Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Deien segurtasuna nahiz erantzuteko gaitasuna hobetuko da, larrialdi arrunten zein larrialdi handien aurrean, baina herritarrentzat ez da ezer aldatuko, 112 zenbakia mantenduko da-eta
112 telefonoaren erabileraren inguruan sentsibilizatzeko kanpainaren kartela.
(
irudia handitu
)
112-SOS Nafarroaren Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak eta Foruzaingoaren Agintaritza eta Koordinazio Zentroak (AKZ) sistema berri bat ezarri dute, telefono bidezko komunikazioetan nahiz irrati bidezkoetan eragina duena, baina herritarrentzat ez da ezer aldatuko, 112 mantendu egingo da-eta.
Telefonia berriarekin batera, eCall ibilgailuen dei automatikoaren sistema ere ezarri da SOS Nafarroan. Azken egunetan, sistema berri hori ezarriko da Herri Lanetako Errepideen Kontserbazio Kontrolerako Zentroan (C4).
Sistemari esker, herritarrek jasotzen duten arreta, deien segurtasuna eta erantzuteko eraginkortasuna eta gaitasuna hobetuko dira, larrialdi arruntena zein gerta daitezkeen larrialdi handiena. Aurreko zentrala 2001ekoa da, zaharkituta geratu da funtzionalitatearen aldetik, eta osagaietariko batzuk ezin dira berritu; beraz, matxura bat gertatuz gero, telefonian edo sistemaren errendimenduan akatsak gerta zitezkeen.
Azpiegitura berriak, besteak beste, sistemaren erabiltzaile-kopurua gehitzeko aukera eskaintzen du; esate baterako, larrialdi handi baten aurrean, aparteko telefono-lineak eta arreta-postuak jar daitezke.
Gainera, funtzionalitate berriak sar daitezke, 112 zenbakiarekin konexioa errazagoa izateko mugikorrentzako aplikazio ezberdinen bitartez edo testu-mezuak bidalita; halaber, sistema berri horretan sartu dira Nafarroako Gobernuaren TETRA irrati-sarea eta adinekoentzako telelaguntza sistema (medailoia).
Babes Zibileko Zerbitzutik adierazitakoaren arabera, sistema berriak osagai erredundanteak ditu elementu kritikoetan, akatsa gertatuz gero deiak artatzea ziurtatzeko. Horrez gain, grabatzeko prozedura "teknologikoki modernoa" du, “deien arretan eta kudeaketan segurtasun-maila altua izatea bermatzen duena”.
Funtzionalitate berriak
Babes Zibileko Zerbitzuko, Foruzaingoaren AKZko eta Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntza Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Teknologikoen Zerbitzuko eta Euskarri Zentroko teknikariek osatutako taldea 2016az geroztik aritu da proiektua lantzen. Gobernuak, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumontek proposatuta, 2017ko uztailaren 26an onartu zuen SOS Nafarroa Larrialdien Kudeaketa Zerbitzuaren (112 eta AKZ) telefonia nagusia 2018an zehar aldatzea baimentzea. Lanak, dagokien prozedura irekiaren ondoren, Telefónica Soluciones de Informática y Comunicaciones de España S.A.U. enpresari esleitu zitzaizkion 647.699,69 euroren truke.
Ondoren, lan-taldea garapen teknikoak eta probak egiten aritu da aurreprodukzio, produkzio eta prestakuntzan operadoreekin, areto-buruekin, SOS Nafarroako mediku koordinatzaileekin eta AKZko foruzainekin, bi zentrotan sistema zaharraren ordez berria jarri arte pasa den azaroaren 26an.
Funtzionamenduan eta konfigurazioan lehen egunetan doikuntzak egin ondoren, sistema jada lanean ari da modu egonkor eta arinean.
Sistema telefonikoa jartzearekin, Nafarroako 112 SOS Zentroan berritzeko lanak burutu dira; era horretan, 112 Aretoaren banaketa eta antolamendua aldatu dira, prestakuntzarako edukiera handiagoko beste gela bat jarri da, eta ekipoak eta lanpostuak erabat berritu dira.
112 zenbakiaren erabilera egokia
Nafarroako larrialdi-telefonoak, 112-SOS Nafarroak, batez beste 2.672 dei artatu zituen egunean 2017. urtean zehar, guztira 975.479 dei jaso baitzituen. 50 bat operadorek, 7 areto-buruk eta 25 mediku koordinatzailek osatzen dute taldea, Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradun batez gain, eta 112 telefonoan, sortzen diren larrialdi guztiak artatzeko lanetan aritzen dira eguneko 24 ordutan. Horrez gain, Foruzaingoko AKZ eta Herri Lanetako Errepideen Kontserbaziorako Kontrol Zentroa 112 Aretoarekin konektatuta daude, larrialdiak kudeatzeko sistemaren bitartez.
Babes Zibilak herritarrei gogoratu nahi die garrantzitsua dela lasaitasunez jokatzea urgentzia edo larrialdi egoeren aurrean, egiten diren galderei behar bezala erantzutearren; hala nola, harremanetarako datuak, kokapena, larrialdi-egoera edota testuingurua. Datu horiek ematea hil ala bizikoa da baliabide egokienak ahalik eta azkarren mobilizatze aldera edota, osasun-larrialdiko deien kasuan, iktus bat edo istripu kardiobaskularra den detektatzeko; hots, detekzio goiztiarra ezinbestekoa den kasuetan.
Orobat, larrialdietarako telefonoaren erabilera zuzena sustatzeko, gogoratu nahi da, 112ra deitu ordez, beste telefono batzuk badaudela honako hauen inguruko informazioa eskatzeko:
-Herritarrak Artatzeko Zerbitzua (012 edo 948012012).
-Errepideen gaineko informazioa: 848 423 500 / carreteras.navarra.es.
-Osasun-arloko informazioa kontsultatzea eta aholkuak eskatzea: 948290290.
-Guardiako farmaziak: 948226000.
-Uztondoak erretzea: 848426040 / autorizacionquemas.navarra.es.
-Informazio meteorologikoa: meteo.navarra.es.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen