(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lodosako Osasun Etxeak, energiaren eraginkortasunari dagokionez Estatuan aitzindaria den eraikin berrian hasiko du bere jarduera asteazkena, 2019.eko urtarrilak 9


Barkos Presidenteak eta Domínguez kontseilariak, 2019an bigarren eraikinaren eraikuntzarekin amaituko den proiektuaren lehen faseko instalazioak bisitatu dituzte


Bertaratutakoak, Lodosako osasun-etxearen aurrealdean. ( irudia handitu )

Lodosako Osasun Etxeak, proiektuaren lehen faseari dagokion bi solairuko eraikin berrian eman dio hasiera bere jarduerari. Proiektua 2019an amaituko da, bigarren eraikinaren eraikuntzarekin. “Passivhaus” kalifikazioa duen Estatuko lehenbizikoa da, hau da, energia eraginkortasunari dagokionez estandar gorenekin eraikitakoa.

Uxue Barkos Nafarroako Presidenteak eta Fernando Domínguez Osasun Kontseilariak instalazio berriak bisitatu dituzte gaur goizean, eta beraiekin batera hauek izan dira bertan: Oscar Moracho Osasunbideako zuzendari gerentea; Santos Indurain Osasunbideako Lehen Arreta Saileko gerentea; Maria Luisa Hermoso de Mendoza Lizarrako Osasun Saileko gerentea; eta Nancy Gonzalo sail horretako Lehen Arretako arduraduna. Horrez gain, osasun etxeko zuzendaritza taldeko kideak ere bertan egon dira: Ivan Vergara Lehen Arreta taldeko zuzendaria, Marian Galdeano Erizaintza Unitateko burua, eta Mª Jose Marrodan Harrera burua.

Bertan egon dira, baita ere oinarrizko osasun gunea osatzen duten udalerrietako alkateak: Pablo Azcona, Lodosakoa; Paolo Albanese, Sartagudakoa; eta Maximo Lopez, Lazagurriakoa; eta baita Rafael Felones, Mendabiako lehen alkateordea. Sara Velázquez proiektuaren arkitekto arduraduna ere bertan egon da.




Vergara, Domínguez, Barkos eta Moracho arkitektoaren azalpenei arreta jartzen. ( irudia handitu )

2,8 milioi euroko inbertsioa

Proiektuaren aurrekontu osoa 2.830.174 eurokoa da, eta obrak bi fasetan ari dira gauzatzen. Horrela, osasun etxeko jarduera ez da inoiz eten behar izan. Guztira, eraikinak 1.332 metro karratu izango ditu, orain arte eraikin zaharrean zegoen 603 m2ko azalera bikoiztuz. Lehenbiziko fasean, aipatu den bezala, bi solairuko eta “L” formako eraikina egin da. Une honetan eraikin horrek jasotzen du osasun etxearen jarduera guztia. 930 metro karratuko azalera du, eta lehen fase horretako lanen kostua 1.986.691 eurokoa izan da.

Espazioen banaketari dagokionez, beheko solairuan (702 m2) gune hauek daude: itxaron gela, harrera, artxibategia, garbiketako biltegia, igogailua eta zaborretarako biltegia, larrialdietarako aretoa eta helduen arretako eta pediatriako itxaron gela, erabilera anitzeko eta proba osagarrietarako (ekografia, kirurgia txikirako gunea, teledermatologia, espirometria, doplerra eta arterien tentsioko AMPA) gela, behaketa gela, odola ateratzeko botikina, larrialdietako bulegoa, urritasunak dituzten pertsonentzako, emakumeentzako eta gizonentzako komunak, garbiketako ofizioa, kontsultetako itxaron gelak eta medikuntzako, erizaintzako eta albaitaritzako 9 kontsulta.

Lehen solairuan (228 m2) gune hauek daude: egongela, liburutegia eta bideokonferentzietarako bilera gela, aldagelak, goardian dauden profesionalentzako bi logela, komunak, artxibategiak, Zuzendaritzako eta Erizaintza Unitateko Buruzagitzako bulegoak, eta galdara gela. Kontsultetako osasun ekipamenduari dagokionez, inbertsioa 47.052 eurokoa izan da, ohatila elektrikoak, baskulak, tallimetroak, otoskopioak eta oftalmoskopioak, optotipoak eta Woodsen lanpara erosteko. Horrez gain, 45.000 € inbertitu dira altzari orokorren ekipamenduan (mahaiak, aulkiak, armairuak, itxaron geletako eserleku multzoak, etab.).

Aurreikuspenen arabera, 2019an proiektuaren bigarren fasea egingo da, 401 m2ko beste eraikin bat eginez, hori ere “L” formakoa, egungoari atxikia. Horrela, zentro berria, higiezin zaharrak hartzen zuen gunean dagoen erdialdeko patioaren inguruan egituratuko da. Ginekologiarako, birgaitzerako –gimnasioa barne–, gizarte lanetarako, sexu hezkuntzarako eta emaginarentzako guneak izango ditu. Une honetan horien tokia dagoeneko eraikita dagoen eraikinean dago.

Zentro aitzindaria Espainian energia eraginkortasunari dagokionez

Lodosako osasun etxe berria Espainian Passivhaus estandarren arabera eraiki den lehenbizikoa da. Passivhaus merkatuko energia eraginkortasun eredu zorrotzena da. Alemanian sortu zen, eta ospe handia du nazioartean, proiektuko kontsumoak benetan betetzen direla egiaztatzeko duen sistema dela eta. Horrez gain, gune bakoitzeko eguraldira egokitzen da, eta ez da ezartzeko zaila.

Eredu hori Lodosako osasun etxeko eraikin berrian aplikatzeari dagokionez, proiektuak eraikinaren formaren faktorea izan du kontuan, trinkoago bilakatzeko; hutsuneetan (leihoetan) ere jardun da, iparraldean txikituz eta hegoaldean etzanak eginez, neguan eguzkia sar dadin eta udan hegalen bitartez babestu ahal izateko. Horrez gain, eguzki babesgailu erregulagarriak sartu dira, ongi isolaturiko eraikin estanko batean beharrezkoa baita gehiegizko berotzea saihestea. Posible da kontsultak itzalpean uztea hurbil dagoen Ebro ibaiaren zuhaiztira ematen duen ikuspegia galdu gabe.

Beste neurri garrantzitsu bat eraginkortasun maila altuko bero berreskuragailuen erabilera da, hasierako %47ko baliotik %85era pasatu baita. Bero berreskuragailu batek kanpoko aire hotza hartu eta berotu egiten du, barruko airetik ateratako beroari esker, aire zikina eta garbia nahastu gabe. Horrela, neguan, 0ºtan dagoen kaleko airea sartu beharrean, ia dohainik berotzen da 17º arte, eta, ondorioz, tenperatura horretatik 20ºra berotzeko energia baino ez da erabili behar. Isolamendu termikoa ere hobetu da, 20 cm jarriz fatxadatan, 30 cm teilatuetan eta 20 cm aireztaturiko forjatu gaineko zoladuretan.

Arozgintza mistoa da, aluminioa-zura, prestazio altukoa, eta beira hirukoitzak ditu, argonez beteriko kamerekin, zubi termikoak desagerraraziz. Horrez gain, orduko 0,6 berriztapeneko hermetikotasun indizea lortzea aurreikusten da, eta panel fotovoltaikoak ditu, elektrizitate kontsumo iraunkorra betetzeko, sarera isuri gabe.

Neurri horiek kontuan izanik, aurreikusten denez, berokuntza eskaria 118kWh/(m2a)-tik 14ra jaitsiko da. Halaber, erosotasun handiagoa lortuko da, ez baita aire korronterik, horma hotzegirik edo gehiegizko eguzkirik egonen. Horrez gain, elektrizitatearen kontsumoa nabarmen hobetuko da, berreskuragailuak eraginkortasun handikoak direlako, argiztapen guztia led argien bitartez eginen delako eta ekoizpen propioa izanen duelako. Horrez gain, tokiko biomasa bitartez sorturiko udal bero sarearekin lotzeko aukera ere badago, sare hori eraikitzen denean. Energiaren aurrezpenaz gain, eraikinak nabarmen lagunduko du CO2 isurketak murrizten, Klimaren Aldaketarako Ibilbide Orriaren-Klinaren helburuak betez.

Lodosako Oinarrizko Gunea

Lodosako Oinarrizko Guneak 11.000 pertsona inguruko biztanleriari eskaintzen die arreta, bost udalerritan banaturik: Lodosa, Mendabia, Sartaguda, Sesma eta Lazagurria. Lodosako Osasun Etxea da gune osoko burualdeko zentroa, 24 orduko arretarekin eta larrialdiekin Lodosarako, Sesmarako eta Sartagudarako. Mendabiak ere 24 orduko etengabeko arreta puntua du, Lazagurriari ere zerbitzua eskainiz.

Zerbitzuen karterari dagokionez, zentroak helduei eta haurrei ematen die arreta, alor hauetan: sexu osasuna eta ugalketa; obstetrizia; birgaitzea; anbulatorioko kirurgia txikia; teledermatologia eta ekografia, beste prestazio batzuen artean. Horrez gain, osasunaren prebentzioari eta sustapenari dagozkien jarduerez osatutako programa zabala du, komunitateari zuzendurik.

Arreta jarduerari dagokionez, Lodosako Oinarrizko Gunearen helduen urteko batez besteko kontsulta kopurua 55.000 ingurukoa da zentroan, eta 3.000 etxeetan; 8.500 kontsulta pediatriko; eta Gizarte laneko 1.130. Laborategiko 9.000 proba baino gehiago ere egiten ditu.

Lodosako Oinarrizko Gunearen lantaldea Medikuntzako 8 profesionalek (horietako bat jardunaldi erdian), Pediatriako bik, (horietako bat jardunaldi erdian), Erizaintzako 9k, Harrerako 6k eta Gizarte Laneko bik (horietako bat jardunaldiaren %40an), osatzen dute.

Landa guneko larrialdi zerbitzuari (LLZ-SUR) dagokionez, Medikuntzako 6 profesionalek eta Erizaintzako beste 6k osatzen dute.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa