(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Asistentzia humanizatzea eta gaixoari eritasunari baino arreta handiagoa ematea, Osasun Mentalaren III. Planaren lehentasunak ostirala, 2019.eko otsailak 8


Esparru honetan 2019tik 2023ra bitartean jarraitu beharreko estrategia gidatuko duen agiriak 40 helburu bildu ditu 12 jarduketa-ildotan banatuta


Begoña Flamarique eta Fernando Domínguez 2019-2023ko Osasun Mentalaren Planaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Asaldura mentalak dituztenendako osasun-laguntza humanizatzea eta pertsonari eritasunari baino arreta handiagoa ematea dira Nafarroako 2019-2023ko Osasun Mentalaren Plan berria gidatuko duten lehentasunezko printzipioak.

Halaxe jakinarazi du gaur Osasun kontseilari Fernando Dominguezek luze gabe Nafarroako Gobernuak onartuko duen agiriaren aurkezpenean. Dominguezekin batera izan den Osasun Mentaleko zuzendari kudeatzaile Begoña Flamariquek helburu, helmuga eta esku hartzeko ildo nagusiak azaldu ditu.

Lehendabizikoen artean, eritasun mentalaren prebentzioa, esku-hartze goiztiarra, asaldura mentala larria duten pertsonendako baliabide sozial eta soziosanitarioen hobekuntza, suizidioaren abordatzea edota medikazio psikofarmakologikoaren senezko erabilera dira berariaz landuko diren erronketako batzuk.

Dominguez kontseilariaren esanetan, helburu hauek, “nafar gizarteari osasun sistema unibertsala irisgarria, ekitatiboa eta kalitatezkoa ematearen alde Gobernu honek hartu duen konpromiso estrategikoari erantzuten diote, pertsonen osasuna eta ongizatea osasun-arretaren erdigunean kokatzen duen sistema publiko baten barnean”.

Bestetik, Begoña Flamariquek adierazi du, berritasun gisa, Plan honetan emaitzei buruzko 21 adierazle sartu direla helburuen erdien baino gehiagoren jarraipena eta betetze-maila egiaztatu ahal izateko. Adierazle horiei esker, zehaztasun osoz ezagutu ahal izan da abiapuntuko egoera, 2023an lortu beharreko helmuga finkatzeaz gain.

Nafarroako 2019-2023ko Osasun Mentalaren III. Plana

Aurkeztutako agiriak jarraipena eman dio 2012-2016ko Osasun Mentalaren II. Plan Estrategikoari, egun indarrean nahiz betetzeko zain dauden helburuetarantz aurrera egiteko asmoz.

Planak defendatzen duen arreta-eredu komunitarioak pazientea berreskuratu du helmugatzat, zainketen jarraikortasuna modu integralean aztertuko duten diziplina anitzeko taldeen laguntzaz, erabiltzailea erabakiak hartzeko prozesuan sartuz, horren autonomia sustatuz eta ebidentzia zientifiko erabilgarririk onenaz baliatzeko nahiz baliabideen erabilera eraginkorra egiteko konpromiso profesionalari eutsiz.

Horrez gain, erabiltzailearen beharretara egokitutako ospitalizazioko arreta-eredu malguagoa abian jartzea proposatzen du, eta horretarako, nahitaezkoa izango da arreta gizatiarragoa eta indibidualizatuagoa ematen lagunduko duen azpiegitura berri bat antolatzea.

Lau helmuga nagusi finkatu dira: herritarren osasuna hobetzea; pazienteen zainketa eta esperientzia hobetzea; Nafarroako Osasun Mentaleko Sarearen eraginkortasuna hobetzea, eta profesionalen inplikazioa eta gogobetetze-maila hobetzea. Horretarako, lau ekintza-ardatz zehaztu dira (eredu komunitarioa sustatzea, etxez etxeko nahiz landa eremuko arreta hedatzearen aldeko neurriak txertatuz; detekzio eta esku-hartze goiztiarra, psikosiaren lehen episodioetan esku hartzeko programa eredutzat hartuz; aldakortasun klinikoa murriztea; eta pertsona erdigunean duen arreta ematea), 12 ekintza-ildo eta 40 helburu zehatzekin batera.

Finantzaketari dagokionez, aurrekontu-hornidura 24 milioi euro inguru gehitzea aurreikusi da planak iraungo duen bost urteetan (391.368 euro 2019an; 2.186.751 euro 2020an; 10.150.751 euro 2021ean; 7.528.851 euro 2022an; eta 4.050.411 euro 2023an). Finantzaketa osagarri hau profesionalen plantilla birdimentsionatu beharrak, osasun-zerbitzu berriak sartu beharrak eta asaldura mental larria duten pertsonen premiei erantzuteko baliabide soziosanitarioen eskasiak eragin dute (azken hau Gobernuko beste arlo batzuei ere dagokie: Eskubide Sozialak, Enplegua, Etxebizitza edo Hezkuntza, besteak beste).

Plantillan 35 profesional gehiago sartzea aurreikusi da, honako arlo hauei atxikitakoak: Psikologia Klinikoa (14), Psikiatria (6), Erizaintza (6), Terapia Okupazionala (3), Gizarte Lana (3), Administrazioa (1) eta Koordinazioa (1).

Elaborazioa eta herritarren parte-hartzea

Plana lantzeko lehendabiziko pausoa, bertan garatu beharreko ildo eta ekintza nagusiak biltzen zituen “zero agiria” idaztea izan zen. Hau abiapuntutzat erabili zen ondoko parte-hartze prozesurako. Idazketa hiru iturritatik bildutako informazioan oinarritua egin zen, nagusiki:

-2012-2016ko Osasun Mentalaren Plan Estrategikoaren ebaluazioa

-Estatuan zein nazioartean dauden arauen azterketa dokumentala, beste herrialde eta autonomia-erkidego batzuetako plan estrategikoak ere aintzakotzat hartuz

-Plana lantzeko batzordeko kideen ekarpenak

Aldi berean, Gobernu Irekiaren bitartez parte hartzeko eredu bat diseinatu zen herritarrei ahotsa emateko (bereziki, sarearen erabiltzaileei eta senitartekoei, profesionalei eta lanbide-elkarteei), honako hauek bilduz:

-Profesionalei eta erabiltzaileei zein senitartekoei zuzendutako inkestak, “zero agirian” bildutako gai nagusiei buruz.

-Osasun Mentaleko Sareari atxikitako profesionalendako bi gogoeta-jardunaldi testua eztabaidatzeko eta behin-betiko planean sar litezkeen ekintza zehatzak proposatzeko. 25 profesionalek parte hartu zuten.

-ForoSalud topagunearen (Osasun Departamentuak Nafarroako osasuna hobetzeko diseinaturiko esparrua) edizio berri bat, hogeita hamar bat erabiltzaile, profesional eta elkarteen ordezkari bildu zituena.

-Osasun Mentalaren Planaren lehen zirriborroa biltzen duen “1. Agiriaren” Erakusketa Publikoa Gobernu Irekiaren plataforman.

Partze hartzeko prozesuaren une desberdinetan bildutako proposamen eta ekarpenak aztertu eta egun aurkeztutako Planaren behin-betiko bertsioa taxutu zen. Guztira, 28 ekarpen jaso ziren, eta horietarik 15 onartu dira, hots, % 53,57. Onartu gabe gelditu direnen kasuan, arrazoi nagusia irizpide teknikoak eta inplementatzeko ebidentziarik edo eskuduntzarik eza izan ziren.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa