(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

“Sadar Conecta” proiektuko gazteek heldu den larunbatean ibaiaren garbiketan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute astelehena, 2018.eko urriak 15


Jardunaldia Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak hainbat entitateren lankidetzaz gauzaturiko Parte-hartze bidezko Aurrekontuei atxikita dago


“Sadar Conecta” Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren (NKGI) 2018ko Parte-hartze bidezko Aurrekontuetan bozketa bidez hautaturiko hiru proiektuetako bat da, eta hori bultzatu duten gazteek herritar guztiei zabaldu diete heldu den larunbatean, urriak 20, 10:00etatik aurrera, Sadar ibaia garbitzeko egingo den auzolanean parte hartzeko gonbidapena. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete asteazkenera arte, urriak 17.

Lankidetza bidezko ekintza hau “Sadar Conecta” proiektuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gauzatu eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzaturiko “Iruñeko campuseko natura-ingurunearen oreka, zainketa eta kontserbazioa” proiektuaren arteko bat-egitearen emaitza da, eta honexeri gehitu zaizkio Nafarroako Ingurumen Boluntarioen Informazio eta Koordinazio Puntua, Nafarroako Unibertsitatea, Iruñeko Udala, Arangurengo Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea (MCP).

Herritar guztiei irekita

Biologiako lizentziadunen eta Ingurumen Zientzietako azken mailako ikasleen artean osaturiko taldearen proposamen honen barnean, Sadar ibaiko esku-hartzea herritar guztientzat irekita dago, ekologiaren balioak eta gizarteak sorrarazitako hondakinei buruzko sentsibilizazioa sustatzeko asmoz. Helburu honi begira, Alicia Otaegui artista iruindarrak instalazio artistiko bat prestatuko du geroztik, ibaitik bildutako hondakin guztiekin.

Ibaia garbitzeko auzolana 10:00etan hasiko da, Sadar ibaiaren bi eremutan: Iruñeko Orfeoia Parkean, Zaragozako etorbidearen ondoan, eta Sadar eta Elortz ibaiek bat egiten duten eremuan, Arostegi etorbidean. Batean zein bestean, boluntarioak aldez aurretik bilduko dira hondakin-bilketari buruzko zenbait jarraibide jasotzeko eta lanak lau eremu hauetan bideratuko dira: Mutiloa (NUPeko Nekazaritza-bioteknologiako Institututik Unibertsitate Pabilioiarekiko biribilguneraino); Nafarroako Unibertsitate Publikoa (pabilioitik Katalunia etorbideko biribilguneraino); Iruñea (Katalunia etorbidetik Iruñeko Udalaren Animaliak Artatzeko Zentroraino); eta Nafarroako Unibertsitatea (Elortz ibaiaren bokaleraino).

Jardunaldia 12:45era arte luzatuko da, eta ordu horretan, París 365ek landutako bazkariaz gozatzeko aukera izanen dute Iruñeko Orfeoiaren Parkean garbiketa-lanetan parte hartzen duten guztiek, ingurmenarekiko errespetuaren inguruko komunitatea sortu eta gazteriak bultzaturiko ekimenen balioa aldarrikatzeko asmoz.

Garbiketan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute participacionjuvenil@navarra.es posta elektronikoan edo 650 801 364 telefonoan whatsapp mezuaren bitartez, izena eta bi deitura, NAN zenbakia, adina, telefonoa eta garbiketa egin nahi duten ibaiaren tartea zehaztuz. Era berean, NUPean, formularioa prestatu dute izen-emateak kudeatzeko helbide honetan. Jardunaldian parte hartzeko, uretarako arropa eta oinetakoak eta gomazko eskularruak eramatea gomendatzen da.

Sadar ibaiaren lau tarteetan garbiketa-lanak egiten diren bitartean, Aranguren Ibarrean, hondakinak biltzeko borondatezko jardunaldia egingo da goizeko 10:15etik aurrera, Aranetxea Gazte Lekutik abiatuta. Ibaialdeko Pasealekutik Sadarreko Zeharkaleraino luzatzen den tarte honetarako izen-emateak Arangurengo Udaleko Ingurumen Zerbitzuaren bitartez kudeatuko dira, 012 telefonoan.

“Sadar Conecta” proiektua

Sadar ibaiaren garbiketa Gazteriako 2018ko Parte-hartze bidezko Aurrekontuen deialdian boto bidez hautaturiko Sadar Conecta proiektuaren barnean aurreikusitako ekintzetako bat da. Proiektua bultzatu duen taldearen iritziz, Sadar ibaiaren inguruko ekimen honek aukera paregabea eskaintzen du hiri-ingurumena beste era batera bizi daitekeela ikasi eta irakasteko, eta hiriaren garapenerako beste eredu baten alde apustu egin daiteela frogatzeko, gizartea naturak duen garrantziaz ohartaraziz. Horren kariaz, Sadar ibaiaren balioa aldarrikatu nahi dute, izan ere, Aranguren eta Taxoar mendilerroak zeharkatu ondoren, 3,7 kilometroko ibilbidea osatzen du Nafarroako hiriburuan barna, unibertsitateen campusak zeharkatuz, Elortz ibaiarekin bat egin arte.

Boluntarioentzako ekintzez gain, proiektuak bestelako ekintzak ere garatu ditu; hala nola, Sadar ibaiaren ondoko ibilbideak eta jokoak edo paseo inklusibo bat. Horrekin batera, sentsibilizazio bideo baten elaborazioa bultzatzen ari da, baita ibaiari buruzko argazkiak eta haikuak bilduko dituen argitalpen baten edizioa ere. Honetarako, azaroaren 10era arte, argazkiak bidal daitezke NKGIren  webgunean eseki den Sadar ibaiaren mapa geolokalizatura, eta irudirik onenak argitalpenerako hautatuko dira. Egun berean, proiektua ixteko jardunaldian, Sadar ibaiari buruzko dokumentala aurkeztuko da.

Parte-hartze bidezko Aurrekontuak

Parte-hartze bidezko Aurrekontuak deritzon tresnari esker, herritarrak proiektu edo politika publiko baten garapen maila guztietan inplikatzen ahal dira, definiziotik ebaluazioraino, aurrekontuan zehaztutako kopuruaren kudeaketa partekatuaren bitartez. Gazteen parte-hartzea sustatzeko asmoz, Foru Gobernuak kontu-sail bat sartu zuen 2018ko Aurrekontuetan, NKGIk Nafarroako gazteekin batera partaidetzaren bitartez bidera zezan.

Parte-hartze bidezko aurrekontu hauen funtsezko printzipioek Nafarroako Gobernuaren II. Gazteria Planean bildutakoak dituzte oinarri eta prozesu plural, anitza, irisgarria eta berdinzalea izateko bokazioagatik, era argi eta gardenean zabaltzeagatik eta nafar gazteen iritziak kontuan hartzeagatik nabarmendu da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa