(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuaren iraunkortasun-politikak aurkeztu dituzte EB Bruselan egiten ari den Hirien eta Eskualdeen Astean asteartea, 2018.eko urriak 9


Europako Hirigintzako foroak Nafarroako Exekutiboa gonbidatu du politika publikoen erreferente gisa hiri birsorkuntzan, eraikuntza iraunkorrean eta aldaketa klimatikorako egokitzapenean  


Nasuvinsako arkitektoa, Carlos Chocarro, Europako foroan.

Nasuvinsako arkitektoa, Carlos Chocarro, Europako foroan. ( irudia handitu )

Hirigintza iraunkorraren eta trantsizio energetikoaren arloan, eremu ezberdinetan, Nafarroako Gobernua garatzen ari diren politika publikoak izan dira hizpide astearte honetan, EBko Eskualdeen eta Hirien Europako Astean (European Week of Regions and Cities, EWRC) ematen diren komunikazio teknikoetako batean. Astearen edizioa Bruselan egingo da astelehenetik ostegunera, eta hasiera Europako Batzordeko Jean-Claude Juncker lehendakariak eman dio.

Zehazki, Foru Komunitateko iraunkortasun-politika publikoak foroaren aurrean erakutsi dituzte Nasuvinsaren —Nafarroako Gobernuaren etxebizitza eta hirigintzako sozietate publikoa— esku-hartzeen bitartez. Nasuvinsa esku hartzen ari da Kontsumo ia Batere Gabeko Eraikinak ezartzea bezalako programetan (nearly Zero Energy Buildings, nZEB), alokairuko etxebizitza publikoen planean, Iruñeko Txantrea auzoaren birgaitze energetikoan eta hiri-birsorkuntzan edo aldaketa klimatikora egokitzeko ibilbide-orria abian jartzen, Nafarroako Gobernua buru duen LIFE NAdapta europar proiektuaren barnean, besteak beste.

EWRC hirigintza, lurralde-garapen iraunkor eta kohesio-politiken inguruko hitzordua da, Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordeak eta Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri mailako Politikako Zuzendaritza Nagusiak (DG REGIO) urtero Bruselan egiten dutena. Bertan, ehunka adituk, eskualdeko eta tokiko administrazioetako funtzionariok, profesionalek, mundu akademikoko ordezkariek edo bestelako agenteek parte hartzen dute, eskualde eta hiri mailako garapeneko jardunbide egokiak eta ezagutza espezializatuak bateratzeko.

Nafarroaren ekarpena Europako Hiri Agendarako

Carlos Chocarro arkitektoak, Nasuvinsako iraunkortasun-teknikariak, Nafarroako Foru Komunitateak azken urte honetan EBko Hiri Agendako Energy Transition taldera egindako ekarpena jasotzen duen txosten bat azaldu du. Nafarroak bertan parte hartu du eraikuntza iraunkorrean, hiri-birsorkuntzan, energia berriztagarriak bultzatzeko arloan eta aldaketa klimatikora egokitzeko lanetan. Jarduera horietako batzuk Nafarroako Horizonte 2030 Energia Planean jasotzen dira, eta horren helburu nagusien artean honako hauek aurkitzen dira: aldaketa klimatikoaren aurka lan egitea CO2 isurpenak murriztuaz; energiaren kontsumo osoaren %50a berriztagarria izatea lortzea, hornidura-segurtasuna bermatzea eta pobrezia energetikoa murriztea, eta energia berriztagarrien berrikuntzan liderra izatea.

“Tamaina aldetik komunitate txikia izanda ere, Nafarroa azken urteetan apustu batzuk egiten ari da; hala nola, energia berriztagarriak eolikoetan edo biomasan garatzea, beste modu batera eraikitzea etxebizitzan berogailuaren kontsumoa ia batere gabeko mailetara murrizteko, auzoetako hiri-ingurunea berreskuratzeko birgaitze-politikak jorratzea edo baliabide naturalen erabilera jakin batzuk orientatzea aldaketa klimatikora egokitzeko eta GEI isurpenak murriztea. Horrela, apustu horiek Europan erreferente izatea lortu dugu”, azpimarratu du Carlos Chocarrok.

Era berean, Nasuvinsako teknikariak bere hitzaldian azpimarratu du energia berriztagarriaren ekoizpena Nafarroan jada kontsumo energetiko osoaren %22,16ra iristen dela —ondorioz, Foru Komunitatea Europak 2020rako dituen helburuetatik bi puntutik zertxobait gora aurkitzen da—, eta kontsumitutako elektrizitatearen %75,21a hartzen du, gaur bertan ezagutzera eman den Nafarroako 2017ko Balantze Energetikoaren arabera. Halaber, hirien hiri-garapenean eta landa-inguruneko jarduera ekonomikoetan aldaketa klimatikora egokitzeko LIFE NAdapta proiektuaren azalpen xehatua egin du. Datozen zortzi urtetan, guztira 15,6 milioi euro mugituko ditu horrek, eta horietatik 9,3 milioi EBk emango ditu.

Nasuvinsaren txostena Nafarroak trantsizio energetikoari buruzko lan-taldean (Energy Transition Partnership) egindako ekarpenetan sartzen da. Europako Hiri Agendaren programaren barnean, saio ezberdinetan lan egiten du duela urte eta erdi hasita, Europako Batzordera jarduera-planaren proposamena eramateko. Gainera, hasierako antolakuntzan Nafarroako Gobernuak Bruselan duen delegatuak, Mikel Irujok, hartu zuen parte. Nafarroaz gain, talde horretan Europako beste bederatzi hirik eta eskualdek parte hartzen dute, Londres buru dutela.

EWRCn parte hartzen duten erakundeak

EWRCren lau egunetan zehar (atzo ireki zuten eta etzi amaiera emango diote), guztira 116 lan-tailer egingo dira, eta horietan komunikazioak eta jardunbide egokien kasuak aurkeztuko dituzte honako hauek: eskualdeko gobernu ezberdinak edo Udalak; Europako Batzordearen beraren zuzendaritza nagusiak; berrikuntzako, hirigintzako eta iraunkortasuneko agentzia publikoak edo pribatuak; edo nazioarteko elkarteak, beste batzuen artean.

Nafarroako Foru Komunitateaz eta EBren aurreko Espainiako Ordezkaritzaz gain, EWRCren aurtengo edizioan parte hartzeko gonbidatutako Espainiako Estatuko beste erakunde publikoen artean, baita ere, honako hauek aurkitzen dira: Andaluziako komunitatea, Gijon hiria, Euskal Autonomia Erkidegoko Energiaren Euskal Erakundea (EEE) edo lusitaniar-galiziar udalerrien mugaz haraindiko erakundea.

EWRCeren antolakuntzak ekitaldia egiteko beharra justifikatzen du; izan ere, “eskualdeek eta hiriek politika komunitario gehienak egiten parte hartzen dute, eta EBko erakunde azpinazional publikoek gastuaren herena (2,1 bilioi euro urteko) eta inbertsioaren bi heren (200.000 milioi euro inguru) kontrolatzen dituzte, Europako lege-xedapenen arabera erabili beharrekoak”.

Era berean, Eskualdeen eta Hirien Europako Astean, nabarmendu dute ekitaldia gero eta oihartzun handiagoa izaten joan dela 2003an hasi zenetik, “parte-hartzaileek bereziki baloratzen baitute Europako erakundeek emandako informazioa eta beste herrialdeetakoekin harremanak egiteko aukera, EBko funtsak era profesionalean kudeatzeko garrantzitsuak izateagatik”.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa