(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Elizalde kontseilariak Nafarroako Toki Administrazioa Aldatzeko lege-proiektua defendatu du Parlamentuan ostirala, 2019.eko urtarrilak 11


Toki-erakundeen %60 baino gehiagok onartu zuten testua pasa den ekainean


Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Nafarroako Toki Administrazioa Aldatzeko Foru Legearen proiektua defenditu du Nafarroako Parlamentuan, gaur ostiraleko osoko bilkuran, eta UPN, PSN eta PP alderdiek aurkeztutako guztien gaineko zuzenketak eztabaidatu dituzte.

Elizaldek honela gogoratu du: "duela hamarkada batzuetatik hona, Nafarroako indar politiko ezberdinek eta Udalek Toki Administrazioa berrantolatzeko prozesua egin beharra ikusi dute, eskumenak eta tokiko lekua ordenatze aldera, Nafarroako lurralde-eremu ezberdinen arteko desoreka murriztuaz eta herritarrentzako zerbitzuen estaldura hobetuaz”.

Hitzaldian, kontseilariak ondorengoa azpimarratu du: "proiektua Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformaren inguruko hiru urtetik gorako hausnarketaren eta eztabaidaren emaitza da; bertan, toki-erakundeek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa buru izanik, nahiz Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinek parte hartu dute; baita ere, gaian adituak diren profesionalek, sindikatuek eta toki-administrazioko eremu ezberdinetako langile-taldeek". “Argi genuen -jarraitu du- erreforma horretan protagonismoa Udalek behar zutela, eta horrela izan da. Testu hau 2015eko abenduan abian jarritako parte-hartze prozesu luzearen amaiera da”.

Halaber, Elizaldek gehitu du toki-erakundeen %60a baino gehiagok testua onartu zutela pasa den ekainean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren batzar batean. “Lehen aldiz toki-erakundeek proiektu bat bozkatu dute Ganbara honetan eztabaidatua izan baino lehen”. Horrez gain, proiektuak Nafarroako Kontseiluaren txostenaren bermea du, ordenamendu juridikoaren araberakoa dela esan baitu.

Kontseilariak alderdi politiko guztiak gonbidatu ditu erreformaren ondorengo faseetan parte hartzera; izan ere, beharrezkoa izango da lege gehiago onartzea finantzaketa ezartzeko, eskualde bakoitzaren osaera zehazteko eta bestelako araudi-aldaketak onartzeko. “Legea definitu eta idazterakoan, protagonistak Udalak izango dira, horrela ezartzen baitu gaur eztabaidatzen dugun lege-proiektuan. Baina Udalek ez ezik, interes politiko partikularra medio alde batera geratzea erabaki duten alderdi politikoek ere sartu eta hurrengo testuen definizioan parte hartu ahal izango dute. Soilik jarrera eraikitzailea izateko eskatzen diegu”, amaitu du.

Lurralde-oreka

Tokiko berrantolaketaren bidez, pixkanaka-pixkanaka murriztu egin nahi da Nafarroako zona ezberdinen arteko desoreka. Modu berean, tokiko gobernuari behar adinako antolamendu-baliabideak eta baliabide ekonomikoak eman nahi zaizkio, administrazio gisa duen papera erabat betetzearren. Horrez gain, tokiko zerbitzuen estaldura eta kalitatea areagotu nahi ditu, subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta; hau da, zerbitzu bakoitza herritarrengandik ahalik eta gertuenen dagoen erakundeak ematea, betiere behar bezala ematea bermatzen bada.

Tokiko mapa aldatzeaz gain, testuan eskumenen antolaketa jorratzen da, eta finantzaketa berriaren oinarriak proposatzen dira, hartzen dituzten eskumenek behar adinako zuzkidura ekonomikoa izateko segurtasuna izan dezaten toki-erakundeek.

Proiektuan Udalak toki-administrazioaren erdian kokatzen dira. Horiek egungo eskumenak izango lituzkete, haien Udaletako egitura administratiboak erabiltzea errazteko legezko bidea irekitzearekin batera. Halaber, administrazio bakoitzaren eskumenen katalogoa ezartzen du, finantzaketa-sistema berrirako oinarriak finkatzeaz gain.

12 eskualde

Tokiko plantari dagokionean, proiektuaren berritasun nagusia da Nafarroa 12 eskualdetan banatzen duela, eta eskualde horietan sartuko dira zerbitzuen egungo mankomunitate sektorialak, Zerbitzu Administratiboen Elkarteak eta udalerriaz gaindiko bestelako erakundeak; hots, guztira ehun baino gehiago. Modu horretan, udalerriez gaindiko erakundeen gehiegizko ugaritzearekin amaitu nahi da, horrek sakabanatzea, disfuntzioa eta eraginkortasunik eza ekartzen baitu.

Eskualde berriek bost eskumen izango dituzte: altako uraren hornidura; hondakin solidoen kudeaketa udalerriaz gaindiko eremuan; gizarte-zerbitzuak, eskualdeko lurraldearen plangintza eta antolamendua; eta idazkaritza eta kontu-hartzailetza eskatutako kopurua baino biztanle gutxiagoko toki-erakundeetan.

Bigarren artikuluaren bitartez, toki-erakundeen finantzaketa-sistema berritzen da, eta, beraz, hainbat artikulutan aldatzen du Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea; gainera, lurraldearen egitura berrira egokituko da. Nafarroako zerga-bilketaren kopuru zehatz bat erreserbatu beharko da toki finantzaketarako, eta Toki Ogasunen Funtsaren banaketa-irizpideak berritzeko proposamena egiten du.

Azkenik, hirugarren artikuluak Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Nafarroako Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea arinki aldatzen du, eskualde-mailako katastro-balorazioaren gaineko txostenak egin ahal izateko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa