(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak bere eskaintza gastronomiko zabala aurkeztuko du FITUR 2019an, produktua eta lurraldea uztartuko dituen ekitaldi esklusiboan

astelehena, 2019.eko urtarrilak 14


Gastronomiak irekiko ditu Nafarroako standeko aurkezpenak datorren asteazkenean, urtarrilaren 23an, Nafarroako lurraldean eta geografian zuzenean oinarrituko den eskaintza ezagutaraziko duen “Catar Paisajes” ekitaldiarekin.


Vista general del stand de Navarra en FITUR 2019.

Nafarroak FITUR 2019 izango duen erakustokiaren bista orokorra. ( irudia handitu )

Nafarroa, lurraldean oinarrituriko produktu anitzeko eskaintzarekin helduko da FITUR 2019ra. Datorren asteazkenean, urtarrilaren 23an, eguerdiko 13:30ean, aurkezpen karta zabala jarriko da martxan, lurraldearen ezaugarri den gastronomia aniztasunaren inguruan egituraturiko ekitaldi esklusiboarekin. “Catar Paisajes” izenburupean, hiru sukaldarik kontrastez beteriko lurraldearen aniztasuna irudikatuko dute platerean.

Mendia irudikatuz, Donamariko Bentako sukaldariek, Baztan Bailarako basoetan eta zelaietan zentraturiko bi pintxo eginen dituzte. Erdiguneak (Iruñea, Zangoza, Lizarra), Iruñeko Baserriberri Jatetxeko Iñaki Andradas sukaldariaren lanak erakutsiko ditu. Hegoaldeari dagokionez (Erribera), Tuterako Beethoven Jatetxeko Virgilio Martínezen pintxoak aurkeztuko dira. Azken sukaldari horrek Nafarroako baratzea (Mejana) erakutsiko du bere lanetan.

Horrela, Nafarroako Gobernuak gunetan banaturiko, baina beti ere lurrari eta bertako jendeari, historiari, klimari, iraunkortasunari, eta ondareari loturiko produktu gastronomikoa hurbilduko dio turismo sektore profesionalari.

Manu Ayerdi Ekonomiaren Garapen presidenteordeak eta Maitena Ezkutari Turismo eta Merkataritza Zuzendari Nagusiak, Nafarroako Gobernuak FITUR 2019ko standean aurrera eramango duen aurkezpen programa osoa aurkeztu dute gaur. Aurten, azoka urtarrilaren 23tik 25era (profesionalei zuzendurik) eta 25etik 27ra (jende guztiarentzat) eginen da IFEMAko Azoka Gunean.

Bere esku-hartzean, Ayerdi presidenteordeak turismo arloko datuak ezagutarazi ditu. 2017ko azarotik 2018ko azarora (azken hilabete horretan aurreko urteko hilabete berean baino %11 turista gehiago jaso zituen Nafarroak) sektoreak Nafarroan izan duen balantze positiboa azpimarratuz. 2018ko aurreneko 11 hilabeteetan bidaiari kopurua %1,1 jaitsi zen arren, Foru Komunitatean igarotako gau kopuruak %0,1 egin zuen gora, fakturaturiko 2.949.421 gauetara helduz. Hilabeteko egonaldiak ere %1,2 egin zuen gora aurreko urteko epealdi berarekin alderaturik, eta turista bakoitzak 2,18 egun egin zituen. Azarora arte, Nafarroak 1.046 ostatu eskaini dizkio turistari hilean (2017an baino %0,7 gehiago). Nazioarteko turisten batez bertzeko egonaldiari dagokionez, Foru Komunitateak %3,7ko hazkundea izan zuen.


Manu Ayerdi y Maitena Ezkutari, en la presentación del programa de Navarra en la feria.

Manu Ayerdi eta Maitena Ezkutarik Nafarroak azokan izango duen egitaraua aurkeztu dute. ( irudia handitu )

Plaza kopuruak ere gora egin zuen, eta hilero eskainiriko kopurua 31.796 plazakoa izan zen (2017ko azaroan baino %2,9 gehiago). Datu horiek eragin zuzena izan zuten enpleguaren sorreran. Nafarroako ostatu, janari eta edari zerbitzuek eta bidaia agentziek eta turismo operadoreek 18.150 langile izan zituzten batez bertze azarora arte. Hori dela eta, 2018ko azaroan Gizarte Segurantzako afiliazio kopuruak %4,3 egin zuen gora, aurreko urteko epealdi berberarekin alderatuz.

Noaingo aireportuak ere turista gehiago jaso zituen 2018ko azarora arte. Noaingo aireportura 96.423 pertsona heldu ziren (2017ko azaroan baino %26 gehiago), Lufthansa konpainiak Iruñetik Frankfurtera martxan jarri duen hegaldi zuzenaren ondorioz, batez ere.

Ayerdik datu horien balorazio koalitatiboa egin du. Izan ere, zifrak aurreko urtekoen antzekoak diren arren, “turismoaren aldeko apustua egiteak ez du soilik turista gehiago esan nahi, turismo hobea baizik: urtean zehar eta gure lurralde osoan hobeto banaturik egonen den turismoa, alegia”.

Nafarroak FITUR 2019ra eraman duen baliabide nagusia den gastronomiarekin lotuz, “gero eta mundu globalizatuagoan eta irekiagoan, jendeak, bidaiatzen duenean, tokiko nortasunean eta kulturan oinarrituriko esperientzia bizi nahi izatearen” paradoxa azpimarratu du Ayerdik.

Izan ere, gastronomiak esperientzia hori eskaintzen du, eta hori da Turismoari buruzko Nafarroako 2018-2025 Plan Estrategikoak azpimarratzen duen balio nagusietakoa, Nafarroako kulturan zentratuz: “Turistak toki mailako esperientzien bila joaten dira jomugetara, horien bitartez kultura horretan hurbiltasunez eta era ez estandarizatuan murgiltzeko”.

Horrez gain, Ayerdi presidenteordeak turismo gastronomikoak mahai ona gainditzen duen turismoaren dimentsioa nabarmendu du: “bidaia batean plater edo ardo on batez gozatzea baino askoz gehiago da. Ondare kulturalera hurbiltzeko era da, eta modu erabat pertsonalean egitea”. Horrela, gogorarazi duenez, Munduko Turismo Erakundeak turismo gastronomikoaz egin duen bigarren txostenak esaten duenez, kultur eskaintza, natura eta gastronomia dira, ordena horretan, turistak toki bat bisitatzera daramatzaten arrazoi nagusiak. “Badakigu gaur egun esperientzia gastronomikoa museo bat bisitatzea, musikaz gozatzea edo toki bateko arkitektura mirestea bezain garrantzitsua dela. Turismo gastronomikoa egiten duenak ez du produktu bat kontsumitzen, historia bat, hari loturiko bizitza estilo bat, kontsumitzen du”, esan du.

Gastronomiak bertze sektore batzuetan dituen inplikazioak ere aipatu ditu, ez soilik ostalaritzan, baita nekazaritzan eta abeltzaintzan, merkataritzan, eta herri txikiagoen aktibazioan ere. “Beraz, Nafarroan ere, nazioarteko turismo gastronomikoaren gorakada hori baliatu nahi dugu, toki mailako turismoa bultzatzeko eta horrelako turistak erakartzeko”, esan du amaitzeko.

Mendiko gastronomia, Erdigunea eta Erribera, FITUR 2019ko irekiera

Mendiak, Erdiguneak eta Erriberak protagonismo handia izanen dute FITURren edizio honetan, Nafarroako Gobernuak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusitik aurrera eramango dituen aurkezpenen bitartez. Horrela, “Catar Paisajes” izeneko aurkezpen gastronomikoaren ondoren, datorren otsailaren 21ean eta 22an, urteen poderioz Nafarroako turismo sektorearen barruan jadanik finkaturik dagoen Navartur Azokaren 14. edizioan eginen den Turismo Gastronomikoko Nazioarteko II. Kongresuaren (FoodTrex Navarra) aurkezpen ofiziala etorriko da.

Gastronomia izanen da Nafarroak FITURren izanen duen standean urtarrilaren 23an eginen diren aurkezpenen protagonista nagusia. 17:00etan, Carlos Rodríguez barman nafarra izanen da Bartender eta Zerbitzari Profesionalen 66. Kongresu Nazionalaren aurkezpen ofizialeko enbaxadorea. Nafarroako Barmanen Elkarteak, Barman Federazioarekin lankidetzan, antolaturik azaroaren 24tik 29ra Iruñean ospatuko den kongresu horren aurrerapena izanen da. Ekitaldi horretan hainbat txapelketa ospatuko dira, eta baita Nafarroako Jatorri Izendapeneko Ardoz eginiko I. Koktel Txapelketa ere. Ekitaldi horretan, kongresuko partaideek Erriberi, Arbizu eta Etxarri Aranatz bisitatu ahal izanen dituzte.

Mundu osoko nazioarteko turismo azoka garrantzitsuenetakoa izanik, FITUR erakusleihoa izanen da Nafarroarentzat berriro ere. Iaz azokak 251.000 partaide izan zituen, eta horietatik 10.190 turismo sektoreko enpresak izan ziren (140.120 profesional). FITUR 2018ko asteburuan, larunbatean eta igandean, 110.860 pertsona hurbildu ziren bertara. Erakusleihoa handiagoa da urtetik urtera. Iazko edizioan 165 herrialde eta 4.600 komunikabide baino gehiagok hartu zuten parte.

Foru Komunitatearen standa

FITURreko edizio honetan Nafarroak, turismo arduratsua erreibindikatzen duen 500,5 metro karratuko gunea prestatu du, erlaxatzean, gozamenean eta esperientzia berrien aurkikuntzan bikaintasuna eskatzen duen turistaren bila.

Horretarako prestatu den gunerako sarbideko zoruan led pantaila handia instalatu da, bertan Nafarroako kultur eta natur baliabide nagusiei buruzko ikus eta entzun esperientziak proiektatzeko.

Standaren sarreran informazio erakusmahaiak daude, eta horien atzean dago aurkezpenetarako gunea, Nafarroako Turismoaren irudi korporatiboarekin. Ostean zerbitzu eta ostalaritza gunea, eta fondoan, bilera profesionaletarako tokia. Bertan izanen da, ostiralean, urtarrilaren 25ean, FITURren eginen den Nafarroako Eguneko ekitaldi instituzionala.

Espazioa eta guneen arteko bereizketak egitura linealez daude osaturik, modernotasun sentsazioa emanez, haritz kolorea erabiliz, Nafarroako basoen irudikapen gisa, zenbait elementu berde ere azpimarratuz. Standak euskarri grafiko ugari izanen ditu, Foru Komunitateko turismoaren zenbait ikono irudikatuz.

FITUR 2019ko Nafarroako standa (9C13) IFEMA Azoka Guneko 9. pabiloian egonen da aurten ere. Standa Madrilgo “Proyect Arte Producciones S.L.” enpresak egin eta muntatu du, eta nazio mailako azoka hauetarako egokituko da: NAVARTUR Iruñean (otsaila), B-TRAVEL Azoka Bartzelonan (apirila), EXPOVACACIONES Azoka Bilbon (maiatza) eta INTUR Azoka Valladoliden (azaroa).

Nafarroako Eguna eta FITURreko gainerako aurkezpenak

Urtarrilaren 23ko aurkezpen gastronomikoei, turismo sektoreko adar guztiak bilduko dituen aukera zabala gehituko zaie. Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak jarduera programa zabala prestatu du Nafarroako stand instituzionalean. Jardunaldi nagusia ostiralean, urtarrilaren 25ean, izanen da, Nafarroako Eguna ospatuz. Uxue Barkos Foru Komunitateko presidentea izanen da egun horretako ekitaldi instituzionalaren buru, eta horren ondoren, “Cata Paisajes” ekitaldian aurkeztu ziren Nafarroako produktuen dastatze errepikapena egonen da.

Aurkezpen gehienak ostegunean, urtarrilaren 24an izanen dira. Jardunaldia goizeko 11:00etan hasiko da, Vianako Udalak Viana Fundazioaren VIII. Mendeurrenaren barruan jasotzen diren jardunaldiak aurkeztuz. “2019an Viana bisitatzeko 800 arrazoi” izenburuarekin, udalerri horretako Udalak, ostatu eta ostalaritza sektoreekin eta bidaia agentziekin batera, turismoaren sustapenerako antolatu dituen jarduerak aurkeztuko ditu.

11:30ean, Instituto Navarro de Tecnologías e Infraestructuras Agroalimentarias (INTIA) izenekoak, “Nafarroako gastronomiatik, kulturatik eta naturatik bidaia” aurkeztuko du Overtrails tour operadorearekin batera. Ekimenaren helburua tokiko produktua eta ekoizleak bertakoei eta bisitariei hurbiltzea da, eta Iruñeko Tokiko Produktuaren Astean (urriaren 12ko zubian) eginen da.

12:00etan, Nafarroako Ostalaritza Elkarteak (AEHN), Iruñeko eta Nafarroako 2019ko Produktu Turistikoen Katalogoa aurkeztuko du. Bertan, Nafarroako ehunka enpresek gastronomiaren, ostatuen, enologiaren, kulturaren, naturaren, motorraren, zirkuituaren eta ibilbideen eta, jakina, Donejakue Bidearen gainean aurkeztu dituzten proposamenak biltzen dira. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, FITURren aurreko edizioan Nafarroako Komunitatearen ikurretako bat eta eginiko sustapenaren ardatza.

12:30ean, Overtrailsek Flamenco On Fire jaialdiaren aurtengo edizioa aurkeztuko du. Musika genero horrekin Nafarroan egiten den hitzordua ezinbertzekoa bilakatu da jadanik komunitateko udan. Jaialdiaren antolatzaileekin batera, Nafarroako Gobernuak, jaialdiaren inguruan antolatzen den aukera zabala aurkeztuko du: bisitak, ibilaldiak, ikuskizunetarako sarrerak, balkoiak alokatzeko zerbitzua, eta baita Iruñeko ijito erkidegoarekin kontaktua eta kultura eta gastronomia ere. Jaialdia 2019ko abuztuaren 20tik 25era eginen da.

13:00etan, Tierras de Iranzuk, Reyno Gourmetekin elkarlanean, Irantzuko Monastegira egiten diren bisita antzeztuak aurkeztuko ditu. 2019ko apiriletik ekainera izanen dira. Nafarroako ondare gotorlekua omentzeko ekimena, Irantzu Ibaiaren Kanoian egiten diren Eko-ibilbide Antzeztu Mitologikoekin eta ekainaren 2an ospatuko den “Erromanikoa, dantza eta ardoa Irantzuko Monastegian” ekitaldiarekin osatuko da. Ekitaldi guzti hauetan Reyno Gourmeteko produktuen dastaketak ere izanen dira.

Arratsaldean Goi Erriberako Udalen txanda izanen da. Martzillako, Funeseko, Azkoiengo eta Faltzeseko Udalek “Goi Erriberako Bide Berdea” aurkeztuko dute, Arga eta Aragon ibaien ertzetatik lau herriak lotzen dituen 40 kilometro baino gehiagoko ibilbidea.

Ordu erdi geroago, Nafarroako standak Baztan – Bidasoako Ederbidearen, Txirrindularitza eta Ibilbide Maparen, aurkezpen ekitaldia jasoko du. Proiektuak, Nafarroa iparraldean bizikletaz egin daitezkeen 12 ibilbide eta bide sare zabala jasotzen ditu, eta horrekin batera Baztan – Bidasoako Baliabideen Gida ere aurkeztuko da.

17:00etan, Tierras de Javier Turismo Partzuergoak, Xabierreko Lurrak izeneko lurraldean zehar banaturik egonen diren 4 Nordic Walking Zentroak aurkeztuko ditu. Xabier, La Bizkaia (Oibar, Leatxe, Sada), Kaparreta (Caseda eta Galipentzu) eta Santa Agata (Ayesa, Eslava eta Lerga). Merkatu nitxo berri aitzindariak kirol turismoa kulturarekin, gastronomiarekin eta osasunarekin uztartzeko aukera emango du, eta urte osoan gozatu ahal izanen da.

Ostegunerako aurkezpenak Zona Media Turismo Partzuergoak itxiko ditu, “Nafarroako Ardoen Ibilbidea” Produktu Klubaren aurkezpenarekin. Ardoaren kultura eta bere inguruko guztia sustatzen duten upategien eta turismo establezimenduen aukeraketa zaindua: aisia, natura eta kultura, eta xehetasunez ikusi ahal izanen da duela denbora gutxi berriztatu den Nafarroako Ardoen Ibilbidea webgunean.

Halaber, Foru Komunitateak protagonismoa izanen du FITUR Saluden (8. Pabiloiko 8B35 standa). Gero eta indar gehiago hartzen ari den sektorean erreferentziazko plataforma da, eta Foru lurraldea arlo horretako erreferentziazko jomuga da. Segmentu horretan osasunarekin eta ongizatearekin erlazionaturiko turismoa biltzen da, eta FITUR honetan B2B workshop bat izanen du, preskriptore medikoentzat, osasun arlokoentzat eta bidaia agentzientzat.

Nafarroak FITUR Cinen ere hartuko du parte, 2. Pabiloiko C10 standean, eta bertan zine eta turismo industriak elkartuko ditu. Oraingo honetan, hiru atal handi zine industriara egonen dira zuzendurik: zine turismoarekin erlazionaturiko erakusketa gunea, merkataritza topaketak bultzatzeko B2B gunea, eta Spain Film Commission izenekoak antolaturiko hitzaldiak eginen diren agertokia.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
PFITUR2019.pdf
Fiturekoprograma.pdf

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa