(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasunak urriaren 25ean irekiko du Buztintxurin ospitalez kanpoko larrialdietako bigarren zentroa Iruñeko eta Eskualdeko helduentzat asteartea, 2018.eko urriak 23


Zerbitzu berriak San Martin Doktorea zentrokoen antzeko baliabide teknikoak eta profesionalak ditu, eta Iruñean eta eskualdean larrialdietako baliabideen eta osasun-garraioaren berrantolaketarekin batera irekiko da


Ezkerretik eskuinera, Betelu, Domínguez eta Induráin aurkezpenean ( irudia handitu )

Osasun Departamentuak datorren ostegunean, urriaren 25ean, abian jarriko du ospitalez kanpoko larrialdietako zentro berria, Iruñako Buztintxuri auzoko osasun-zentroan. Modu horretan, arratsaldez, zerbitzu hori eskainiko zaio biztanleriari oro har eta bereziki hiriburuaren iparraldeko biztanleei, gaur, prentsaurrekoan, Osasun kontseilari Fernando Dominguezek azaldu duenez. Harekin batera egon dira Lehen Arretako zuzendari kudeatzailea, Santos Induráin, eta Ospitalez Kanpoko Larrialdietako Zerbitzuaren burua, Kiko Betelu.

Buztintxuri eskualdeko larrialdietako bigarren zentro bilakatu da, ekipamendu mediko eta osasun-profesionalen talde oso batekin; era horretan, Nafarroako hiriburuan ere kokatzen den San Martin Doktorea zentroarekin parekatzen da, laguntza-gaitasunaren aldetik. Zerbitzua arratsaldez emango du, helduen larrialdietarako, eta San Martin Doktoreak erreferentziazko zentroa izaten jarraituko du helduen eta pediatriako larrialdietarako, arratsaldez nahiz gauez.

Instalazioak egokitzeko eta ekipo medikoak erosteko 293.708 euroko inbertsioa egin behar izan da. Erradiologia-gela eta triaje-gela ditu larrialdiak baloratu eta lehenesteko, kontsulta medikoak eta erizaintzakoak eta erreanimazio- eta obserbazio-gela ere bai. Erradiologiako taldeak goizez ere artatuko ditu osasun-zentroetatik bidalitakoak, eta, era horretan, herritarrek eskuragarriago izango dute zerbitzua, eraginkorragoa izateaz gain.

Halaber, bizi-euskarri aurreratuko anbulantziaren edo ZIU mugikorraren basea izango da, eta eguneko 24 ordutan emango du zerbitzua 112-SOS Nafarroa larrialdietako zentroarekin koordinatuta. Kokapenari esker, Iruñeko auzoetan eta eskualdeko herrietan, Argaren iparraldekoetan erregistratutako denbora-mendeko larrialdien erantzun-denborak murriztu ahal izango dira.

Zerbitzuaren ordutegia 15:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da asteko egunetan eta 8:00etatik 20:00etara bitartekoa larunbatetan, igandetan eta jai-egunetan. 22:00ak arte luzatzea aurreikusten da datorren urtearen hasiera aldera.

San Martin Doktorea zentroak egungo ordutegia mantenduko du; hau da, 15:00etatik hurrengo eguneko 8:00ak bitarte, astelehenetik ostiralera, eta 24 ordutan larunbatetan, igandetan eta jai-egunetan.


Buztintxuri Larrialdietako Zentro berria

Buztintxuriko larrialdietako zentro berriaren irekitzea iragartzen duen kartelak. ( irudia handitu )

Larrialdiko eta emergentziako baliabideen berrantolaketa

Zentro berria irekitzearekin batera, Iruñeko eta eskualdeko laguntza-baliabideak berrantolatzeko prozesua garatu da, larrialdien eta ospitalez kanpoko emergentzien arreta integrala hobetzeko asmoarekin, zerbitzuaren kalitateari nahiz erantzuteko gaitasunari dagokienean.

Hobekuntza horren esparruan, Buztintxurik eta San Martín Doktoreak hartuko dituzte orain arte arratsaldez Ermitagañako eta Rotxapeako zerbitzu periferikoek, Iruñean, eta Burlatakoek ematen zituzten larrialdiak; tipologia arineko kasuak bakarrik artatzeko gaitasuna zuten horiek. 

Hiru zentro periferikoetan erizaintzako langileak egongo dira denboraldi baterako arratsaldez, oinarrizko larrialdiak artatu eta baliabideen berrantolaketari eta Buztintxuriko zentroaren irekierari buruzko informazioa biztanleei emateko, azken hori Iruñako eta Eskualdeko larrialdietako bigarren zentro bezala, San Martin Doktorea zentroarekin batera.

Anbulantzien iparra-hegoa berrantolaketa

Larrialdietako baliabideak berrantolatzearekin batera, bizi-euskarri aurreratuko edo ZIU mugikorreko anbulantziak eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziak birkokatuko dira. ZIU mugikorrei dagokienez, berrantolaketak efektu handiagoa du Nafarroa osoko larrialdiak eta emergentziak artatzeagatik, Tuterako eta Lizarrako Osasun-eremuak izan ezik.

Hiru anbulantzia medikalizatuk edo ZIU mugikorrek beren basea Iruñeko hegoaldeko zonan (Kordobila, Trinitarios eta Aoiz kalea) zuten orain arte, eta kokapen berriarekin lehen bi baseak mantenduko dira, baina hirugarren ZIU mugikorra Buztintxuriko osasun-zentrora aldatuko da.

Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzien edo ZIU mugikorren irteerako base berriei esker, mendebaldeko, iparraldeko eta ekialdeko Nafarroako larrialdietara eta laneko eta trafikoko istripuetara iristeko denborak murriztu ahal izango dira, iparraldeko ingurabidera eta zona horietarako irteera-errepideetara sarbide askoz hobea izateagatik.

Burlatan anbulantzia eguneko 24 ordutan

Iparra-hegoa arteko banaketa berriaren bidez isokrona gutxi izatea espero da, eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzien berrantolaketan ere errepikatuko da. Eguneko zerbitzurako lau unitateak Landabenen kokatzen ziren, eta hemendik aurrera bik base horretan jarraituko dute eta beste biak bi osasun-zentrora eramango dira, Argaren iparraldean, zehazki Burlatara eta II. Zabalguneko osasun-zentrora; eguneko 24 ordutan eskainiko dute zerbitzua.

Burlatan jarritako anbulantziak behe solairuko lokal batean edukiko du basea, osasun-zentrotik metro gutxi batzuetara; lokala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esku jarri du Burlatako Udalak.

Oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzien kokapen berriari esker, larrialdietara eta emergentzietara iristeko denbora murriztuko da Iruñeko eskualdeko iparraldean, hiriburuaren erdigunea zeharkatu beharrik ez baita izango, orain gertatu ohi den moduan, baliabide guztiak hegoaldeko zonan egoteagatik.

Osasunbideak-Nafarroako Osasun Zerbitzuak informazio-kanpaina bat egingo du, larrialdietako zentro berriaren irekieraren berri emateko; era horretan, publizitate-mezuak emango dira prentsan eta irratian, eta kartelak eta 10.000 liburuxka argitaratuko dira Iruñeko eta eskualdeko osasun-zentroetan banatzeko.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa