(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko dirulaguntzak eskatzeko deialdia ireki da osteguna, 2019.eko urtarrilak 3


Atzo, asteazkena, urtarrilak 2 hasita, horien tramitazioa egin daiteke Nafarroan dauden bederatzi zaharberritze bulegoetan


Urtearen hasierak Nafarroako etxebizitza eta eraikinen zaharberritze-lanetarako dirulaguntzak eskatzeko deialdien irekiera ekarri ohi du. Horren kariaz, atzo, asteazkena, urtarrilak 2 hasita, laguntza-espedientea tramitatzen ahal da Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoetan (ORVE). Foru Komunitatean dauden bederatzi ORVE bulegoen zerrenda, bakoitzari dagozkion udalerriak barne harturik, Etxebizitza Departamentuaren webgunean argitaratuta dago.

Halaber, Estatuan parekorik ez duen prozedura izanik, deialdia urte osoan irekita egoten da, eta aurrekontu-mugapenik ez dagoenez gero, ez da lehia-konkurrentziaren bidezko prozedura: ez dago espedienteen artean banatu beharreko kopuru zehatzik, eta ez dago epez kanpo aurkezteagatik nahiz esleitutako aurrekontu-saila agortzeagatik deialditik baztertuta geratzen den eskaerarik. Ondorioz, eskatutako dirulaguntza guztiak ematen dira, baldintzak behar bezala betez gero.

Deialdi honen bidez lor daitezkeen dirulaguntzak etxebizitzetako lan txikiak egiteko nahiz jabeen komunitateei dagozkion eraikin osorako neurri handiko jarduketei ekiteko baliatzen ahal dira.

Horren harira gogoratu behar da 2018an 22,5 milioi euro baino zertxobait gehiago banatu zela zaharberritzerako dirulaguntzetan, 5.429 etxebizitzari dagozkien 1.302 espedienteren bitartez, 65 milioi eurotik gorako guztizko inbertsioa tarteko. Zenbateko horiek 2017koak baino % 25 handiagoak dira.

Baldintzak eta diruz lagun daitezkeen lanak

Etxebizitzak 25 urteko adina izan behar du, gutxienez, eta onuradunaren ohiko bizitoki iraunkorra izan behar du. Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lanen kasuan, ez da beharrezkoa etxebizitzak gutxieneko adinaren baldintza betetzea. Onuradunak izan daitezkeen familien diru-sarrera haztatuak SARA halako 3,5 baino txikiagoak izan behar dute, baina jabeen komunitateendako dirulaguntzetan ez dago gehienezko sarrera-mugapenik.

Egin beharreko lanen gutxieneko aurrekontua 2.000 eurokoa da (lehen, 6.000 eurokoa zen), eta zernahi gerta ere, lanak ezin dira hasi espedientearen behin-behineko kalifikazioa lortu arte. Horren tramitazioa Zaharberritze Bulegoetan hasten da.

Hortaz, askotxo dira diruz lagun daitezkeen etxebizitza partikularretako lanak: iturgintza, elektrizitate nahiz berokuntzako instalazioak, galdaren aldaketa, bainugelen egokitzapena (bainu-ontziaren ordez dutxa jartzea), kanpoko arotzeriaren aldaketa, isolamendu termikoa eta akustikoa, gutxieneko habitagarritasun baldintzak betetzeko lanak edota etxebizitza desgaitasuna duten pertsonei egokitzeko lanak (beharren arabera), besteak beste.

Etxebizitzan errentan dituzten jabeek ere eskatzen ahal dituzte dirulaguntzak.

Berariaz nabarmen daitezke jabeen komunitateek eraikinen inguratzaile termikoa zein instalazio termiko zentralizatuak hobetzeko egin dituzten lanak, erosotasunaren nahiz energiari buruzko fakturaren mesedetan, baita irisgarritasuna hobetzeko lanak ere.

Onura fiskalak dituzten dirulaguntzak

Egungo dirulaguntzak abenduaren 22ko 22/2016 Foru Legearen bitartez aldatu ziren, eta bertan hainbat hobekuntza sartu ziren, bereziki gazteentzat (35 urte artekoak), 65 urtetik gorakoentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat. Laguntza hauek 25.000 eurokoak ere izan daitezke.

Nafarroako Gobernuak bermatzen du dirulaguntzen ordainketa, eta lanak bukatu ondoren egin ohi da, bizpahiru hilabete geroago, baldin eta lanak hasieran aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu baldin badira. 2018an, 16.350.000 euro banatu ziren dirulaguntzetan, 2017an banatutako 11.754.000 euroko kopuruaren aldean.

Gainera, zaharberritzea sustatzeko neurri gisa, 2018ko urtarrilaren 1az geroztik, jabeen komunitateei babestutako zaharberritze-lanak egiteko ematen zaizkien dirulaguntzak zergak ordaintzetik salbuetsita daude, horiei dagozkien subjektu pasiboek 30.000 eurotik beherako errentak baldin badituzte.

ORVE bulegora joan eta etxebizitza zaharberritzeko profesionalez profitatzea

Nafarroako herritar guztiek dute etxetik hurbil Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoren (ORVE) bat. Guztira, 9 ORVE bulego daude lurralde osoan zehar, eta horietan, administrariekin batera, teknikariek lan egiten dute, tokian tokiko eraikinen ezaugarriak eta tipologiak ezagutu eta zaharberritze-lanetan eskarmentu handia duten goi-arkitektoek nahiz arkitekto teknikoek.

Hortaz, gomendiorik onena, zaharberritze bulegoetako langileei galdetzea da, haiexek arduratuko baitira egin beharreko jarduketei buruzko aholkuak emateaz, doan eta profesionaltasun osoz, eska daitezkeen laguntzak, horien baldintzak eta tramitazioa eta bestelako jakingarriak ezagutzera emateaz gain.

Horren ondoren, oso gomendagarria da profesionalen laguntza izatea; finken administrari on batetik hasita, jabeen komunitateei dagozkien lanen kasuan, lanen zuzendaritza egokiraino edo konfiantzako enpresa eraikitzailea kontratatzeraino.

Nafarroa komunitate aitzindaria da zaharberritze lanetan, eta urtetan bildutako esperientziari esker, fidagarritasun handiko profesionalak ditu erreforma txikiak egiteko nahiz jabeen komunitateei dagozkien zaharberritze handiak bideratzeko.

Zaharberritzeak saria eta erritmoa ditu

2018an, lehendabiziko Biziberri Navarra Rehabilita sariak banatu ziren, zaharberritze-espedienteak sustatu dituztenen ahalegina aitortzeko. Sustapen bideoa url honetan ikus daiteke, horretarako konposatutako rapaz gozatzeko aukera eskaintzen duelarik. Gaur gaurkoz, modernoena zaharberritzea da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa