(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak osasuna hobetzen lagunduko duen hezkuntza sexual normalizatua defendatzen du, Osasunaren Mundu Erakundearen ikerketa zientifikoetan oinarri hartuta asteazkena, 2018.eko abenduak 19


Ikastetxe, familia, osasun-zerbitzu eta agente sozialak erantzunkide izatea proposatzen du, eta helburu horri jarraikiz bide berdina jorratzea


Mª José Pérez, NOPLOI-ko zuzendariaren agerraldia, Gabilondoz eta Echauriz lagunduta ( irudia handitu )

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari gerente den María José Pérezek gaur azaldu ditu Nafarroako Parlamentuan eskola-eremuan hezkuntza sexual eta afektibo normaldu baten beharra bermatzen duten ebidentzia zientifikoak, eta erakundeak Skolae programarekin duen lankidetzaren berri eman du.

GB, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek eskatutako agertze parlamentarioan Luis Gabilondo eta Margarita Echauri izan ditu lagun, Osasuneko zuzendari nagusia eta Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua hurrenez hurren.

Osasun sexualaren garrantzia

Luis Gabilondok gogoratu duenez, Osasunaren Mundu Erakundeak pertsonen osasunaren eta ongizatearen elementu garrantzitsutzat dauka sexualitatea, eta bai giza eskubidetzat eta pertsonalitatearen osagarri integraltzat ere. 

Osasun Departamentuko arduradunek adierazi dute maiz gutxiesten dela sexualitateak osasun fisiko, psikiko eta sozialean duen garrantzia eta eragina, eta biztanleen portzentaje handi batek sufritzen duela edo sufriarazten dituela beste pertsona batzuk sexualitatearekin lotutako arazoengatik. Ondorio hauek azaleratu dituzte:

• Haurdunaldi ez desiratuek gora egin dute Nafarroan.

• Transmisio sexualeko infekzioak osasun publikoko arazo dira egun, bai Nafarroan, bai Europan eta bai gainerako lekuetan ohartemandako goranzko joera dela eta. Azken hamarkadan laukoiztu, hirukoiztu edo bikoiztu egin dira sifilisaren, gonorrearen, klamidiasiaren eta giza immunodefizientziaren birusaren tasak hurrenez hurren.

• Espainiako 15 urtetik gorako emakumeen % 15 baino gehiagok indarkeria sexual motaren bat pairatu du bizitzako momenturen batean, eta haurren % 3,5ek indarkeria sexuala pairatu du 15 urteak bete orduko.

• Mutilen % 8k eta nesken % 4k pairatu du ekintza homofobikoren bat. Gazteen % 80 izan da hitzezko agresioren baten testigu, % 40 bazterkeria-egoeraren baten biktima eta % 20 izaera homofoboko indarkeria fisikoren batena.

• Biztanleriaren % 30ak pairatzen du edo pairatu du sexu-disfuntzioren bat (bai emakumeek eta bai gizonek), disfuntzio zutikor akutua, eiakulazio goiztiarra, baginismoa, dispaurenia, sexu-desiraren inhibizioa edo anorgasmia bezalako arazoekin.

Gabilondok baieztatu du arazo horietako asko isilean gordetzen direla, paziente askok ez baitute medikuari galdetzeko adorerik ere izaten, nahiz eta osasunean eta bizi-kalitatean eragin nabarmena izan. “Maiz izaten dira horiei lotutako arazo emozional eta psikologikoak, ez dutenak soilik pazientearengan eragiten, baina baita bikote-harremanean, eta, ondorioz, familia- eta gizarte-inguruan”, Gabilondok azaldu duenez.

Hezkuntza sexuala normaltzeko beharra

Osasuneko zuzendari nagusiak sexu-osasunari ematen zaion arreta normaltzeko beharra nabarmendu du, bai osasun-sisteman eta bai eskolan. Gainera, giza osasunaren beste edozein eremutan aplikatzen den zehaztasun tekniko berberarekin egitearen beharra ere azpimarratu du.

Hori lortzeko, “onar dezagun sexualitateari buruz hitz egitea tabu soziala dela oraindik ere, komunikazio normalizaturako zailtasun garrantzitsuak sortzen dituena, bai gurasoen eta seme-alaben artean, bai hezitzaileen eta ikasleen artean, eta baita osasuneko profesionalen eta pazienteen artean”.

Tabu sozial horrek agerian jartzen du, hain zuzen ere, hezkuntza afektibo eta sexuala normaltzearen garrantzia, ikastetxeetan ere bai. Ildo horretatik, honako hau gogoratu du:

• Osasun Mundu Erakundeak berak nabarmendu du oso jende gutxik jasotzen duela sexu-bizitzarako prestakuntza egokia.

• Inork ez du zalantzan jartzen gurasoek eta familiek funtsezko betekizuna dutela edo izan beharko luketela prestakuntza horretan; hala ere, gazteen % 10,6k bakarrik dio jaso dituela gurasoengandiko aholkuak beren bizitza sexualen hasieran.

• Intuizio bidezko edo lagunen bitarteko autoprestakuntza da oraindik ere bide nagusia.

• Pornografiarako sarbide orokortua da nagusi adin oso goiztiarretatik hasita, gailu mugikorren bitartez egiten dena.

• Sexualitatearen irudi distortsionatu eta ez-osoa erakusten da komunikabideetan eta Interneten.

Gabilondok onartu duenez, gaizki-ulertuek eragin dute urte askotan zehar bai osasuneko eta bai hezkuntzako botereek sexu-osasunaren hezkuntzaren eremuan esku hartzeko duten ardura eta betekizun legala bazter utzi izana.

Zuzendari nagusiak aktore guztien erantzunkidetasuna eta parte-hartzea eskatu ditu bere hitz-hartzean. “Polemikak ez du laguntzan, biztanleriaren sexu-osasuna hobetzeko beste aukera bat galtzera eraman gaitzakeelako. Osasun Departamentuak guztiz errespetatzen ditun sentsibilitate desberdinak, baina gure ardura da osasuneko esku-hartzerako proposamenak ebidentzia zientifikoetan oinarri hartuta egitea”.

Kontsentsua eta ebidentzia zientifikoa

María José Pérezek azpimarratu nahi izan du egun kontsentsu zientifiko orokortu bat dagoela, bai mundu mailan, bai Europa mailan eta bai estatuan, hezkuntza afektibo eta sexuala eskolan txertatzearen behar eta efikaziari buruz, adin goiztiarretatik hasita gainera. Izan ere, onura nabarmenak dakartza osasun eta ongizaterako, eta baita transmisio sexualeko infekzioak, haurdunaldi ez desiratuak eta sexu-indarkeria prebenitzeko.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren gomendioak “Nazioarteko orientabide teknikoak hezkuntza sexualari buruz, ebidentzian oinarritutako ikuspuntua” lanean oinarritu dira. Lan hori Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta UNICEFek gauzatu dute. Bertan, konpromiso handiagoa eskatzen zaie gobernuei hezkuntza sexual integraleko programak haurren eta gazteen ikastetxeetan garatzeko, ikerketa zientifikoetan oinarritzen diren curriculum egituratuekin.

Aipatutako lanak hezkuntza sexual integraleko programek hainbat aspektutan dituzten onurak erakusten dituela azaldu du, zeinen artean hauek nabarmendu dituen:

• Ebidentzia zientifikoa dago emaitza positiboen inguruan, bai lehen mailakoetan (sexu-harremanen hasiera-adinaren atzeratzea eta maiztasun txikiagoa, sexu-bikote gutxiago, arrisku-jokabide gutxiago, preserbatiboen eta antikontzeptiboen erabilera handiagoa) eta bai bigarren mailakoetan (autoidentitatea, indarkeriaren eta genero-bazterkeriaren gutxiagotzea, harreman osasuntsuagoak, etab.).

• Frogatu da hezkuntza sexual integralak ez duela sexu-jarduerarik areagotzen, eta ezta sexu-jarduera arriskutsurik ez transmisio sexualeko infekzioen tasarik.

• Frogatu da baita sexu-abstinentzia baino bultzatzen ez duten programek ez dutela inolako eraginik sexu-harremanak hasteko adinaren atzeratzean, harremanen maiztasunean edo bikoteen kopuruan.

• Generoan ardaztutako programek lortzen dituzte emaitza onenak, giza eskubideetan oinarritzen direnak. Gainera, emaitza hobeak lortzen dira eskola-programak familien, osasun-zerbitzuen eta beste gizarte-agente batzuen partaidetzarekin osatzen direnean.

Aipatutako Osasun Mundu Erakundearen, UNESCOren eta UNICEFen txostenean hitzez hitz baieztatzen denez, “nahiz eta hezkuntza sexual integralaren behar argi eta larria dagoen, eta haren emaitzak frogatuak baldin badaude ere, oraindik ez dago eskuragarri munduko herrialde guztietan. Arrazoi askoren ondorio da egoera hori eta arrazoi horien artean dago hezkuntza sexual integraleko programekiko erresistentzia, gaizki ulertzen direlako horien izaera, helburuak eta eraginak”.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari gerenteak bere hitz-hartzean gogoratu duenez, hezkuntza sexualeko programak abiatzean maiz sortzen diren interpretazio, gaizki-ulertu eta ikusmolde okerren adibideak eta erantzun teknikoak jasotzen ditu Osasun Mundu Erakundeak berak, Nafarroan gertatu den bezala. 

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren papera ikastetxeetako hezkuntza afektibo eta sexualean

Sexu eta Ugalketa Osasuneko 103/2016 Foru Dekretuan ezarritako lege-betekizuna betetzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak elkarlana egin du Hezkuntza Departamentuarekin, Skolae programaren laugarren ardatzaren garapenean: “Sexualitatea eta tratu onak”. Elkarlana ebidentzia zientifikoan oinarritzen diren proposamen operatiboen elaborazioan ardaztu da, bai helburu eta eduki batzuetarako, bai metodologia pedagogiko aktibo eta ireki baterako, eta bai irakasleentzako material- eta prestakuntza-eskaintzarako.

Horien elaboraziorako, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak osasunerako hezkuntzaren arloan sinesgarritasun ziurtatua eta lidergo eztabaidaezina duten profesionalak dauzka, sexologiaren esparruko prestakuntza dutenak, zeinen gomendioak nazioarteko ebidentzia eta kontsentsuetan oinarritzen diren, eta zeinek hezkuntza ireki, aktibo eta parte-hartzaile baterako metodologiak proposatzen dituzten eta esperientzia zabala duten osasunaren sustapenean elkarteen partaidetza aktiboa bultzatzen”, María José Pérezek adierazi duenez.

Aipatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bizitza osasuntsuko estilo guztietan osasuna sustatzeko erabiltzen dituen lanetako metodologia eta zorroztasun tekniko berbera erabili dituela: elikadura, ariketa fisikoa, substantzien kontsumoa eta adikzioak, ongizate emozionala eta beste batzuk, bai bizitzako etapa guztietan, baina bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan. Eta hala garatu dira lanok 90eko hamarkadatik hona, nazioko eta nazioarteko organismoetako gomendio eta ikerketei jarraikiz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak formulatutako hezkuntza-helburuen proposamenak “Hezkuntza sexualeko estandarrak Europarako, Europarako OMEren eskualdeko bulegoarenak” lanean ere oinarritu dira. Lan horretan ikuskera integral baten barnean ulertzen da hezkuntza afektibo eta sexuala (autoestimua, emozioak, harremanak izateko trebetasunak, tratu onak eta komunikazioa), psikologia ebolutiboa eta egungo gizarte-testuingurua aintzat hartuta.

Txostenak hainbat ikerketa jasotzen ditu eta hezkuntza sexualak etapa bakoitzean landu beharreko gaiak gomendatzen ditu, adin eta ardatz desberdinetarako informazio, jarrera eta trebetasunak landuz: giza gorputza eta bere garapena; emankortasuna eta ugalketa; sexualitatea; emozioak, harremanak eta bizi-estiloak; sexualitatea, osasuna eta ongizatea; eskubideak eta sexualitatea; eta, azkenik, sexualitatea determinatzen duten gizarte- eta kultura-aspektuak (arauak eta balioak).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa