(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Punto de Vista jaialdiak Jonathan Schwartz artistaren lana eta bizitza omenduko ditu 13. edizioan, atzera begirako eta argitalpen baten bitartez osteguna, 2018.eko abenduak 13


Jaialdiak lankidetzan dihardu Tate Modern-ekin (Londres) eta Museum of Clouds deritzon proiektu kuratorialaren bertsio berri bat jasoko du.


Jaialdiaren kartel bat ( irudia handitu )

Ez-fikzioak dagokion topagunea izanen du Iruñean 2019ko martxoaren 11tik 16ra bitartean, nafar hiriburua nazioarteko ikusentzunezko komunitatearen erdigune bihurtuko duen Punto de Vista jaialdiaren 13. edizioan. Jaialdiak aurtengo programaren lehendabiziko xehetasunak aurreratu ditu, hurrengo edizioko irudia ezagutzera emateaz gain.

Oraingoan, Jonathan Schwartz artistaren lana eta bizitza omenduko ditu atzera begirako eta argitalpen baten bitartez. Zinegile amerikar honi buruzko lehendabiziko liburua izanen denak Erika Balsom, Max Goldberg, Michael Sicinski, Rebekah Rutkoff, Deborah Stratman eta beste hainbaten testu argitaragabeak bilduko ditu.

Rick Prelingerren bisitak azalera ekarriko ditu irakasle, ikertzaile, kuratore eta bildumagile gisa egindako lanaren alderdi desberdinak. Partaidetza bidezko dokumentalgintzari buruzko tailer bat emateaz gain, haren bilduma aberatsetik ateratako bi filmeri buruzko saioak antolatu eta artxiboaren erabilerari buruzko masterclass bat emanen du.

Bestetik, Punto de Vista jaialdiak dexente handituko du Hezkuntza Programa, ikasleei, gazteei nahiz familiei zuzendutako tailerrak, ikastaroak eta zine-emanaldiak barne hartuz.

Jaialdiaren programazioak zazpi atal nagusi izanen ditu: Sail Ofizialean, mundu osoko herrialdeetatik inskribatutako 1.160 filmetatik (Jaialdian inskribatutako film kopuru errekorra da) hautatu diren lanak bilduko dira; Atzera-begirakoetan, ez-fikzioaren ezinbesteko artistak izanen dira aztergai; azken edizioan abiarazitako Dokbizia delakoan, hainbat diziplinatako artistak bilduko dira, erreala denarekin nolako harremanak dituzten azaltzeko; Punto de Vista Labs deritzen esparruetan, jakintza-trukea eta sormen kolektiboa landuko dira; Foku Garaikideetan, gai bakarreko saioak antolatuko dira nazioarteko zinegile garrantzitsuenetako batzuei buruz; Saio Bereziak, X Films gisako programak, Euskadiko eta Nafarroako zinegileen arteko Pasaia topaketa edota Planetarioan antolatutako filmen zikloa tarteko dituena; eta azkenik, Hezkuntza Programa, jaialdia publiko berriei irekitzeko hazten jarraitu duena.

Horrekin batera, Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioko irudia ere eman da ezagutzera. Egia esanda, aurten ez dago irudi bat, ezta kartel bat bera ere. Lau irudi eta lau kartel daude. Dani Sanchis artistak sorturiko unibertso bisualari esker, lau kartelen artean, zinemaren identitatea, kontzeptua eta diziplina anitzeko ikuspegi integratzaile eta moldaerraza irudikatzen dituzte, sendotasun osoz irudikatu ere, Jaialdiak ulertu eta transmititzen dituen bezalaxe.

Programazioari dagokionez, aurten, Punto de Vista jaialdiaren argitalpena Jonathan Schwartz zinegile amerikarraren jardunari buruzkoa izanen da. Liburu honez gain, jaialdiak artista horren filmografia jarriko du ikusgai Atzera-begirakoetan. Irina Leimbacher kuratore eta akademiko amerikarrarekin batera komisariatutako ekimen honetan, haren filmak eta hark miretsitako zinegileenak bildu eta omenaldi-zikloa osatuko da. Schwartz urrian hil zen 45 urte zituela, baina hamarkadatik gorako jardunean, zinema esperimentaleko artista honek 20 film labur baino gehiago taxutu zituen 16 milimetrotan. Hark “miniaturak” zeritzen lanak irudizko zein soinuzko collagearen ideian oinarritutako kontenplaziozko film oparo eta delikatuak dira. Liburua Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistiko Garbiñe Ortegak editatuko du, izen eta ospe handiko idazle, akademiko eta zinegileen partaidetzaz: Erika Balsom, Ben Rivers, Max Goldberg, Ben Russell, Michael Sicinski, Irina Leimbacher, Deborah Stratman, Jodie Mack eta Rebekah Rutkoff. Liburuaren edukia hiru hizkuntzetan egongo da: gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz.

Rick Prelinger artxibozain, idazle, teoriko eta zinegile amerikar ezaguna izango da Punto de Vista Labs-eko protagonistetako bat. Iruñerako bisitan, “Partaide bidezko zinema: Muntaketa Algoritmoaren gainetik” izenburua daraman sormen kolektiboari buruzko tailerra emango du Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren eta Elias Querejeta Zinema Eskolaren lankidetzaz. Zenbait saiotan, bertaratutakoek film dokumental luzea eginen dute era kolektiboan, jaialdiaren azken egunean aurkeztuko diren tokiko zenbait film-artxibotatik abiatuta. Honela, partaideek artxiboko materialak XXI. mendeko memoria aktibotzat duen garrantzia aztertuko dute, Prelingerrek garatu zituen Lost Landscapes izeneko “esku-hartze historikoak” gisako kasuak baliatuz. Gainera, zinegileak berak komisariatutako bi programa aurkeztuko eta Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatearen lankidetzaz garatutako masterclass bat emango du. Prelinger aro digitalean hedaturiko material eta artxibo manipulagarrien kopuru handiei buruzko eztabaidaren erdigunean kokatu da. Hark doak ireki du milaka filmez osatua duen bilduma erraldoia Internet Archive deritzon plataforma digitalaren bitartez. Horrelako gaiak izanen dituzte hizpide, Prelingerren bildumako filmak ikusgai jarriko dituzten programa horietan.

Aurten, Punto de Vista Labs-en programazioaren barnean abiaraziko diren ekimen nagusietako bat Museum of Clouds deritzona izanen da. Horren bidez, Punto de Vista jaialdiak bat egin du munduko arte-erakunderik ospetsuenetakotzat jotzen den Londresko Tate Modern ikonikoarekin. Honek 2018ko urrian ireki zuen Museum of Clouds zikloa, eta Iruñea izanen da proiektu ibiltari hau jasoko duen munduko lehendabiziko egoitza. Museum of Clouds programak hodeian elkartu ditu azken hamarkadako zinemagintza aldarazi duten profesionalen lanak. Horren harira, ekimena, nazioartean parekorik ez duen kuratoreen arteko topagunea izanen da. Zinegileak, programatzaileek eta idazleek lan egiteko filosofiak, jardunbideak eta metodologiak esploratu eta partekatuko dituzte.

Azkenik, hezkuntza-programa hazten jarraitzeko asmoa erakutsi du jaialdiak, azken edizioan jarri zena martxan publiko berrietara irekitzeko. Hala, nabarmen handiagotuko da programa aurten, bereziki haurrei eta gazteei zuzendutako prestakuntza-jarduera askorekin. Punto de Vista jaialdiak komunitatearengana ireki nahi du ikus-entzunezko lanen sentsibilizazio eta hautematerako programa jakin batzuen bitartez, publiko horiei erremintak eskainiz errealitatearekiko ikuskera propioa landu dezaten, pentsamendu kritikoa garatuz, eta, gainera, balio horien eramaile bilakatuz beren inguru propioan. Hezkuntza-programan tailer hauek izango dira:  “Hiri posible guztiak”, Maider Fernández eta Aitor Gametxo zinemagileen eskutik; “Activisssime”, Iván Argote artista kolonbiarraren eskutik; “Haurrentzako zikloa”, haurrei zuzendutako animaziozko eta zinema dokumentaleko film laburrekin; “Goizetako eskoletako saioak”, proiekzioekin hiriko ikastetxe desberdinetan; “Zehar irudiak”, Arantza Santesteban eta Mari Luz Estebanen eskutik; eta, azkenik, zinema dokumentalari eta genero-ikuskerari buruzko “Dràc Magic Tailerra”, Bartzelonako Dràc Magic kolektiboaren eskutik, batxilergoko ikasleei zuzendua.

Aurrerapen guzti horiekin batera, Dokbizia topaketarako argumentuaren haria marraztu da; aurreko edizioan ekin zitzaion ekimenari, eta diziplinarteko topaketa da, praktika desberdinetako artistak batzen dituena errealitatearekin harremanetan izateko duten modua elkartrukatzeko. Dokbizia-ren lehen urtean "Eman iezadazue, bada, gorputz bat" gaia izan zen landu zena. Bide kontzeptual gorpuzdun berarekin jarraitzea da asmoa, Meredith Monk artista eta antzezlearen aipu bat abiapuntu hartuta: "Ahotsak ez du inoiz gezurrik esaten". Baieztapen iradokitzaile eta zirikatzaile horretatik abiatuta, Punto de Vista-k espazio bat aktibatu nahi du, non "ahotsa mundu gisa eta mundua zinema gisa" ulertzen den, eta non zinemagile, antzezle, teoriko, soinu-artista eta musikariek beren lanak partekatuko dituzten, ahotsaren leuntasunari, (auto)entzuteari, bitartekotzari, itzulpenari eta polifoniari buruzkoak. Laster emango da ezagutzera ziklo honetako programazio osoa, eta hainbat proiekzio, hitzaldi performatibo, irakurketa, kontzertu eta soinu esku-hartze esperimental izango dira, nazioarteko artista ospetsuen eskutik.

Programako proposamenekin batera, aurreko urteetan abiatutako kolaborazioak eta kideak lortzeko lanak aurrera jarraituko du 13. edizioan.  Punto de Vistak, hala, sendotu eta areagotu egingo ditu aurreko edizioetan abiatutako elkarlanak, Iruñeko Udalarekin, Caja Navarra Fundazioarekin, Planetarioarekin, Nafarroako Zinematekarekin, Huarteko Arte Garaikideko Zentroarekin eta Donostiako Elías Querejeta Zinema Eskolarekin besteak beste. Horiei gehituko zaizkie Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatea edo estatuko zinema-eskoletan lantzen ari diren proposamen bateratuak.

2019ko martxoaren 11tik 16ra ez-fikzio zinematografikoak bere lekua izango du beste behin Punto de Vista topaketan.

BOLUNTARIOTZA ETA GAZTEEN EPAIMAHAIA

Punto de Vista jaialdiak ireki du jada boluntariotza-taldeetan eta gazteen epaimahaian parte hartzeko izen-ematea. Bi proposamenetan interesa duten pertsonek www.puntodevistafestival.com webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena, otsailaren 15a eta 18a baino lehen, hurrenez hurren.

Punto de Vista boluntario bila ari da jaialdiko antolakuntzan parte hartzeko, honako betekizunetan zehazki: aretoetako arreta, lantalde teknikoen laguntza, ekoizpen-koordinazioa, laguntza komunikazio-sailari, laguntza jaialdiko bideo- eta argazki-lantaldeari, laguntza gonbidatuei edo publikoarentzako laguntza orokorra eta informazioa.

Bestalde, gazteen epaimahaia osatzeko aukera eskainiko du beste behin, 18 eta 25 urte arteko pertsonentzako. Film onenaren gazteen saria emango du epaimahaiak.


KOMUNIKABIDEENTZAKO MATERIALAK

Komunikabideentzako material grafikoa (kartelak, argazkiak, logoak, fotogramak, etab.) esteka honetan deskarga daiteke: https://bit.ly/2Bcv1cP.


 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa