Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Solana eta Elizalde kontseilariek inauguratu dute gaur proiektua Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko Lorategi Botanikoan
Solana eta Elizalde kontseilariak zedroaren aurrean, gainerako partaideekin batera.
(
irudia handitu
)
Hezkuntzako kontseilari María Solanak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek inauguratu dute gaur eguerdian Bertizko Jaurerriko Natura Parkean, bertako lorategi historiko artistikoan kokaturiko ehunka urteko zuhaitz batean Iruñeko Arte Eskolako ikasleek osatu duten arte-instalazioa. Ekimen honi esker, zurezko eskulturen erakustoki bihurtu dute dagoeneko ihartuta zegoen 130 urteko Libanoko zedroa.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute, halaber, Iruñeko Arte Eskolako zuzendari Pedro Sorbet Recaldek; Iñaki Otsoa, Héctor Urra eta Zuriñe Urbeltz irakasleek eta Teknika Eskultorikoen zikloko berrogei ikaslek. Natura Parkearen arduradun Gregorio Oyaregi ere bertan izan da, zenbait teknikarirekin batera.
Elizaldek azaldu duenez, natura, artea eta hezkuntza lotzearen garrantziaz jabearaztea izan da esku-hartzearen helburua, “eta horrela, zuhaitz bikain hau biziberritu ahal izan da. Zuhaitzaren ikusgarritasuna kontuan harturik, Natura Parkearen kudeatzaileek alearen aparteko neurrien oroimenezko aztarnaren bat uztea planteatu zuten, eta ondorioz, esku-hartzea ezin zen mugatu alea kendu eta beste batekin ordezkatzera”.
Bestetik, Solanak eskerrak eman dizkio Iruñeko Arte Eskolari egindako ekarpenagatik, izan ere, haren esanetan, “helburu berbera duten eragile eta diziplina desberdinen arteko lankidetzak beti funtzionatzen du. Horren adibidea dugu ingurumen-arteari buruzko hezkuntza, ikerleei natura-ingurunearekin elkartu eta beraien lanak ikasgelatik kanpoko natura museo batean erakusteko aukera eskaintzen dien neurrian”.
Bertizen dagoen Libanoko zedroa, arte-instalazio bihurtuta.
(
irudia handitu
)
Esku-hartze honetarako, neurri apartak dituen Libanoko zedroa erabili da: 31,5 metroko altuera eta 148 cm-ko diametroa 1,30 metroko altueran. Zuhaitza, duela 130 urte landaturikoa, ihartuta zegoen, eta ondorioz, bisitarien segurtasuna bermatzeko neurriak hartu behar izan dira, istripuak gertatzeko arriskuak deuseztatuz, alearen ordezkapena planifikatzeaz gain.
Iruñeko Arte Eskolaren proposamenak enborraren hamalau metroko zatia mantendu du, zuhaitzaren adarrik garrantzitsuenekin batera. Bertan, bost horma-hobi zulatu dira, eskultura zikloko ikasleek eskualdeko faunari buruz egindako artelanak ikusgai jartzeko. Lanak 2018ko irailean bukatu dira.
Zedroarendako bizi berria
Eskualdeko zenbait artistarekin solastatu ondoren, 2017an zuhaitza Iruñeko Arte Eskolaren esku uztea erabaki zuten, izan ere, Parkearen arduradunek adierazi dutenez, “gure kezkak eta gure nahiak interpretatzen jakin zuten”, eta egundoko potentzialtasuna eta lan egiteko aukera hauteman zuten zuhaitzean Teknika Eskultorikoen zikloko ikasleentzat, Naturgune Babestuaren estrategia aintzakotzat hartuz.
Iñaki Otsoa irakaslearen hitzetan, Bertizko Zedroa biziberrituz proiektua da “orain arte egindako anbizio eta gogobetetzerik handieneko proiektuetako bat, lanaren tamainagatik, esku-hartzea egiteko baliatu den zuhaitz monumentalaren berezko edertasunagatik eta parkearen kudeatzaileek beharrezko baliabide teknikoak eta giza-baliabideak eskaintzeko eta ikastetxeko lan-erritmoak ulertzeko agertu duten jarrera onagatik”.
Teknika Eskultorikoetako formakuntza zikloaren aduradunek ziurtatu dutenez, “oso garrantzitsua da kanpoko eragileekin egiazko proiektuetan lankidetzan jardutea gure ikasleei dakarkien egiazko eskakizunagatik eta ingurunean artelanen bat kokatzeko aukeragatik”. Tailer horietatik ateratako beste lan batzuk ikusgai daude Burlatako Uranga Parkean, Zizur Nagusiko kaleetan edota Gabarderal herrian.
Libanoko zedroa egokiteko lanek 6.600 euroko aurrekontua izan dute; zenbateko horren zatirik handiena zedroaren adarrak eta adaburua era kontrolatuan kentzeko erabili da.
Hauexek dira egun ikusgai dauden artelanak: Hontza (Camilo Castaño Parra); Sai Zuria (Luis Ascunce Ansorena); Garrapoa (Natxo Loyola Eraso); Hartza (Marta López Antón); Amilotx Mottoduna (Bea Itoiz Mugueta); Otsoa (Estefanía Rubio Alfaro); Azeria (Tasio López de Gereñu Chocarro) eta Hegaztia (Larraitz Ruiz Zeberio).
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen