(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

San Francisco Javier Zentroaren eraldaketak Nafarroako Osasun Mentaleko Sarearen zerbitzuak handitzea ahalbidetu du, 13 milioi euroko inbertsioari esker osteguna, 2018.eko abenduak 13


Domínguez kontseilariak Arlo Anbulatorio Espezializatuko eta Egonaldi Ertain eta Luzeko Ospitalizazioko instalazio berriak bisitatu ditu


Dominguez Kontseilariak eta zentroaren langileak ( irudia handitu )

Osasun kontseilari Fernando Domínguezek, Osasun Mentaleko kudeatzaile Begoña Flamarique, Pazientearentzako Arretako zuzendari Alfredo Martínez eta Osasun Mentaleko Gerentziako Ospitalizazio Zerbitzuko buru Víctor Peraltarekin batera, Iruñeko San Francisco Javier zentroa bisitatu du gaur goizean, bertako Psikiatria Arloan 13.230.331,70 euroko guztizko inbertsioaren bidez egin diren handitze eta eraldatze lanen ondoren. Proiektua 2014ko urrian abiarazi zen eta Osasun Mentaleko Ospitalizazio Arloaren sorrera ekarri du, egonaldi ertain eta luzeko bi ospitalizazio unitaterekin eta Osasun Mentaleko Sarearen zerbitzu komunitarioen eskaintza osatzeko baliabide eta programa espezializatuak biltzen dituen Arlo Anbulatorioarekin.

Eraikitako guztizko azalera 9.018,30 metro koadrokoa da. Aurreproiektua eta proiektua Estudio de Estrategias Arquitectónicas SAS, S.L. enpresak egin ditu, eta eraikuntza Ferrovial-Agromán, S.A., Grupo Obras Especiales de Navarra, S.A. -Obenasa- eta S.A. Navarra de Construcciones -Sanco- enpresek osaturiko Psicogeriatrico de Pamplona AEBak gauzatu du.

Bisitan parte hartu dute, halaber, EEU/ELUren Ataleko buru Virginia Basterrak, EEU/ELUko Erizaintza Unitateko buru Gemma Urralburuk, Lehendabiziko Gertaera Psikotikoen Programako zuzendari María Oterok, Osasun Mentaleko Gerentziako Kudeaketa Ekonomiko eta Profesionalaren Zerbitzuko buru Enrique Amoztegik, Administrazio Ataleko buru Ricardo Atanesek eta Osasun Mentaleko Zainketa Zerbitzuko buru Xabier Antomasek parte hartu dute.

Zerbitzu berriak

San Francisco Javier zentroaren eraldaketaren bitartez, egoitza izaera hutsa izatetik osasun arloko arreta asistentziala eskaintzera igaro da, pazienteei aldi baterako egonaldiak eskainiz. Egonaldi ertain eta luzeko unitate berriek, aldamenean kokaturiko Errehabilitazio Unitatearekin batera, Osasun Mentaleko Gerentziaren ospitalizazio-zerbitzuen eskaintzaren muina osatzen dute. Zerbitzu horiek ingurune bakar batean bildu izanak haien arteko sinergiak errazten ditu eta asistentzia-zirkuitu bateratua sortzea ahalbidetzen du, gaixotasun mental larria duten pertsonen arreta sanitarioaren mesedetan.

Aldi berean, unitate hauek Osasun Mentaleko Sarean sartuta daude, gainerako zerbitzuekin batera: ospitale orokorretako ospitalizazio psikiatrikoko unitateak, osasun mentaleko eguneko ospitaleak eta osasun mentaleko zentroak, baita zerbitzu espezifiko komunitarioak eta Asaldura Mental Larria duten Pertsonentzako Arreta Programari atxikitako baliabide sozialak eta soziosanitarioak ere.

Zerbitzu horien bitartez, tratamendua eskaini nahi zaie asaldura mental larria izan eta ospitale orokorretako ospitalizazio psikiatrikoko unitateetakoa baino ospitalizazio luzeagoa behar duten pezienteei. Errehabilitazioaren aldeko ikuspegia dute, eta haien helburua ez da pazienteak instituzionalizatuta gelditzea. Horretarako, kualifikazio eta kalitate handiko diziplina anitzeko arreta sanitarioa eskaintzen diete, gaixotasun mental larrienak dituzten pertsonak komunitatera berriz ere txertatzeko eta ahalik eta bizi-kalitaterik handiena bermatzeko helburuarekin.

Egonaldi Ertaineko Unitatea (EEU)

Egonaldi Ertaineko Unitatea (EEU) irailean ireki zen. Solairu bakarra du eta 28 ohe, guztira; horietatik 18 gela indibidualetan eta gainerakoak bi pertsonarentzako bost gelatan. Unitate honetako zerbitzua ematen duen taldeak hiru psikiatra eta psikologo kliniko bat ditu, baita Osasun Mentalean espezializatutako zortzi erizain, erizain generalista bat, erizaintzako zainketa laguntzaileetako 17 teknikari, terapeuta okupazional bat, gizarte langile bat eta administrari laguntzaile bat ere. Unitate honek urtean batez beste 100 paziente artatzea aurreikusi da.


Autoritateak instalzioak bisitatzen ( irudia handitu )

Egonaldi Luzeko Unitatea (ELU)

Egonaldi Luzeko Unitatea (ELU) ekainean ireki zen. Bi solairutan banatuta, 28 ohe ditu guztira, den-denak gela indibidualetan. Unitate honetako zerbitzua ematen duen taldeak bi psikiatra eta psikologo kliniko bat ditu, baita Erizaintza Unitateko burua, Osasun Mentalean espezializatutako bost erizain, erizain generalista bat, erizaintzako zainketa laguntzaileetako 10 teknikari, terapeuta okupazional bat eta gizarte langile bat ere. Kasu honetan, unitateak urtean batez beste 50 paziente artatzea aurreikusi da, eta egonaldiaren gehienezko iraupena urte batekoa izango da.

Arlo Anbulatorioa

Arlo anbulatorioa berriak bi programa ditu egun: “Lehendabiziko Gertaera Psikotikoen Programa”, maiatzean abiarazi zena, eta “Talde Terapiako Programa”, abuztuan hasitakoa.

“Lehendabiziko Gertaera Psikotikoen Programa” da desgaitasuna prebenitzea helburu duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lehendabiziko programa espezifikoa eta 2017ko urtarrilean abiarazi zen. Arreta goiztiarra, trinkoa eta diziplina anitzekoa ematen die lehendabiziko psikosi agerpena izan duten pertsonei gaixotasunaren hasierako bi urteetan, horien susperraldia erraztu eta gerora bizimodu normala egitea eta helburu eta helmuga pertsonalanak betetzea bermatzeko xedez.

Programa pixkanaka-pixkanaka hedatuz joan da Nafarroako osasun-eremu desberdinetan barna, eta diziplina anitzeko talde baten laguntzaz, arreta integrala ematen du esku-hartze psikoterapeutikoak, osasun eta farmakologia arlokoak, hezkuntza eta lan arlokoak eta sozialak direla medio. Esku-hartze hauek artatutako pertsonen helburu eta beharretara egokitzen ahalegintzen dira, egun indarrean dauden baliabide sanitario eta komunitarioekin koordinatuta. Taldeak bi psikiatra, hiru psikologo kliniko, Osasun Mentalean espezializatutako bi erizain, terapeuta okupazional bat, gizarte langile bat eta administrari laguntzaile bat ditu.

Bestetik, “Talde Terapiako Programak” Osasun Sarean dauden talde-psikoterapiaren beharrei laguntza osasungarria eskaintzeaz gain, Lehen Mailako Arretan eta Arreta Espezializatuan dagoen psikoterapia mota honen beharrari erantzuten dio, Nafarroako Osasun Mentaleko Sarearen Psikoterapia Zerbitzuen Zorroan bildutako jarraibideak aintzakotzat hartuz. Programa honek Psikologia Klinikoko profesional bat eskaintzen du, Psikologia Klinikoaren formakuntzan trebatutako espezialisten partaidetzaz, formakuntza hori bertan bukatzeko aukera izan dezaten.

San Francisco Javier, erreferentziazko zentroa 

San Francisco Javier Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren (O-NOZ) erreferentziazko zentroa da asaldura mental larria duten pazienteak artatzeko. Egun, aipaturiko zerbitzuez gain, zentroak asaldura mental larriak modalitate desberdinetan dituzten pazienteentzako arreta eskaintzen du. Osasun Mentaleko Errehabilitazio Unitateak 28 ohe eta Eguneko Zentroko 32 plaza ditu; Eguneko Ospitale Psikogeriatrikoak eguneko ospitaleko 20 plaza eta dementzia duten pazienteentzako estimulazio kognitibo anbulatorioko 80 plaza ditu; eta asaldura mental larria duten pertsonentzako eta Psikogeriatriarako Egoitza Unitateetan 88 pertsonentzako lekua dago. Gainera, Osasun Mentaleko Gerentziako Farmazia eta Sukaldaritza zerbitzuak ditu, baita Osasun Mentaleko Irakaskuntza eta Zerbitzu Orokorren arloak ere.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa