Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Miguel Laparra lehendakariordeak Palo Alto Empresarial konpainia pribatuarekin sinaturiko hitzarmenaren arabera, enpresak Nasuvinsa sozietate publikoaren esku utziko du Erripagainan eraikia duen PTE sustapenaren zati bat, errentamendu babestuan erabiltzeko
Ezkerretik eskuinera, José Mª Aierdi, Laparra lehendakariordea eta José Miguel Collado, hitzarmena sinatzeko unean.
(
irudia handitu
)
Nafarroako Gobernuak lankidetza publiko-pribatuko formula berritzaile bat aktibatu du errentako etxebizitzaren eskaintza publikoa handitzeko eta esparru honetan dagoen eskari gero eta handiagoari erantzuteko. Prozedura honi esker, sustatzaile pribatuek errentagarritasuna atera ahalko diote egindako inbertsioari Nasuvinsak kudeatu eta ordaindutako errentamenduaren bitartez, eta aldi berean, honelako hitzarmenek etxebizitza-parkea handitzeko aukera eskaintzen diote sozietate publikoari, errentako etxebizitzarako sarbidea areagotzeko beharrari erantzunez.
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdik eta Palo Alto Empresarial talde sustatzailearen ordezkari José Miguel Colladok bi aldeen arteko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur Nafarroako Jauregian, prezio tasatuko 26 etxebizitza (PTE) alokatzeko etxebizitza parkeari gehitzeko. Nasuvinsak bere gain hartu du etxebizitza horiek Nafarroako etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldaren bitartez kudeatzeko konpromisoa. Erroldan izena emanda daudenen % 70ek etxebizitza errentan hartu nahi du.
“Botere publikoak esku hartzera behartuta daude, nola edo hala, errentako etxebizitza prezio eskuragarrietan eskaini ahal izateko, azken urteotan izugarri gora egin eta prezioak kezkatzeko moduan igoarazi dituen eskariari erantzunez”, adierazi du Miguel Laparra lehendakariordeak hitzarmenaren aurkezpenean.
Etxebizitza eskuragarria gehitzeko formulak
Horren harira, lehendakariordeak eta foru Exekutiboko Etxebizitzako arduradunak ziurtatu dute, “etxebizitzarako eskubide subjetiboaren lege arloko garapenarekin, araungintzari dagozkion balizko beste mekanismo batzuekin edota etxebizitza hutsei zerga ezartzeko eta alokairua sustatzeko neurri fiskalekin batera, beste formula interesgarri batzuk ere abiaraz daitezke; adibidez, sustatzaile pribatuekiko lankidetza. Honelako formulak ere aintzakotzat hartu behar dira, Gobernu honek gizarte-sektore guztiendako etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzeko ezarria duen lehentasunezko helburuari begira”.
Palo Alto Empresarial sustatzaileak 26 etxebizitza erosi ditu, duela bost urte eskas Burlatako Erripagaina auzoan eraiki eta orain arte hutsik egon diren 69 eta 56 PTEko bi sustapenetan. Erosi ondoren, Nasuvinsaren esku utzi ditu, gutxienez ondorengo sei urteotan errenta babestuaren bitartez kudea ditzan. Epealdi hori iraupen bereko ondoz ondoko beste hainbat epetan luzatu ahalko da.
Hitzarmenean adostutako baldintzen arabera, Nasuvinsak 5 euro ordainduko dizkio sustatzaileari, etxebizitzen azalera erabilgarriaren metro koadro bakoitzeko, beste 50 euro atxikitako garaje-plaza bakoitzeko eta beste 2 euro trastelekuen metro bakoitzeko. Hauexek dira Nasuvinsak Alokatzeko Etxebizitzen Poltsaren barnean eskaintzen dituen baldintza berberak, etxebizitza hutsen jabeek sozietate publikoari errentamendu babestuan kudeatzen utz dizaizkioten.
Etxebizitza hauei gehitu behar zaizkie, Señorío de Montecierzo enpresa tuterarrak Erriberako hiriburuan duen lursail batean eta inbertsio propioaren bitartez sustatuko dituen beste 23 BOE, errentamendu babesturako utziko dituenak. Nasuvinsak joan den udan Tuteran sinaturiko hitzarmen hau izan zen gaur sinaturikoaren izaera juridiko berbera duen lehenengoa, baina ordukoen aldean, Erripagainako etxebizitza batzuk bukatuta daude jadanik, eta errentariak berehala sartu ahalko dira horietan bizitzera.
Balizko errentagarritasuna sustatzaileentzat
“Errentako etxebizitzaren merkatuak sektorean duen pisu espezifikoaren harira eta pertsona guztiek etxebizitza izateko duten eskubideari erantzuteko dagokigun betebeharrari erantzunez”, Nasuvinsak “honelako ekimenetan interesatuta egon daitezkeen beste enpresa batzuei ere” ireki nahi die, diruz lagundutako etxebizitzen sustapen pribatua eta alokairu publikoa uztartzen dituen lankidetza mistoko formula hau, sozietatearen BOEn sustapenak osatzeko, José Mª Aierdik aurreratu duenez.
Halaber, sozietate publikoko zuzendari kudeatzaileak gaineratu du, “eskarian izandako gorakadarekin batera, foru legeak errentako etxebizitza sustatzeko aurreikusi dituen % 35erainoko dirulaguntzek ere honelako inbertsioen errentagarritasun soziala eta ekonomikoa ere bultzatzen dute”.
Etxebizitzak alokairu babesturako uzten dituzten sustatzaile pribatuekin hitzarmenak sinatzeko aukera honi orain arte abiarazi diren gainerako politika publiko guztiak gehitu behar zaizkio. Errentako etxebizitzaren eskaintza handitzearen aldeko apustuaren barnean, berariaz nabarmendu behar da Nasuvinsa egun ia energia-kontsumorik ez duten eraikinetan 524 BOE sortzeko sustatzen ari den plana, lehenengo fasea eraikuntza aldian eta ondorengo biak lehiaketa aldian dituena.
Gainera, foru Gobernuak eta Nasuvinsa sozietate publikoak errentako etxebizitzari dagozkion beste tresna batzuk aktibatu dituzte azken urteotan; hala nola, partikularrek utzitako etxebizitza hutsak mobilizatzeko pizgarriak, azken hiru urteotan alokatzeko poltsan % 30eko igoera eraginez (475 etxebizitza 2015ean eta 600dik gora egun); Nasuvinsak Lizarran, Tuteran eta Nafarroako landa inguruneko beste herri batzuetan zaharberrituko dituen erabilerarik gabeko eraikinetan sustatuko diren errentako berrogeita hamar bat etxebizitza; Iruñeko Alde Zaharreko Konpainia kalean nahiz Arrotxapeko beheko solairuko lokaletan beste hamar bat etxebizitza sustatzeko egiten ari diren zaharberritzeko esku-hartze publikoak, edota GKEekin zein gizarte-arretarako beste kolektibo batzuekin hitzartutako Etxebizitza Sozialeko Funtsari atxikitako etxebizitza kopuruaren igoera.
Ekintza horien guztien bitartez, Nasuvinsak kudeaturiko errenta babestuko etxebizitza-parkeari 841 etxebizitza gehitu zaizkio guztira, sei urte eskasetan % 56ko igoera izan duelarik: 2016an 1.495 etxebizitza erabilgarri zituen –horietatik, 965 etxebizitza Nasuvinsarenak ziren eta 475 partikularrek utzitakoak– eta 2021ean, egun abian diren sustapen publiko guztiak bukatzen direnean, 2.300 etxebizitza baino gehiago izanen ditu.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen