(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ekintzailetza-jardueraren tasa 2017an %4,8koa izan zen Nafarroan osteguna, 2018.eko abenduak 20


Duela hiru urte eta erdi baino gehiago lanean hasi ziren negozio finkatuen kopurua %7,8koa da, eta estatukoa gainditzen du


Ekintzailetza Jardueraren Tasa (EJT) %4,8koa izan zen 2017an Foru Komunitatean, GEM txostenaren (Global Entrepreneurship Monito) azken datuen arabera; beraz, 2016tik puntu bat igo zen. Estatuko EJT ere igo egin zen aurreko urtetik, eta %6,2ra iritsi zen.

EJTean, ekintzailetza-jardueraren hasierako fasean (duela hiru urte eta erdi hasita) dauden 18 eta 64 urte arteko biztanleriaren portzentajea agertzen da, eta oraingo tasa gure lurraldean 2009az geroztik izandako bigarren handiena da; urte horretan ekintzailetzak behera egin zuen 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz. Gainera, bi osagaiak —ekimen sortu berriei buruzko tasa (hiru hilabetetik beherakoak) eta ekimen berriei buruzkoa (hiru hilabete eta hiru urte eta erdi artekoa)—, aurreko ekitaldikoak baino handiagoak izan dira.

Negozio finkatuen (hiru urte eta erdi baino gehiagokoak) jabeak %7,8 izatera iritsi ziren, estatuan baino gehiago (%7,0). Nazioartean, adierazle hori soilik Suitzaren (%10,5) eta Herbehereen (%8,6) azpitik aurkitzen da, eta Ingalaterra (%6,7) edo Irlanda (%4,4) bezalako herrialdeen gainetik, horiek EJT maila altuak izanik. Datu hori kontuan hartuta, aurreko edizioetan ere gertatzen den moduan, esan dezakegu Foru Komunitateko ekintzailetzaren kalitatea altua dela, enpresa-ekimen berrien kopuru handi batek denboran zehar bizirik irautea lortzen baitu.

Era berean, azterketari erreparatuta, Nafarroan, garatutako beste herrialde eta eskualde batzuetan bezala, aukera bidezko ekintzailetza nagusi da premia bidezko ekintzailetzaren aurrean. Modu horretan, gure komunitatean, ia pertsona ekintzaile bat dugu premia bidezko hasierako fasean aukera bidezko hiru pertsona bakoitzeko.

Generoaren ikuspegiari dagokionean, nahiz eta ekintzaile potentzial eta finkatuen artean gizonak nagusi izan (%55,8 eta %53,8, hurrenez hurren), emakumeen kopurua handiagoa da hiru urte eta erdi baino gutxiagoko denboraldiko enpresa-ekimenen kategorian (%56,2).

Bestalde, Nafarroako azken urteetako GEM txostenen arabera, ekintzailetzan hasi diren pertsonen prestakuntza espezifikoa, ekintzailetzan hastekoa, hobetu egin da. Zehazki, edizio honetan, ekintzaile potentzialen %59,6ak eta hiru urte eta erditik beherako ekimenak dituztenen %54,2ak ekiteko prestakuntza du.

Enpresa berriak mikroenpresak dira, eta langile bakarreko (autoenplegua) erakundeak dira nagusi. Hala ere, inkesta egindako pertsonen %51,1ak 1 eta 5 langile artean haztea espero du datozen bost urteetan, eta %7,8ak (%3,3ko portzentajea 2016an) 6 eta 19 pertsona artean haztea.

Gainera, edizio honetan, joera-aldaketa nabari da enpresa erabat berritzaileetan, eta 2016ko %3,1etik 2017ko %8,8ra igaro dira.

Gure lurraldean ekintzailetzan hasteko aukera ederrak daudela uste duen biztanleriari dagokionean, txostenean esaten da aurreko urteko beherazko joera hautsi egin dela, eta orain kopurua %31,7koa da; hau da, 2016arekin alderatuta, ia zazpi puntu gehitu da.

GEM proiektuari dagokionean

GEM (Global Entrepreneurship Monitor) nazioarteko behatokia da, urtero ekintzailetza-fenomenoa aztertzen duena. 1999. urtean hasi ziren garatzen London Business School eta Babson College-en eskutik, eta, era horretan, munduko, estatuko, eskualdeko eta tokiko txostenak egiten ditu, osatzen duten herrialdeetako ikerketa-taldeen Kontsortzioari esker.

Nafarroan, GEM txostena honako hauek egiten dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), unibertsitate bereko Institute for Advanced Research in Business and Economics institutuak eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa sozietate publikoak (CEIN), Nafarroako Gobernuaren lankidetzarekin.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa