(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak eta Farmazilarien Elkargoak informazio kanpaina abiarazi dute azido balproikoa segurtasunez eman dadin ostirala, 2018.eko abenduak 14


Epilepsiaren nahiz asaldura bipolarraren tratamendurako erabiltzen den azido balproikoari lotutako arriskuak prebenitzea da "Zero Akats" kanpainari atxikitako ekimen honen helburua, izan ere, haurdun dauden emakumeei emanez gero, fetua kaltetzen ahal du


Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Nafarroako Farmazilarien Elkargo Ofizialak (COFNA) baterako ekintza berria abiarazi dute, arrisku handikotzat jotzen den azido balproikoa deritzon medikamentua era seguruagoan eman dadin.

Ekimen hau, bi erakundeek joan den ekainean medikazio akatsak saihesteko ahozko metotrexatoarekin hasi zuten ‘Zero Akats’ lankidetza bidezko kanpainaren barnean antolatu da.

Zenbait hilabete geroago, ahoz hartzeko moduko azido balproikoa duten Depakine® eta Depakine Crono® medikamentuan aurkezpen desberdinak ardatz dituen ekintza berri bat abiarazi dute, farmako honen segurtasunari buruzko datuak aztertu eta horren erabilerari atxikitako arriskuak saihesteko farmaziak ekintza espezifikoa egin behar duela ondorioztatu ondoren.

Epilepsiaren nahiz asaldura bipolarraren tratamendurako erabiltzen den medikamentu honek fetua kaltetzen ahal du, haurdun dauden emakumeei emanez gero. Horren gain, sortzetiko malformazioak sor ditzake haurdunaldian azido balproikoaren eraginpean egin diren haurrengan. Arrisku hau aski ezaguna da, jaioberrien % 10engan ager baitaiteke. Azken urteotan, neurogarapenari dagozkion asaldurak identifikatu dira amaren sabelean medikamentu horren eraginpean egon diren neska-mutilen % 30 eta % 40 bitartean.

Pazienteentzako informazio eraginkorra

Haurdunaldian azido balproikoa duten medikamentuak erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuei buruz eraginkortasunez informatzea da Osasun Departamentuaren eta COFNAren arteko baterako estrategia berri honen helburua. Hartara, arriskuak gutxitzeko neurriak ezarri dira farmaziako profesionalari partaidetzaz, azido balproikoaren bidezko tratamendua hartu eta haurdun gelditzen ahal diren emakumeei funtsezko zenbait alderdi gogoratzeko.

Farmazilariek azido balproikoa duten medikamentuak hartu eta haurdun gelditzeko adinean dauden emakume guztiei jakinaraziko dizkiete haurdunaldian ekar ditzakeen arriskuak, eta ongi ulertu dutela egiaztatuko dute. Halaber, eskura duten informazio guztia arretaz irakurtzearen garrantzia (informazio-orria eta pazienteentzako informazio txartela) gogoratuko diete, metodo antikontzeptibo egokia erabili eta urtero medikuarengana joan beharra nabarmenduz. Horrekin batera, argi utziko diete tratamendua ez dutela bertan behera utzi behar, eta haurdun egon nahi badute edo haurdun daudela susmatzen badute, lehenbailehen medikuari jakinarazi behar diotela ohartaraziko diete.

Txartela, egiaztatze zerrenda eta posterra

Foru Komunitateko farmaziek, ahoz zein idatziz, azido balproikoaren bidezko tratamendua hartu eta haurdun gelditzeko adinean (14-50 urte) dauden Nafarroako 400 emakume baino gehiago informatuko dituztela aurreikusi da.

Horren kariaz, pazientearentzako informazioa duen txartel bat diseinatu da, arestian aipaturiko puntu kritiko guztiak bilduz, eta ‘egiaztatze zerrenda’ ezarri da pazienteek informazio hori ongi ulertu dutela egiaztatzen laguntzeko. Azkenik, kanpainaren helburuak laburbildu eta farmaziako profesionalek egindako galderetarako argibide gisa baliatu den posterra argitaratu da.

Bestalde, Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) bi informazio ohar kaleratu eta segurtasunari buruzko zenbait informazio material jarri ditu Osasun arloko profesionalen nahiz pazienteen esku. Material horiek guztiak AEMPSen webgunean eskura daitezke eta medikamentu hauek merkaturatzen dituen laborategia banatzen ari da.

Zero Akats kanpaina

‘Zero Akats’ kanpaina paziente bakoitzaren segurtasuna hobetzeko asmoz sortu da, izan ere, helburu hau lehentasunezkoa da Nafarroako Gobernuko Farmakozaintza Zentroarentzat nahiz Farmazilarien Elkargo Ofizialarentzat.

Ekimena Nafarroako osasun sistemaren Segurtasun Estrategiari atxikita dago, izan ere, Nafarroako 2014-2020ko Osasun Planaren lehentasunezko ildoetako bat medikazio arloko akatsak murriztea da. Halakotzat jotzen dira medikamentuak agindu, banatu edo ematerakoan gertatzen diren ustekabeko huts egiteak.

Medikazio arloko akatsak dira osasun arretari lotuta aurretiaz prebeni daitezkeen segurtasun arazoen portzentaje nagusietako bat. Medikazio akatsak prebenitzeko estrategiak medikamentuaren erabilera-kateari lotutako osasun arloko profesional guztiek partekatu behar dituzte, baita pazienteek ere, medikazioari buruzko ezagutzan eta beraren segurtasunean inplikatuz.

Testuinguru honetan, komunitateko famazia da pazienteek osasun sistemarekin duten azken harreman-gunea, eta horren ondorioz, farmaziak berealdiko eginkizuna du arriskuei aurre egiteko ezagutu beharreko neurriak indartzeko. “Zero Akats” kanpainak arrisku handiko medikamentu bat edo batzuk lehenetsi nahi ditu urtero, farmaziako profesionalentzako zein herritarrentzako informazio materialak landuz, medikamentuak erabiltzeko baldintzak hobeto ulertzeko eta paziente bakoitzaren segurtasuna hobetzeko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa