(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak gastronomiaren garrantzia nabarmendu du Nafarroako erakargarritasun turistikoaren giltzarrizko elementu gisa ostirala, 2019.eko urtarrilak 25


Nafarroaren Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru izan da gaur eguerdian Madrilen, 2019ko Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR)


premio

Nafarroako ordezkaritzak, Barkos Lehendakaria buru, Foru Komunitatearen Stand-ari emandako diploma saria jaso du. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek gastronomiaren garrantzia nabarmendu du Nafarroako erakargarritasun turistikoaren giltzarrizko elementu gisa, izan ere, jarduera hori produktuaren eta inguruko ukinezinen (natura, musika, atsegina, kultura…) arteko “konbinazio aparta” da, haren esanetan.

Uxue Barkos Nafarroaren Eguneko ekitaldi instituzionalaren buru izan da, astelehenaz geroztik Madrilen egiten ari den Nazioarteko Turismo Azokako (FITUR) Foru Komunitatearen pabilioian. Bertan parte hartu du, halaber, Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek.  Hitzorduak sektoreko ehun bat pertsona bildu ditu.

Agintarien agerraldiez gain, ekitaldian lau pertsonaren lana aitortu da, Nafarroako “enbaxadore” turistiko gisa, eta Komunitatearen aniztasuna pintxoen bitartez islatzen duen “Catar paisajes” (Paisaiak dastatzea) deritzon esperientzia aurkeztu da.

Edizio honetako standa 500,5 metro koadroko esparrua da, egituran lerroak eta berde kolorea nagusi dituena. Bisitariei ongietorria emateko, sarrerako zoruan erakargarritasun handiko elementua kokatu da: Nafarroako kultura eta naturako baliabide nagusien ikusizko zein entzunezko esperientziak bistaratzen dituen led pantaila handia. Horrekin batera, paretetan, Foru Komunitateko turismoaren ikur nagusiei buruzko euskarri grafiko zabala dago. Pabilioia sektoreko beste erakusketa batzuetan ere erabiliko da.

Hain zuzen ere, Nafarroako stand-a saritua izan da, Errioxa eta Aragoikoarekin batera, aurtengo hiru pabiloi autonomiko onenetariko bat bezala. Hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu, profesionaltasun irizpideak (stand-aren egokitasuna produktuaren komertzializazioaren beharrizanetara), komunikazioa / sustapena (stand-aren identifikazioa irudia eta produktuarekin) eta diseinua (berrikuntza eta originaltasun mailaren balorazioa).

Gastronoma, giltzarrizkoa eskaintza turistikoan

Lehendakariaren agerraldiak gastronomia izan du hizpide, horixe baita, nazioartekotzearekin batera, FITURen aurtengo parte-hartzearen ardatz nagusia. Nafarroako eskaintzaren “kalitate eta aniztasun bikaina” nabarmendu ondoren, “gastronomia egun dauden zeharkako jarduerarik osoenetakoa dela” esan du: “ekonomia, kultura, ingurumena eta abar uztartzen ditu eta lurraldeen nortasun eta aurkezpen txartel ezin garrantzitsuagoa da. Berezko profilez bereizi eta definitzen gaitu”, esan du.

Horren kariaz, “politika turistikorako giltzarria ez ezik, gastronomia lurraldeak ezagutzeko lehentasunezko sarbidea” dela ziurtatu du.

Ildo horretan, Uxue Barkosek autoktonoa sukaldaritzako teknifikazioaren gainetik lehenesten duten joera berriak aipatu ditu, eta orientazio berri horrekin bat eginez, Nafarroak “konbinazio apartaren” alde apustu egin duela adierazi du, “parerik gabeko hainbat bitxi dituen produktuari honen inguruan bildu ohi diren ukiezinak gaineratuz: jendea, historia, ekoizleak, natura, musika, partekaturiko atsegina, misterioa… eta, nola ez, kultura. Laburbilduz, berezi ahal gaituen eta bereizi behar gaituen konbinazio bikaina, guztion artean eraiki beharrekoa”.


Pabilioitik egindako bisitaren momentuetako bat. ( irudia handitu )

Horrekin batera, jarduera honen garrantzi ekonomikoa nabarmendu du, izan ere, ostalaritza sektoreari ez ezik, nekazaritza, kultura, paisajismoa, hirigintza eta merkataritza bezalako sektoreei ere eragiten die.

Azkenik, Lehendakariak, gastronomiaren aldeko apustua Foru Komunitatea “kultura lurralde adimendun eta iraunkorra” bihurtzea xede duen kontzeptu zabalagoarekin lotu du.

Nazioarteko turismoa erakartzea, lehentasunezko helburu

Ekitaldian, Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik ere parte hartu du. Sektoreko profesionalen lana eskertu ondoren, 2018ko emaitza nagusiak gogoratu ditu, izan ere, urte horretan, 1,3 milioi bidaiarik bisitatu zuten Nafarroa. Hartara, lehendabiziko bederatzi hilabeteetan izandako jaitsiera arinaz gain (-% 1,1), kontuan hartzeko moduko datu positiboak ere bildu dira; hala nola, egonaldiaren iraupena, 2,18 egunekoa orain (% 1,2), edota azaroan eta abenduan izandako susperraldia.

Horren harira, argi utzi du, turismo arloko helburua ez dela soilik turista gehiago erakartzea, “hobeto” egitea baizik, “denboran eta espazioan sakabanatutako turismoa lortuz, hau da, urte osokoa eta lurralde osoari dagokiona”. Ayerdik azaldu duenez, xede horri begira, Nafarroako Gobernua ahalegin berezia egiten ari da nazioarteko turismoa erakartzeko, Mexikon, Txinako Ghansu probintzian eta Lufthansarekiko harremanaren nahiz Iruñea-Frankfurt aire-konexioaren esparruan bideratu dituen zenbait ekintza garrantzitsuren bitartez.

Azkenik, turismo gastronomikoa aipatu du. “Bidaia batean plater edo ardo on batez gozatzea baino askoz ere gehiago da -adierazi du-. Ondare kulturalera hurbildu eta parekorik ez duen modu pertsonal baten bitartez gogoangarria bihurtzeko era bat da. Gastronomiarekin batera, Nafarroak ongi bizitzearekin eta kalitate goreneko produktuekin lotutako bizimodua eskaintzen die bisitariei”.

Lau “enbaxadore” turistikoren aitorpena

Ekitaldi instituzionalean, lau pertsonaren jarduna aitortu da, Foru Komunitatearentzat lehentasunezkoak diren nazioarteko topaguneetan Nafarroako “enbaxadore” turistiko gisa egin duten lanagatik.

Horietako lehena NUPeko txinera irakasle Adrián Bayo Tirapu da, unibertsitate honetan master bat egiten ari den Lam Wai ikasle txinatarrarekin batera; bata zein bestea Gansu probintziarekin lotuta daude. Saritutako beste bi pertsonak Mexikoko Turismo Bulego Espainiarreko kontseilari Isabel Alonso eta Frankfurteko Turismo Bulego Espainiarreko kontseilari Julio Lopez dira. Barkos Lehendakaria arduratu da akreditatzeko diplomak eta Nafarroaren oroigarriak emateaz.

Ospakizuna “Catar paisajes” ekimenaren aurkezpenaz bukatu da. Iñaki Andradas sukaldaria eta Carlos Rodriguez tabernaria aurkezle izan dituen gastronomia arloko esperientzia honetan, Komunitateko paisaietan barna egindako ibilbidea proposatuko da pintxoen bitartez.

Topaketa honetatako propio sortutako sei pintxo dira, Nafarroako Jatorri Izendapeneko ardoekin batera aurkeztutakoak. Horietako bi Txinarekiko eta Alemaniarekiko lotura berriak iradokitzen dituzten osagaiekin eginda daude, eta gainerako hirurek Nafarroako hiru eremu iradokitzen dituzte: “Mejana eta bere altxorrak”, “basoak kontatzen duena” eta “hiri-paisaiak: festa”. Horiekin batera, zainzuriak, piperrak, orburuak eta gazta osagai dituzten “nahiatezko” pintxoak daude.

Pabiloiari saria

Lehen aipatu denez, Fiturrek pabiloi autonomikoei ematen dizkien hiru sarietatik bat, Nafarroak jaso du.

Epaimahaiak nabarmendu du, Foru Komunitateko pabiloiak, “natura, kultura eta jasangarritasuna leku berean egotea” lortzen duela.

Egindako balorazioan aipatzen duenez, “ezin hobeto pentsatutako eta definitutako antolamendu arkitektonikoak almenak eta dorreak dituzten gazteluen eta harresien eraikuntza zaharrak ekartzen ditu gogora. Fronte bakarrak eta itxitura erdiiragazkorrak, gotorleku hori inguratzen duenaren begien bistan, haritzezko horma horietatik haratago maitatzeko gonbita egiten dute”.

Halaber, egokitzat jotzen du erabilitako kolore neutroen (zuria, berdea eta zura) sorta, lekuaren hiru alde itxitako bakoitzean hautatutako irudi handiak ematen dituzten koloretako notek soilik hautsita; horiek Nafarroako elurra, mendia, basoa eta arkitektura erakusten dituzte.

“Milaka urteko basoek enborren artean Nafarroaren aberastasuna aurkitzen duten moduan, zurezko xaflek aukera ematen dute, erabilera ezberdinen arabera, publikotik erdipribatura eta pribatura igarotzen doazen espazio ezberdinak erdika ikusteko. Halaber, aipatu behar da diseinua azken xehetasuneraino zaindu dela, portakatalogoak ere sartuaz”, gehitu du epaimahaiak.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa