(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Txantreako birgaikuntza energetikoa FEDER funtsekin egindako jarduketen Praktika Onen eskuliburuan sartu du IDAEk osteguna, 2018.eko urriak 4


Trantsizio Ekologikoaren Ministerioko Instituaren arduradunek Iruñeko auzoa bisitatu eta jarraitu beharreko eredutzat aipatu dituzte Nasuvinsak Orvinan gauzaturiko bi jarduketa  


Idae Txantrea bisita

Javier Etayo, Joxe Abaurrea, José Mª Aierdi eta IDAEren ordezkari Rosa Mingo, auzokide talde batekin bisitan zehar. ( irudia handitu )

Nasuvinsa sozietate publikoa Iruñeko Udalaren lankidetzaz Txantreako auzoan garatzen ari den eraikinen zaharberritze eta hiri-birsorkuntzarako anbizio handiko esku-hartze berritzaileak, hogei bat eraikinetako eta 642 etxebizitzetako inguratzaile termikoak eta berokuntza sareak hobetuz, eredutzat eta erreferentziatzat erabiliko dira hemendik aurrera Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak Estatuko beste hiri batzuetan abirarazi nahi dituen antzeko proiektuetarako.

Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren menpeko Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) kofinantzaturiko programei buruz landutako ‘Europa egiteko modu bat’ deritzon praktika onen eskuliburuan sartu du Nasuvinsak Txantrean sustatu eta bigarren fasean 900 etxebizitza baino gehiago barne hartuko dituen Efidistrict proiektuko birgaikuntza energetikorako jarduketa

IDAEren ordezkaritza tekniko batek Txantrean Efidistricten lehendabiziko fasearen barnean gauzaturiko jarduketak bisitatu ditu gaur, Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdi, Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako zuzendari Javier Etayo, Iruñeko Udaleko Hirigintzako zinegotzi Joxe Abaurrea eta esku-hartzea kudeatu duten arkitektoekin batera. Estatu, foru eta udal administrazioen ordezkariek hiru ordu inguruko ibilaldia egin dute Iruñeko auzoan zehar, eta bukatzeko, Orvinako bigarren eta hirugarren etxe-multzoetan gauzaturiko jarduketak bisitatu dituzte, baita Berriozar eta San Cristobal kaleetako beste eraikin mota batzuetan egindakoak eta Nasuvinsak Uharte kaleko 32an irekia duen herritarren arretarako auzoko bulegoa ere.

Beste herri eta hiri batzuetara hedatzeko bokazioaz, Txantreako proiektua da Nafarroako Gobernuak azken hiru urteotan zaharberritze-lanei emandako bultzadaren erakusgarri nagusia, baita auzoetako hiri-birsorkuntzarako eta hirigune kontsolidatuko hirigintza konpaktu eta iraunkorrerako politika berrien mesedeko tresna ere. Horrela, Nafarroako Gobernuak tramitaturiko zaharberritze babestuko espedienteen kopurua ia-ia bikoiztu da 2015az geroztik, orduan 2.328 etxebizitza baitziren eta orain 4.132. Bestetik, eraikinen inguratzaile termikoa hobetzeko –birgaikuntza energetikorako- proiektuak 6,5ez biderkatu dira bi urtetan: 650.000 euro orduan eta 4,2 milioi baino gehiago egun.

Orvinako etxe-multzoetan barna egin beharreko ibilaldia hasi aitzin, IDAEren ordezkariek lan topaketa teknikoa egin dute Nasuvinsaren egoitzan, iazko ekainean abiatu eta bukatzeko zorian dauden jarduketak egiaztatzeko xedez. Halaber, IDAEren ordezkariek bertatik bertara ezagutu dituzte Nafarroako Gobernuaren hirigintza sozietateak proiektua Txantreako beste 900 etxebizitzatara hedatzeko dituen planak.

Urrotz eta Valtierra kaleetako adibideak

Horren harira, Estatuko energia Institutuak Txantreako bi proiektu espezifiko sartu ditu ‘Europa egiteko modu bat’ izenburupean landu duen praktika onen gidan: Orvinako Urrotz kaleko 25ean eta Valtierra kaleko 21ean kokatutako eraikinetan gauzaturikoak. Zazpi eta zortzi solairu dituzten eraikinak dira, 1971n eraikitakoak, eta IDAEk bertan gauzaturiko inguratzaile termiko osoa hobetzeko sistemak aipatu ditu esku-hartzeen eredu gisa.

Zaharberritzearen ondoren, bi eraikinetako etxebizitzek lau eta bi letrako hobekuntza lortu zuten, hurrenez hurren, kalifikazio energetikoaren sailkapenean. Era berean, Orvinan zaharberritutako eraikinetan ziurtatu den energia aurrezkia 3.186 MWh/urtekoa eta 254.880 euro/urtekoa izan da.

IDAEren gidak “FEDER funtsen inpaktua bistaratu nahi du kofinantzaturiko jarduketen praktika onen hautaketaren bitartez”, eta Txantreako jarduketei buruzko azterlanean, auzoko birgaikuntza energetikorako proiektuan baliatutako metodologiaren, teknologiaren nahiz prozesu eta zerbitzuen osagai berritzaileak nabarmendu ditu. Hartara, Institutuaren txostenak berariaz azpimarratu ditu “enpresa publikoaren inplikazioa inbertsio pribatuko jarduketak sustatzeko, eta bizilagunei soluzio eta laguntzei buruzko aholkularitza emateko auzoan irekitako bulegoa”, eraikinen birgaikuntza energetikorako zein berikuntza-sareak berritzeko proiektuak abian jartzen lagundu duten elementuen artean.

Txantreako birgaikuntza energetikorako proiektuaren lehen fasean, 13,2 milioi euroko guztizko inbertsioa mobilizatu da, eta kopuru horren bi heren, gutxi gorabehera, laguntza publikoetatik bildu dira; horren harira, Nafarroako Gobernuak 4 milioi euro inguruko ekarpena egin du. Beste laguntza batzuk IDAEk FEDER europar funtsen laguntzaz garatutako PAREER programari atxikita daude.

Parte-hartze bidezko kudeaketa sistema

Txantrearako bisitaldian, Efidistrict proiektua koordinatu duen Ana Bretaña de la Torre Nasuvinsako arkitektoak nabarmendu du, “inbertsioetatik harantzago, garrantzitsuena eta berritzaileena auzokide-komunitateekin, teknikariekin eta garrantzi handiko erraztaile lana egin duen administrazio publikoarekin batera garatu dugun parte-hartze bidezko kudeaketa sistema izan da”.

Halaber, Bretaña de la Torrek Txantreako hainbat esparrutako birgaikuntza integralaren bigarren fasean aurreikusita dauden jarduketak azaldu dizkie IDAEko teknikariei, izan ere, 59 ataritako eta 972 etxebizitzatako auzokide-komunitateekin akordioak gauzatzeko asmoa dago, 2020an hainbat proiektu gauzatuko dituen anbizio handiko programa honen bitartez. Horretarako, 22 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi da, azken urte eta erdi honetan mobilizatutako kopuruak ia bikoiztuz.

Bigarren fasearen garapena bukatzen denean –Txantreako hainbat esparruk osatzen dute jarduketa-eremua-, auzoan dauden 5.000tik gora etxebizitzen herenak zaharberrituta egongo dira. Orvinako doreen kasuan –hemen Nasuvinsaren jarduketak areagotu dira-, etxebizitzen hiru laurdenak zaharberrituta daude.

Bestalde, Txantreako auzoan aurreikusita dagoen eraikinen zaharberritze eta berokuntza-sareen berritze programa zabalaren giltzarrizko osagai gisa, Nasuvinsa Bero Zentral baten instalazioa bultzatzen ari da. Horren eraikuntza, instalazio eta kudeaketa lizitazio publikora aterako da datozen asteotan. Azpiegitura honek baso-biomasa erabiliko du nagusiki energia-iturri berriztagarri eta iraunkor gisa, eta Txantreako 4.000 etxebizitza baino gehiago hornitzeko prestatuta dago, mugakide diren Burlata eta Antsoain herrietako etxebizitzak barne.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa