(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Aholkularitza Kontseiluak Foru Berria aldatu eta eguneratzeko eztabaidak bukatu ditu asteazkena, 2018.eko abenduak 19


20 legelarik osatzen dute 2016an berrituz zenez geroztik, eta Foru Berriaren aldaketari buruzko irizpenak emateko 18 osoko bilkura egin ondoren, gaurtik aurrera testua informazio publikoan jarri du


2016an berrituriko Foru Zuzenbide Zibileko Aholkularitza Kontseiluak abenduaren 12an egin zuen azken bileraren irudia. ( irudia handitu )

2016ko berritzeaz geroztik Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María José Beaumont buru eta 20 legelari kide dituen Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Aholkularitza Kontseiluak martxoaren 1eko 1/1973 Legearen bitartez onartutako Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko azterketa eta eztabaida saioak bukatu ditu.

Gaurdanik, testua aldatu eta eguneratzeko Foru Lege aurreproiektua informazio publikoan jarri da Gobernu Irekiaren Atarian, eta horrekin batera, Abokatu, Notario, Prokuradore eta Jabetzaren Erregistratzaileen Elkargoetara, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salara eta bi Unibertsitateetara igorri da. Ondoren, Gobernuko Departamentu desberdinen txostenak eskatuko dira, Gobernuak Foru Lege proiektutzat onartu eta, legealdia bukatu baino lehen, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatu eta onartzeko.

Lehendakaritza Departamentuak kontraturiko Foru Zuzenbide Zibileko aditu Ana Clara Villanueva Latorrek landu dituen zirriborroak oinarritzat harturik, Aholkularitza Kontseiluak eztabaida luze eta sakonak egin ditu aldaketaren nondik norakoak eta gauzatzeko modua zehazteko.

31 urte aldatu gabe

Foru Berria izenaz ezagutzen den Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren aldaketa legealdi honetarako Akordio Programatikoan aurreikusita dago, testua eguneratu eta egungo gizartearen errealitatera egokitzearen garrantziak eta beharrak bultzatuta, izan ere, duela 45 urte onartu eta duela 31 urte aldatu zen, apirilaren 1eko 5/1987 Foru Legearen bidez, konstituzio-esparrura egokitzeko. Hala ere, maiatzaren 11ko 11/1988 Foru Aginduak argi utzi zuen testuari buruzko azterlan sakona egin behar zela erabat eguneratu ahal izateko.

Aurten, filiazioari buruzko aldaketa puntuala egin da, Parlamentuan aho batez onarturiko maiatzaren 17ko 9/2018 Foru Legearen bitartez, 69, 70, 71 eta 72 Legeak aldatuz.

Gobernuak aurreproiektu honetan lanean dihardu, Parlamentuko Foru Araubideari buruzko Batzordeak martxoaren 15ean onartu eta 2016ko apirilaren 8an Foru Berria eguneratzeko eta XXI. mendeko errealitatera egokitzeko batzorde txostengilea eratu zenez geroztik.

Garrantzi handiko lan horri ekiteko, nahitaezkoa zen otsailaren 6ko 9/2006 Foru Dekretuak sortu eta 2010ean, Foru Berriari behin ere egin ez zaion aldaketa sakona egiteko beharra egiaztatu ondoren, jarduerarik gabe egon den Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Aholkularitza Kontseiluak horri buruzko eztabaida eta informazioa eman zezan.

Sei urtez jarduerarik gabe egon ondoren, eta aurreko kontseilukideak izendatu zirela bost urte igarota, legealdi honetan osaera aldatu da Beaumont kontseilariaren uztailaren 12ko 142/2016 Foru Aginduaren bitartez, Kontseiluko kide berriak izendatuz. Kontseilu berria 2016ko azaroaren 23an egindako bileraren bitartez eratu zen, jarduerari berriro ekinez eta egun hartatik joan den asteazkenera arte, abenduak 12, 18 osoko bilkura egin dituelarik, zenbait gairi buruz sortutako lan-taldeen hainbat bileraz gain.

Nafarroako Gobernuaren ordezkariak ez ezik, Kontseiluak Foru Zuzenbide Zibilarekin lotutako hainbat esparrutako ospe handiko sei aditu eta Foru Komunitateko instituzio eta erakundeek izendatutako beste bederatzi kide ditu.

Kontseiluko kideak

Egun, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Aholkularitza Kontseiluko kideak dira Beaumont kontseilaria, lehendakari karguan; Lehendakaritza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusi Edurne Eginoa, lehendakariorde gisa; Justiziako zuzendari nagusi Lurdes Aldave; Lege Aholkularitza Zerbitzuko zuzendari Belén Cilveti; eta Gobernuaren Idazkaritza eta Araugintza Zerbitzuko zuzendari José Contreras, idazkari lanetan.

Ospe handiko legelari gisa, Kontseiluko kideak dira, halaber, José Luis Iriarte, Elsa Sabater, Roldán Jimeno, Alicia Chicharro, Esther Erice eta Isabel Urzainqui.

Gainerako kontseilukideak hauexek dira: Teresa Hualde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatuta; Javier Nanclares, Nafarroako Unibertsitatearen ordezkari gisa; Francisco Javier Fernández eta Miguel Ángel Abárzuza, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren izenean; Juan Mari Zuza eta Javier Boneta, abokatuen elkargoek proposatuta; Mª Ángeles Egúsquiza, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari gisa; Matías Ruiz, notarioen elkargoaren izenean, eta Mª Concepción Fernández, jabetza eta merkataritza erregistratzaileen elkargoak izendatuta.

596 Lege 5 Liburutan

Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Bilduma zuzenbide zibilaren ohiko banakapenari dagozkion gaiei buruzko (pertsona, familia, ondorengotzat, jabetza eta kontratuak) xedapenak biltzen dituen testu betea da.

Nafarroako gizarteko esparru pertsonalean, familiarren nahiz ekonomikoan gertatu diren eraldaketa sakonak ez zeuden behar bezala jasota zuzenbide pribatuan, eta horrek errealitate sozialaren eta instituzioen erregulazioaren artean sortutako etena gainditzea da, hain zuzen ere, Lege aurreproiektu honen helburua.

Hartara, Foru Zuzenbide Zibilaren arloan duen izaera historikoko eskuduntza esklusiboaz baliatuta, Nafarroako Gobernuak Foru Berriaren eguneratze eta aldaketa hau egin du, pertsona guztien indibidualtasuna eta familia, bizikidetza zein ondare arloko harremanak babesteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa