(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Eskubide Sozialetako Departamentuak egoitza-plazak kudeatzeko esparru-akordio berriko lehiaketa ireki du, aurrekontua % 19 gehituz astelehena, 2019.eko otsailak 11


Akordioan, erabiltzaileek plaza libreki hautatu, arreta-pertsonalaren ratioak hobetu, soldatak igo eta zerbitzu berriak sartzea aurreikusi da


Ezkerretik eskuinera, Ines Frances, Laparra lehendakariordea eta Carlos Arana. ( irudia handitu )

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bitartez, hiru erlotan zatituriko esparru-akordioa onartu du, egoitza-arretarako 3.000 plaza, eguneko egonaldirako 200 plaza eta adineko pertsonen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasuna prebenitzeko 800 plaza ere eskain ditzaketen entitateak hautatzeko, betiere esparru-akordioa bukatu arteko urteetan dagoen aurrekontu erabilgarriaren arabera.

Akordioa gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) zuzendari kudeatzaile Ines Francesekin eta PAGNAko Kudeaketa eta Baliabideetako zuzendariorde Carlos Aranarekin batera.

2018an, Eskubide Sozialen Departamentuak 1.708 plaza hitzartuak zituen egoitzetan; horietarik, 1.615 plaza ResideN programari atxikita eta 47 zentrotan banatuta, 39.071.780 euroko aurrekontuarekin.

2019rako, aldiz, plaza hitzartuen kopurua aurrekontu erabilgarriaren arabera eta eskainitako plazei dagozkien moduluen arabera gehitzea aurreikusi du. Nolanahi ere, esparru-akordiorako aurrekontua 46.501.482 eurokoa da (urte batetik bestera % 19ko hazkundea izan duelarik). Zenbateko horretatik, 44.810.480 euro egoitzako plazetara bideratuko dira, 2018an baino % 14,69 gehiago; 625.694 euro eguneko egonaldietarako izanen dira (66 plaza, guztira), eta 1.065.307 euro autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programetara joanen dira (800 plaza).

Epealdi osorako, esparru-akordioak 330 milioi euro inguru bideratzea aurreikusi du, BEZ kanpo; eta kopuru horretatik, 7,8 milioi egoitzetako eguneko egonaldietarako izanen dira eta 5,8 milioi autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programetara joanen dira.

Akordio honek bi urteko iraupena izanen du, beste bi urte luzatzeko aukerarekin. Halaber, egungo ResideN programari lekukoa hartu eta horrekiko kontratua bukatua duten zentroak, 2019an bukatuko zaienak nahiz plaza hitzartuak ez dituzten zentroak barne hartuko ditu, esparru-akordioari atxikitako kontratu guztiak aldi berean bukatzeko eta ResideN programa bukaera-epe desberdinetako kontratuak izateak zekarren disfuntzioa gainditzeko.

Esparru-akordioaren ezaugarriak

Esparru-akordio honen bitartez eta horri atxikita esleituko diren plazen laguntzaz, gutxieneko egoitza-plazen kopurua lortu nahi da Nafarroako gizarte zerbitzuen oinarrizko eremu guztietan, egun horrelako zentroak erabiltzen dituzten adinekoen arreta segurtatzeko, mendekotasuna izan ala ez izan, eta etorkizunean horrelako zentroak beharko dituztenei erantzuteko, oinarrizko eremu horietan dauden eskariak eta itxaron-zerrendak kontuan hartuz.

Gainera, egoitza-zentroen entitate titular guztiak aurkeztu ahalko dira, baita zerbitzua emateko baimena duten eguneko zentroak eta landa eremuko eguneko zentroak ere, autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko zerbitzuen kasuan.

Oraingo esparru-akordioan bildutako egoitza-plazak Eskubide Sozialen Departamentuaren menpeko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikitako Egoitza Arretarako Sare Publikoan sartuta geldituko dira.

Horrekin batera, esparru-akordio honen bitartez, egoitza-arretarako sare publikoak mugarri bat ezarri nahi du zerbitzuen eskaintzan, pertsonak eta hauen beharrak erdigunean kokatzeko, ahal den neurrian pertsonen lehentasun eta gogoetara egokitzeko eta zainketa pertsonalizatuei nagusitasuna emateko, baita pertsonendako adierazgarriak diren jarduerei, etxe giroari, familiendako arretari eta abarrei ere, antolaketa eta osasun arloko irizpideen gainetik.

Halaber, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko zerbitzuak eta eguneko egonaldiak eskaintzeko aukera erraztu nahi die zentroei, izan ere, gertuko zerbitzu horien laguntzaz, mendekotasun egoera dauden pertsonak luzaroago egoten ahal dira beraien etxeetan, egoitza-zentroei komunitatean txertatu eta zerbitzu osagarriak eskaintzeko modua luzatuz.

Esparru-akordioaren berritasun nagusiak

Erabiltzaileak egoitza-zentroa hautatzean duen funtsezko eginkizuna da sistema berriaren berritasun nagusietako bat, erabiltzaileak aukeratuko baitu egoitza-zentroa haren bizitoki eremuan dauden plaza erabilgarrien arabera.

Aurrekoari loturik, egoitza-zentroen entitate titularrek, baimendua duten plaza kopuruaren barnean, hainbat plaza eskaini ahalko dizkiote Eskubide Sozialen Departamentuari, baina honek ez ditu plaza horiek hitzartu beharko, erabiltzaileen eskari eta erabakiaren arabera egingo baitu. Honela, plaza hitzartuen estaldura mapa hautaketaren arabera aldatuko da, pertsonen eskariarekin bat eginik.

Berritasuntzat jotzeko modukoa da, halaber, nola kalkulatu den plazaren prezioa eta moduluena (prezioa/plaza). Moduluetarako, aintzat hartu dira zentroei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak, pertsonalari buruzko ratioak eta egoitza-zentro bakoitzeko erabiltzaileen artean menpekotasuna dutenen eta ez dutenen portzentajeak. Hiru aldagai hauen arabera, bederatzi modulu finkatu dira, eta horrela, entitateak aldez aurretik jakin dezakete zein den haietako bakoitzari dagokion modulua.

Azken finean, sistema honen laguntzaz, erabiltzaileendako zerbitzua hobetu nahi da, izan ere, alde batetik, arreta zuzeneko ordu kopuru handiagoa eskatu eta sustatzen du erabiltzaile bakoitzeko, eta bestetik, zentro desberdinetan diharduten profil bereko langileen ordainsari eta soldaten arteko hurbilketa bultzatzen du, Nafarroa osorako hitzartze prezio bakarra lortzeko bidean aurrera egiteko asmoz.

Lehendabiziko aldiz, eguneko egonaldiak ere hitzartuko dira, mendekotasuna duten pertsonei etxean egoten lagundu eta zaintzaileak babestea xede duten zerbitzuen katalogoa osatu eta dibertsifikatzeko.

Beste berritasun garrantzitsu bat da autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak egoitza-zentroetan eta mendekotasuna duten pertsonendako eguneko zentroetan sartzea, modu anbolutarioak horietaz profitatzeko aukera izan dezaten. Programa horiek egoitzetan eta eguneko zentroetan garatuz gero, zerbitzu horien eskaintza lurralde osora hedatu eta gizarte zerbitzuen oinarrizko eremu guztien erabilgarri jarri ahalko da, mendekotasuna duten herritar gehienen mesedetan. Gainera, eskaintza 5 eta 10 pertsona bitarteko taldeetarako izanen da eta ez die inongo kostu ekonomikorik ekarriko erabiltzaileei.

Prestazio honen barnean, honako zerbitzu eta programa hauek eskainiko dira:

-Gaikuntza eta terapia okupazionalaren zerbitzua: autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzeko ariketa fisikoko programa, osasuna eta autozainketa sustatzeko programa, gaikuntza funtzionalerako fisioterapia programa, gaikuntza funtzionalerako terapia okupazionaleko programa.

-Estimulazio Kognitiboaren Zerbitzua: Estimulazio Kognitiboko programa.

-Autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzeko Zerbitzua: Eguneroko bizimoduko jardueretan autonomia hobetzeko programa.

Esparru-akordioaren helburuak

Esparru-akordio berriaren bitartez, arreta integrala eskaini nahi zaie mendekotasun egoera dauden adineko pertsonen oinarrizko beharrei, behar terapeutikoei, errehabilitazio arlokoei zein soziokulturalei, pertsona ardatz duen arreta ereduaren laguntzaz.

Horretarako arreta zuzeneko ratio profesionalak handitu eta langileen soldaten arteko hurbilketa sustatu da, egoitza-plazak kontratatzeko lehengo “Resident” programan zeuden hutsuneak detektatuz eta kontrataturiko zerbitzuen prestazioarekin batera honako hauek hobetuko dituzten elementuak sartuz:

- Plaza publikoen eskaintzaren eta plaza bermatuen eskariaren artean dagoen lurralde mailako desoreka zuzentzea.

- Erabiltzaileei zentroa hautatzeko aukera ematea. Esparru-akordioari atxikitako sistemak ez du plaza kopuru finkorik zentro bakoitzeko, baizik eta plaza hutsak bajak gertatu diren egoitzetatik kanpo estali ahalko dira. Horrek zentroen interesa ere sustatuko du, arretaren kalitatea hobetzeko.

- Pertsona ardatz duen arretaren filosofia eta horri atxikitako tresnak jarduera profesionalean sartzea. Egoiliarrek erabaki-hartzeetan parte hartzea, bizitzako istorioak, erreferentziazko profesionala, ordutegi eta jardueren egokitzapena, ohiko funtsezko jarduerak osagai terapeutikotzat diseinatu eta betetzea, pertsona kopuru txikiko bizikidetza unitateak, arreta mailako profesionalen txandakatze txikiagoa, familien parte-hartzea eta zentroak komunitatera irekitzea.

- Malgutasun handiagoa mendekotasuna dutenendako zein ez dutenendako egoitza-plazen proportzioan.

- Aurrekontu eskuragarriari loturiko plaza kopuru handiagoa izatea, zerbitzuari loturiko prestazioak plaza publikoak bihurtu ahal izateko.

- Agentziaren eta egoitza-zentroen arteko partaidetza iraunkorrerako organoa eratzea, akordioaren jarraipena eta koordinazio teknikoa egiteko. Halaber, kanpoko zein barneko ebaluazio sistema aurreikusi da. Kanpoko ebaluazioaren helburua izanen da zentroek pertsona ardatz duen arreta eredua betetzen ote duten egiaztatzea, eta horretarako, pertsonen, senitartekoen nahiz langileen iritziak aintzat hartuko dituen ebaluazio metodo berritzailea sartu eta langileei zuzendutako formakuntza plana egingo da.

- Moduluaren kostua egiazko kostura hurbildu eta hitzartutako prezioa arreta-ratioekin zein lan-baldintzen hobekuntzarekin loturiko modulu-sistema baten bitartez objektibatzea. Horren harira, gauean, gutxienez, arreta zuzeneko bi pertsona egotea eskatuko da, eta abidide gisa, mendekotasuna duten pertsonendako urteko 642 orduko batez besteko arretatik 700 orduko arretara igaroko da. Honela, zentroekin aldebiko akordioak egin beharra baztertu eta zerbitzuen kalitatea kostuarekin eta ondoriozko finantzaketa publikoarekin lerrokatuko da.

Halaber, hauexek dira esparru-akordiorako finkatu diren prezioak: mendekotasuna aitortua duten pertsonendako egoitza-plazaren hileko modulua 1.668,38 eta 2.391,67 euro bitartekoa izanen da, eta mendekotasuna aitortu gabe dutenen kasuan, 1.268,32 eta 1.643,59 euro bitartekoa. Modulu hauek % 10 eta % 15 bitarteko batez besteko igoera ekarri dute ResideN programari atxikita egindako kontratuen aldea. Eguneko arretarako plazetan, ordea, hilekoa modulua 566,75 eta 812,45 euro bitartekoa izanen da.

Azkenik, akordio honen bitartez ezarri beharreko hitzartze sistema koherentea izanen da esparru-akordioari atxikitako kontratu guztien iraupenari, epeei nahiz aldi bereko bukaerari dagokienez, hitzartutako plazak kontratu bidezko estaldurarik kudea ez daitezen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa