(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta Gurutze Gorriak lehendabiziko Belaunaldi-arteko Bizitokiko Bitartekotza Zerbitzua sortu dute asteartea, 2019.eko urtarrilak 22


Proiektu aitzindari honen bitartez, zahartzaroari atxikitako bakardadea murriztu eta gazteen emantzipazioa eta elkar-laguntza sustatuko dira


Laparra lehendakariordea eta Nafarroako Gurutze Gorriko zuzendari Juan Jose San Martin, BBZaren aurkezpenean ( irudia handitu )

Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Nafarroako Gurutze Gorriak “Belaunaldi-arteko Bizitokiko Bitartekotza Zerbitzua” (BBZ) deritzon belaunaldien arteko bizitoki proiektua aurkeztu dute Iruñean. Orain arte Nafarroan ez zegoen belaunaldien arteko bizikidetza-eredu honen bitartez, zahartzaroari atxikitako bakardadea murriztu, gazteen emantzipazio-aukerak ugaritu eta belaunaldien arteko harremanak sustatu nahi dira, etxebizitza partikularretan egindako familia giroko bizikidetzaren barnean.

Bizitokiko Bitartekotza Zerbitzua (BBZ) Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Nafarroako Gurutze Gorriaren arteko lankidetzatik sorturiko programa pilotua da, adineko pertsonen zahartze prozesuei atxikitako bakardadeari eta gazteek etxebizitza izateko dituzten zailtasunei irtenbide berriak bilatzeko asmoari loturikoa. Proiektu pilotu honen kostua 15.000 eurokoa izanen da (gehi BEZ).

Programa honen bitartez, Bizitokiko Bitartekotza Zerbitzu berria probatu nahi da, adinekoak eta gazteak harremanetan jarriz eta belaunaldien arteko bizikidetza babestuz eta koordinatuz, zerbitzuak dirauen bitartean. BBZko pilotatze lanek interesdun guztiei irekitako kudeaketa sistema garden eta eskuragarria abian jartzen lagunduko dute, programari buruzko ondorioak biltzen eta etorkizuneko bideragarritasunari buruzko erabakiak hartzen lagunduko duen ebaluazio sistemarekin batera.

60 urtetik gorako adinekoei eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako programa

Bi motatako herritarrak izan daitezke proiektu honen onuradunak: Iruñean bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako adinekoak eta etxebizitza izateko zailtasunak dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteak. Salbuespen gisa, gazteen adina 35 urtera luzatu da graduondo, doktorego zein masterreko ikasketak egiten ari direnentzat.

Hasieran, BBZak gutxienez hiru kasu eta gehienez bost kasu kudeatuko ditu. 2019ko urtarrilean abiatuko da eta lehenengo emaitzak bizikidetza hasi eta hiru hilabete geroago aurkeztuko dira.

Proposamena Iruñean garatuko da, izan ere, horri loturiko arazoak zorrotzagoak izan ohi dira hiriguneetan, adineko pertsonei eusteko sare sozialik ezaren ondorioz eta etxebizitzaren prezio garestiaren eraginez. Bestalde, Iruñean garatuz gero, parte-hartzaileen eskabide gehiago bildu eta hautaketa egokiagoa egiteko aukera dago, zerbitzuak epe luzean izan dezakeen bideragarritasunari buruzko ondorioak ateratzeko lana erraztuz. Programa pilotuaren emaitzak jaso bezain laster, beste herri eta eremu batzuetara hedatzeko aukera baloratuko da.

BBZ Gurutze Gorriaren “Espazio Aktiboan” kokatuko da, Aralar kaleko 2. zenbakian. Baliabide integral honetan bildu dira Gurutze Gorriak adineko pertsonei eta hauen inguruneari eskaintzen ahal dizkien laguntza guztiak. Tokiak 600 metro koadroko azalera duen esparru fisiko ireki eta irisgarria du beheko solairuan, oztopo arkitektonikorik gabe. Halaber, esparrua, zerbitzua berme osoz eskaintzeko behar diren baliabide guztiez hornituta dago: irisgarritasuna, ekipo informatikoak, bulegoak, ikasgelak, bilera-gelak, itxaron-gelak eta harrera-gela.

Parte hartzeko betebeharrak

Hauexek dira proiektu honetan parte hartu nahi duten adineko pertsonek bete beharreko baldintzak: bakarrik bizitzea, etxebizitza jabetzan edo errentan izatea eta habitagarritasun zein higiene baldintza egokietan egotea, gaztearentzat egokitutako gela bat izatea, autonomiaz bizitzeko osasun egoera fisiko eta psikiko egokian egotea, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumorik eta adikziorik gabe, eta gazte batekin bizitzeko jarrera egokia izatea.

Gazteen kasuan, emantzipatzeko motibazioa duten ikasleak edo langileak izan behar dute, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumorik eta adikziorik gabekoak, eta adineko pertsona batekin bizitzeko sentiberatasuna eta harekin denbora partekatzearen aldeko jarrera izan behar dute.

Ez da parte hartzeko mugapenik ezarri proiektuaren helburuko pertsonen jatorriari dagokionez, ezta horien egoera administratibo edo legalari dagokionez ere. Halaber, ez da betebeharrik ezarri okupazioari buruz, ezta prestakuntza akademiko edo bestelakoei buruz ere, gaztelaniaren ezagutza maila altua izan ezik.

Programan sartzeko balorazio-iturri nagusitzat erabiliko da elkarrizketa erdi-egituratua eta, behar izanez gero, beste tresna batzuk ere baliatuko dira; hala nola, nortasunari buruzko galdera-sortak, interes eta balioei buruzko galdera-sortak eta hautaketa egokia bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako tresna balioztatu eta egiaztuak. Hautaketa proiektuko pertsonal teknikoak egingo du, eta bertan, zerbitzua eskatzen duten pertsonak nahiz etxebizitzaren ezaugarriak egokiak ote diren egiaztatuko da.

BBZerako sarrerak hiru fase izanen ditu: Bizikidetza Akordioaren sinaketa, ‘Bizikidetza kudeatzeko eskuliburuan’ jasotako arauei buruzko informazioa eta parte-hartzeei zuzendutako formakuntza. Formakuntza planaren bitartez, bizikidetzarako behar diren gaitasunak indartuko dira, ekimena abiatu baino bi aste lehenago. Bizikidetzaren jarraipena egiteko, telefono bidezko zein aurrez aurreko elkarrizketak egingo dira proiektuak iraungo duen sei hilabeteetan zehar.

Programan parte hartzeko eskabideak fisikoki entregatuko dira Nafarroako Gurutze Gorriaren “Espazio Aktiboan”, edo telematikoki, hala eskatzen denean. Eskabideak BBZn jasoko dira fisikoki, edo telematikoki posta elektroniko honen bitartez: sirnavarra@cruzroja.es.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa