(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako erakunde-ordezkaritza bat Gansun (Txina) da aste honetan, Gobernua buru duela astelehena, 2018.eko irailak 24


Hezkuntza, kultura eta enpresa arloko lankidetzak itxi eta urrian, Iruñean, Txinako eta Nafarroako enpresak bilduko dituen Nazioartekotze Eguna prestatuko du


Nafarroako erakundeen ordezkaritza, Nafarroako Gobernua buru duela, Txinako Gansu probintzian da aste honetan, Txinako erakundeekin eta enpresekin lankidetzak ixte aldera hezkuntza, kultura eta enpresa arloan. Foru Exekutiboaren ordezkariekin batera, Iruñako Udaleko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak joan dira.

Nafarroako misioaren helburuen artean, Nafarroako Gansu Foroa antolatzea aurkitzen da, Nazioartekotzeko Egunaren esparruan; urriaren 24an izango da Iruñean, eta Txinako enpresak hurbilduko dira Nafarroako enpresekin harreman komertzialak egitera. Gogoratu behar da Gansu Txinako eskualdea dela, bereziki irekia, eta zetaren ibilbidearekin loturiko garapen ekonomikoko estrategia duela, herrialde askotan inpaktua duen nazioarteko merkataritzaren proiektu handia.

Exekutiboaren aldetik, Garapen Ekonomikoko, Hezkuntzako eta Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuetako arduradunak joan dira, 2018. urterako Nafarroaren eta Gansuren artean egindako lankidetza-plan berrian jasotako proiektuak zehaztearren; plana maiatzean sinatu zuten Txinan, Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik eta Gansuko He Wei gobernadoreordeak.

Zehazki, ordezkaritza honako hauek osatu dute: Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Roberto Perezek; Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendariak, Miren Ausinek; Lanbide Heziketako Zerbitzuko zuzendariak, Esther Monterrubiok; eta Kultura Sustapena eta Berrikuntza Ataleko buruak, Estefanía Munárrizek. Iruñako Udalaren izenean, zuzendari kudeatzailea, Arturo Ferrer, eta Bulego Estrategikoaren zuzendaria, José Fermín Costero, joan dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean, berriz, Nazioartekotzeko Errektoreordetzako Nazioarteko Harremanen eta Lankidetzaren Arloko Enrique Armendariz zuzendaria joan da.

Kultura eta hezkuntza arloetako trukeak

Duela hilabete batzuk sinatutako lankidetza-planean, kultura eta hezkuntza arloetan truke ezberdinak egitea jaso zen, eta datozen egunetan Nafarroako ordezkariek Txinako eskualdeko homologoekin egingo dituzten bileretan zehaztuko dituzte. Hezkuntzari dagokionean, Bigarren Hezkuntzako eta LHko ikastetxeak bisitatuko dituzte, eta hezkuntza-arloko agintariekin bilduko dira ikasleen nahiz irakasleen trukeak egiteko eta elkarren arteko berrikuntza-proiektuetan parte hartzeko aukerak aztertzearren. Horrez gain, Nafarroako ordezkaritzak lanbide-heziketako eskaintzaren berri emango du, bereziki nekazaritza-industrian eta energia berriztagarrietan oinarrituta, Gansuk eremu horiekiko interesa erakusteagatik.

Kulturaren alorrean, arte eszenikoetako, musikako eta arte plastikoetako kultur operadore ezberdinekin bilduko dira. Halaber, agintariekin eta dinamizatzaileekin harremanetan jarriko dira 948 merkatuaren etorkizuneko edizioetan (Nafarroako arteen merkatua) Gansu bertan izateko. Era berean, industria artistikoetako eta kulturaletako ordezkariekin bilduko dira, Nafarroako sormen-sektorea herrialde hartan proiektatzeko aukera aztertzeko xedearekin.

Orobat, Nafarroako ordezkariek, turismo-arloan, etorkizunean elkarlana egiteko aukera jorratuko dute, Zetaren Ibilbidearen eta Donejakue Bidearen inguruan sinergiak bilatuaz; hots, Gansu eta Nafarroarentzat turismoa sustatzeko balio duten ibilbideak, hurrenez hurren.

Bestalde, Iruñako Udalak Elkarte Lagunkoiaren Memoranduma sinatzeko asmoa du Jiayuguango hiriarekin, senidetzea baino maila baxuagoko protokoloa, baina hirien artean lankidetza-loturak egiten dituena gai ezberdinetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) helburua da Txinara egindako bisita honen bitartez bi herrialdetako ikasleen mugikortasuna bultzatzea, bereziki, Bigarren Hezkuntzako Unibertsitate Masterraren titulatuena, han gaztelerazko irakaskuntza-praktikak egite aldera. Era berean, ordezkariek haien titulu bat aurkeztuko dute batez ere ikasle txinatarrentzat: Gaztelania Hizkuntzaren eta Espainiako Kulturaren Masterra: Marketinga eta Turismoa.

Horrez gain, nekazaritzako elikagaien ikerkuntzan espezializatutako unibertsitate txinatarrei gai horren inguruan trebatzeko ikastaro laburrak (bizpahiru astekoak) eskainiko dizkie NUPek, haien interes eta premietara diseinatutakoak.

Azkenik, Nafarroako erakundeko irakasleek Txinako unibertsitateetan ikerketa-egonaldiak egiteko aukera eta NUPeko ikerketa-taldeek, lanerako egonaldi laburretarako, herrialde hartako zientifikoak hartzeko aukera aztertuko dute.

Nafarroa Gansu Foroaren prestaketa

Bisitaren puntu nagusia Garapen Ekonomikoko Departamentuaren ordezkaritzak Txinako ordezkariekin egingo dituzten topaketek osatuko dute; hain zuzen ere, Nafarroa Gansu etorkizuneko Foroa prestatzeko. Foroa Iruñean egingo da, urriaren 24an, Nazioartekotzeko Egunarekin batera. Ekitaldiaren helburua da txinatar merkatua ekartzea Nafarroako enpresetara, eta, horretarako, mahai-inguruak eta gaikako hitzaldiak egingo dituzte honako hauen inguruan: merkataritza elektronikoa Txinan, kultura arteko negoziazioa Txinarekin edo Nafarroako eteentzako aukerak, besteak beste.

Beraz, Nazioartekotzeko Eguna aipatu Nafarroa Gansu Foroarekin osatuko da; gainera, etorriko direla jada berretsi dute Txinako 16 enpresak eta probintziako goi ordezkari instituzionalek. Foroan, administrazioen arteko topaketak egingo dira, bi lurraldeen artean lankidetza-bideak sakontzen jarraitzeko, eta business to business topaketak ere izango dira Txinako eta Nafarroako enpresen artean, aukera komertzial berriak bilatzearren. Topaketa horietan parte hartu eta Txinako enpresekin elkarrizketetarako txandak hartu nahi dituzten enpresa nafarrek jada eskaera egin dezakete jardunaldirako inskripzioa bidalita.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa