(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa bultzatuko ditu ikastetxeetan asteazkena, 2019.eko urtarrilak 16


Beste gauza batzuen artean, menuak edo makinetan saltzen diren elikagaiak arautuko dituen foru dekretua onetsi du


Nafarroako Gobernuak gaur onetsi duen Foru dekretuaren helburua, ikasleen artean elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa sustatzeko neurriak ezartzea, ikastetxeak elikagaien publizitatetik babestuta egongo diren guneak bilakatzea eta ikastetxean komertzializaturiko menuen eta elikagaien ezaugarri nutrizionalak zehaztea da. Hori guztia haurren hazkunde osasuntsua eta bizitza kalitate ona bultzatzeko xedez.

Azken finean, helburua ikasleak hobeto elikatzea eta ariketa fisikoa egitea da, hori guztia ikastetxean eta ikastetxetik sustaturik. Testua, Osasun; Kultura, Kirol eta Gazteria; eta Hezkuntza Departamentuen inplikazioarekin prestatu da, aurretiazko kontsulta eta herritarren partaidetza prozesuen ondoren, herritarren eta arlo horretan aritzen diren erakundeen iritziak, ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko xedez.

Gaur onetsi den dekretuak elikadura eta ariketa fisikoa sustatzeko jarduketak osatzen eta indartzen ditu. Bere aplikazio eremua haur eskolak eta ikastetxeak dira, publikoak, pribatuak edo pribatu kontzertatuak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilerreko eta Lanbide Heziketako irakaskuntza ematen dutenak, eta baita hezkuntza legedian definiturik dauden eta 18 urtetik beherako ikasleak dituzten eta Hizkuntza, Arte edo Kirol Irakaskuntzak eskaintzen dituztenak ere.

Profesionalek gainbegiraturiko menuak eta elikagai hipokalorikoen salmentaren debekua

Jantoki zerbitzuan ematen diren menuen egokitasuna bermatzeko, dekretuak ezartzen duenez, horiek nutrizioan eta dietetikan prestakuntza egiaztatua duten profesionalek gainbegiratu dituzte, elikadura behar bereziak dauzkaten pertsonak beharko hartu beharko dira kontuan, menuen programazioak familiei jakinarazi beharko zaizkie, haiek elikadura osatzeko aukera izan dezaten eta, ahal izanez gero, denboraldiko produktuak eta produktuen balio nutrizionala gordeko duten prozedurak erabiliko dira.

Dekretuak, beste alde batetik, elikagai hipokalorikoen salmenta debekatzen du, eta ikastetxeetako eta haur eskoletako lokaletan edo makinetan egiten den elikagaien salmentak bete beharko dituen baldintza nutrizionalak ezartzen ditu, dieta mediterraneokoak diren elikagai osasungarrien eskaintza sustatuz. Foru dekretuaren eranskinak energia edukiari, azukreei, gatzari eta gantzei dagozkien mugak ezartzen ditu, gantz saturatuei eta trans izenekoei dagozkien muga espezifikoak barne direla.

Halaber, arauan osasun, hezkuntza eta kirol alorretan eskumenak dituzten departamentuen arteko beharrezko koordinazioa ezartzen da, ikasleei zuzenduriko elikadura eta ariketa fisiko estilo osasungarriak sustatzeko planak garatzeko, nesken eta mutilen artean dauden aldeak kontuan izanik eta berdintasuna sustatuz.

Aurreikusirikoa kontuan izanik, haur eskolak eta ikastetxeak publizitatetik babesturiko guneak izango dira. Ikastetxeetan elikaduraren sustapenerako, hezkuntza nutrizionalerako edo kirola edo ariketa fisikoa bultzatzeko egiten diren kanpainak eta irakaskuntza esparruko kirol taldeen eta ekitaldien babesak eskumenak dituzten hezkuntza agintariek baimendu beharko dituzte aurretik, ezarririko irizpideekin bat etorriz eta osasun alorreko agintariekin lankidetzan.

Aurreikusirik dagoenez, foru dekretua indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI-ISPLN) elikadurari buruzko gidak jarriko ditu ikastetxeen esku, menuak planifikatu ahal izateko. Gida horiek, beste batzuen artean hurbiltasun, jasangarritasun eta ekitate irizpideak izango dituzte kontuan.

14 urtetik beherakoen %8k obesitatea du, beherantz doan ehunekoa, eta Espainiako batezbestekoaren azpitik dagoena

NOPLOI-ISPLNren arabera, 2015-2017 epealdian, 14 urtetik beherakoen artean Nafarroan obesitateak duen prebalentzia %7,8koa da (%6,7 neskatoetan eta %8,9 mutikoetan), eta 5 eta 9 urte artekoen adin tarteari dagokionez, %10,7koa (%9,1 neskatoetan eta %12,3 mutikoetan). Epealdi berean, obesitatearen gehi gehiegizko pisuaren prebalentzia %26,6koa da 0 eta 14 urte arteko haurren artean (%27,2 neskatoetan eta %25,9 mutikoetan), eta %30,0koa 5 eta 9 urte artekoen adin tartean (%29,6 neskatoetan eta %30,4 mutikoetan).

Datu horiek Espainiako batez bestekoa baino nabarmen baxuagoak dira. Estatu mailako NAOS Estrategiaren Aladino azterlanean, Espainiako 6 eta 9 urte arteko haurrengan aurkituriko obesitatearen prebalentzia %18,1ekoa izan da (%20,4 mutikoetan eta %15,8 neskatoetan), eta 5 eta 9 urte artekoen adin tartean Nafarroako prebalentzia %10,7koa da.

Azken hamarkadan obesitatearen prebalentziak behera egin du Nafarroan. Jaitsierak oso nabarmenak izan dira bi sexuetako 7 urtetik beherakoen artean. Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia modu bateratuan kontuan harturik, prebalentzia 2008ko %31tik 2016ko %22ra jaitsi zen 4 urteko mutikoetan, eta %29tik %24ra adin bereko neskatoen artean. Hala ere, oraindik badago hobekuntzarako tartea, Nafarroako tasa orokorren murrizketan eta baita hautemandako gizarte eta geografia arloetako desberdintasunen murrizketan ere. Obesitatea duten haurren proportzioa handiagoa da diru-sarrera urriagoak dituzten familietan, eta Nafarroako oinarrizko osasun guneen artean, obesitate prebalentzietan ematen diren aldeak ehuneko 12 puntu artekoak dira 6 eta 9 urte arteko adin tartean.

Patroi nutrizionaletan eta, ondorioz, bizitzeko estiloan eta obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebentzioan eragina duten faktore asko daude. Nazio eta nazioarte mailako osasun erakundeen planak eta adierazpenak kontuan izanik, garrantzitsuenak fruten eta barazkien kontsumoa, kaloria ekarpenaren murrizketa eta, modu berezian, nutrizio balio urriko azukreetatik edo gantzetatik datorren kaloria eduki handiko elikagaien kontsumoaren murrizketa dira. Halaber, beharrezkoa da ariketa fisiko egokia sustatzea.

Funtsezko beste alderdi batzuk, adingabeen bizitzako agertoki guztietan elikagai osasungarrien eskaintzaren eta eskuragarritasunaren eragina eta publizitatearen eragin handia dira.

Horrez gain, eskola inguruan ikasgeletan zein eskola orduetatik kanpo aurrera eramandako jarduerak, elikadura ohitura osasungarriei buruz prestatzeko eta ariketa fisikoa ohikotasunez egitea sustatzeko aukera asko eskaintzen ditu, hezkuntzarako gune direlako eta ikasleek bertan denbora asko igarotzen dutelako, pertsonen bizitza osoa baldintzatzen duten ohiturak eskuratzen diren hasierako etapatan, hain zuzen ere. Horregatik, haurtzaroan eta nerabezaroan bizitzeko estilo osasungarriak barneratzeko eremu eraginkorrenetakoa da, estilo horiek bizitzako ondorengo etapatan iraun dezaten. Txikitatik barneraturiko bizitza estiloak funtsezkoak dira bizitza osasungarria, garapen egokia eta eskolako errendimendu ona edukitzeko.

Obesitatea hainbat gaixotasunerako kausazko arrisku faktorea da: gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, 2 motako diabetesa, gaixotasun muskulu-eskeletikoak eta zenbait minbizi mota, endometriokoa, kolon eta ondestekoa, giltzurrunetakoa, bularrekoa edo behazun-maskurikoa, besteak beste.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa