(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lan-munduratzea, hezkuntza eta osasuna hobetzea, ijito populazioaren garapenerako 2019-2022ko Estrategiaren helburu nagusiak asteazkena, 2019.eko urtarrilak 23


Nafarroako Gobernuak agiri berria onartu du Nafarroako Gizarte Ongizate Kontseiluaren aho bateko sostengua jaso ondoren


Foru Gobernuak Nafarroako ijito populazioaren garapenerako Estrategia (2019-2022) onartzea erabaki du gaurko bileran. Agiri honen bitartez, Exekutiboak bere gain hartu du ikasle ijitoen arrakasta akademikoa % 15 gehitu, eskola absentismoa gutxienez % 7 murriztu, 30 urtetik gorakoen % 100en lan-munduratzea bultzatu eta osasun arloko desberdintasunak murrizten lagunduko duten kolektibo honetako 3.000 pertsonari zuzendutako hezkuntza arloko ekintzak abiatzeko konpromisoa.

Agiria Gizarteratze Plan Estrategikoan (2018-2020) bildutakoa abiapuntutzat hartuz landu da, Plan Estrategikoan zehaztutako izaera orokorreko ekintzei Nafarroako ijito populazioaren garapenerako politika publikoetan ezarritako ekintza espezifikoak gehituz. Gizarteratzearen ikuspegitik, aurreikusitako neurri eta ekintzek ijito herriaren gizarteratzea dute lehentasun, babes sozialeko sare normalizatuetarako sarbidearen eta horien erabilpenaren bitartez.

Aurrera egin bada ere, ijito populazioaren erabateko gizarteratzeak gainditu beharreko zailtasunak ditu oraindik ere. Honen harira, Administrazioaren eginkizuna “giltzarrizkoa” da ijito populazioak osasunean, hezkuntzan, enpleguan, etxebizitzarako sarbidean eta beste hainbat esparrutan jasan behar dituen desberdintasunak murrizteko, gazte eta emakume ijitoei arreta berezia emanez tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren ikuspegitik.

Estrategian honako ekintza-esparru hauek zehaztu dira: hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, tratu-berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka, partaidetza, ijito herriaren aitorpen sozial eta instituzionala, eta ezagutzaren hobekuntza. Guztira, 11 helburu estrategiko eta 40 helburu espezifiko finkatu dira, eta horien laguntzaz, Estrategiaren indarraldiaren buruan lortutako hobekuntzak neurtu nahi dira enplegua, etxebizitzarako sarbidea, hezkuntza eta osasuna bezalako esparruetan, gazte eta emakume ijitoei arreta berezia emanez.

Lau urteko indarraldia duen Estrategia hau zeharkakoa izanen da, Foru Administrazioko hainbat departamenturi eragingo dien neurrian. Gainera, horren elaborazioan toki erakundeek, gizarte ekimeneko entitateek, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta pertsona ijitoek parte hartu dute.

Enplegurako eta etxebizitzarako sarbidea

Enpleguaren arloan, berariazko formakuntza estrategiak aurreikusi dira, baita izaera orokorreko formakuntza baliabideetarako sarbidea ere. Helburuetan, arreta berezia eman zaie ijito gazteei, 30 urtetik beherako langabeen % 100ari eragiteko asmoz, errenta bermatua jasotzen dutenak ere barne hartuz, izan ere 2022rako kolektibo honen % 70ari eragitea du helburu. Horrekin batera, ijito komunitatearekiko esku-hartzearen arloko entitateek Gizarteratze Plan Estrategikoan jasota dauden plangintzarako lurralde batzordeetan parte-hartzea bermatu da. Azkenik, merkataritza ibiltaria erregularizatu eta normalizatzeko zein hondakin solidoen bilketa sustatzeko programa bat abian jartzea proposatu da.

Etxebizitzaren arloan, etxebizitzarako sarbidea izan aurretik familiarekin osatu beharreko lan-ildo batzuk garatzea proposatu da, etxebizitza berrian sartu ondoko akonpainamendu sozialarekin batera, beharrezkoa den kasuetan. Hartara, helburua, gutxienez 150 pertsonari eragitea da. Horrekin batera, izaera orokorreko baliabideei buruzko ezagutza eta horietarako sarbidea sustatu nahi dira, etxebizitzarako sarbidearen nahiz zaharberritzearen esparruetan.

Hezkuntza eta osasuna

Hezkuntza arloan, desberdintasunak estu-estu lotuta daude Haur Hezkuntzako ikasle ijitoen matrikulazioarekin, % 62,7koa baita biztanleria osoan duen % 96ko portzentajearen aldean, eta Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzan lortu ohi duten arrakasta akademiko txikiagoarekin. Horren kariaz, aurreikusitako neurrien helburua da ikastetxeetako laguntza-neurriak areagotzea eta neurri pedagogikoak zein matrikulazio egiten laguntzeko eta horren jarraipena egiteko neurriak abian jartzea, eskola abandonua ahalik eta gehien murrizteko eta aniztasuna artatzeko neurriak indartzeaz gain.

Osasunaren arloan, desberdintasun handiak egiaztatu dira. Ondorioz, ijito komunitatean osasuna sustatzeko Programaren bitartez, kolektibo honetako 3.000 pertsonari baino gehiagori eragin nahi zaie, Osasun Publikoaren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren, gizarte zerbitzuen eta sektorteko entitateen lankidetzari esker. Ekintzek haurrentzako osasun programa betetzen laguntzea dute helburu, txertaketak eta aho-hortzetako osasuna barne harturik, Osasun Eskolak indartuz eta tabakismoari, elikadurari, ariketa fisikoa eta obesitateari, zahartze aktibo eta osasungarriari, ongizate emozionalari eta gurasotasun positiboari lehentasuna emanez. Kolektibo honi zuzendutako arreta espezializatua ere sustatu nahi da, bereziki sexu eta ugalketa osasunari eta osasun mentalari dagokienez, bularreko eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programetako parte-hartzea eta droga-mendekotasunen prebentzioa hobetuz.

Partaidetza, tratu-berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka

Ikuspegi orokorretik, Estrategian diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko giltzarrizko neurriak bildu dira, eta horretarako, komunikabideen inplikazioa ere lortu nahi du, ijito herriaren ezagutza bultzatzeko neurriak sustatuz.

Gainera, pertsona ijitoen presentzia sustatu nahi du elkarrizketa-organo espezifikoetan eta, gutxienez, partaidetzarako kontseilu sektorialen % 50ean.

Estrategian zehaztutako beste neurri bat da Ijito Herriaren Nafarroako Kontseiluaren sorrera, Foru Administrazioa, toki erakundeak, ijito populazioarekin lan egiten duten gizarte entitateak eta ijitoen elkarteak partaide izango dituena. Kontseilu hau aholku-emailea izango da Nafarroako ijito komunitateari loturiko politikei buruzko gaietan eta proposaturiko ekintzen jarraipena egiteaz arduratuko da.

Azkenik, Estrategian, ijito errumaniarren gizarteratzea erraztea xede duen izaera integraleko programa pilotuaren sorrera aurreikusi da Iruñerako eta Iruñerrirako.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa