(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ipar Eskiko 35. Eskola Kanpaina urtarrilaren 7tik apirilaren 12ra bitartean eginen da Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan asteartea, 2018.eko azaroak 13


Kirolaren eta bizikidetzaren balioetan oinarrituriko formakuntza izanen da aurtengo edizioaren ardatz


eskiko kanpaina

Ezkerretik eskuinera, Tohane, Mozo, Herrera, Díez, Fernández eta Barace, aurkezpenean. ( irudia handitu )

Ipar Eskiko Eskola Kanpainaren 35. edizioa urtarrilaren 7tik apirilaren 12ra bitartean egingo da Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan, Nafarroa osoko 155 ikastetxetako 5.500 ikasle ingururen parte-hartzeaz eta kirola eta hezkuntza uztartzen dituen proiektu hau garatzen lagunduko dieten 436 irakasle tarteko direla. Kanpainak ahalegin berezia eginen du kirolaren eta bizikidetzaren balioetan oinarritutako formakuntza bultzatzeko.

Gaur goizean egindako aurkezpenean hartu dute parte Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak, CaixaBankeko lurralde zuzendari Ana Díez Fontanak, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari Javier Fernández Valdiviesok, Otsagabiko alkate Juan Manuel Tohanek, Izabako alkate Jesús María Baracek eta Amaia Mozo kanpainaren koordinatzaileak.

Ipar Eskiko Eskola Kanpaina hau antolatzeaz arduratu da, Larra-Belagua Ipar Eski Zentroa kudeatzen duen Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio (NICDO) deritzon Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa, Erronkariko eta Zaraitzuko Ibaxen eta Izabako eta Otsagabiko udalen lankidetzaz. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua eta Hezkuntza Departamentua finantzaketaz arduratu dira, 210.500 euroko kontsu-saila tarteko, eta La Caixa Gizarte Ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak 425.000 euroko ekarpena egin dute. Halaber, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak 6.000 euro eman ditu ikasleentzako otarteko-zorroak erosteko, bi ibarretan dauden Natura Interpretatzeko Zentroetako jardueretan lankidetzan jarduteaz gain.

Aurreko edizioan bezalaxe, familia ugarietako ikasleek deskontuak izanen dituzte (% 10ekoa kategoria orokorrekoek eta % 20koa kategoria berezikoek). Bestalde, 100 plaza sustatu dira egoera sozioekonomiko kaskarrean dauden ikasleentzat, kanpainan doan parte hartzeko aukera izan dezaten. 56 ikastetxetatik bildutako 396 eskariren artean zozketa bat egin da plaza horiek esleitzeko.

Balioetan oinarritutako formakuntza

Aurtengo edizioan, arreta berezia emanen zaio balioetan oinarrituriko formakuntzari. Horretarako, monitoreei zuzendutako bi tailer programatu dira: lehendabizikoa abendutik urtarrilera bitartean eginen da, kanpaina abiatu baino lehen, Erronkari eta Zaraitzuko ibarretatik datozenentzat (Izaba eta Otsagabia). Ondoren, urtarrilean, beste formakuntza bat antolatuko da ibar horietakoak ez direnentzat.

Tailerren edukia eskiko eskola kanpainaren testuinguruan sor daitezkeen gatazkak konpontzeko estrategia eta trebetasunei buruzkoa izanen da, eta bizipenezko metodologia praktiko baten bitartez landuko da helburu hauek lortzeko xedez: partaideak animatzea jarduera fisiko positiboa sortzen eta zabaltzen lagun dezaten, eta indarkeriazko egoerak prebenitzea.

Jarduera programa

Eski Kanpaina 2019ko urtarrilaren 7an abiatuko da Erronkariko Ibaxan, apirilaren 12ra arte. Kanpaina Zaraitzuko Ibaxan ere eginen da, egun berean hasi eta martxoaren 22ra arte. Denbora tarte horretan, ipar eskia eta natur giroko elkarbizitza nahitaezko hitzordu bilakatuko dira milaka nafar ikaslerentzat.

Partaideen artean, ikasle gehienak Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak dira. Erronkariko Ibaxan ostatu hartzen dutenak Larra-Belaguako Ipar Eski Zentrora joanen dira eskiatzera, eta Zaraitzuko Ibaxan ostatu hartzen dutenak, Abodiko pistetara.

Eskia da jarduera nagusia, eta horretan jarduteko bi txanda antolatuko dira goizez. Partaideen eski mailaren araberako taldeetan banatuta, ikasleei nahiz hauekin batera datozen irakasleei ipar eskia edo iraupen eskia era ludikoan ikasi eta horretan trebatzeko aukera eskaintzea da aste honen helburu nagusia. Kirol hau da neguan mendian praktika daitekeen jarduerarik osasungarri eta osoenetako bat, eta Erronkari eta Zaraitzuko ibarrek natur eremu ikusgarria eskaintzen dute eskian jarduteko.

Arratsaldez, hainbat jarduera antolatuko dira. Kanpaina Erronkariko Ibaxan egiten dutenek antzerki-emanaldiak ikusi, Izabako udal igerilekura joan, herri kiroletan saiatu eta Erronkariko Natura Interpretatzeko Zentroa nahiz Julian Gaiarre Museoa bisitatzeko aukera izanen dute. Zaraitzuko Ibaxan, herri kiroletan trebatzeaz gain, ezpel zurezko eskulanak egin eta Otsagabiko Natura Interpretatzeko Zentroa bisitatu ahalko dute. Gainera, bi ibarretan, ostegun arratsaldez festa antolatuko dute eski kanpainan parte hartzen duten ikasleentzat.

Aurtengo kanpainan, ingurumenaren zaintza lantzen jarraitu nahi da. Horretarako, Erronkariko eta Zaraitzuko natura interpretatzeko zentroekin eta Ezka-Zaraitzuko Hondakinen Mankomunitatearekin batera, birziklatzea sustatuko da ingurune osoan (ostatuak, eski zentroak, kaleak, etab.), uraren eta energiaren kontsumoaren garrantzia azpimarratuko da eta, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren ekarpenari esker, otorduetako otartekoak partaideen artean banatuko diren otortu-zorroetan bilduta eramango dira.

Aurten, arreta berezia emango zaio argi kutsadurari. Horri aurre egiteko, gaueko zerua hobeto ezagutu eta neguan izarrez gozatzea ahalbidetuko duten hainbat jarduera programatu dira.

Berariaz nabarmentzekoa da Eski Kanpainak Pirinioetako ibarretan eragiten duen inpaktu sozial eta ekonomikoa. Hartara, Erronkarin zein Zaraitzun, bertako ekonomia garatzen laguntzen du. Kalkuluen arabera, kanpainak dirauen hilabeteetan, 125 lanpostu mantentzen laguntzen du Erronkariko Ibaxan eta beste 35 Zaraitzuko Ibaxan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa