzidentzia handiagoa da emakumeengan gizonengan baino, eta alde hori gertatu da aztertutako denboraldi osoan zehar; beraz, horrek emakumeen lanaldi bikoitza erakutsi dezake. Modu horretan, beharrezkoa da langileen lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea errazten duten neurriak sustatzea, lan-merkatuan gizonen eta emakumeen arteko benetako parekatzea lortzearren.

Aldi baterako ezintasun-prozesuen %83a 31 egunetik beherakoa izan da, eta urteko baja-eguneko kopuru osoaren %18a kontsumitu dute. Hain zuzen ere, izapidetutako bajen %20a baino gutxiagok (31 egunetik gorakoak direnak) kontsumitu dute urteko baja-egunen %80a baino gehiago.  .

Arnas eritasunak dira aldi baterako ezintasunaren kausa ohikoenak, eta izapidetutako bajen %18,9ra eta batez beste 6 eguneko iraupenera iritsi dira (4 egun gripearen kasuan). Jarraian, eritasun muskulu-eskeletikoak daude (baja guztien %18,8), batez beste 44 eguneko iraupenarekin. 3. talde ohikoena infekzio-eritasunek osatzen dute (izapidetutako bajen %13), batez beste 4 eguneko iraupenarekin.

Urteko baja-egunen %29a osasun-arazo muskulu-eskeletikoak medio gertatzen da. Osasun-arazo horiek dira ohikoenak gizonek baja hartzeko, era horretako gaixotasunek urtean baja guztien %21era iristen baitira. Aldi baterako ezintasuneko egunen kontsumoari dagokionean, bigarren lekuan osasun mentaleko arazoak  aurkitzen dira, urteko baja-egunen %12,5aren erantzuleak.

NOPLOIren ustez, beste herrialde batzuetan jarritako irtenbideak aztertzea ondo legoke, iraupen luzeko bajak eragindako osasun-arazoak dituzten langileak pixkanaka berriro laneratzeko. Era horretan, laneko beharretara pixkanaka egokitzea errazteaz gain, baja-prozesuen iraupena murriztuko litzateke. Neurri horiek medio estatu-mailan araudiak aldatu beharko lirateke, aldi baterako ezintasunaren bidezko prestazio ekonomikoaren zati bat eta soldataren zati bat kobratzea bateratu ahal izateko. Halaber, gizarte-segurantzarako kotizazioak egokitu beharko lituzkete enpresak nahiz langileak denboraldi horietan zehar.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa