(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen Departamentuak geolokalizatzaileak instalatuko ditu artaldeetan hartzaren presentzia prebenitzeko Pirinioetan osteguna, 2019.eko urtarrilak 10


Isabel Elizalde kontseilariak kudeaketa arloan aurreikusitako neurriak zehaztu ditu abeltzaintza estentsiboa eta Frantziak birsartu dituen har emeekiko bizikidetza sustatzeko


Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalde Nafarroako Parlamentuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Batzordearen aurrean agertu da gaur goizean, Frantziako Gobernuak urrian bi Mendebaldeko Pirinioan bi hartz eme birsartu izanaren ondorengo egoeraren berri emateko, eta zehaztasun osoz azaldu du Nafarroako Gobernuak horien presentziak eragin ditzakeen arrisku egoerei aurrea hartzeko landu duen Kudeaketa arloko Neurrien Proposamena. Aurreikusitako neurrien artean, Elizaldek iragarri du geolokalizatzaileak instalatuko direla Erronkariko Ibaxako artaldeetan, hauen egoerari buruzko denbora errealeko informazio zehatza bildu ahal izateko.

Hartara, mugikorren estaldurarik gabeko esparruak daudenez gero, satelite bidezko estaldura duten GPS gailuez hornitutako idunekoak ezarriko zaizkie artaldeen egoera ezagutzeko, nonahi daudela ere. Artalde bakoitzean hainbat gailu erabiltzea aurreikusi da, eta horien maneiua erloka egingo da abeltzain bakoitzaren arabera.

Ekintza honi esker, artaldeen eta erloen egoera ezagutu ahalko da eta abeltzaintza-lurretan gerta daitezkeen erasoak saihesteko abisuak garaiz zabaldu ahalko dira, balizko erasoa egiaztatuz eta diagnostikatuz eta abeltzainen bizi-kalitatea eta lasaitasuna hobetuz. Gailua Erronkariko Ibaxako herri-lurretan bazkatzen diren 24 abeltzainen artaldeetan ezarriko litzateke, herrien arabera banatuta: Burgi (4), Garde (3), Izaba (5), Erronkari (4), Urzainki (1), Uztarroze (4) eta Bidankoze (3). Kontseilariak erabilitako kalkuluen arabera, neurri honen aurrekontua urteko 30.000 eurokoa izanen da.

Prebentzioa, kudeaketa, abeltzaintzaren bultzada, ordaina eta sentsibilizazioa 57 neurritan

Kontseilariak adierazi duenez, abeltzaintza estentsiboa eta jarduera sozioekonomikoa sustatzea da neurri honen eta Planean aurreikusitako beste neurrien helburua, espeziearen kontserbazioa bermatzeaz gain, betiere hartzen presentziak Nafarroako ibarretan eragin ditzakeen ondorio negatiboak gutxituz eta lurraldearekin partekatutako lana bideratuz.

Planean aurreikusi eta batzordeekin, interpretazio-zentroekin nahiz abeltzainekin landutako 57 neurrien artean, 6 prebentzio arlokoak dira; 11 abeltzaintza estentsiboaren sektorea bultzatzeko; 7 lurralde kudeaketari buruzkoak; 7 ordainei eta kalteordainei buruzkoak; 9 natura interpretatzeko zentroetan sentsibilizazioa eta hezkuntza bultzatzeko; 4 turismoa eta eski kanpaina bultzatzeko; 1 fruta-arbolen landaketak sustatzeko; 3 formakuntza eta hezkuntza bultzatzeko, eta 9 kudeaketa eta gobernantza arlokoak. Neurri hauen inplementazioa 2019ko aurrekontuaren kargura eginen da, 150.000 euroko kontu-saila bideratu baita hartzaren plana garatzeko.

Elizaldek departamentuko teknikarien eta basozainen eginkizuna nabarmendu du neurri horiek abian jartzerakoan, bereziki Erronkari-Zaraitzuko basozainena, “lurralde mailako erreferentzia bihurtu baitira, Frantziako agintariek igorritako informazioaren jarraipena eginez, toki agintariekiko, abeltzainekiko eta tokiko beste eragile batzuekiko harreman zuzenari eutsiz, eta diseinatutako plangintzaren arabera jardunez, Frantziak sartutako bi hartz emeen presentziak eragin ditzakeen inpaktuen kudeaketa integrala bermatzeko”.

Agerraldian, kontseilariak gaiari buruzko azterketa kronologiko zehatza eskaini du, ekainaren 8tik hasi, orduantxe jakin baitzen Canfrancen bi hartz eme sartzeko aurreikusita zegoen asmoaren berri, eta gaurdaino.

Elizaldek, erabakia alde bakarrekoa izan dela gogoratuz, desadostasuna adierazi du Frantziako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak lurraldea kontsultatu gabe hartutako prozedurarekin, eta kezka hori gaurdaino behin eta berriz jakinarazi diola ziurtatu du.

Horrekin batera, hartza berriz ere sartzeko “plan osoa” landu behar dela adierazi du, baina Pirinioetako lurralde guztiak kontuan hartuz (Katalunia, Aragoi, Nafarroa eta Estatu frantsesa), eta baterako lan-ildo horren harira, urtarrilaren 24an Canfrancen bilera bat antolatuko dela iragarri du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa