(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Zahartze Aktiboaren aldeko Estrategiaren Ekintza-Plana eta 2018-2019 biurterako aurreikusitako 122 neurri aurkeztu ditu ostirala, 2018.eko irailak 28


Horrekin batera, NOPLOIk landutako Zahartze Aktiboaren Indizea eman da ezagutzera, eta horren arabera, Nafarroa zazpigarren postuan dago EBeko herrialdeen sailkapenean, Europako nahiz Estatuko batez bestekoaren gainetik


Eskuinetik ezkerrera Segura, Domínguez, Simón eta Díez gaur goizean Plana aurkeztea.

Ekintza-Plan Globala Nafarroako 2017-2022ko Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko Estrategiari atxikita landu da, azken honen helburua baita biztanleriaren zahartzea ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta osasun eta bizi-kalitate onenarekin gertatzea, pertsonak aktiboak, autonomoak eta independenteak izan daitezen ahalik eta denbora gehienean, Osasun kontseilaria Fernando Dominguezek gaur prentsaurrekoan adierazi duenez.

Harekin batera izan dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) zuzendari kudeatzaile Maria Jose Perez, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garcia eta Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Frances.

Ekintza-Plan Globalak 3 lan-ardatz, 10 esparru estrategiko, 58 ekintza-ildo eta 2018-2019 biurterako 122 ekintza espezifiko ditu guztira. Hauexek dira giltzarrizko hiru ardatzak: Bizitza-proiektu aktibo eta osasungarriak; Adinekoekin adiskidetsuak diren inguruneak eta eskualde garapenerako aukerak; eta Zerbitzu eta prestazio sozial eta ekonomikoak.

Agiria Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinen arteko lanaren eta lankidetzaren emaitza da, eta 2017ko urritik aurtengo martxora bitartean egindako parte-hartze prozesuan erakundeek, elkarteek nahiz herritarrek igorri dituzten ekarpenekin aberastu da. Ekarpenak Gobernu Irekiaren atariaren bitartez bildu ziren.

Guztira, 123 ekarpen jaso ziren, eta horietarik 101 (% 82) bukaerako agirian sartu ziren, osorik nahiz zatika.

Planaren hiru lan-ardatzak

1. Ardatzaren helburua bizitza-proiektu aktibo eta osasungarriak lortzea, eta horretarako, honakoak bezalako ekintzak planteatzen ditu: Osasun eta Kirol departamentuen artean landutako Nafar Aktiboa Ariketa Fisikorako Plana, luze gabe aurkeztuko dena; ariketa fisikoa sustatzea xede duten toki proiektuei zuzendutako 130.000 €ko dirulaguntza-deialdi berri bat aurtengo ikasturterako; Adinekoen Eskola, eta honen barnean lehendabiziko aldiz “Sexualitateaz mintzo” deritzon tailerra; teknologia berriei buruzko formakuntza-jarduerak; eta komunikabideetan 2018an egindako “Adinekoak positiboan” kanpaina, luze gabe 2019ko egutegiaren (90.000 ale) argitalpenarekin osatuko dena.

Bestelako ekintzen artean nabarmen daitezke Tratu Onaren Dekalogoaren elaborazioa eta banaketa (50.000 ale), adinekoen gizarte-erakundeekin batera; 156 entitateren arteko elkartegintzaren sustapena, 501.705 €ko guztizko balioa duten dirulaguntzen bitartez, eta 190 entitate baino gehiagori zuzendutako ikasketa, aisialdi eta boluntariotza programen bultzada, 649.999 €ko guztizko balioa duten dirulaguntzen bitartez. Lehen ardatzeko ekintzen artekoa dugu, halaber, laster onartuko den Adinekoen Kontseiluaren osaera eta funtzioak arautzeko foru dekretua.

Bigarren ardatzari atxiki zaizkio adinekoekin adiskidetsuak diren inguruneak eta ikerketa eta berrikuntzarako inguruneak lortzeko ekintzak. Hona hemen nabarmendu beharreko ekintza batzuk: zahartzea Udalen agendetan sartzea xede duten dirulaguntza-deialdiak (490.000 €) eta hauei atxikitako 41 proiektu jubilotekak sortzeko, bideak nahiz hiri-altzariak ariketa fisikorako egokitzeko, eragozpenak kentzeko, adinekoen beharrak aztertzeko, “Corella adinekoekin adiskidetsua” parte-hartze bidezko hirigintza-diagnosiaren esperientzia pilotua aurrera ateratzeko, klima-aldaketara egokitzea xede duen Life Nadapta proiektuari adinekoen ikuspegia txertatzeko, Nafarroa zahartzeari buruzko europar sareetan sartzeko edota Zahartze Aktiboaren Indizea kalkulatzeko.

Hirugarren adatzari dagozkio zerbitzu eta prestazio sozial eta ekonomikoak. Ekintza nabarmengarrien artean, Tafallako Arreta Soziosanitario Integratuaren esperientzia pilotua aipa daiteke, baita pertsona ahulenak artatzeko eta erorikoak prebenitzeko protokoloa, aldez aurreko borondateak bide elektronikoz edo osasun zentroan erregistratzeko aukera eta Heriotza Duinaren Behatokiaren sorrera ere.

Prestazio ekonomikoen hobekuntza ere nabarmen daiteke; esaterako, errenta bermatua, orain 65 urtetik gorakoentzat ere erabilgarri dagoena, eta alarguntza-pentsioetarako zerga-kenkaria, egoitzen hobekuntza (pertsona aktiboak eta osasungarriak ardatz hartuta) edota etxebizitza seguruak izateko zaharberritze lanetarako dirulaguntzak.


Nafarroako Zahartze Aktiboaren Indizea

Halaber, prentsaurrekoan, Zahartze Aktiboaren Indizea (ZAI) aurkeztu da. Azterlan numeriko honen bitartez, herrialde edo eskualde batek herritarren zahartze aktibo eta osasungarria bermatzeko duen potentzialtasuna neurtzen da.

Indize hau Vienako Gizarte-Ongizateari buruzko Politika eta Ikerketarako Europar Zentroaren, Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoaren eta Enplegu, Gizarte Gai eta Gizarteratzeari buruzko Europako Batzordearen arteko elkarlanaren emaitza da.

Indizeak 22 adierazle aztertu eta baloratzen ditu, 4 esparrutan banatuta: Enplegua; Gizarte-partaidetza; Bizitza independentea, osasungarrua eta segurua; eta Zahartze aktiborako gaitasuna eta ingurune egokia. Indizeak 55 urtetik gorako bi sexuetako pertsonak barne hartzen ditu.

Nafarroako Zahartze Aktiboaren Indizea 2018an landu da Nafarroaren egungo egoera ezagutzeko, Plana aurrera ateratzeko behar diren ekintzak lehenetsi eta indartzeko eta gure Komunitatean abiarazitako politika eta ekintza-planen geroko bilakaera eta emaitzak ebaluatu ahal izateko. NOPLOIko Osasun Komunitarioaren Behatokiak garatu du Matia Fundazioaren aholkularitzaz eta Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat) datuak iturri nagusitzat erabiliz.

36,8 puntuko guztizko puntuazioa duelarik, Nafarroa seigarren eta zazpigarren postuen artean kokatu da Europar Batasuneko (EB) herrialdeen sailkapenean, Europako 28 herrialdeen batez bestekoaren (33,9) nahiz Espainiaren (32,6) batez bestekoaren gainetik. Lehenengo sei postuetan Europako iparraldeko herrialdeak daude, Suedia buru (44,9 puntu).

Nafarroako Zahartze Aktiboaren Indizea 3 puntu altuagoa da gizonentzat emakumeentzat baino, gizonek zahartze aktiboagoa duten seinale. Antzeko genero-desberdintasunak antzeman dira Europako beste herrialde batzuetan ere, 3,8 puntuko batez besteko aldearekin.

Esparruen arabera, Nafarroa 15. postuan dago Enpleguan, 55 eta 75 urte bitartekoen enplegu-tasari erreparatuta, eta 5. postuan Partaidetzan, boluntariotza-jarduerekin, seme-alabak, bilobak edo adinekoak zaintzearekin eta parte-hartze politikoarekin lotutako adierazleak barne hartuz. Era berean, 14. postuan dago Bizitza independente, osasungarri eta seguruan, ariketa fisikoa, etxebizitza independentea, errenta, osasun zein hortz zainketetarako sarbidea, segurtasun fisikoa eta formakuntza jarraitua bezalako adierazleak kontuan hartuz, eta 8. postuan Zahartze aktiborako gaitasun eta ingurune egokian, bizi-itxaropena, ongizate mentala, IKTen erabilera, gizarte-konexioa eta hezkuntza-lorpena gisako adierazleak barne hartuta.

Nafarroa goi mailako postuetan kokatu da adierazle horietako batzuetan; hala nola, 55 urtetik gorako adinekoek bilobak nahiz adineko pertsonak zaintzeko duten inplikazio handia, are handiagoa emakumeegan, edota gure Komunitatean dagoen diru-sarreren maila eta bizi-itxaropena, EBeko herrialdeetakoa baino altuagoa. Ongizate mentala, gizonengan are hobea dena, eta etxetik kanpoko gizarte-harremanak ere Nafarroan puntuazio altua lortu duten adierazleak dira.

Aitzitik, puntuazio txikiagoa lortu da 65 eta 75 urte bitarteko adinekoen enpleguaren adierazlean, etxean bakarrik edo bikotean bizi diren 75 urtetik gora adinekoen kopuruan eta ariketa fisikoa zein hezkuntza-lorpenari buruzkoan.


Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko 2017-2022ko Estrategia

Iaz aurkeztu zen Nafarroako Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren aldeko 2017-2022ko Estrategiaren helburua da biztanleriaren zahartzea ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta osasun eta bizi-kalitate onenarekin gertatzea, pertsonak aktiboak, autonomoak eta independenteak izan daitezen ahalik eta denbora gehienean.

Horrekin batera adinekoekin adiskidetsuagoa den gizarte kohesionatuagoa eraikitzea du xede, gainerako adinak baztertu gabe.

Proiektu hau lehentasunezkoa da Nafarroako Gobernuarentzat, izan ere, aurreikuspenen arabera, hemendik hogei urte barru, gure Komunitateko biztanleriaren % 25 65 urtetik gorakoa izango da (egun % 19) eta 70.000 pertsona inguru 80 urtetik gorakoak izango dira egungo 42.000 pertsonen aldean.

Gogoratu behar da Estrategia hau Osasuneko Departamentu arteko Kontseiluak sustatu duela; hots, Foru Administrazioaren departamentu guztietan osasuna sartzeko zeharkako organoak, politika guztietan osasuna izateko Adelaidaren Aitorpenarekin bat egiten duenak (2010ean Osasunaren Mundu Erakundeak sustatua).

Ekintza-politika horien arabera, ingurune sozialak, ekonomikoak eta fisikoak osasun-sistema berak bezainbeste edo gehiago eragiten dute biztanleriaren osasun-egoeran.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa