(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun kontseilariak bat egin du Nafarroan gripearen aurreko txertoa jada hartu duten 85.000 pertsona baino gehiagorekin ostirala, 2018.eko azaroak 16


San Juan Osasun Zentroan, Fernando Domínguezek gogoratu du garrantzitsua dela talde ahulenak gripearen aurka txertatzea; hots, 60 urtetik gorako pertsonak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak eta osasun-langileak


Dominguez kontseilariak gripearen aurkako txertoa hartu du Donibaneko osasun etxean. ( irudia handitu )

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak gripearen aurkako txertoa jarri die 85.112 pertsonari (azaroaren 11 arte zenbatuta), urriaren 15ean hasitako kanpainaren barruan; kanpaina azaroaren 30era arte luzatuko da, Lehen Arretako zuzendaritzaren erregistroen arabera. Dosi gehienak, 66.480 dosi (%78a), 60 urtetik gorako pertsonei eman zaizkie; beraz, Nafarroako adin-tarte horretako biztanleriaren %43a jada txertatuta dago. Gainerako 18.632 txertoak beste biztanle-talde batzuei eman zaizkie, gripearen aurkako inmunizazioa adierazita dutenei (gaixo kronikoak, osasun-langileak, eta beste zerbitzu publiko batzuetako langileak, hots, poliziak, suhiltzaileak, irakasleak, e.a.).

Modu horretan, 65 urtetik gorakoei dagokienean, %50eko estaldurara iritsi dira. Estatu mailan eta Nafarroan %65eko helburua ezartzen da talde horrentzat; ondorioz, helburua oraindik ere lortzeko modukoa da, kanpaina beste hiru astez luzatuko da-eta.

Bestalde, denboraldiaren hasieratik, Lehen Arretan eta ospitaleetan artatutako gaixoen 78 lagin prozesatu dira, gripearen birusa kutsatzeko arriskuarengatik, baina guztien emaitzak negatiboak izan dira.

Gaur goizean, Osasun kontseilari Fernando Domínguezek txertoa hartu du San Juan Osasun Zentroan, eta harekin batera izan da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lanaren Institutuko (NOPLI) zuzendaria, María José Pérez Jarauta, baita ere txertoa hartzen. Halaber, bertan izan dira Nafarroako Osasun Zerbitzuko (O-NOZ) Lehen Arretako zuzendari kudeatzailea, Santos Induráin; Lehen Arretako zuzendariordea, Borja Azaola; eta San Juan Osasun Zentroko zuzendaritza-taldea, Maria Eugenia Ursua zuzendaria eta Charo Villanueva, erizaintza-unitateko burua. Dominguezek herritar guztiei eta bereziki talde ahulenekoei gogorarazi die garrantzitsua dela gripearen birusaren aurrean babestea; talde horretan sartzen dira 60 urtetik gorako pertsonak, eri kronikoak, haurdun dauden emakumeak eta osasun-langileak.

Aipaturiko arrisku-taldeez gain, txertoa hartzea gomendatzen zaie konplikazioak izateko arrisku handiko pertsonei gripea transmititu diezaieketen pertsonei; hala nola, erakunde geriatrikoetan edo egoiliarrekiko zuzeneko harremana duten gaixo kronikoen zainketarako zentroetan lan egiten dutenei, arrisku handiko pazienteei etxeko zainketak ematen dizkieten pertsonei, edota etxean arrisku handiko pazienteekin (haurrak barne) bizi direnei.

Gomendio honek funtsezko zerbitzu publikoetako langileentzat ere balio du. Horien artekoak dira segurtasun indarretakoak, suhiltzaileak, babes zibilekoak, osasun-larrialdietako zerbitzuetan lan egiten dutenak, espetxeetakoak edo ebazpen judizialaren ondorioz barneratzeko zentroan daudenak, edota edozein hezkuntza-mailatako irakasleak.

Era berean, gripearen aurkako txertoarekin batera, txerto pneumokozikoa jarriko zaiei 65 urtetik gorako pertsonei eta aurretiaz hartu ez duten arrisku handiko pazienteei. Biztanleria horri txerto polisakarido 23 balentea gomendatzen zaio, neumokokoaren 23 serotipo ezberdinaren aurrean babesten duena. Horrela gomendatzen du estatuan Txertaketen Programa eta Erregistroaren Batzorde Txostengileak, aditu independenteek osatua eta Osasun Publikoaren Batzordeak eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak berretsia.

Txertoari esker, 230 heriotza saihetsi ziren iazko denboraldian

NOPLIk egindako azterketaren arabera, gripearen aurkako txertaketak 230 heriotza saihestu zituen iaz; arrisku handiko pertsonen gripearen 2.000 kontsulta egin ziren, 300 ospitaleratze eta 40 egonaldi ZIUn.

2017-2018 denboraldian, gripe-sindromearen 19.276 kasu jakinarazi ziren Nafarroan (1.000 biztanleko 31). Tasa horrek aurreko bost denboralditako maila gainditu zuen (20-28 kasu 1.000 biztanleko).

Gripearen ezaugarriak

Urtaroko gripea eritasun biriko infekziosoa da, airez transmititzen dena, bereziki esparru itxietan dauden pertsonen artean.

Bat-batean hasten da, eta egun bat eta hiru egun bitarteko inkubazio-aldia du; hiru eta bost egun bitarteko transmisio-aldia helduengan hasten den uneaz geroztik, eta hiru eta zazpi egun bitartekoa haurren kasuan.

Sintomen artean, sukar altua, egoera orokorraren gaineko kaltea, buruko mina, muskuluetako mina, goserik eza, nekea, sudurreko kongestioa, eztarriko narritadura eta eztula nabarmen daitezke, besteak beste.

Sintomak, normalean, astebeteko epean desagertzen dira, aztarnarik utzi gabe eta tratamendu medikorik gabe. Kasurik gehienetan, aski izaten da etxean atseden hartu eta analgesiko nahiz antitermikoen bidezko tratamendu sintomatikoa egitea. Jatorri birikoa duenez, ez da gomendatzen gripeari tratamendu antibiotikoa ematea, ez baita eraginkorra.

Haurrengan, arazo gastrointestinalak (goragalea, gorakoa edo beherakoa) ager daitezke arnasketako arazoekin batera, eta adin handiagoko pazienteegan ohikoagoa da arnasketarako zailtasunak agertzea, azpian dauden patologiak okertzea eta sukarrik ez egotea.

Gripearekin dauden pertsonengan, batez ere 60 urtetik gorakoengan eta gaixotasun kronikoak dituztenengan, gripeak koadro larriagoak eta konplikazioak eragin ditzake, eta, orduan, osasun-zentroko profesionalen edo ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzuen osasun-laguntza eskatu beharko da. Profesionalek gaixoaren egoera aztertu, eta, behar izanez gero, laguntza espezializatura bideratuko dute.

Zer egin gaixotasun-kasuetan

Gripea kutsatzea saihesteko, Nafarroako Gobernuaren web orrialdean herritarrentzako informazio praktikoa jasotzen da, ohiko galderen aurreko erantzunekin, gaixotasun-kasuan jarraitu beharreko urratsekin eta ez kutsatzeko neurriekin.

Gainera, zalantzak argitzeko, Osasunak 948 290 290 telefonoa jarri du; hain zuzen ere, Erizaintzako profesionalek artatzen dute astelehenetik ostiralera, 14:30etik 21:30era eta larunbata, igande eta jaiegunetan, 8:00etatik 22:00etara.

Azkenik, batez ere ahulenek konplikazioak izan baditzakete, Osasunak ohiko osasun-zentrora joateko gomendioa egiten du.




Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa