(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ekologikoan landatutako %15eko azalera 2020rako lortzea izango da sektorearentzat egindako Nafarroako lehen planaren helburua ostirala, 2018.eko abenduak 14


Elizalde kontseilariak ekimen hau aurkeztu du “ingurumenarekiko errespetu handiagoa duen jarduera aintzat hartzen duen iraunkortasun-eredua eraikitzeko, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekin bat eginez”


Ekoizpen ekologikoa sustatzeko 2018-2020 Plana Foru Komunitatean era horretako ezaugarriak kontuan hartu dituen lehen ekimena da, eta horren helburua da landatutako azaleraren %15a ekologikoa izatea bi urtetan. Neurriak, gehienak Nafarroako Landa Garapeneko Planaren barruan jasotakoak, 7.695.000 euro kostatzen dira.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek gaur goizean aurkeztu du ekimena prentsaurrekoan, eta nabarmendu du “nekazaritza-sektorean iraunkortasunaren eredu paradigmatikoa eraiki nahi dutela, ingurumena gehiago errespetatzen duen eta ingurumenarekin bateragarria den jarduerarekin, enplegua sortzeko eta landa-ehunari eusteko aukera ere bultzatuaz, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekin bat eginez”.

Horrez gain, Elizaldek azpimarratu du neurri horren bitartez “kontsumitzaileek kalitate handiko ekoizpen bereizgarriak balioestea lortu nahi dutela, osasun-arloan, elikagaien segurtasunean eta naturarekiko errespetuan gizarteak eskatzen duenarekin bat etorriz”.

Informazio-ekitaldian, halaber, Juanma Intxaurrandietak, INTIAko kudeatzaileak (Nekazaritzako Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) eta Edorta Lezaunek, CPAEN-NNPEK-eko lehendakariak (Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua) hartu dute parte.

Planaren edukia

Planean, lehentasunezko ardatz estrategikotzat jotzen da lehen mailako ekoizle ekologikoaren lehiakortasuna hobetzea, sektore ekologikoan lanean ari direnak nahiz hasi berriak direnak kontuan hartuta. Ekoizpen ekologikoaren sistemara atxikitzea bultzatzeko, zenbait neurri ezarri dira, baliabide egokiak eta eszenatoki erakargarriagoa errazten dutenak, haien finantza eta merkaturatze gaitasuna nahiz babes teknikoa hobetuaz.

Bigarren ardatz estrategikoa izango da nekazaritza-industriaren eta lehen ekoizpen ekologikoaren artean harreman komertzial egonkorrak ezartzeko zailtasunei aurre egitea. Modu horretan, hurbileko ekoizpenen hornidura sustatzeko neurriak ezarriko dira. Bestalde, kontsumitzaileen konfiantza hobetze aldera, eta produktu ekologikoak kontsumitzea sustatzeko, horiekiko eta kontsumitzaileen konfiantzarekiko sustapen-lanak bultzatuko dira.

Halaber, beste bi ildo estrategiko sartu dira planean, sektore ekologiko osoan eragina dutenak. Alde batetik, sektorearen egitura eta antolaketarekin loturikoak dira oro har, eta, bestetik, Nafarroan ekoizpen ekologikoak ekarriko dituen onura sozialak eta ingurumen-arlokoak azpimarratzekoak.

Aurretiko lanak egiten 2016an hasi ziren

Planaren barruko neurriak 2016an abian jartzen hasi ziren. Zehazki, urte horretan, Gobernuak NNPEK Kontseiluarentzako laguntzak erregulatzen dituzten oinarriak eratu zituen, Nafarroan ekoizpen ekologikoa kontrolatzeko aginte gisa, 2016-2020 denboraldirako.

Gainera, 2017an, unitate espezifiko berria sortu zen Departamentuan, era horretako ekoizpenean aritzea erabakitzen duten profesionalei zerbitzu osoa eskaintzeko, eta INTIA enpresa publikoak lan-taldea sortu zuen, sektore ekologikoa finkatzearren. Era berean, iaz aldatu zen Landa Garapeneko Programa, ekologikoan ekoizten duten nekazariek eta abeltzainek kobratzen dituzten sariak gehitzeko. Horrela, ekoizpen  ekologikorako ordainketen zenbateko unitarioak aldatuta, batez beste %20 gehitu dira primak. Eta jada, aurten, 2018an, Urbasa-Andiako larreak ekologikoan sartu dira, eta Departamentuak operadore ekologiko bezala identifikatzen duen ziurtagiria ere badu dagoeneko.

2019ari begira, urtearen hasiera aldera, merkaturatzeko bide laburretarako elikagai ekologikoak biltzeko Zentroa Noainen abian jartzea aurreikusten da, OPPOSA zaharraren instalazioetan. Neurri horri esker, banaketako instalazio logistikoak batera erabili ahal izango dira, eta elikagaien erosketa publikoko lizitazioetarako sarrera erraztuko du.

Ekoizpen ekologikoa Nafarroan

Nafarroako azalera ekologikoaren portzentajea %10 ingurukoa da; hots, Espainiako batez bestekoaren oso antzekoa, eta urtetik urtera hazten doa. 2017. urtean, %18 hazi zen, eta 57.310 hektarea izatera iritsi zen (nekazaritza-azalera, guztira, 545.520 hektareakoa izanik, larre iraunkorrak sartuz gero). Horietatik 11.292 lur goldagarriko laboreenak dira, 43.808 larre iraunkorrekoak eta 2.210 labore iraunkorrekoak (azken horietatik 1.072 ha mahastiak, 668 olibadiak eta 470 fruta-arbolak).

Abeltzaintzari dagokionean, 2017ko datuen arabera, Nafarroak 108 abeltzaintza-ustiapen ditu, eta honela banatzen dira: 15 haragitarako behi-haziendarenak eta 2 esnetarako behi-haziendarenak; 18 haragitarako ardienak eta 6 esnetarako ardienak; 7 haragitarako ahuntzenak eta 2 esnetarako ahuntzenak; 1 gizentzeko oilaskoenak eta 12 arrautzak jartzeko oiloenak; 39 ekidoenak; 1 txerri-haziendarena eta 5 apikulturakoak.

Nafarroak ekologikoan ziurtatutako 630 operadore izan zituen 2017an, aurreko urtean baino %12  gehiago. Horietatik 498 nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleenak izan ziren (1 akuikulturakoa); 114 landare eta animalia ekoizpeneko egile/prozesadoreenak; 1 inportatzailearena eta 17 biltegi-jabeenak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa