(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak glukosa monitorizatzeko programa berri bat ezarri du 1. motako diabetesa duten pertsonentzat gaixotasunaren kontrola erraztu eta hobetzeko ostirala, 2018.eko azaroak 9


Sistema erosoago eta erabilerrazago honen lehendabiziko fasean, 4 eta 17 urte bitarteko 150 adingabe ingururi aplikatuko zaie, eta 2019an beste kolektibo batzuetara hedatuko da, desgaitasunaren kariaz egun erabilgarri dauden mekanismoak ezin balia ditzaketen helduak, haurdunak eta errepikapeneko hipogluzemiak dituzten pertsonak tarteko 


Chueca, Domínguez eta Martínez programa berriaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Osasun Departamentua flash motako sentsoreen bitartez glukosa monitorizatzen duen programa berri bat ezartzen hasiko da azaro honetan, 1. motako Mellitus Diabetesa izan eta egunean hainbat intsulina dosi eta 6 gluzemia-kontrol baino gehiago behar dituzten pazienteentzat. Lehendabiziko fasean, azterlana 4 eta 17 urte bitarteko adingabeekin egingo da, hauxe baita, ustez, kalteturiko kolektibo guztien artean teknologia honi onurarik handiena atera diezaiokeena. Hasierako fase honek 180.000 euro inguruko kostua izango du. 2019an, gailu hau beste kolektibo batzuetara hedatuko da, desgaitasunaren kariaz egun erabilgarri dauden mekanismoak ezin balia ditzaketen helduak, haurdun dauden emakumeak eta errepikapeneko hipogluzemiak dituzten pertsonak tarteko direla.

Halaxe iragarri du gaur goizean prentsaurrekoan Osasun kontseilari Fernando Domínguezek, Pazientearentzako Osasun Arretako zuzendari Alfredo Martínez eta Pediatria Ataleko buru María Chueca ondoan zituela.

Sistema hau erosoagoa eta erabilerrazagoa da, izan ere, honetaz baliatzen diren pertsonek ez dute egunean behin eta berriz injektatu behar. Kontseilariak aurreratu duenez, sentsorea besoan txertatuta uzten da 14 egunez, eta pazienteak datuak denbora errealean ezagutu ahal ditu irakurgailua edo egokitutako telefono mugikorra hurbilduz gero: “pantailan, une horretan likido interstizialean dagoen glukosa-kontzentrazioa eta azken 8 orduetako glukosa-mailen erregistro grafikoa ikus daitezke, baita joera ere, eta hau garrantzi handikoa da balizko hipo edo hipergluzemia kasuei aurrea hartzeko”.

Sistema honen ezarpena era koordinatuan egingo da Estatuko osasun zerbitzu guztietan, Autonomia Erkidego guztiak eta Osasun Ministerioa biltzen dituen Lurraldearteko Batzordean erabakitakoaren arabera. Topaketa horretan, halaber, sistema hau osasun-sistema publikoaren zerbitzu-zorroan zehaztutako baldintzen arabera txertatu eta finantzatzea erabaki da. Horrela, Autonomia Erkidego guztien baterako lan honek ebidentzia zientifikoak eta prestazioetarako sarbidearen zuzentasuna hobetzen lagunduko du, sektoreko enpresa teknologikoekin akordioak lortzeko aukera bultzatuz eta sistema berrirako sarbide seguruagoa eta iraunkorragoa bermatuz, finantzaketaren ikuspegitik.

Ildo berean, Nafarroako Osasun Zerbitzuak monitorizazioari buruzko azterlan honetan parte hartu behar du, flash motako sistemaren ezarpenak adingabeengan ekar ditzakeen emaitzei buruzko ezagutza hobetzeko asmoz. Kontseilariak adierazi duenez, “azterlan honi esker, zehaztasun osoz jakin ahalko dugu sistema hau osagarria ote den eta zein neurritan ordezka dezakeen eguneroko bizimoduko baldintzetan gluzemiaren monitorizazio kapilarra, hau da, zein egoeretan ziztada egin behar ote den datua egiaztatzeko”.

Agerraldian, Fernando Domínguezek prebentzioaren garrantzia nabarmendu du Mellitus Diabetesaren maneiuan, eta horrekin lotuta iragarri du Osasun Departamentuak bat egin duela “Mellitus Diabetesaren Diagnosi Goiztiarrerako Kanpainarekin”. Ekimena batera diseinatu dute diabetesa lokarri duten zenbait kolektibok –profesionalek, egunero patologia honekin bizi diren pertsonek eta diabetesa duten haurren senitartekoek–, Espainiako Diabetesaren Elkartearen (SED) eta Espainiako Endokrinologia Pediatrikoaren Elkartearen (SEEP) sostenguaz eta Espainiako Diabetikoen Federazioaren (FEDE) eta Espainiako Lehen Mailako Arretako Medikuen Elkartearen (SEMERGEN) babespean. Kanpaina azaroaren 14an ospatuko den diabetesaren munduko egunarekin batera zabalduko da, herritarren ezaguerak hobetu eta gaixotasunaren diagnosi goiztiarra errazteko, eritasunak eragindako konplikazioak murrizteko eta herritarrak arrisku-faktorrei buruz eta ohitura osasungarrien bitartez prebenitzeko beharrari buruz kontzientziarazteko.

Prozedura pertsonalizatuak

Prozesu osoan, NOGeko Pazientearentzako Osasun Arretako Zuzendaritzak elkarlanean jardun du NOGeko Endokrinologia eta Pediatria zerbitzuekin eta Tutera eta Lizarrako osasun-eremuekin, Lehen Mailako Arretako Gerentziarekin koordinatuta.

Lehendabiziko fasean, 150 adingabe inguru teknologia honetaz profitatu ahalko direla kalkulatu da; horietarik 120, NOGeko Pediatria Zerbitzuan, eta gainerakoak osasun-eremuetako pediatria zerbitzuetan nahiz helduentzako endokrinologia zerbitzuetan. Erabiltzaileen formakuntza eta aholkularitza Pediatriako nahiz Endokrinologiako ospitale barneko arreta-zerbitzuetan egingo da, eta jarraipena eta horniketa Lehen Mailako Arreta zerbitzuekin koordinatuta.

NOGeko Pediatria Zerbitzuan kontrolaturiko pazienteen kasuan, gailua onartuz gero, haurren diabetesaren unitatean txertatuko diete, maneiu eta erabilera egokiari buruzko formakuntza emateaz gain. Haurren diabetesaren unitateko erizaintzako pertsonala arduratuko da materiala (irakurgailua eta 4 sentsore) eta formakuntza emateaz, 45 minutuko saioetan eta 5 paziente eta senitarteko inguruko talde txikietan.

Mellitus diabetesa Nafarroan

Mellitus Diabetesa (MD) da osasun arloan prebalentziarik handiena duten patologia kronikoetako bat. Nafarroan, herritarren % 6 inguruk eritasun hau diagnostikatua du, hots, 38.000 pertsona inguruk, eta horietarik % 5ek, hau da 1.900 pertsona inguruk 1. motako Mellitus Diabetesa du, une oro intsulina bidezko tratamendua behar duena. Gainerakoek 2. motako Mellitus Diabetesa dute, eta kasu honetan, intsulina egoera aurreratuetan baizik ez da behar, gaixotasuna kontrolatzerakoan desegonkortasun-maila handiagoa agertzen denean.

Hartara, tratamendu egoki eta pertsonalizatuaren garapena hobetzeko asmoz, flash motako sentsoreen bitartez monitorizatzeko programa honi, Nafarroako Osasun Zerbitzuak hedatuak dituen gainerako tresna guztiak gaineratu behar zaizkio: Paziente Kronikoari eta Pluripatologikoari Arreta emateko Estrategiaren barnean ezarritako diabetesaren profila, estratifikazio-sistemaren eta osasun-zirkuituen garapena ekarri duena; eta Diabetesaren Atala, Endokrinologia Zerbitzuari atxikitakoa, 1. motako Diabetesa duten pazienteen ospitale barneko abordatzearen elementu integratzaile gisa funtzionatzen duena eta, haurren Diabetesa maneiatzerakoan, Endokrinologia Pediatrikoa ere inplikatzen duena.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa