(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak eta Eskualdeen Batzordeak Brexitari buruzko informazioa partekatuko dute astelehena, 2019.eko urtarrilak 14


Eskualdeen Batzordearen ordezkaritza batek Foru Komunitatea bisitatu du esportazioetarako laugarren merkatua EBetik irteteak Nafarroari eragingo dion inpaktua aztertzeaz arduratzen den Brexitaren Behatokia ezagutzeko


Ollo kontseilaria eta Bruselako ordezkari Mikel Irujo, Tronuaren Aretoan, Eskualdeen Batzordearen ordezkaritzarekin batera.

Ollo kontseilaria eta Bruselako ordezkari Mikel Irujo, Tronuaren Aretoan, Eskualdeen Batzordearen ordezkaritzarekin batera. ( irudia handitu )

Eskualdeen Batzordearen ordezkaritza batek Nafarroa bisitatu du gaur, Nafarroako Gobernuak, Britainia Handia Europar Batasunetik irteteak Foru Komunitateko ekonomiari ekarriko dion eragina aztertzeko abiarazi zuen Brexitaren Beharokia bertatik bertara ezagutzeko xedez. Belgika, Irlanda, Erresuma Batua, Errumania eta Poloniako 9 ordezkarik osatutako taldearekin batera izan da une oro Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkari Mikel Irujo, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok egin die harrera Nafarroako Jauregian.

Bisitaldian, kontseilariak Brexitaren prozesuak Nafarroarentzat duen garrantzia nabarmendu du. “Erresuma Batua da gure Komunitatearen laugarren bazkide komertzialik garrantzitsuena, eta ondorioz, begi-bistakoa garrantzia du guretzat Europar Batasunetik irteteko negoziazioen bilakaera ezagutzea, baita irteerak nafar ekonomian izango dituen ondorioak ere”.

Bisitaren ondoren, taldea Nafarroako Brexitaren Behatokiaren arduradunekin bildu dira, eta topaketa horretan, Eskualdeen Batzordearen informazio-iturriak partekatu eta bideratzea adostu dute, Nafarroari dagozkion gaietan. Gainera, Irlanda, Belgika, Estonia eta Poloniako zenbait eskualdetan enpresei nahiz herritarrei zuzendutako informazio-fluxuetan gauzaturiko lan-esperientzia zehatzei buruzko informazioa trukatzeko aukera izan dute.

Brexitaren inpaktua Nafarroan

Erresuma Batua da Nafarroako 2017-2020ko Nazioarteko Planean hautaturiko merkatu estrategikoetako bat, eta lan handia egin da bertan azken hilabeteotan. Zehazkiago esanda, lehentasunezko merkatutzat hautatu da nekazaritzako elikagaigintzarako, automobilgintzarako, energia berriztagarrietarako, osasunerako eta sormen-industrietarako.

Esportazioak. 2017an, salmentetan, Erresuma Batua laugarren merkatua izan zen Nafarroako esportazioetarako. Aurtengo urte hasieraz geroztik, seigarren postura jaitsi da, Estatu Batuen eta Portugalen atzetik (azken datu erabilgarriak 2018ko abuztukoak dira). Guztira, 2013-2018 epealdian, Erresuma Batuak Nafarroako esportazioen % 6 eta 8 bitartean jaso du.

2017an, esportazioak 558,1 milioi eurokoak izan ziren. Kopuru hau aurreko urteetakoa baino txikiagoa da eta litekeena da aurten gehiago jaistea, izan ere, 2018ko abuztura arte, 282,3 milioi euroko salmentak egin ziren, iazko epealdi berean baina % 31,4 gutxiago.

Hala ere, zaila da esportazioetan izandako jaitsiera hau Brexitari egoztea, kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk baitaude.

Inportazioak. 2017an, inportazioak 106,18 milioi eurokoak izan ziren, Nafarroaren mesedeko balantza komertziala osatuz. Garrantzitsua da automobilgintza bezalako sektoreetarako inportazioen pisua kontuan hartzea, Erresuma Batuarekiko erosketa eta salmenten fluxu bikoitza dakarren heinean.

Enpresa esportatzaileak. Iaz, Nafarroako 274 enpresak ondasunak esportatu zituzten Erresuma Batura, eta kopuru hau bere horretan mantendu da azken urteotan. Nabarmendu behar da enpresa hauen % 70 (192) esportatzaile erregularrak direla (esportazioak, gutxienez, ondoz ondoko lau urtetan egin dituzte). Horren arabera, nolabaiteko kontsolidazioa antzematen ahal da merkatu horretan diharduten enpresen artean, bereziki kontuan harturik Nafarroan dauden enpresa esportatzaile guztien artean % 34 baizik ez dela esportatzaile erregularra.

Brexitaren eraginpeko sektore nagusiak. Elikagaigintzari eta automobilgintzari dagokie Nafarroak Erresuma Batura egindako esportazioen ia % 70 (zehazkiago esanda, % 69,05). Elikagaingintza da Erresuma Baturako nafar esportazioetan pisurik handiena duen sektorea, izan ere, 2017an, esportazio guztien % 37 bildu zuen. Erresuma Batura egindako esportazioen % 20 automobilgintzari dagokio (horregatik, sail honetan gerta daitekeen edozein aldaketa garrantzi handikoa da estatistiketan) eta % 10 osagaiei. Gainerako kopuruaren laurden bat baino gehixeago (% 27,73) ekipo ondasunak eta manufakturak dira. Kontzentrazio handia hautematen ahal da jarduera-adar gutxi batzuen inguruan, eta horrek Erresuma Batuarekiko merkataritzaren baldintzetan Brexitaren ondorioz gerta daitezkeen aldaketen eragina areagotzen du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa