(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kulturak antolatuta, ostiral honetatik aurrera egingo dira Ondarearen Europako Jardunaldiak; hots, 140 jarduera Nafarroako hirurogeita hamar herritan asteazkena, 2018.eko irailak 26


Aurkezpena ostegunean egingo da Kondestablearen Jauregian


Erriberriko gaztelua.

Erriberriko ikuspegia; atzean gaztelua. ( irudia handitu )

Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak beste urte batez Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu, eta, edizio honetan, irailaren 28an, 29an eta 30ean egingo dira. 140 jarduera baino gehiago izango dira Nafarroako 70 herri ezberdinetan.

Kondestablearen Jauregian egingo dute programaren aurkezpena ostegun honetan; bertan, ibilbideak, interpretazio-paseoak, emanaldiak, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak eskainiko dira. Era berean, kultur ondareko ondasun esanguratsuenak eta Foru Komunitateko leku helezinenak izan ohi direnak bisitatu ahal izango dira; esate baterako, Nafarroako elizen dorre-kopuru handi bat, bisitagarriak ez diren kobazuloak edo upeltegi historikoak. Oraingoan, ezohiko moduan sartu ahal izango da horietara.

Halaber, tradizio zaharrekin eta antzinako bizimoduekin loturiko bisitak antolatu dira, Europako beste eskualdeetakoen antzekoak, Nafarroak ondare ukiezina partekatzen baitu horiekin: ardoa eta mahatsondoa, uraren erabilerak, migrazioak, transhumantzia, ahozko tradizioa.

Beste behin, Nafarroako ikastetxeek gertuko kultur ondarearekin duten harreman estua azpimarratuko da. Helburu hori aintzat hartuta, Ondare Historikoaren Zerbitzuak, irailaren 28a, ostirala, Ondarearen eta Hezkuntzaren Eguna bezala sustatuko du. Horretarako, ikastetxeek eskola-jarduerak bultzatu dituzte.

Era berean, edizio honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) udako ikastaro bat egingo du Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan; hain zuzen ere, “Kultur Ondarera irekitako bost ate” izango da. Besteak beste, Nafarroako bost portada enblematikoren inguruko hitzaldiak eskainiko dira eta jardunaldi tekniko bat irailaren 27an, ostegunean, Kondestablearen Jauregian, jardunaldien aurkezpena egin baino lehen. 


Cascanteko erromatar harrobietatik barrena egindako ibilbidea, aurreko edizio batean. ( irudia handitu )

Herritar guztientzako jarduerak

Programaren asmoa da kultur ondarea herritarrengana hurbiltzea, denen gozamenerako izatea  (bisitak doakoak dira) eta adin eta interes ezberdineko pertsona-kopuru handi batera iristea. Azkenik, azpimarratu nahi da kultur ondarearen kudeaketan elkarteek, fundazioek eta bestelako erakundeek, herri administrazioaz gain, betetzen duten papera.

Aurreko edizioen antzera, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Udalak eta elkarteak programan inplikatu ditu, eta, era horretan, Nafarroan 2016an ekimen hau berreskuratzetik hasi eta  parte-hartzearen kopuru ezezagunak lortzeko aukera eman duen lankidetza finkatu ahal izan da. Horrela, udal-proposamenak Nafarroako Gobernuak antolatutakoei gehitu zaizkie, baterako programa bat, programa zabala eta erakargarria eskaintzeko, kultur ondarearen aberastasuna bere dibertsitate osoan islatzearren; hau da, tipologikoa (ondare ukiezina, dokumentala, bibliografikoa, arkeologikoa, artistikoa, industriala, arkitektonikoa, e.a.) nahiz geografikoa (landako eta hiriko ondarea, Mendikoa, Erdialdekoa eta Erriberakoa kultur tradizio ezberdinekin). Jarduera guztiak kudeatzen, antolatzen eta egiten 500 pertsona baino gehiago inplikatu dira.

Partekatzearen artea

Kultur ondarearen gainean sentsibilizatzeko Europako programa Europako Kontseiluak sustatzen du, Europar Batasunarekin batera, eta mundu mailan parte hartzeko kultur gertaera handiena bezala finkatu da. Gainera, aurten, jardunaldiek esanahi berezia dute, Kultur Ondarearen Europako Urtean inskribatzen baitira.

2018ko jarduerak "Partekatzearen Artea" lelopean garatuko dira, herriek Europako beste eskualde batzuekin partekatzen duten kultur ondarearen bidez duten lotura handia azpimarratzeko. Modu horretan, Ondare Historikoaren Zerbitzuak programaren bitartez erakutsi nahi du Nafarroako kultur ondareak hurbileko eta urruneko beste eskualde batzuetakoarekin duen konexioa, paralelismoak eta konexioak ezarriaz: Done Jakue Bidea, estela diskoideak, monasterioak, erromanizazioa, kutxatila-zelaiak, hiri harresituak, erromanikoa eta gotikoa, ardoaren kultura, inauterietako eta San Joanetako ospakizunak, arte barrokoa, e.a.

Jardunaldiak Europako Kultur Konbentzioa sinatu duten 50 estatutan garatuko dira; hau da, 70.000 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira Europako ondare komunaren gainean sentsibilizatzeko eta kultur ondarearen gaineko esperientzia partekatzeko, parte-hartzea, sormena eta irudimena sustatuaz.

Jardueren hedapena

Jarduerei buruzko informazio guztia (egunak, ordutegiak eta edukiera mugatuko zenbait jardueraren erreserbak egiteko kontaktuak) ondorengo web guneetan kontsulta daiteke: www.jepnavarra.com eta www.culturanavarra.es. Bietan bertsio egokituak aurki daitezke tabletetan eta gailu mugikorretan behar bezala ikusteko. Era berean, informazio osoa eskura daiteke sare sozialen bitartez eta prentsako eta web orrialdeko iragarkiko QR kodea erabilita.

Bestalde, PDF interaktibo bat ere abian jarri da, jardunaldien inguruko informazio osoa ikusteko Interneterako konexioaren beharrik gabe. culturanavarra.es eta jepnavarra.com web guneetan deskargatuta eskura daiteke.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa