(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan 2.890 langabe gutxiago daude 2018an, % 8,1eko jaitsierari esker osteguna, 2019.eko urtarrilak 3


Gizarte Segurantzan 8.305 afiliazio gehiago daude urtebetean, eta 2006tik lehen aldiz, langabeziak behera egin du abenduan


Langabeziaren 2018ko bilakaerari buruzko grafikoa. ( irudia handitu )

Urte bukaeran 32.842 pertsona erregistratuta zeuden Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren (NL-NEZ) agentzietan.

Hortaz, langabeziak 173 pertsonatan egin du behera hilabeteko epean, -% 0,52, eta urtetik urtera 2.890 langabe gutxiago daude, hots, –% 8,1. 

Datu hauek kontuan harturik, bi gai nabarmendu behar dira. Alde batetik, 2006az geroztik, hots, azken hamabi urteotan lehen aldiz, langabeziak behera egin du urteko hondar hilabetean. Hau arras positiboa da, abenduan langabeziak gora egiteko ohitura baitzuen. Adibidez, krisiaren aurreko 2006. eta 2007. urteetan, langabeziak abenduan % 5,2 eta % 3,9 gora egin zuen, hurrenez hurren.

Bestetik, urtetik urterako langabezian izandako etengabeko beherakada ere nabarmendu behar da. Urteko batezbestekoari erreparatuta, 2017aren aldean izandako jaitsiera % 9,2koa izan da. 2008. urtearen bukaeraraino jo behar da langabezia erregistratuari buruzko antzeko datuak aurkitzeko. Kontuan hartu behar da langabeziaren mailarik handiena Nafarroan 2013ko otsailean gertatu zela, 56.524 langaberekin, eta geroztik, langabezia % 41,9 murriztu dela, 23.682 langabe gutxiago erregistratuta daudelarik.

Azken hilabetean gertatu denari dagokionez, joera aldaketaren azalpena estu-estu loturik dago, enpleguaren inguruko jardueretan (hileko jaiegunetan jarduera murriztu ohi duten aldi baterako lan-enpresak, kasu) eman den langabeziaren gorakada moteltzen lagundu duen zenbait jardueratako langabeziaren murrizketarekin. Gainera, kasu honetan, enpleguaren galera askoz ere arinagoa izanik, askoz ere aisago orekatu ahal izan da. Kontuan izan behar da, Nafarroan, abendua ez dela izaten oso hilabete positiboa enplegurako, bereziki zerbitzu sektoreak Estatuaren aldean duen pisu txikiagoaren eraginez, Eguberrietako kanpainaren ondorioak ere murrizten dituelarik. Hala ere, aurten, langabeziaren jaitsiera handiagoa gertatu da merkataritzan, osasun adarretan, lehen sektorean nahiz ostalaritzan izandako langabeziaren beherakadarekin bat eginik.

Bestalde, Estatuan langabeziaren jaitsiera % 1,55ekoa izan da hilabeteko epean, urte bukaerako jarduerak duen urtaroaren araberako eraginaren ondorioz. Nolanahi ere, urtetik urterako kopuruetan, langabezia gehiago murriztu da Nafarroan (-% 8,1) Estatuan (-% 6,2) baino. Horri esker, Foru Komunitatea langabeziaren jaitsierarik handiena izan duten autonomia-erkidegoen zerrendako goiko aldean kokatu da. Gurea da langabezia gehien murriztu den bosgarren komunitatea, inguruko autonomia-erkidegoen gainetik.

Beste elementu garrantzitsu bat, aldean dakartzan ondorioengatik, langabeak babesteko Estatuko sistemaren estaldura-mailari dagokio. Aurkeztutako azken datuen arabera, estaldurak zertxobait gora egin arren, Estatuko sistemak muga eta hutsune nabariak ditu oraindik ere. Hartara, azken datu erabilgarriaren arabera, azaroan, langabeziagatiko estaldura-tasa % 50,6koa izan da; hau da, irailekoa baino 1,5 puntu handiagoa eta duela urtebetekoa baino 2 puntu handiagoa. Estatuan, berriz, estaldura-tasa % 59,9koa izan da; hots, Nafarroakoa baino 9,3 puntu handiagoa.

Laburbilduz, datu horiek kontuan harturik, langabeen erdiak baino gehiagok ez du sistema horretan estaldurarik, % 53,8k, hain zuzen ere. Hortaz, langabe guztiak kontuan hartzen baditugu, Nafarroan estaldurarik ez duten 17.763 langabe daude. Horregatik da hain garrantzitsua Errenta Bermatua gisako babesteko tresna propioak izatea, Estatuko sistemaren eskasiak arindu ahal izateko.

Horren harira, urteko hondar hilabetean langabe gisa erregistratu direnen artean, % 27,5ek Errenta Bermatua jasotzen du. Zehazkiago esanda, 9.045 pertsonak, eta hauetarik, % 88,5ek ez du inolako langabezia-estaldurarik. Honek oso-osorik berresten ditu langabeak babesteko Estatuko sistemaren eta Nafarroako gutxieneko errenta sistemaren artean gertatzen diren erantzukizunen transferentziak.

Bestalde, kontuan izan behar da, estaldura duten langabe guztien % 60,5ek ordaindutakoaren araberako prestazioa duela, baina % 34,7k subsidioa jasotzen duela, eta % 4,8k Gizarteratzeko Errenta Aktiboa (TEA), horrek guztiak dakarrenarekin.

Gizarte Segurantzako afiliazioa eta kontratazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, abenduko datuek afiliazioan espero zitekeen jaitsiera egiaztatu dute. Azaldu den bezala, kontuan izan behar da urteko azken hilabetea negatiboa izan ohi dela enpleguaren sorkuntzari dagokionez. Azken hamabi urteotan, jaitsierak gertatui dira afiliazioan urtea bukatzean.

Kasu honetan, abenduan Nafarroan batez beste 282.642 pertsona afiliatuta zeuden Gizarte Segurantzan; hau da, aurreko hilean baino 902 gutxiago, hiletik hilera % 0,32ko jaitsiera izan duelarik. Beherakada hau ez da inondik ere deigarria aurreko urteen bukaeran gertatu denaren aldean. Izan ere, krisiaren aurreko urteetako (2006 eta 2007) abenduetan aurtengo abenduan baino jaitsiera handiagoak gertatu ziren.

Aldiz urtetik urterako datuek enpleguaren sorkuntza berresten dute. Horrela, egun, duela urtebete baino 8.305 afiliazio gehiago daude. Ehunekoetan, aldakuntza honek % 3,03ko urteko hazkundea suposatzen du, Estatuan izandakoaren (% 3,065) parekoa.

Gainera, inguruko autonomia-erkidegoen aldean, urtetik urterako bilakaera positiboagoa izan da gurean. Hartara, Errioxan, afiliazioaren bitartez neurtutako enpleguaren hazkundea % 2,44koa izan da. Aragoin, urtetik urterako hazkundea % 2,33koa izan da, eta Euskadin % 1,92koa.

Ez dugu ahaztu behar, ezta ere, afiliazioaren gutxieneko kota 2014ko urtarrilean lortu zela, 243.505 afiliaziorekin. Hori dela eta, urriko azken datua kontuan izanez gero, 39.137 afiliazio gehiago daude, %16,1. 2008ko hasierara joan behar dugu Gizarte Segurantzaren afiliazioaren bitartez neurturiko antzeko enplegu maila aurkitzeko.

Kontratazioari dagokionez, abenduko datuek, ohikoa denez, kontratazioaren jaitsiera erakusten dute. Joan den hilean Nafar Lansarean erregistraturik Foru Komunitatean eginiko kontratu kopurua 26.260 kontratukoa izan da. Kopuru horrek, aurreko hilean eginiko kontratu kopuruak baino 5.181 kontratu gutxiago erakusten dizkigu (-%16,5). Hala ere, 2017ko hilabete berarekin alderatuz, kontratazioak pixka bat gora egin duela erakusten digu, %1, hau da, 263 kontratu gehiago.

Beste alde batetik, urtarriletik abendura metaturiko urteko terminoei dagokienez, kontratazioak %3,6 egin du gora, 2017arekin alderatuz. Izan ere, azken hamarkadan kontratu gehien erregistratu den urtea izan da.

Urteko analisiarekin jarraituz, urte osoan metaturiko urteko terminoei dagokienez, modu positiboan azpimarratu behar da, ez soilik kontratazioaren hazkunde orokorra, baita mugarik gabeko kontratazioaren igoera handiagoa ere, aldi baterako kontratuen igoera baino nabarmen handiagoa baita. Horrela, mugarik gabeko kontratu kopuruak %19,4 egin du gora urte osoan, eta aldi baterako kontratuei dagokienez, igoera hori %2,7koa izan da.

Horrez gain, aldi baterako kontratuei dagozkien datu metatuek erakusten dutenez, aldi baterako kontratazioaren iraupenak hobera egin du. Horrela, urteko bariazioari dagokionez, sei hilabetetik gorako aldi baterako kontratu kopuruak %7,4 egin du gora 2018an, eta astebete baino gutxiagoko kontratuak, berriz, %0,8 murriztu dira. Datu positiboa den arren, azpimarratzekoa da astebete baino gutxiagoko aldi baterako kontratuek urteko kontratazioaren %38,6 hartu dutela 2018an; 2017an kontratu guztien %40,3 izan ziren.

Langabeziaren datuen banakapena

Enplegu agentzien arabera, aldaketa ez da berdina, hilabeteko zein urteko datuei dagokienez. 

Hileko langabeziak behera egin duen agentziak hauek dira: Pamplona / Iruñea (-%1,8), Estella-Lizarra (-%1,0) eta Tutera (-%0,6).

Alderantziz, agentzia hauetan langabeziak gora egin du hilabete horretan: Lodosa (%8), Altsasu / Alsasua (%3,5%), Aoiz / Agoitz (%3,1%), Tafalla (2,7%) eta Doneztebe / Santesteban (%1%).

Aurreko hilabetearekin alderatuz langabezia gehien handitu den agentziari dagokionez, hau da, Lodosako agentzia (%8 egin du gora, hau da, hilean 107 langabetu gehiago), oso garrantzitsua izan da eskuko industriaren langabeziaren gorakada, eta, zehatzago esanez, elikaduraren industriari dagokiona, %34,9ko hazkundearekin (azaroan baino 73 langabetu gehiago). Kontuan izan behar da hori ohikoa dela, sektore horretan urtaroek garrantzi handia baitute. Azpimarratu behar da agentzia horretan erregistraturiko langabetu guztien ia %20 elikaduraren industriatik datorrela.

Urteko bariazioari dagokionez, langabeziak behera egin du orokorrean, hau da, agentzia guztietako langabeziak behera egin du. Dena den, datu hori, oraingoan ere, ez da berdina izan toki guztietan.

Urteko jaitsiera horiek hauek izan dira: Doneztebeko agentzian (-%13), Iruñekoetan (-%8,5), Tuterakoan (-%8,5), Lizarrako agentzian (-%8,1), Altsasukoan (-%7,6), Agoitzekoan (-%7,2), Tafallakoan (-%5,2) eta Lodosakoan (-%2,6).

Langabeziak dituen ezaugarriei dagokienez, sexuaren arabera, 18.875 emakume langabetu daude, eta hilabete horretan langabezian dauden emakumeen kopurua 470 pertsonatan jaitsi da, -%2,40; 13.967 gizon langabetu daude, %2,2 gehiago (aurreko hilean baino 297 gizon langabetu gehiago). Beraz, langabeziaren hileko jaitsieraren protagonistak emakumeak izan dira. Gertakari horretan zerikusia du emakumeek presentzia handiagoa duten jardueretan langabezia gehiago jaitsi izanak, osasunean edo merkataritzan, besteak beste, eta toki txikiagoa betetzen dutela industrian edo enpleguarekin erlazionaturiko jarduerak izenekoetan, horien langabezia tasak gora egin baitu hilabete honetan.

Azken bariazio hori hor dagoen arren, langabeziaren banaketak oraindik ere desoreka erakusten duela azpimarratu behar da. Emakume langabetuek langabezia orokorrari dagokionez duten proportzioa %57,5ekoa da gaur egun, 2009. urtearen amaieran %49koa izatera heldu bazen ere, hau da, zortzi puntu eta erdi gehiago. Izan ere, langabetu kopurua urtean %9,7 jaitsi da, eta emakumeen artean, berriz, jaitsiera hori txikiagoa izan da, %6,9.

Adin taldeei dagokienez, oso datu positiboa da 25 urtetik beherako gazteen artean hilabete horretan langabezia gehiago jaitsi dela. Jaitsiera hori %9,42koa izan da (296 gazte langabetu gutxiago).

Gainerako adin tarteei dagokienez, bariazioak mota guztietakoak dira. 25 eta 34 urte arteko langabetu kopurua %2,1 jaitsi da azaroarekin alderatuz (133 gutxiago); 35 eta 44 urte arteko langabetu kopuruak %2,2 egin du gora (175 gehiago); 45 eta 54 urte artekoen artean langabeziak %1,5 egin du gora (114 gehiago); azkenik, 54 urtetik gorako 33 langabetu gutxiago dago (-%0,42).

Horrela, 25 urtetik beherako 2.847 gazte langabetu daude (langabetu guztien %8,7); 25 eta 34 urte arteko langabetuak langabetu guztien %18,7 dira (6.156); 35 eta 44 urte arteko langabetu kopurua %24,7koa da (8.098); 45 eta 54 urte artekoak %24,1 dira (7.924 pertsona); azkenik, 55 urteko edo gehiagoko langabetu taldeak %23,8 hartzen du, 7.817 pertsona.

Urteko aldaketari dagokionez, langabezia adin-tarte guztietan murriztu da: %11 gazteenen artean (25 urte baino gutxiago), %7,3 25 eta 34 urte arteko langabeengan, %9,4 35 eta 44 urte arteko pertsonen kasuan, %8,4 45 eta 54 artekoei dagokienean eta, azkenik, %6 54 urtetik gorako pertsonen kasuan.

Ikasketa-mailaren arabera, hamar langabeetatik zazpik Bigarren Hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntzarik ez izaten jarraitzen dute; beraz, langabe guztien %71 (23.352). Unibertsitateko prestakuntza duten pertsonen langabezia % 9,6koa da (3.150 pertsona). Aztertutako datuen arabera, goi-mailako ikasketak dituztenen langabezia gehiago murrizten ari da. Unibertsitateko ikasketak dituzten biztanleei dagokienez, adierazgarria da hamarretik zazpi emakumeak izaten jarraitzen dutela (%70,2).

Bestalde, nazionalitatearen arabera, abenduan lanik ez zuten pertsonen %19 atzerritarrak ziren, hots, 6.244 pertsona. Hilabeteko eta urteko aldaketei dagokienez, %1,6ko jaitsiera gertatu da atzerritarren langabezian azaroaren aldean, eta nazionalitate espainiarra duten pertsonen langabeziak %0,3 egin du behera hilabetean. Urteko kopuruei erreparatuta, ordea, atzerritarren langabezia gutxiago jaitsi da, %7,3, eta nazionalitate espainiarra dutenena %8,3 jaitsi da.

Bestalde, beharrezkoa da kontuan hartzen jarraitzea krisiak areagotutako arazo larrienetariko bat, oraindik ere oihartzun esanguratsua du-eta; hau da, iraupen luzeko langabezia (urtebete edo gehiago langabezia-egoeran jarraian). Urteko azken hilabeteko datuen arabera, guztira langabe gisa erregistratutakoetatik %36,8 iraupen luzeko langabeak dira. Hain zuzen ere, 12.089 pertsona dira, eta horietatik %64,5 45 urtetik gorakoak (7.792) eta %39 55 urtetik gorakoak dira (4.716 pertsona). Halaber, gehitu behar da urtebete jarraian lanik gabe dauden pertsonen %65,6a emakumeak direla. Modu horretan, bi aldagaiak (sexua eta adina) alderatuta, iraupen luzeko langabezia osotik ia laurdena (%24,8) 54 urtetik gorako emakumeak dira.

Nahiz eta horrek guztiak duen ondorioarengatik kontuan izan beharreko kopuru altua izan, egia da baita ere iraupen luzeko langabeziak behera egin duela; 2015eko udaberrian %43ra iritsi zen, hots, egungoa baino 6,2 puntu gorago aurkitu zen. Alderdi positibo gisa adierazi behar da iraupen luzeko langabeziak urte osoan jaitsiera handiagoa izan duela, urteko %11,2ko jaitsiera, langabezia osoak egin duena baino (%8,1).

Azkenik, sektore ekonomikoei erreparatuta, langabeziak behera egin du azaroarekin alderatuta lehen sektorean ( -%4), zerbitzuen sektorean (-%0,5) eta aurreko enplegurik gabe izeneko kategorian (-%6,7). Bestalde, industrian %2,5eko igoera izan du (118 langabe gehiago) eta eraikuntzan %5,1eko igoera hilean (84 langabe gehiago). Egoera horiek ohikoak dira urtearen amaieran.

Urteko kopuruetan, positiboa da langabezia sektore guztietan jaitsi izana, nahiz eta nabarmena izan eraikuntza-sektorean urtean izandako jaitsiera, %21,6 (475 pertsona langabe gutxiago urte batean). Gainerako sektoreetan jaitsiera hauek gertatu dira: lehen sektorean %12,1 (258 pertsona langabe gutxiago), industrian jaitsiera %4,7koa izan da (237 langabe gutxiago), eta zerbitzuen sektorean urteko jaitsiera %6,8koa izan da (1.577 langabe gutxiago).

Adierazi behar da zerbitzuen sektoreko langabeziak erregistratutako langabeziaren %66 ingurukoa izaten jarraitzen duela (zehatz-mehatz %66,3); aldiz, industriako langabezia %14,7koa da, eraikuntzakoa %5,2koa eta lehen sektorekoa %5,7koa. Aurreko enplegurik gabeko pertsonen langabeziari dagokionean, urtebetean jaitsi egin da baita ere, kasu honetan %11,4 (343 langabe gutxiago); taldeak langabezia osoaren %8,1 hartzen du.

Azkenik, aurreratu gisa, langabeziaren bilakaera azpisektore ekonomikoen arabera aztertuz gero, langabeziaren hileko igoeraren gune nagusi gisa nabarmendu behar dira zerbitzuen sektorearen barruan enpleguarekin loturiko jarduerak izenekoak, 415 langabe gehiago baitaude. Gertaera hori ohikoa izan ohi da urtearen amaieran. Ildo horretan, kontuan izan behar da kategoria horretan sartzen direla enplegu-agentzien jarduerak, aldi baterako laneko enpresen jarduerak eta giza baliabideen bestelako hornidura izenekoa.

Kategoria horretatik oso urrun, elikaduraren industria (hilabetean 70 langabe gehiago) eta eraikuntzen eraikuntza (azaroan baino 52 langabe gehiago) bezalakoak aurkitzen dira.

Jada azaldutako moduan, igoera horiek beste adar batzuetan gertatutako jaitsierarekin konpentsatu dira; esate baterako, osasun-jarduerak (131 langabe gutxiago), txikizkako merkataritza (126 gutxiago), nekazaritza eta abeltzaintza (77 gutxiago), eraikinen zerbitzuak eta lorezaintzako jarduerak (66 gutxiago), janarien eta edarien zerbitzuak (63 gutxiago), bestelako jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (57 gutxiago) edo etxebizitzen jarduerak (enplegatzaileak), (40 gutxiago). Horiei gehitu behar zaie aurreko enplegurik gabe izeneko kategorian gertatutako jaitsiera (azaroan baino 190 pertsona langabe gutxiago).

Langabeziaren urteko bilakaerari dagokionean, jarduera-adar gehienetan jaitsiera gertatu da urtean. Edonola ere, honako hauek nabarmendu behar dira: txikizkako merkataritza (298 langabe gutxiago urte batean), janarien eta edarien zerbitzuak (288 gutxiago), eraikuntza espezializatuko jarduerak (245 gutxiago), nekazaritza eta abeltzaintza (232 gutxiago), Administrazio Publikoa (225 gutxiago), eraikinen eraikuntza (194 gutxiago) edo elikaduraren industria (108 gutxiago).

Bestalde, langabeziak gora egin duen jarduera gutxiren artean, aipatzekoak dira Metalurgiaren industria-adarra, burni eta altzairuzko produktuen eta ferroaleazioen fabrikazioa (55 langabe gehiago), motordun ibilgailuen fabrikazioa (49 gehiago) eta enpleguarekin loturiko jarduerak izenekoak (32  gehiago).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa