(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Iruñeko Orfeoiaren funts dokumentalak jasoko ditu gordailuan asteartea, 2018.eko azaroak 27


Akta-liburuak, partiturak, prentsako artxiboak, kartelak, argazkiak eta ikus-entzunezkoak izango dira, musikaren 150 urtetik gorako historiaren lekuko direnak


Ezkerretik eskuinera: Herrera Kontseilaria, Sanchez, Llansó eta Palacios, dokumentazioko lagin txiki baten ondoan ( irudia handitu )

Ana Herrera Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak eta Daniel Sánchez Iruñeko Orfeoiko lehendakariak aurkeztu dute gaur bi instituzioek sinatutako kolaborazio-hitzarmena. Akordioak Orfeoiaren ondare dokumentala kontserbatu eta integratzea du xede, gordailutze-erregimenean, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak gordailuan jasoko duen dokumentazioa honako hauek osatuko dute: musika-artxiboa osatzen duten partiturak, eskuz idatziak eta inprimatuak; prentsa-artxibo bat, prentsa-oharrez, aldizkari espezializatuz, prentsa-dosierrez eta Orfeoiak publikatutako “La Voz” aldizkariaren bildumaz osatua; funts dokumental historiko bat, 1865 eta 1999 urteen arteko zuzendaritza-batzordearen eta batzorde nagusiaren akta-liburuak, araudiak (1893an abiatuak), memoria artistikoak (1892tik aurrera) eta gutunak (1891 eta 1990 urteen artekoak) barne hartzen dituena, bazkideei, bidaiei, kontularitzari, musika-sariei eta urrezko liburuei lotutako beste dokumentu batzuekin batera.

Beste hainbat dokumentazio ere aurkitu ahal izango da, esaterako: 1892tik aurrerako programak, 1893tik aurrerako kartelak, 1894tik aurrerako argazkien eta irudien bilduma bat, soinu-funtsa, ikus-entzunezkoen funtsa, opera-libretoak, bideoteka, disko-bilduma eta liburutegia, eta Orfeoiak gordetzen dituen zenbait funts pribatu ere bai (Fermín Urtasun funtsa, Ochoa de Olza funtsa eta Aranzadi funtsa, adibidez).


Orfeoiaren ondare dokumentalaren barnean dagoen argazkia ( irudia handitu )

Aipatutako dokumentazioa, Nafarroako musikaren eta gizartearen 150 urtetik gorako historiaren testigu bizi dena, herritarren kontsultarako, ikerketarako eta gozamenerako egongo da eskura.

Hitzarmenaren edukia

Gordailuaren formula elkarren arteko akordioz erdietsi da Orfeoiko zuzendaritza-batzordearekin, eta 10 urtez luzatuko da, Orfeoia etorkizuneko instituzio dinamiko eta bizia delako eta orfeoiko kideek beren ondarea ezagutzera emateko eta izaera unibertsalez aitortua izateko nahia adierazi dutelako. Dimentsio horretan hartzen du garrantzia berezia, zehazki, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiarekin sinatutako aliantzak; izan ere, Nafarroako ondare dokumentalaren kontserbazio, tratamendu, zabaltze eta balioan jartzerako erreferentzia-instituzioa da zentroa, musikari dagokionean batez ere, 2017an Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa sortu zenetik.

Norbanakoen segurtasunaren, ohorearen, bizitza pribatuaren edo familia-bizitzaren intimitatearen eta irudi propioaren kontra joan daitezkeen datu pertsonalak dauzkaten Orfeoiko dokumentuak (akta-liburuak eta kontularitzako dokumentazioa kasu) ezingo dira publikoki kontsultatu kaltedunek berariaz baimenik eman ezean, edo, heriotza-data ezagutzen bada, hil zirenetik hogeita bost urteko epea igaro ez denean. Kaltedunen heriotza-data ezagutzen ez bada, berrogeita hamar urte pasa beharko dira dokumentuen datatik.

Akordioan jasotzen denez, Orfeoiak, aditu baten izendatzearen bitartez, oinarrizko artxibo-deskribapena egin beharko du oraindik antolatzeke daukan dokumentazioan. Betekizun hori Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bertan egingo da.

Iruñeko Orfeoiaren historia

Orfeoiaren Artxiboa instituzioaren ebidentzia multzoa da, eta baita bere historia eta memoria, 1865ean hamaika "bazkide harpidedunek" fundatu zutenetik gaur arte izandako gorabehera eta ibilbidean. Akta-liburuko lehen oharrak jasotzen duenez, Conrado Garcíaren lehendakaritzaren babesean fundatu zen Sociedad Coral Orfeón Pamplonés izena jaso zuen orfeoia, helburutzat "hala eskatzen duten artisauei musika dohainik erakustea" zuena. Garaiko Europako joera nagusiaren konpasari jarraikiz fundatu zen, zeinaren funtsezko ardura ziren musikaren bitartezko gizartearen garapena eta pertsona behartsuenen aurrerapena.

Joaquín Maya izan zen lehen zuzendaria eta zuzendaritza-batzordeetako parte izan ziren garaiko pertsonaiarik ezagunenak; hala, ohorezko bazkide izatera iritsi ziren Joaquín Gaztambide, Emilio Arrieta, Hilarión Eslava, Juan Guelbelzu edo Dámaso Zabalza, eta urte batzuk beranduago Pablo Sarasate ere bai, ohorezko zuzendaritzan.

Orfeoiaren historiak, akten bitartez irakur daitekeenak, hastapen gorabeheratsuak dakartza gogora, zenbait berrantolaketa izan zirela. 1892an sustatuko zen behin betiko, etenik gabeko jarduera garatuz, Remigio Múgica jaunaren gidaritzapean. Sustatze hori errepertorio sinfoniko-korala sartzearen ondorio izan zen parte handi batean, XX. mendearen hasieran emakumeen ahotsak sartuta indartuko zena. Hala, aipamen eta sari handiak jaso zituen Orfeoiak garaiko kontzertuetan, 1920ko hamarkadatik aurrera batez ere.


 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa