(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko Kataluniako eta Ekialdeko Pirinioetako adituek Nafarroa bisitatu dute Ederbidea proiektua ezagutzeko asteazkena, 2019.eko otsailak 6


Bizikletaz ibiltzeko ibilbideak garatu eta mugikortasun nahiz turismo iraunkorra sustatzea xede duten POCTEFA proiektuen arteko lankidetza eta esperientzia-trukerako topaketa eredugarria izan da


Bicitranscat eta Ederbidearen ordezkariak, bizikletaz ibiltzeko tarte baterako bisitan.

Bicitranscat eta Ederbidearen ordezkariak, bizikletaz ibiltzeko tarte baterako bisitan. ( irudia handitu )

Alt Empordan eta Ekialdeko Pirinioetan bizikletaz ibiltzeko mugaz gaindiko bideen nahiz lotura multimodalen garapenean diharduen Bicitranscat proiektuaren zenbait ordezkarik lan bisita egin dute Ederbidea proiektura, Nafarroak, Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek osatutako Euroeskualdeko lurraldean bizikleta bidezko joan-etorriak sustatzeko egiten ari diren ekintzak bertatik bertara ezagutzeko xedez.

Mugaz gaindiko mugikortasun iraunkorra sustatzea da INTERREG POCTEFA programari atxikitako bi proiektu horien helburua, eta topaketa honen bitartez, ezaguerak eta esperientziak partekatu eta lankidetzaren garrantziaz ohartarazi nahi izan dute.

Donezteben egin da Ederbidea eta Bicitranscat proiektuen ordezkarien arteko lan eta lankidetzarako topaketa. Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan antolatutako jardunaldiaren ondoren, Ederbideak Nafarroan dituen bizikletaz ibiltzeko zenbait bide-tarte bisitatu dituzte Bidasoako eta Plazaolako Bide Berdeak batuko dituen ibilbidean.

Topaketan, Ederbidea proiektuko erakunde bazkideek esperientziak partekatu dituzte Bicitranscat proiektuaren ordezkariekin, alderdi praktikoei erreparatuz eta bizikleta bidezko mugikortasun eta turismoaren aldeko ekimen hau hiri ikuspegitik zein landa ikuspegitik toki mailan garatzeko modua aztertuz.

Jardunaldiaren ondorioetan argi geratu da Ederbidea bezalako proiektuek landa garapen iraunkorra errazten dutela, zuzenean nahiz zeharka, izan ere, lurraldeetan ekimen berriak sortzera animatzen dituzte, ekonomia zirkularra bultzatuz eta toki erakundeak zein enpresak eta kolektiboak mobilizatuz.

Nafarroako Gobernuko Marketin Turistikoaren Zerbitzuko teknikari Patxi Saenz Lazkanok Foru Komunitatean egiten ari diren ekintzak aurkeztu ditu.

Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Baztan-Bidasoa Turismoko lehendakari Patxiku Irisarrik, Cederna Garalur tokiko ekintza taldeko zuzendari kudeatzaile Ibon Mimentzak, Plazaola Turismo Partzuergoko kudeatzaile Gustavo Ortiz de Barronek eta Imozko alkate Joxean Iturraldek. Gainera, Aloa Comunicación enpresako Berta Bernartek, Ederbidearen esperientziaren bitartez, han-hemenkako ekintzak nahiz POCTEFA mugaz gaindiko proiektuei atxikitako lankidetza, iraunkortasun eta genero-ikuspegiko balioak ezagutzera emateak duen garrantzia nabarmendu du.

Jardunaldia Doneztebeko alkate Xanti Utergak itxi du, Ederbidea “Nafarroaren iparralde osorako arras positiboa izanen den etorkizuneko proiektua” dela adieraziz. Horren harira, mugaz gaindiko proiektu honek herria garatzen lagun dezakeela ziurtatu du, “masifikaziorik gabeko turismo lasaia” sustatuz, herritarren artean bizikletaren erabilera bultzatuz eta eskualdean barna proiektu osagarriak egitera animatuz.

Ederbidea mugaz gaindiko proiektuari atxikita, Bicitranscaten ordezkariek Irun eta Hendaia bisitatu eta lan-bilera batean parte hartu dute Bidasoa Aktiboaren egoitzan.

Proiektuen arteko lankidetza

Ederbidea deritzon Europako lankidetza-proiektuan, Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako mugaz gaindiko lurraldeetako 12 bazkideek indarrak batzen dituzte bizikletaren erabilera sustatzeko.

Hauexek dira Ederbidea proiektuko bazkideak: Pirinio Atlantikoetako Departamentua proiektuaren buru gisa, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak, Euskal Herri-Aturriko Mugikortasun Sindikatua, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna Garalur elkartea eta Plazaolako Turismo Partzuergoa.

Ederbidearen garapenerako, proiektuak, Pirinioetako Lan Komunitateak kudeaturiko INTERREG POCTEFA programa europarraren laguntza izan du. Europar Batasunaren % 65eko kofinantzazioa lortu du, Europako Eskualde Garapenerako Funtsaren (FEDER) bitartez.

Alt Emporda eta Ekialdeko Pirinioetako eremuetan mugikortasun iraunkorra sustatzen lagunduko duten bizikletaz ibiltzeko mugaz gaindiko bideak nahiz lotura multimodalak garatzea da Bicitranscat proiektuaren helburua.

Proiektu horren izenean, Nafarroan izan dira bisitari Muriel Llugany, Ekialdeko Pirinioetako Departamentuaren Kontseilukoa; Laia Cormenzana, Gironako Bide Berdeen Partzuergokoa; Olga Sabater eta Roser Pastor, Alt Empordako Eskualdeko Kontseilukoa, eta Martine Not eta Florence Danhyer, Perpignan Mediterraneoko Hiri Komunitatekoa. Bertan izan dira, halaber, Isabelle Guy, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren Kontseilukoa, Nafarroa ere partaide duen Atlantic On Bike proiektuaren buru gisa, eta Sabine Etcheverry, Pirinio Atlantikoetako Departamentukoa, Ederbidea proiektuaren arduraduna.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa