(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan, langabeziak 451 pertsonatan egin du gora irailean eta 2.180 pertsonatan behera azken urtean asteartea, 2018.eko urriak 2


Gizarte Segurantzako afiliazioak 925 pertsonatan egin du gora irailean eta 7.796 pertsonatan gora urtetik urtera


Nafar Lansarea-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan 33.115 langabe erregistratuta zeuden irailaren bukaeran. Datu honen arabera, hiletik hilera langabeziak % 1,38 egin du gora, 451 langabe gehiagorekin. Hala ere, urtetik urterako kopuruetan, langabeziak % 6,18 egin du behera; hots, duela urtebete baino 2.180 langabe gutxiago daude.

Kontuan hartu behar dira aldakuntza hauen testuinguruari dagozkion zenbait kontu. Alde batetik, iraila oso hilabete aldakorra izan ohi da langabeziaren bilakaeran. Oraingoan, langabeziak gora egin du hiletik hilera, eta gauza bera gertatu zen 2016an edo 2014an, baina orduko igoera arinagoa izan zen. Hortaz, langabeziaren hilabeteko bilakaerari buruzko balorazio ez da positiboa.

Nolanahi ere, langabezian gertaturiko edozein igoera negatiboa izan arren, ez dugu inolaz ere bakarka aztertu behar, baizik eta denbora-tarte handiagoko bilakaera edo joera baten ikuspegitik eta dagokion krisiaz besteko testuinguruaren barnean.

Horren gain, kontuan hartu behar da uda ondoko garaian, irailetik urrira bitartean eta hurrengo urtearen hasieran, ez dela giro egokirik egoten langabeziaren jaitsierarako. Hau berdin-berdin gertatzen da ekonomiaren goraldietan nahiz atzeraldietan. Hortaz, langabeziaren urtaroen araberako bilakaerak ere modu negatiboan eragiten du.

Azkenik, langabeziaren hileko hazkunde hau negatiboa izan arren, 2008aren bukaerara jo behar da langabezia erregistratuari buruzko antzeko kopuruak aurkitzeko.

Azaldutakoaren harira, ez dugu ahantzi behar Nafarroako langabezia-mailarik handiena 2013ko otsailean izan zela, 56.524 langaberekin. Harez geroztik, murrizketa % 41,4koa izan da, hau da, 23.409 langabe gutxiagokoa.

Bestetik, hilabete batetik bestera, langabeziak % 0,64 egin du gora Estatuan, urtetik urtera % 6,1 murriztu den arren. Ondorioz, irailean, langabeziaren hazkundea handiagoa izan da Nafarroan, baita urtetik urterako jaitsiera ere.

Garrantzi berezia izaten jarraitzen du langabeziagatiko babesaren estatuko sistemaren estaldurak. Aurkeztutako azken datuek berriro erakusten dute estatuko sistemak muga handiak dituela, eta bi hilabeteko igoeraren ondoren, goranzko joera eten duela. Azken datu erabilgarriaren arabera, abuztuan, langabeziagatiko estaldura tasa % 51,9koa izan da, hots, uztailekoa baino hiru hamarren txikiagoa baina duela urtebetekoa baino zortzi hamarren handiagoa.

Laburbilduz, datu horien arabera, langabeen erdiek ez dute estaldurarik sistema horren barnean; % 52,9k alegia. Hortaz, langabeen kopuru osoa kontuan harturik, Nafarroan 17.290 langabek ez dute estaldurarik. Horren kariaz, garrantzi handikoa da Errenta Bermatua bezalako laguntza tresna propioak izatea, estatuko sistemaren hutsuneak arintzeko.

Era berean, kontuan izan behar da langabeziagatiko estaldura duten pertsonen % 64,2k prestazio kontributiboa duela, baina % 30,9k subsidioa kobratzen duela, % 4,7k Laneratzeko Errenta Aktiboa eta % 0,2 Enplegua Aktibatzeko Programan inskribatuta dagoela, horrek diru-sarreretan dakartzan ondorio guztiekin.

Bestetik, Estatuan, estaldura-tasa % 61ekoa da, hots, Nafarroan baino 9,1 puntu handiagoa.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, datuek hileko igoera arina islatu dute. Nafarroan, irailean, 281.340 pertsona Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden, aurreko hilean baino 925 gehiago eta duela urtebete baino 7.796 gehiago. Aldakuntza horiek, ehunekoetan, % 0,33ko hilabeteko igoera ekarri dute, eta % 2,85eko urteko igoera, enplegua sortzen jarraitzen ari den seinale. Gainera, Estatuarekin alderatuz gero, afiliazioaren hileko igoera handiagoa izan da Estatuan (% 0,12) baino.

Urteko igoerari dagokionez, Estatukoaren antzekoa izan da, % 2,87koa. Hala ere, alderdi garrantzitsu gisa, kontuan hartu behar da langabeziaren eragina nabarmen txikiagoa dela gurean; langabezia-tasa Nafarroan % 9,93koa da, eta % 15,28koa Estatuan, 5,35 puntuko aldearekin.

Gainera, langabezia-tasarik txikienak dituzten inguru hurbil-hurbileko Autonomia Erkidegoekin alderatuz gero, urteko bilakaera are positiboagoa da. Adierazi denez, Nafarroan, langabezia-tasarik txikiena duen komunitatea izanik, afiliazioaren urteko igoera % 2,85ekoa izan da. Hartara, Aragoin, afiliazioaren arabera, enpleguaren urteko hazkundea % 2,24koa izan da. Bestetik, Euskadin, urteko hazkundea % 1,62koa izan da eta % 0,40koa Errioxan.

Horren harira, ez dugu ahantzi behar afiliazio-kotarik txikiena 2014ko urtarrilekoa izan zela: 243.505 afiliazio. Beraz, iraileko azken datua kontuan hartzen badugu, 37.835 ailiazio gehiago egon dira, % 15,5eko igoerarekin. 2008aren bukaerara jo behar da Gizarte Segurantzako afiliazioetan neurtutako maila bereko enplegu tasa aurkitu ahal izateko.

Kontratazioari dagokionez, datuak positiboak izan dira. Irailean, lan-zentroa Foru Komunitatean duten 37.314 kontratu erregistratu dira Nafar Lansarean. Honek esan nahi du aurreko hilabetean baino 6.271 kontratu gehiago egin direla (% 20,2 gehiago). Hala ere, 2017ko hilabete beraren aldean, kontratazioan % 2,8ko jaitsiera gertatu da (1.092 kontratu gutxiago). Naolanahiere, urtarriletik irailera bitarteko konpuru metatuetan, kontratazioa % 3,5 gehitu da iazko epealdi beraren aldean.

Positiboki nabarmendu beharreko beste elementu bat da mugagabeko kontratazioan izandako igoera, aldi bateko kontratuena baino dexente handiagoa, hileko nahiz urteko kopuruetan. Horrela, hilabetetik hilabetera, mugagabeko kontratuetan % 37,1eko igoera gertatu da, eta % 19koa aldi bateko kontratuen kasuan.

Iazko irailaren aldean, datuek mugagabeko kontratazioaren igoera handiagoa islatu dute, enpleguaren sorkuntza nagusi den egungo testuinguruan. Honela, mugagabeko kontratuetan, % 26,8ko urteko hazkundea gertatu da, eta % 4,6ko jaitsiera aldi bateko kontratuetan.

Aldakuntza horien ondorioz, mugagabeko kontratazioaren pisua % 7,3koa da irailean egindako guztizko kontratazioaren barnean.

Bestalde, urtarriletik irailera bitartean metatutako datuak kontuan harturik, aurreratu den bezalaxe, kontratazioan % 3,5eko igoera gertatu da 2017ko epealdi beraren aldean. Gogoratu behar da 2017an ere kontratazio kopuru historikoa lortu zela. Hortaz, kontratazioak urte hasieratik eta tipologiaren izan duen bilakaera kontuan hartuz gero, datuek argi utzi dute berriz ere mugagabeko kontratazioaren hazkundea handiagoa izan dela. Hartara, urteko lehen bederatzi hilabeteetan, mugagabeko kontratuen kopurua % 21,6 gehitu da iazko epealdi berberaren aldean, eta aldi bateko kontratazioa dexente txikiagoa izan da kopuru erlatiboetan, % 2,4koa.

Gainera, aldi bateko kontratuei buruzko datu metatuek argi utzi dute aldi bateko kontratazioaren iraupena hobetu dela. Horrela, urtetik urterako aldakuntzari erreparatuta, sei hilabetetik gorako iraupena duten aldi bateko kontratuen kopurua % 9,3 igo da urte hasieratik hona, eta astebetetik beherako iraupena dutenen kopurua % 0,4 murriztu da. Datua positiboa izan arren, kontuan izan behar da astebetetik beherako aldi bateko kontratuen pisua % 37,9koa dela urtea hasi ondorengo kontratazio osoaren barnean. 2017ko epealdi beren, urtarriletik irailera, kontratuen % 39,4 izan ziren.

Langabeziari buruzko datuen banakapena

Enplegu-agentzietan, aldakuntza ez da berdina izan, ez hilekoak, ezta urtekoak ere.

Agentzia hauetan, langabezia jatsi da hilabetetik hilabetera: Lodosa (-% 5,0), Doneztebe (-% 3,0), Altsasu (-% 2,6) eta Tafalla (-% 1,0).

Aldiz, langabeziak gora egin du agentzia hauetan: Yamaguchi-Iruñea (% 0,4), Lizarra (% 1,0), Errotxapea-Iruñea (% 1,6), Zabalgunea-Iruñea (% 1,7), Tutera (% 4,5) eta Agoitz (% 6,2).

Urteko aldakuntzari dagokionez, oro har, langabezia agentzia guztietan murriztu da, baina jaitsiera ez da maila berekoa izan.

Hauek izan dira urteko jaitsierak: Agoitz (% 9,2), Yamaguchi-Iruñea (% 10,3), Doneztebe (% 9,8), Altsasu (% 6,7), Arrotxapea-Iruñea (% 6,3), Zabalgunea-Iruñea (% 5,8), Tafalla (% 5,4), Lodosa (% 5,4), Tutera (% 3,5) eta Lizarra (% 2,7).

Langabeziaren ezaugarriei dagokienez, sexuaren arabera, 19.778 emakume langabe daude, hots, 116 langabe gehiago egon dira hilabete batean (% 0,59ko igoera) eta 13.337 gizon langabe, % 2,6 gehiago (aurreko hilabetean baino 335 langabe gehiago). Hortaz, hilabetetik hilabetera langabezia handiagoa izan da gizonen artean.

Hala ere, urteko aldakuntza genero-ikuspegitik aztertuz gero, krisiaren urterik larrienen ondoren, non banaketa antzekoa izan baitzen —“beheranzko berdintasuna” gertatu zen—, orain, berriro ere, modu desorekatuagoan dago banatuta langabezia: gizonezko langabeen kopurua % 8,4 jaitsi da urtetik urtera; emakumeen kasuan, berriz, jaitsiera txikiagoa izan da, % 4,6koa. Hala, gaur egun, langabeen % 59,7 emakumeak dira; 2009. urtearen bukaeran % 49 ziren, orain baino hamar puntu gutxiago.

Adin-tarteka, 25 eta 34 bitartekoa da hileko jaitsiera arina gertatu den tarte bakarra. Jaitsiera hori % 2,4koa da (152 langabe gutxiago).

Gainerako adin-tarteetan, igoera desberdinak gertatu dira. 25 urtetik beherako langabeen kopurua abuztukoa baino % 7,9 handiagoa da (243 gehiago); 35-44 urte bitarteko langabeen kopurua % 2,4 igo dira (191 gehiago). Bestetik, 45 eta 54 urte bitarteko pertsonen artean, langabezia % 2 gehitu da (151 gehiago). Azkenik, 55 urtetik gorakoen artean, 18 langabe gehiago baizik ez daude (% 1,4).

Hala, 25 urtetik beherako gazteen artean, 3.321 langabe daude (langabe guztien % 10); 25 eta 34 urte bitartekoak langabe guztien % 18,9 dira (6.268); 35 eta 44 urte bitartekoak langabe guztien % 24,1 dira (7.992); eta 45 eta 54 urte bitartekoak, langabe guztien % 23,5 (7.768 pertsona). Azkenik, 55 urte edo gehiagokoak langabe guztien % 23,5 dira, hau da, 7.766 lagun.

Urteko aldakuntzari dagokionez, erregistratutako langabezia, oro har, adin-talde guztietan jaitsi da, baina jaitsierarik homogeneoenak 35 urtetik gorako adin-tarteetan gertatzen dira kopuru erlatiboetan. Honela, 25 urtetik beherako gazte langabeen kopurua % 9,8 murriztu da (361 gutxiago); 25 eta 34 urte artekoen artean % 3,6 (236 langabe gutxiago); eta 35 eta 44 urte arteko langabeen urteko jaitsiera % 6,3koa izan da (540 langabe gutxiago). Bestetik, 45 eta 54 urte arteko langabeen kopuruak % 6,4 egin du behera urte batean (535 gutxiago), eta 55 urtetik gorakoen artean % 6,1 jaitsi da (508 gutxiago).

Ikasketa-mailari dagokionez, hamar langabetik ia zazpik ez dute Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik, hau da, langabe guztien % 69,5ek (23.003). Unibertsitate-ikasketak dituztenen langabezia-tasa, berriz, % 10,7koa da (3.540 lagun). Azterturiko datuen arabera, goi-mailako ikasketak dituzten pertsonen artean langabeziaren jaitsiera handiagoa gertatzen ari dela irudi du. Unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleei dagokienez, adierazgarria da hamarretik zazpi emakumeak direla (% 70,8).

Bestalde, nazionalitatearen arabera, irailean lanik gabe zeudenen % 18,8 atzerritarrak dira; hots, 6.222 pertsona. Hileko eta urteko aldakuntzei dagokienez, atzerritarren langabezia abuztukoa baino % 3,7 handiagoa izan da eta espainiarren langabeziak hiletik hilerako igoera txikiagoa izan du, % 0,9koa. Hala ere, urtetik urtera, atzerritarren langabeziaren beherakada txikiagoa izan da, % 1,3koa, espainiarren artean izandako % 7,2ko jaitsieraren aldean.

Hala ere, argi esan beharra dago krisiak eragindako arazorik larrienetako bat, aldean dakartzan ondorio guztiengatik, iraupen luzeko langabezia dela. Iraileko datuen arabera, erregistratuta zeuden langabe guztien artean, % 37,4 iraupen luzeko langabeak dira, hots, ia hamarretik lau. Guztira, 12.386 pertsona dira, eta hauen artean, % 64,3 45 urtetik gorakoak dira (7.962) eta % 39,1 55 urtetik gorakoak (4.843 personas). Halaber, langabezian urtebete baino gehiago egina duten pertsonen % 65,7 emakumeak dira. Hortaz, bi aldagai horiek (sexua eta adina) konbinatuz gero, iraupen luzeko langabeen laurdena (% 25) 54 urtetik gorako emakumeak dira.

Bestalde, aldean dakarren guztiagatik, ehuneko hori altua eta kontuan hartzeko modukoa bada ere, egia da iraupen luzeko langabeziaren pisua txikiagoa dela, izan ere, 2015eko udaberrian % 43koa izan zen, egungoa baino 5,6 puntu handiagoa. Aipatzekoa da, gainera, alderdi positibo gisa, iraupen luzeko langabezian izandako hilabeteko nahiz urteko jaitsiera handiagoa: % 0,2ko hileko jaitsiera arestian aipatutako % 1,4ko igoera orokorraren aldean. Bestetik, urtetik urtera, jaitsiera % 9,7koa izan da, langabezia osoan izandako % 6,2ko jaitsieraren aldean.

Azkenik, sektore ekonomikoen arabera, langabezia pixka bat igo da hiletik hilera lehen sektorean, industrian eta zerbitzu sektorean, eta ia-ia bere horretan mantendu da eraikuntza sektorean. Hortaz, aurreko hilabetearen aldean, lehen sektoreak langabezia % 6 gehitu da (103 langabe gehiago). Bestetik, industrian, igoera % 2,1ekoa izan da (93 langabe gehiago), eta zerbitzuen sektorean % 0,9koa (191 langabe gehiago sektore honetan). Bestalde, eraikuntzan hiletik hilerako jaitsiera arras txikia gertatu da, % 0,06koa.

Urtetik urterako datuei erreparatuta, langabezia sektore guztietan murriztu da, baina berariaz nabarmendu behar eraikuntza sektorean izandako jaitsiera, % 20,6koa (435 langabe gutxiago urte batean). Gainerako sektoreetan, honako jaitsiera hauek gertatu dira: lehen sektorean -% 1,4 (25 langabe gutxiago); industria sektorean, -% 1,5 (72 langabe gutxiago) eta zerbitzu sektorean, urteko jaitsiera % 6,2koa izan da; alegia, 1.461 pertsona langabe gutxiago urte batean.

Horrez gain, zerbitzuen sektoreko langabeziak erregistratutako langabeziaren % 66 inguru hartu du; aldiz, industriako langabezia % 13,9koa da, eraikuntzakoa % 5,1ekoa eta lehen sektorekoa % 5,5ekoa. Bestalde, aldez aurretik enplegurik ez zuten pertsonen kasuan ere, langabeziak behera egin du urtetik urtera; kasu honetan, % 5,7 egin du behera (187 pertsona gutxiago). Kolektibo honi dagokio langabezia osoaren % 9,3.

Langabeziaren bilakaera azpisektore ekonomikoei erreparatuta aztertuz gero, aipatzekoa da oraingoan hezkuntza-adarrean gertatu ohi den langabeziaren jaitsiera (561 langabe gutxiago hilabetean), ikasturtearen hasierari loturikoa, ez dela aski izan balantzea positiboa izan dadin.

Honela, hileko langabeziaren hazkunderik handiena osasun arloko jarduerei dagokie, hiletik hilera 253 langabe gehiago dituztelarik. Hauexek dira langabeziaren guztizko hazkundean lagundu duten beste adar batzuk, osasun arloarekin zerikusirik ez dutenak: eraikinetarako zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak (105 langabetu gehiago hilabete batean), nekazaritza, abeltzaintza eta hauei loturiko zerbitzuak (102 gehiago), motordun ibilgailuen fabrikazioa (96 gehiago), material eta ekipo elektrikoaren fabrikazioa (86 gehiago) eta txikizkako merkataritza (70 gehiago).

Langabeziaren urteko aldakuntzari dagokionez, jarduera-adar askotan langabeziak behera egin du urtean zehar: Administrazio Publikoa eta Gizarte Segurantza (262 langabe gutxiago urte batean), eraikuntza espezializatuko jarduerak (220 gutxiago), elikagaien eta edarien zerbitzuak (211 gutxiago), eraikinen eraikuntza (177 gutxiago), txikizkako merkataritza (166 gutxiago), handizkako merkataritza eta merkataritzako bitartekariak (127 gutxiago) eta hezkuntzako adarrak (101 gutxiago).

Bestalde, langabeziak gora egin duen jarduerei dagokienez, ondorengoak nabarmendu behar dira: Enpleguarekin loturiko jarduerak (143 langabe gehiago urte batean), Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa (141 gehiago) eta material eta ekipo elektrikoaren fabrikazioa (94 gehiago).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa