(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gazteen emantzipazioa, etxebizitza eskuragarria, zaharberritzea, iraunkortasuna eta lurralde kohesioa, Etxebizitza Planaren lehentasun nagusiak astelehena, 2018.eko azaroak 26


2018-2028ko Etxebizitza Plan berriaren erakusketa publikoaren aldia hasi da


Nuevo plan vivienda

Ezkerretik eskuinera, Javier Etayo, Laparra lehendakariorde, Gema Mañú eta José María Aierdi, Etxebizitza Plan berriaren aurkezpenan ( irudia handitu )

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko zuzendari Gema Mañú, Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdi eta Etxebizitza Zerbitzuko zuzendari Javier Etayo ondoan zituela, 2018-2028ko Etxebizitza Plana aurkeztu du gaur, eta ondorengo egunetan, partaidetza publikorako aldia irekiko dela iragarri du, behin-betiko onarpenari ekin baino lehen.

Plan hau onartu eta abian izatea “epe luzeko plangintza lantzeko funtsezko tresna da eta eguneroko jardunean galdu behar ez den bukaerako helmuga zehazten du”, Miguel Laparra lehendakariordearen esanetan. Horrekin batera, “egungo egoeraren aldez aurreko diagnosia egin eta epe ertain eta luzean erabili beharreko noranzkoari buruzko hausnarketa” eginen dela ziurtatu du.

Egun, Nafarroako Foru Komunitateak ez du Etxebizitza Planik, izan ere, aldian aldian onartutako planak erosteko etxebizitza babestuaren sustapena (sustatu beharreko etxebizitza kopurua) baizik lehenesten ez zuten egoerei dagozkie, gainerako irizpideak eta herritarren partaidetza ia-ia erabat baztertuz. Halakoetan ez zen ebaluazio-mekanismorik, ezta gauzatze edo ez-betetzeei buruzko datu publikorik ere.

Plan hau epe luzekoa da eta 10 urteko indarraldia izango du, izan ere, etxebizitza politiketako mekanismoak (hauetako batzuk, bederen) oso garestiak dira denboraren poderioz. Hala ere, ebaluazioak egitea aurreikusi da, epe ertainean (4-5 urte) aldaketak sartu ahal izateko, hala behar izanez gero.

Etxebizitza Planak politika berria finkatu du

Etxebizitza politika berrian, Etxebizitza Plana ez da tresna isolatua, funtsezko printzipioetan oinarritutako multzo koherente eta integratu baten osagaia baizik:

- Politiken azalpena eta hedapena: lehendabiziko aldiz, publikoari irekitako jardunaldiak antolatu dira araugintza arloko aldaketak (22/2016Foru Legea), intereseko gaiak (etxebizitza hutsak, Alokatzeko Poltsa) edo Planaren idazketa bera azaltzeko.

- Informaziorako sarbidea eta gardentasuna: www.vivienda.navarra.es webgunean, datu eguneratuak, kontseilariaren parlamentuko agerraldiak, dirulaguntzen jasotzaileen identifikazioa eta etxebizitzari buruzko txostenak eskura daitezke, besteak beste.

- Neurketa: neurtu ezin daitekeena ezin hobetu ahal dela dioen printzipioari jarraiki, esaterako, gogobetetze-mailari buruzko lehendabiziko inkestak egin dira babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren pertsonen artean.

- Herritarren partaidetza: Planaren elaborazioan, inkestak egin dira herritarren artean proposatutako erregelamentuei buruz (higiezinen eragileak eta etxebizitza hutsen erregistroa), besteak beste.

- Kontrol mekanismoak: Etxebizitzaren Kontseilua sortzea, etxebizitza politiken organo ebaluatzaile gisa eta etxebizitza politikak eragile nagusiei helaraziko dien lehen transmisio-mekanismo gisa.

6 ardatz nagusi

Etxebizitza Plan berriak sei ardatz nagusi, hogeita hamabi jarduera-ildo eta 139 ekintza zehatz ditu datozen urteotan garatzeko zain.

Lehendabiziko, bigarren eta hirugarren ardatzen bidez, kopuruetan aski izanen den etxebizitza parkea lortu nahi da, Nafarroan bizi diren herritar eta familientzat eskuragarria, eta baldintza egokietan (etxebizitzetarako irisgarritasuna kontuan hartuz, populazioaren zahartzearen egungo testuinguruan, baita energia-eraginkortasuna ere). Ardatz horietan, honako jarduera-ildo hauek nabarmen daitezke:

- Alokatzeko etxebizitza babestua bultzatu eta alokairu librea sustatzea.

- Erosteko etxebizitza babestua bultzatzea, horren eskaria duten eremu geografiko eta sozialetan (etxebizitza merketa).

- Etxebizitza babestua eraikitzeko lurzoruaren plangintza eta hornidura hobetzea.

- Zaharberritzeko laguntza-sistema berrikustea, irisgarritasunerako eta energia-eraginkortasunerako laguntzei lehentasuna emanez.

- Eraikinen Ebaluazio Txostenak egitea sustatzea.

- Zaharberritzeko berariazko programa sortzea, horren eskaria duten Iruñerritik kanpoko tokietan.

- Etxebizitza babestuaren parkea zaharberritzea.

- Nafarroan irisgarritasun unibertsala sustatzen laguntzea.

Bestalde, gainerako hiru ardatzen bitartez, aurreko emaitza lortu nahi da, baina kudeaketa eta prozedurak hobetuz, politikak eragile guztien artean ebaluatuz eta koordinatuz, etxebizitzak gizartearen funtsezko eta nahitaezko ekipamendu gisa duen funtzio soziala nabarmendu, berretsi eta sustatzeko helburuari atxikiz, eta etxebizitzak jendea bizitzeko erabili behar direla ulertuz. Hona hemen, ardatz hauei dagozkien jarduera-ildoetako batzuk:

- Etxebizitza hutsa alokairura mobilizatzea, lokalizazio dibertsifikatua erraztuz.

- Iruñerritik kanpoko kudeaketa hobetu (informazioa, eskariaren erregistroa eta adjudikazioa) eta lurralde-deszentralizaziorantz jotzea.

- Alokatzeko Etxebizitzen Poltsan dagoen egungo etxebizitza kopurua gehitzen laguntzea.

- Etxebizitza babestuaren esleipena lortu eta arazo konplexuak dituzten herritarrei laguntza integrala eskainiko zaiola bermatzea.

Planaren berritasun nagusiak

Etxebizitzarako sarbidea edozein herritarrek erreklamatzen ahal duen eskubide subjektibotzat jotzea da da Planaren berritasun nagusia. Eskubide hori bi ildo nagusitan banatzen da: bata, 30 urtera arteko gazteen emantzipazioa xede duena, eta bestea, maila jakin baterainoko diru-sarrerak dituzten familiei zuzendutakoa. Esleitzeko etxebizitzarik ez dagoen kasuetan, zerga-kenkari gisako prestazio ekonomikoa ematen da. Gainera, Planak ez du baztertzen Administrazioak alokatzeko etxebizitzen merkatuan esku hartzeko aukera, merkatu horrek biztanleriaren zati garrantzitsu bati etxebizitza duinerako sarbidea erraztu edo ahalbidetzen ez dionean.

Beste esku-hartze ildo berritzaile bat, etxebizitzaren funtzio sozialari lotutakoa, etxebizitza baten titularra izateak dakartzan betebeharrak (mantenimendua, irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna, okupazioa) nabarmendu eta etxejabeak horietaz jabearaztea da. Etxebizitza funtsezko gizarte-baliabidea da, eta baliabide horren titularrek ongi ezagutu behar dituzte dagozkien erantzukizunak.

Bestalde, etxebizitzaren arloan ere, berrikuntzaren aldeko apustuari eutsi zaio; batzuetan, ordezko sarbide-formulak erabiliz (erabiltzeko zesioa, HOUSING FIRST), bestelako ordaiketa-moten bitartez (denbora bankuak, mikrokredituak), eraikuntza teknikei eraginez (BIM-LEAN), informazio sistemak baliatuz (Etxebizitzen Erregistroa) edota finantzaketa sistemak berrituz (zaharberritzea sustatzeko izera publikoko tresna finantzarioak).

Azkenik, hasieran azaldutakoarekin bat etorriz, Planak ebaluazio eta partaidetza printzipio zuzentzailetzat jo eta administrazioen, eragileen eta erakundeen arteko koordinazioa areagotzearen alde apustu egin du.

Planaren 2018-2021 urteetarako kopuru nagusiei dagokienez, alokatzeko laguntzak 4.200 gazteri eta 2.650 familiari helaraztea da helburua, beste 490 familia ere barne hartuz Alokatzeko Poltsaren, Foru Funtsaren eta Gizarteratzeko Etxebizitzen bitartez.

Horrekin batera, 1.813 etxebizitza babestu berri sustatzea du xede, horietatik 615, gutxienez, alokairu sozialean; 1.100 salerosketan eta 100 inguru, erabiltzeko zesio-kooperatibekin, cohousing sistemaren laguntzaz, beheko solairuak etxebizitza bihurtuz eta bestelako formula berritzaileen bitartez.

Zaharberritzearen arloan, 2018tik 2021era bitartean, 20.500 etxebizitza laguntza publikoarekin zaharberritzea da Planaren helburua; horietatik, 10.000 etxebizitza irisgarritasuna hobetzeko zaharberritzerako laguntzen bitartez, eta 4.480 etxebizitza, energia-eraginkortasuna hobetzeko zaharberritzerako laguntzen bidez.

Eskubide Sozialetako lehendakariordea pozik azaldu da azterketa eta elaborazio prozesu luze baten ondoren gauzaturiko Plan honen aurrean: “Etxebizitza duinerako eskubidea eta sarbidea ongizatearen estatuaren bosgarren oinarritzat finkatu behar dugu, giltzarrizkoa baita familien bizitzaren erabateko garapenerako. Etxebizitza duinik gabe, herritarren gainerako eskubide sozialak hutsaren hurrengoa baizik ez dira. Oinarri hori eraikitzeko, baliabideen inbertsio garrantzitsua egin behar da”. Gainera, argi utzi du “hori horrela gertatzearen arrazoia, pertsonak ardatz dituen etxebizitza politika egitearekin lotuta dagoela, askotariko behar eta gaitasunen arabera herritar guztiengana iristeko asmoa duen politika, alegia”. Azkenik, lehendakariordea esan duenez, “ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra izateko xedez jokatu behar dugu, Nafarroako lurralde osoa kohesionatuz eta landa eremuen despopulazioa saihestuz ".


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Declaraciones del vicepresidente de Derechos Sociales, Miguel Laparra
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa