(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NOGek Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatea sortu du, patologia hori duten gaixoek jasotako laguntzaren kalitatea kontrolatzearren asteazkena, 2019.eko urtarrilak 23


Unitateak urtero 400 eri berri tratatzea aurreikusten du, gehienak, %60a, koloneko minbizia dutenak


Nafarroako Ospitale Guneak (NOG) Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatea (KOMDAU) abian jarri du, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia duten gaixoei diziplina anitzeko arreta eta arreta integrala eskaintzeko asmoarekin. KOMDAU arduratuko da Nafarroan koloneko eta ondesteko minbizia duten pertsonek jasotzen duten laguntzaren kalitatea kontrolatzeaz. Urtero, 400 bat gaixo berri tratatzea aurreikusten du, eta horietatik %60-70 koloneko minbizia dutenak izango dira, %30-35 ondesteko minbizia dutenak eta %1-2 uzkiko minbizia dutenak.

Laguntza-eremua diagnostikoa baieztatzean hasiko da, baina lehen eta bigarren prebentzioko estrategien garapenean ere esku hartuko du, Kolon-ondesteetako Minbiziaren Baheketa Programarekin, eta unitatean bertan alta eman ondoren gaixoek jaso behar dituzten zaintzen diseinuan ere bai.

Antolamendu-eredu berri honen bitartez, Tumoreen Diziplina Anitzeko Batzordeen egungo egitura aldatuko da, unitateari autonomia emanaz emaitzak berak ebaluatzeko eta inplikaturiko profesionalen koordinazioa hobetuko duten antolamendu-alderdiak erabakitzeko, laguntza-prozesua eraginkorragoa eginaz; hots, prozesua arinagoa izaten eta gaixoak erosotasun gehiago izaten ahaleginduko dira, ospitalera egin beharreko itzuliak gutxituaz.

Modu horretan, NOGek 2014-2020 Osasun Plana eta zatiketa eta asistentziaren jarraipen-eza saihestera bideratutako neurriak bultzatzearen aldeko apustua beteko ditu, Minbizia Prebenitzeko eta Artatzeko Estrategiaren esparruan. Eredu horretarako bilakaera Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen (NOZ-O) Estrategian ere jasotzen da, ‘Osasunaren alde bidea eginez’ 2015-2020 eta NOGen 2016-2019 Estrategian bertan.

Asistentziarik onena

KOMDAUren helburu nagusia da asistentziarik onena ematea koloneko eta ondesteko minbizia duten gaixoei, ahalik eta emaitza kliniko onenak eskainiaz eta baliabide guztiak norbanakora bideratuaz, ebidentzia zientifiko onenaren eta eraginkortasun handienaren arabera.

Halaber, KOMDAUren helburuak dira egoera kliniko ezberdinak protokolizatzea, adostuta eta ebidentzia zientifiko onenetan oinarrituta; gaixoak maneiatzeko diziplina anitzeko erabakia bermatzea; egindako laguntza-jarduera erregistratzea eta aztertzea; diagnostikoaren eta tratamenduaren arteko itxaro-denborak murriztea; gaixoen iritzia eta asebetetze-maila ezagutzea; prebentzio, diagnostiko goiztiar eta gaixoaren segimenduko estrategiak garatzen laguntzea; eta koloneko eta ondesteko minbiziaren arloan irakaskuntza eta ikerketa klinikoa sustatzea.

Era berean, KOMDAUren asmoa da arreta osoa eskaintzea, tratamendu onkologiko espezifikoa egiteko premiatik hasi eta gaixoen bestelako beharrak (esate baterako, behar sozialak edo emozionalak) betetzera bitarte. Lan hori egiteko, diziplina anitzeko eta diziplina arteko esku-hartzea beharrezkoa da, gaixoaren arazo eta premia guztiak artatzeko aukera eskaintzearren.

Iruña, Tutera eta Lizarrako eremuetako gaixoen arreta koordinatua

Unitate berriaren asmoa da antolamendua aldatzea gaixoengan oinarrituta, asistentzia hobea izan dadin arreta espezializatuan eta berdintasuna arreta eskuratzerakoan eta gaixotasuna maneiatzerakoan. Horretarako, Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako hiru ospitale-gunetako zerbitzu kliniko, zaintza-unitate eta zuzendaritza ezberdinak koordinatu behar dira. Hori dela-eta, KOMDAUk koloneko eta ondesteko minbiziarekin diagnostikatutako eta NOZ-Ora adskribatutako pertsona guztiak artatuko ditu, Iruña, Lizarra eta Tuterako eremuak barne hartuaz. Eta tarteka, gainera, kolon eta ondesteko minbiziarekin diagnostikatutako eta Foru Komunitatez kanpoko gaixoak ere artatu ahal izango ditu.

Gaixo bakoitza unitate horretan baloratuko da kolon-ondesteko minbizia diagnostikatutako unean, egoera edozein izanda ere. Tratamendua erabaki eta egin ondoren, KOMDAUk eginen du gaixoen jarraipena gutxienez bost urteko denboraldian.

Funtzioen artean, besteak beste, honako hauek aurkitzen dira: gaixoen maneiu klinikoaren protokolizazioa, praktika klinikoko gidak, bide klinikoak edo tokiko protokolo klinikoak adostuaz; diagnostikoa eta tratamenduaren plana gaixoaren historia klinikoan erregistratzea; emaitza klinikoen bilakaera jarraitzea; gaixoaren asebetetze-maila ezagutzea; edo prebentzio, diagnostiko goiztiar eta gaixoaren segimenduko estrategiak garatzen laguntzea.

Sei zerbitzutako eta hiru ospitaletako 54 profesional

Koloneko eta Ondesteko Minbiziaren Diziplina Anitzeko Unitatea definitzeko eta prestatzeko aurretik egindako lanaren emaitza da; lan horretan esku hartu dute minbizi-mota hori duten gaixoen ohiko arretan inplikaturiko estamentu eta zerbitzu kliniko guztietako profesionalek, Lehen Arretako ordezkariek eta Osasun Publikoaren Institutukoek, NOGeko Kudeaketa Klinikoaren eta Jarraipen Asistentzialaren Laguntza Zerbitzuaren laguntzarekin.

NOGeko, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitaleko eta Tuterako Sofia Erregina Ospitaleko medikuntzako 49 profesionalek eta erizaintzako 7 profesionalek osatzen dute Unitatea. Besteak beste, zerbitzu hauetakoak dira: Digestio-zerbitzua (11), Kirurgia Orokorra (17), Onkologia Medikoa (7), Onkologia Erradioterapikoa (2), Anatomia Patologikoa (5) eta Erradiologia (7).

Noizbehinkako eta salbuespenezko kasuetan, unitateak honako espezialitate hauen laguntza ere izan dezake: Erradiologia Interbentzionista, Toraxeko Kirurgia, Lehen Arreta, Medikuntza Nuklearra, Psikologia, Errehabilitazioa edota Dietetika eta Nutrizioa.

KOMDAUren funtsezko alderdi bezala aipatzekoa da Zuzendaritza Batzorde bat sortuko dela eta honako hauek osatuko dutela: unitatearen koordinatzailea, kasuak kudeatzen dituen erizaina eta laguntza administratiboko langileak. Antolakuntza aldetik, unitatearen beraren aginte-koadroa ere sortu da, emaitzak ebaluatzeko helburuarekin.

Kolon eta ondesteko minbiziaren tratamendua Nafarroan

2000. hamarkadaren hasiera aldera TDABeak sortu zirenetik, hasiera batean Nafarroako Ospitalean eta Virgen del Camino Ospitalean, era multidisziplinalean tratatu dira kolon-ondesteko minbizia duten 5.000 gaixo baino gehiago.

Nafarroako Osasun Sistema Publikoak kolon-ondesteko minbiziaren tratamenduan esperientzia zabala duten profesionalak ditu, estatuan errekonozituak. Gaixoak artatzeaz gain, azken 10 urtetan, ikerketa klinikoaren hainbat ildo garatu ditu honako hauek bezalako alderdietan: koloneko minbizian parametro patologikoen balio pronostikoa, erregresio histologikoak duen garrantzia kimioerradioterapiarekin tratamendua egin ondoren, lehen tumorearen tratamendua metastasi sinkronikoak dituzten gaixoengan, edo koloneko minbizian kirurgiaren kalitateak duen garrantzia. Horren ondorioz, nazioarteko hogei argitalpen baino gehiago egin dituzte. Halaber, estatuko nahiz nazioarteko hainbat entsegu kliniko burutu dituzte koloneko minbiziaren edo metastasi hepatikoaren ebakuntza aurreko tratamendua bezalako alderdietan.

Gaur egun, erauzketa endoskopìkoaren tekniken garapenari esker, kirurgia saihestu daiteke hasierako fasean aurkitzen diren tumoreetan. Kirurgia behar duten gaixoentzat, kirurgikoki lantzeko modu laparoskopikoa erabiltzen da, uzkiaz haraindiko kirurgia endoskopikoaren prozedurak ere landuaz. Azken urteetan, biologia molekularraren teknikak sartu dira, tratamendu sistemikoak hautatu ahal izateko biomarkatzaileetan oinarrituta, eta metastasien tratamenduan erradioterapia estereotaxikoa ezarri da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa