(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan 3.400 minbizi kasu inguru diagnostikatzen dira urtean eta birikakoa da heriotza eragile nagusia 75 urtetik beherakoen artean osteguna, 2019.eko urtarrilak 31


Kasuen % 30-50 Europako Minbiziaren aurkako Kodean bildu eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 80.000 aletan zabaldutako neurriekin saihets litezke


Minbizia

Ezkerretik eskuinera, Nieves Ascunce, Domínguez kontseilaria eta Marga Echauri. ( irudia handitu )

Foru Komunitatean, minbizi inbasiboen 3.400 kasu inguru erregistratzen dira urtero bertako herritarren artean, melanomaz besteko larruazaleko minbiziak bazterrean utzirik, Nafarroako Minbiziaren Erregistroan bildutako azken datuen arabera. Diagnosien % 59 gizonengan ematen da, 68 urteko batez besteko adinean, eta % 41, 66 urteko batez besteko adina duten emakumeengan. Halaxe jakinarazi du gaur goizean prentsaurrekoan Osasun kontseilari Fernando Domínguezek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Osasuna Sustatzeko Ataleko buru Margarita Echauri eta NOPLOIko Epidemiologia eta Prebentzio Sanitarioaren Zerbitzuko buru Nieves Ascunce ondoan zituela, heldu den astelehenean, otsailak 4, ospatuko den Minbiziaren Munduko Egunaren karietara.

Minbizia lehentasunezko eritasuna da Nafarroako herritarren osasunari dagokionez, izan ere, horren eragina gero eta handiagoa da, Espainian eta Europan bezalaxe, eta heriotza eragile nagusietakoa bihurtu da. Nafarroan, birikako minbizia da heroitza goiztiarraren eragile nagusia (75 urtetik beherakoen artean).

Kontseilariak Osasun Departamentuaren ahalegina aitortu du minbiziaren aurkako borrokan eta zorionak eta eskerrak eman dizkie egindako lan bikainagatik esku hartu duten profesional guztiei: Lehen Mailako Arretako zein Arreta Espezializatuko profesionalei eta ikerketan eta prebentzioan lan egiten dutenei.

Agerraldian, Europako Minbiziaren aurkako Kodeak tumoreen agerpena saihesteko bildu eta NOPLOIk 80.000 aletako argitalpenaren bitartez ezagutzera eman dituen 12 gomendioak zehaztu ditu. “Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) kalkuluen arabera, minbizi kasuen % 30 eta % 50 bitartean saihesten ahal da”, Domínguez kontseilariaren esanetan.

Datu erabilgarrien arabera, minbiziak Nafarroan duen intzidentzia Espainian duenaren antzekoa da: 341 kasu 100.000 biztanleko gizonen artean eta 208 kasu 100.000 biztanleko emakumeen kasuan. 2017an, minbizia zuten 1.586 pertsona hil ziren Nafarroan, eta horien % 61 gizonak ziren.

Gizonengan, prostatako minbizia (% 20), kolon-ondesteko minbizia (% 18) eta birikako minbizia (% 14) dira intzidentziarik handiena dutenak, baina 2017an heriotza gehien eragin zutenak hauxek izan ziren: birikako minbizia (249 heriotza, minbiziak eragindakoen % 26) eta kolon-ondesteko minbizia (159 heriotza, minbiziak eragindakoen % 14).

Emakumeengan, bularreko minbizia (% 28); kolon-ondesteko minbizia (% 13) eta birikako minbizia (% 7) dira gehien diagnostikatu ohi direnak, baina heriotza gehien eragin zutenak hauxek izan ziren: kolon-ondesteko minbizia (% 17), bularreko minbizia (% 12) eta birikako minbizia (% 11).

Birikako minbizia, heriotza goiztiarraren eragile nagusia

Egun, birikako minbizia da heriotza goiztiarraren edo 75 urtetik beherakoen heriotzaren eragile nagusia Nafarroan, gizonen heriotzen % 15 eta emakumeen heriotzen % 11 eragiten duelarik. Bularreko minbizia eta kolon-ondesteko minbizia, halaber, 75 urtetik beherakoen heriotza eragiten duten 3 kausa nagusien artean daude.

Gizonengan, bularreko minbiziaren tasarik altuenak 1990eko hamarkadan erregistratu ziren, 10 kasutatik 8 tabakismoak eragin zituelarik, eta azken urteotan behera egin du adin-tarte guztietan, 85 urtetik gorakoen artean izan ezik. Datozen urteotan, jaitsiera hori adin-tarte guzti-guztietara hedatzea espero da.

Aitzitik, emakumeengan, 2000az geroztik izugarri igo da birikako minbiziaren intzidentzia, 50 urtetik beherakoen artean gizon eta emakumen tasa berdindu delarik. Datozen urteotan, Nafarroako emakumeengan, birikako minbiziaren eta tabakismoarekin zerikusia duten bestelako minbizien diagnosiak gora egitea aurreikusi da.

Tabakismoa da, XXI. mendearen bigarren hamarkadan, Nafarroako gizon nahiz emakumeengan saihets daitekeen minbiziaren kausa nagusia. Ondorioz, NOPLOIk lehentasunezkotzat jo ditu berriz ere osasun publikoaren ikuspegitik tabakismoan erortzearen prebentzioa lantzea, tabakoaren kontsumoa baztertzeko laguntzak eta kerik gabeko eremuen sustapena.

Bularreko minbiziak emakumeengan eragindako heriotza goiztiarren jaitsiera garrantzitsua ere nabarmendu behar da, erdira murriztu baita (% 54) 90ko hamarkadaren bukaeraz geroztik, betiere osasun-zerbitzuei, tratamendu berriei eta Detekzio Goiztiarrerako Programari esker. Kolon-ondesteko minbiziaren hilkortasun-tasaren goranzko joera, bereziki gizonengan, bat dator obesitatearekin, dieta ez-osasungarriarekin zein ariketa fisiko eskasarekin lotuta Nafarroan zein Espainian atzeman den intzidentziaren gorakadarekin.

Minbizia prebenitzeko gomendioak

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) kalkuluen arabera, minbizi kasuen % 30 eta % 50 bitartean saihesten ahal da, eta eritasunaren kausa guztiak ezagutzen ez diren arren, frogatuta dago hainbat gizarte-eragileren arteko lankidetza eta politikari, legegintzari, lanari eta abarrei dagozkien era guztietako neurrien aplikazioa nahitaezkoak direla minbizia prebenitzeko, pertsona guztioak har dezakegun zenbait jokabideren garapenarekin batera.

Herritarrentzako gomendioak Europako Minbiziaren aurkako Kodean bilduta daude, eta horiei buruzko ezagutza ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, NOPLOIk 80.000 aletako argitalpena egin du. Lau egunkaritan txertatuta (Diario de Nafarroa, Diario de Noticias, Gara eta Berria) zabalduko dira eta publikoaren eskura ere izanen dira hainbat esparru soziosanitariotan.

Hauexek dira, laburzki, aipaturiko hamabi gomendioak:

1. Ez erretzea eta ezein tabako motarik ez kontsumitzea

2. Kerik gabeko guneak sostengatzea

3. Pisu osasungarria mantentzea

4. Egunero ariketa fisikoa egitea. Eserita egiten den denbora mugatzea.

5. Modu osasungarrian jatea

6. Alkoholaren kontsumoa mugatu edo saihestea

7. Eguzki gehiegi ez hartzea

8. Lanean minbizia sorraraz dezaketen agenteetatik babestea

9. Radonaren maila natural altuetatik babestea

10. Haurrari bularra ematea. Menopausiako tratamendu hormonala mugatzea

11. Haurtzaroan B hepatitisaren eta papilomaren aurkako txertoa jartzea

12. Minbizia bahetzeko antolatzen diren programetan parte hartzea

Bizimodu horietako batzuei buruzko datuek onera egin dute Nafarroan eta Estatuaren batezbestekoak baino hobeak dira, baina badago oraindik zer hobeturik esparru honetan.

Bahetzeko programak giltzarrizko detekzio goiztiarrerako

Frogatuta geratu da detekzio goiztiarra zenbait osasun-arazoren aurka borrokatzeko tresna erabilgarria dela, zenbait minbizi mota barne harturik. Tumore bat fase goiztiarrean detektatzeak, klinikoki agertu baino lehen, tratamendu eraginkorragoak aplikatzeko aukera errazten du, hilkortasun-tasa gutxituz eta tumorearen oldarkortasuna eta ondoriozko albo-kalteak murriztuz. Alabaina, ondorio onuragarri hauekin batera, detekzio goiztiarrerako jarduerek zenbait albo-kalte ere eragiten dituzte, horiei buruzko gomendioak lantzerakoan kontuan hartu beharko liratekeenak.

Orain arte, balantze garbi positiboa frogatu da –ondorio onuragarriek eragindako albo-kalteak estaltzen dituzte– bularreko, kolon-ondoesteko zein umetoki-lepoko minbizietan. Hiru tumore horietan baizik ez da gomendatzen bahetzeko jarduerak egitea, eta hauen emaitza egokia izan dadin, herritarren araberako programen barnean antolatuta.

Nafarroan, Estatuko zein nazioarteko gomendioak aintzakotzat hartuz, herritarren araberako detekzio goiztiarrerako programak egiten dira bularreko zein ondesteko minbizien kasuan.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 1990ean abiatu zen. Bi urtez behin, mamografiak egiteko aukera errazten die Nafarroan bizi diren 45 eta 69 urte bitarteko emakume guztiei. Egun, 15. itzulia egiten ari da 115.401 emakumerekin, eta gazteagoak diren beste 439 emakume ere sartu dira familian atzemandako arrisku-aurrekariengatik, esplorazio hau ere egin dakien.

Hasiera-hasieratik, parte-hartze maila altua izan da programaren ezaugarririk aipagarrienetakoa, betiere % 85etik gorakoa –Estatuan zein atzerrian dauden altuenetakoa–. Honek, gongoilen gaineko eraginik ez duten tumore arras txikien detekzioarekin batera, minbizi mota honek eragindako hilkortasun tasa nabarmen murrizten lagundu du azken urteotan.

Kolon-Ondesteko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa 2014an abiatu zen. Nafarroan bizi diren 50 eta 69 urte bitarteko gizon-emakume guztiek gorozkietan ezkutaturiko odolari buruzko testa egiteko aukera dute bi urtez behin, koloneko zein ondesteko balizko minbiziak fase goiztiarrean detektatu ahal izateko. Gainera, test honi esker, denboraren poderioz tumore gaizkileak bihur litezkeen arrisku handiko polipoak detektatu eta erauzten ahal dira. 2018. eta 2019. urteetan, programaren 3. itzulia egiten ari da, 188.429 pertsonaren parte-hartzeaz: 94.566 gizon eta 93.863 emakume.

Kasu honetan ere, % 70etik gorako parte-hartzeak aurreikusitako helburua gainditzen du, bestelako programei ere gaina hartuz. Horren harira, giltzarrizkoa da osasun sektoreko profesional guztien lankidetza (Lehen Mailako Arreta, Arreta Espezializatua, farmaziak, etab.) eta osasun sektoreaz kanpokoena (udalak, elkarteak, etab.).

Oraindik ez dago ebaluatzerik programa honen inpaktua, baina zantzu guztien arabera, tumore mota honek eragindako intzidentzia eta hilkortasun-tasa nabarmen murrizten lagunduko du.

Azkenik, Nafarroan, gainerako autonomia-erkidegoetan bezalaxe, umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarra komeni ahala egiten ari da. Luze gabe, jarduera hau antolatutako programetan txertatuko da Osasun Sistema Nazioanelako zerbitzuen zorroaren barnean, papilomako birusaren detekzioa lehen mailako bahetze-probatzat erabiliz.

Nafarroan programaren diseinua 2019an ezarritako irizpideen arabera lantzen hasiko da, antolaketari zein osasun-laguntzari dagozkien irizpideak aintzakotzat hartuz, horren kudeaketa eta ebaluazio egokia bermatzeko garatu beharko den informazio sistemarekin batera.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa