(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Giza eskubideen aldeko aktibista afrikarrek irabazi dute Nazioarteko Elkartasunaren XVI. Nafarroa Saria astelehena, 2018.eko irailak 24


Theresa Kachindamoto, Hulo Guillabert, Victoria Nyanjura eta Oumou Sall-Seck dira 25.000 euroko golardoa jasoko duten irabazleak


Premiadas

Argazki-oinari buruzko informazioa prentsa-oharraren bukaeran. ( irudia handitu )

Theresa Kachindamoto, Hulo Guillabert, Victoria Nyanjura eta Oumou Sall-Seck-en lana biltzen duen Emakume Afrikarrak eta Giza Eskubideak Afrikan deritzon hautagaitza da, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak 25.000 euroko diruzko sariarekin deitu eta gaur goizean Nafarroako Jauregian ebatzi den Nazioarteko Elkartasunaren XVI. Nafarroa Sariaren irabazlea. Epaimahaiak aurten aurkezturiko 13 hautagaitzen artean erabaki behar izan du. Nazio Batuen 2030erainoko agendan bildutako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen lagundu duten pertsonen, GKEen edo erakundeen lana eta ibilbidea aitortzea da sari honen helburua.

Miguel Indurain Larraya buru, epaia hartu duen epaimahaia honako hauek osatu dute: Miguel Laparra Navarro, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordea; Javier Cortajarena Goñi, Laboral Kutxako lurralde zuzendaria; Paloma Bescansa Miguel, NUPeko irakaslea; Maria Victoria Vidaurre Garcés, AMEDNAko lehendakaria; María Jesús Castillejo Samitier, kazetaria; eta Javier Pagola Lorente, kazetaria. Idazkaria Andrés Carbonero Martínez izan da, Nafarroako Gobernuaren izenean. Saritutako hautagaitzarekin batera, beste hauek ere finalistak izan dira: Tun Khin (Burmese Rohingya Organisatión UK erakundeko lehendakaria) eta The Halo Trust, gatazkan edo gatazka ondoko egoeran dauden herrialdeetan pertsonen aurkako minak, lehertu gabeko munizioak nahiz asmaturiko lehergailuak kentzeko lanetan espezializatuta dagoen erakunde neutral, inpartzial eta independentea.

Afrika Etxea partzuergoak Theresa Kachindamoto, Hulo Guillabert, Victoria Nyanjura eta Oumou Sall-Seck emakume nabarmenak bilduz proposatu duen Emakume Afrikarrak eta Giza Eskubideak Afrikan hautagaitza da Nazioarteko Elkartasunaren XVI. Nafarroa Sariaren irabazlea. Emakume horiek guztiek Malawi, Senegal, Uganda eta Mali bezalako herrialdeetan lan egiten dute, emakume eta haurren eskubideak defendatzeko eta gatazketan bakea lortzeko.

Afrika Etxeko Zuzendari Nagusiak hautagaitza aurkezteko gutunean adierazi zuenez, “emakumea da munduaren motorra, eta hori are begi-bistakoagoa da Afrikan. Bertan, emakumeak dira giza-eskubideak aintzat hartuko dituen mundu hobe eta zuzenagoaren aldeko gizarte-aldaketa guztien buru. Zer hobe, Afrikako kontinentearen onena irudikatzen duten lau emakumeren arteko baterako hautagaitza aurkeztea baino… Lau emakume hauek gizartea duintzearen alde borroka egiten dute, giza eskubideen defentsatik eta kontinenteko lau muturretatik borroka egin ere. Haien lanak emakume eta haurren babesa du ardatz, izan ere, gerra edo gatazka armatuen eraginez zein inondik inora sostengatzerik ez duten edo ezkutuko interesen mesedeko ohitura eta tradizioen ondorioz, horiexek dira oinarrizko eskubideak maizenik urratu ohi zaizkienak”.

Theresa Kachindamoto

Indar biziko eta diskrezio handiko emakumea. Malawin populaziorik handienetakoa duen Dezda barrutiko gobernatzailea da, eta haren borrokak haurren arteko ezkontzak errotik ezabatzea du ardatz eta helburua. Hiru urtetan, 2.000 ezkontza baino gehiago geldiaraztea lortu du.

Dezda Afrika hegoaldeko Malawi estatua osatzen duten 27 barrutietako bat da, eta horko gobernatzailea izendatu zutenetik, Theresa Kachindamotok eskualdeko herrixkarik urrunenak ere bisitatu ditu haurren arteko ezkontzak eta nesken nahiz neskatilen sexu-hastapenetarako erritualak saihesteko.

Kachindamotok berak adierazi duenez, “27 urtez lan egin dut bulegoko idazkari nagusi bezala, harik eta, duela 14 urte, aita hil eta buzuzagitzaz jabetu behar izan nuen arte. Haurren arteko ezkontza tradizio zaharkitua da, nire ustez, tradizio kaltegarria neska edo mutilarentzat, eta baita Malawirentzat ere, giza-eskubideak eta bereziki hezkuntza izateko eskubidea urratzen duen heinean. Gure tradizioak frogatu duenez, neskatilak ezkontzen direnean, eskola utzi ohi dutela behin-betiko, eta senarraren etxera aldatzen dela etxeko lanez eta seme-alabez arduratzeko”.

Hulo Guillabert

Haurren eskubideak defendatzen ditu, bereziki Senegalen helduek eragindako salerosketaren edo esplotazio ekonomikoaren biktima diren haur eskaleenak (talibesak). Senegalen jaio zen. Haurtzarotik idazketaren eta literaturaren zale amorratua izan da, baita arte eta kultura afrikarraren zalea da, eta munduko hainbat lekutan bizi izan da (Senegalen, Boli Kostan, Frantzian, Reunion uhartean, Quebecen...), baina jatorri afrikarrei uko egin gabe. Frantziako enpresen kontsultore lanetan jardun ondoren, Afrikaren indarra frogatzea xede duen argitaletxea sortzeari ekin zion. 2012an, Senegalera itzuli eta Nubi Artes deritzon kultur-esparru eta arte-galeria eratu zuen Dakarren. Panafrikar porrokatua izanik, Renaissance Africaine mugimenduaren aldeko aktibista da eta Interneteko Bonnes Nouvelles d’Afrique aldizkarian nahiz Afrika Kontzientzia Topaketetan parte hartu ohi du, Afrikaren Berpizkundearen aldeko monumentuan hilean behin eskaintzen dituen hitzaldiekin.

Victoria Nyanjura

Victoria Nyanjura aktibista ugandarren esanetan, gobernuek, haurrak babestu beharrean, haien haurtzaroa ebastera utzi ohi dute. Halaxe gertatu zitzaion 36 urte dituen emakume honi, izan ere, 1996an, 14 urte zituela, Jaunaren Erresistentziarako Armada zeritzon talde paramilitarrak bahitu zuen St Mary’s College ikastetxean. Moja batek eta irakasle batek egindako negoziazioei esker, bahituriko 139 neska gazteetatik 109 familiekin itzuli ahal izan ziren. Baina Victoria ez zen haien artekoa izan eta preso eduki zuten 8 urtez, ihes egitea lortu zuen arte.

Bortxatuta eta miliziako buruzagi batekin ezkontzera behartuta, Hego Sudanera eraman zuten 1997an. Bertan, mutilak soldadu eta neskak esklabu sexualak bihurtzen zituzten, taldeko kideei seme gehiago eman ziezaizkien. Era askotako torturak eta gizagabekeriak eragin zizkioten. Jipoiez gain, gosea pairatu zuen, aterperik gabe bizitzera behartu zuten, bere bi semeez medikuen laguntzarik gabe erdi izan zen eta militarrei bururatzen zitzaizkien umiliazio guztiak jasan behar izan zituen.

Oumou Sall-Seck

Timbuktu eskualdean (Mali) dagoen Goundameko alkate hautatu zuten lehendabiziko aldiz 2004ko uztailean. Harez geroztik, Oumou Sall-Seck Mali berreraikitzeko konpromisoari lotuta dago, emakumeek gizartean nahiz politikagintzan duten eginkizuna funtsekotzat jotzen duen ikuspegi batetik begiratuta. Azken 20 urteotan, Maliko gobernagarritasuna, deszentralizazioa eta lankidetzari buruzko hainbat mintegi eta hitzalditan parte hartu izan du, baita "Parte-hartze bidezko demokrazia: lokaletik globalera", "Estremismoaren indarkeriaren aurka borrokatzea" eta "Emakumeen eskubideak" bezalako gaiei buruzko nazioarteko bileretan, eta horren guztiaren ondorioz hautatu zuten alkate 2009ko maiatzean.

Jihadistek Maliren zati bat menden hartu zutenean, 2012ko apiriletik 2013ko abuztura bitartean, Oumou Sall-Seck alkate lanak bete ezinik egon zen. Urte horietan, indarkeriaren aurkako borrokarekin bat egin zuen Afrikako Mendebaldean eta Sahelen, eskualdeen arteko zein mugaz gaindiko elkarrizketa eta adikidetzearen mesedetan. Oumou Sall-Seck eskualdeari buruz egindako Europa mailako hainbat bileretako partaidea izan da, eta Maliren lurralde osotasuna bermatzen lagundu du.

Bakeari eta berreraikuntzari dagokienez, Nazio Batuek, Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeak eta International Peace Institute erakundeak Mali eta Saheleko bakearen erronkei buruz antolatutako kontsultetan parte hartu du.

Aurreko edizioetako sarituak

Aurreko edizioetan, era askotako profilak dituzten kontinente guztietako erakundeak eta pertsona ospatsuak saritu dira. Horrela, sarituen zerrendan daude Muhamad Yunus, Bakearen Nobel Sariduna; Kalkulako Karitatearen Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fedea eta Pozaren Nazioarteko Federazioa; San Joan Jainkoarenaren Anaiak; Wassu Gambia Kafo eta Mama Samathe; Ekuadorreko Aguarico-ko Bikariotza Apostolikoa-Kaputxinoen Misioa; Isabel Martín-Creative Handicraft; Manuel E. Patarroyo Murillo irakaslea; ‘Mama Tunza’ izenaz ezaguna den Dimina Khasiala keniarra; Argentinan Giza Eskubideen alde lanean diharduen Martha Pelloni ahizpa; Juan Ciudad Fundazioa eta honi atxikitako langile bat, Paciencia Melgar ahizpa, ebola bezalako gaixotasunak dituzten ahantzitako pertsonen alde egindako lanagatik; Marista Azul Georges Sabé anaia marista, Marista Urdinek Siriako gerran kaltetutako bizilagunen alde egindako lanagatik; eta azken edizioan, La Vía Campesina, nekazarien eskubideak defendatu eta nekazaritza ekologikoa nahiz elikadura-surbiranotasuna sustatzen duen munduko gizarte-mugimendua.

ARGAZKI-OINA: Goian, ezkerrean, Victoria Nyanjura; eskuinean, Theresa Kachindamoto. Behean, ezkerrean, Oumou Sall-Seck; eskuinean, Hulo Guillabert.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Cortedeaudio
Albistea_ingeleraz
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa