(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Inklusioa, bizimodu independentea, giza eskubideak eta irisgarritasun unibertsala, Nafarroako 2019-2022ko Desgaitasun Plan berriaren helburuak asteartea, 2019.eko otsailak 12


Eskubide Sozialetako Departamentuak aurkezturiko Plan berriaren zirriborroak 24 ildo estrategiko eta 244 ekintza bildu ditu autonomia pertsonala, osasuna, hezkuntza, enplegua, gizartearen parte-hartzea eta irisgarritasun unibertsala gisako eremuetan


Ezkerretik eskuinera, Eduardo Díaz, Antidio Martinez de Lizarrondo, Laparra lehendakariordea, Ines Frances eta Patxi Tuñon, jardunaldiaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroako 2019-2022ko Desgaitasun Plan berria landu du parte-hartze bidezko metodologian oinarritutako plangintzaren ikuspegitik, gai horri loturiko eragile guztiei elaborazioan era aktiboan laguntzeko aukera bermatuz.

Eragile horien artekoak ditugu Administrazio Publikoa, hainbat esparrutan, eta gizarte zibila, desgaitasunaren sektoreko entitateak eta beste herritar erakunde batzuk barne hartuz. Kasu honetan, ahalegin berezia egin da desgaitasuna duten pertsonek eta hauen senitartekoek zuzenean parte hartzeko aukera izan zezaten. Guztira, 915 pertsonak parte hartu dute prozesuan. Hau 2018ko udaberrian abiatu zen eta arreta berezia eman die lurralde ikuspegiari zein genero ikuspegiari.

Plan berri hau "Nafarroarako Desgaitasun Plan berria" izenburuko jardunaldiaren barnean aurkeztu dute gaur Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak; Errealitate Sozialaren Behatokiko, Plangintzako eta Gizarte Politiken Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñonek, jardunaldia itxiz; Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) zuzendari Ines Francesek, eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendari Antidio Martinez de Lizarrondok. Horiekin batera, hizlari gisa parte hartu du SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko Errege Petronatuko Desgaitasunari buruzko Espainiako Dokumentazio Zentroko zuzendari Eduardo Diazek. Jardunaldia Iruñeko Civican entzunlekuan izan da.

Arreta eredu berria, prebentiboa eta integrala

Diagnosian bildutako datuen arabera, 2018ko apirilean, desgaitasuna ziurtatua zuten 32.229 pertsona zeuden Nafarroan. Horrek esan nahi du herritarren % 5ek % 33tik gorako desgaitasuna aitortua duela. Hala ere, desgaitasuna duten pertsonei buruz diagnosian egindako proiekzioaren arabera, 2030ean 36.165 pertsona inguruk % 33tik gorako desgaitasun aitortua izan dezaketela kalkulatu da, 2018an baino ia 4.000 pertsona gehiagok.

Plan berri honen bitartez, pertsona horien beharrei erantzun eta aurrerapausoak eman nahi dira arreta eredu prebentibo eta integralaren alde, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko, autonomia pertsonala sustatzeko eta bizimodu independentea muga diezaieketen prozesuak saihestu edo atzeratzeko.

Halaber, proiektuak desgaitasuna duten pertsonei ahalik eta gizarte inklusiorik handiena bermatzea du xede, gainerako herritarren baldintza berberetan, autonomia pertsonalaren nahiz bizi-kalitatearen mailarik handiena erraztuz. Horretarako, Nafarrako Foru Administrazioak, entitate laguntzaileekin, desgaitasun duten pertsonekin eta herritar guztiekin batera, pertsona ardatz duen arreta integratuaren garapenaren erreferentzia bihurtzea lortu nahi du, zerbitzuak eta baliabideak zeharka antolatuz, desgaitasuna duten pertsonen beharrei erantzun ahal izateko.

Etorkizuneko ikuspegi honi loturiko eginkizuna betetzeko, planak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak bultzaturiko printzipioak hartu ditu abiapuntutzat:

- Gizarte inklusioa, desgaitasuna duten pertsona guztiei politikan, ekonomian, gizartean, hezkuntzan, lanean eta kulturan bete-betean parte hartzeko aukerak eta beharrezko baliabideak bermatuko dizkieten balioak eta ekintzak sustatuz.

- Giza eskubideak, desgaitasuna duten pertsonei funtsezko giza eskubide eta askatasun guztiez bete-betean eta berdintasunezko baldintzetan gozatzeko aukera sustatuz, babestuz eta bermatuz.

- Bizimodu independentea, desgaitasuna duten pertsonei beraien existentziari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea aitortuz.

- Irisgarritasun unibertsala, inguruneek, ondasunek, produktuek nahiz zerbitzuek pertsona guztiendako eta ahalik eta erarik autonomoenean eta naturalenean ulergarriak, erabilgarriak eta praktikagarriak izateko bete beharreko baldintza bezala.

Halaber, planak ekintza-ildoak diseinatzen lagundu duten beste printzipio batzuk ere barne hartu ditu:

- Prebentzioa, desgaitasunen agerpena murrizteko edota horiei atxikitako autonomia-galera bezalako efektuak moteltzeko beharrezko elementu gisa.

- Genero ikuspegia, desgaitasuna duten emakumeengan gertatu ohi diren desberdintasunik deigarrienak murrizteko.

- Bizitza-zikloa, desgaitasuna duten pertsonen bizitzan eta familia ingurunean aldatuz doazen behar indibidualak kontuan hartuz.

- Lurraldea, zerbitzu, azpiegitura nahiz baliabideetarako sarbidean lurralde mailako ekitatea lortzen lagunduko duten ekintzak diseinatuz.

Printzipio hauei atxikita, plana 7 ekintza-eremutan antolatu da helburu hauek lortzeko: desgaitasuna duten pertsonek autonomia pertsonala nahiz inklusioa lortzeko dituzten beharrei erantzutea; horien osasuna hobetzeko osasun-arreta egoki eta irisgarria ematea, desgaitasunak eragindako albo-kalteen prebentzioa landuz; hezkuntza inklusiboa ematea, beharrezko laguntzak barne, enplegu-tasa gehitzea baina lan-baldintza duinekin, gizartean nahiz kulturgintzan gainerako herritarren baldintza berberetan parte-hartzea ahalbidetuko dieten baldintzak sustatzea; ingurune, ondasun, produktu nahiz zerbitzuen irisgarritasun baldintzak hobetzea, eta desgaitasuna zeharka txertatzea Foru Administrazioko politika, zerbitzu eta ekintza guztietan.

Ekintza esparru hauek 24 ildo estrategikotan antolatu dira, eta hasierako proposamenak 244 ekintza biltzen ditu, horiek gauzatzeaz arduratu beharreko departamentuaren edo departamentuen proposamenekin batera, baita planaren lau urteko indarraldirako aurreikusita dagoen egutegia ere. Ekintza guztien artean, nagusiki Eskubide Sozialetako Departamentuari dagozkion batzuk nabarmen daitezke; hala nola, 1. eremuko ildo estrategikoak eta horiei atxikitako ekintzak, baita 6. eta 7. eremuetakoak ere.

1. eremua, autonomia pertsonala eta gizarte inklusioari buruzkoa

Eskubide Sozialetako Departamentuak gauzatu nahi duen 1. ildo estrategikoaren bitartez, desgaitasuna duten pertsonen detekzio goiztiarra, balorazioa eta orientazioa hobetu nahi ditu balorazio eta arreta goiztiarreko zerbitzuetan. Horretarako, alde batetik, balorazio eta arreta goiztiarreko zerbitzuak deszentralizatu nahi ditu, oinarrizko eremuetako erabiltzaileei hurbiltzeko, bereziki landa-eremuetakoei (eskualdeka banatuz), prozesuaren arintasuna errazteko xedez, bereziki esku-hartze edo laguntza azkarra behar duten berehalako desgaitasunen kasuan. Bestetik, desgaitasuna duten pertsonendako arreta protokoloa finkatu nahi da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, sistemarako sarbide gisa.

Horrez gain, 2. ildo estrategikoa ere garatu nahi du, desgaitasuna duten pertsonei bizitza-proiektu independentea egiteko behar dituzten baliabide osagarriak (prestazioak, zerbitzuak edo produktuak) errazteko xedez. Horretarako, Eskubide Sozialetako Departamentuak laguntzarako produktuak erosi eta berritzeko laguntza ekonomikoen zenbatekoa eta estaldura handituko ditu. Halaber, laguntzarako produktuen zentroa bultzatu eta deszentralizatuko du, desgaitasuna izan eta produktu horiek erosi nahi dituzten pertsonei informazio eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzeko. Zerbitzua Tuterako osasun-eremuan ere eskaini nahi du, Gizarte Zerbitzuen Zentrotik abiatuta eta laguntza birtualaren bitartez. Azkenik, Departamentuak laguntzarako produktuak mailegatu, trukatu, konpondu eta berrerabiltzeko sistema garatu nahi du.

Aldiz, 3. ildo estrategikoaren helburua, desgaitasuna duen pertsonaren beharrak ardatz dituen arreta eredu integral eta pertsonalizatua garatzea da, etxean jarraitu nahiz komunitate barneko inklusioa errazteko laguntzak bideratzeko. Horren harira, telelaguntza aurreratuko zerbitzua hedatuko da pixkanaka-pixkanaka, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokituta; eguneko arretarako bizikidetza-unitateen proiektu pilotua garatuko da Iruñeko Concepción Benítez kaleko Eguneko Zentro berrian, eta desgaitasuna duten pertsonendako familia giroko esku-hartze zerbitzua abiaraziko da, bereziki adingabeei zuzenduta, etxe giroan garatzeko eta familiei arreta eta zainketa lanetan laguntzeko.

Azkenik, beste helburu bat da 4. ildo estrategikoa aurrera ateratzea, desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonei autonomia pertsonala nahiz bizitza-proiektu independentea garatzen lagunduko dieten etxebizitza ete egoitza baliabideak errazteko xedez. Ildo horretan, komunitatean integratutako etxebizitza baliabideak gehituko dira desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonei autonomia pertsonala bultzatzeko; hala nola, tutoretzapeko etxebizitzak, funtzionalak, gainbegiratuak edo laguntza duen etxebizitza; horrekin batera egoitza-arretarako eredu berri bat ezarriko da, pertsona ardatz duen arreta-ereduan oinarrituta eta autonomia pertsonala sustatzeko asmoz, ebaluatzeko moduko kalitate-estandar zehatzak txertatuz; zenbait esperientzia pilotu abiaraziko dira desgaitasuna duten 65 urtetik gorako pertsonen egoitza barneko moduluak garatzeko eta desgaitasuna duten 65 urtetik gorako pertsonen desgaitasunetarako egoitza-zentroen barneko moduluak garatzeko (ebaluagarriak) eta, aldi berean, egoitza-zerbitzuen erabiltzaileak pixkanaka-pixkanaka “desinstituzionalizatu” eta autonomiari eusten laguntzea xede duten beste etxebizitza-zerbitzu batzuetara bidaltzeko.

6. eremua, irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztiendako diseinuari buruzkoa

Eskubide Sozialetako Departamentuak irisgarritasunari buruzko aholkularitza bultzatu nahi du irisgarritasunari laguntzeko Produktuen Zentroen bitartez (auzokideen komunitateei, erakunde publiko eta pribatuei, saltokiei eta establezimenduei zuzenduta), eta etxebizitzen % 4ko erreserba kuota aplikatu nahi du desgaitasuna duten pertsonentzat etxebizitza babestuko proiektu guztietan.

7. eremua, desgaitasunaren zeharkakotasunari buruzkoa

Eremu honi loturiko ekintzek sektore arteko eta maila anitzeko koordinazioa eta integrazioa dute helburu; hala nola, gizarte zerbitzuen eta hezkuntza, osasun, enplegu eta etxebizitza zerbitzuen arteko interfazearen antolaketa, desgaitasunaren aldagaia eta sektore arteko ibilbideen hobekuntza kontuan hartuz; edota entitateen gida eta foru Administrazioaren eta sektoreko elkarteen arteko koordinazio protokoloa sortzea, desbideratzeak zein entitate eta foru departamentuen arteko bi noranzkoko komunikazioak errazteko.

Horrez gain, desgaitasun eta irisgarritasunari buruzko formakuntza ekintzak antolatu nahi dira profesionalentzat eta langile publikoentzat, baita formakuntza eskaintza espezifikoagoak ere, administrazioko zein hirugarren sektoreko edota arreta zuzeneko zerbitzuen hornikuntzan diharduten enpresa pribatuetako pertsonalaren birziklatze eta birkualifikaziorako. Azkenik, berrikuntza soziala eta teknologikoa bultzatu nahi da hirugarren sekorearekiko lankidetzaz edo ikastetxeetan garatu beharreko hezkuntza inklusiboko programa esperimental eta berritzaileen diseinu eta inplementazioaz, desgaitasuna duten pertsonen gizarte inklusioaren mesedeko jardunbide egokiei buruzko ikasketa-guneak sortuz.

Hauxe da disgnosi fasean bildutako beharren azterketatik taxuturiko ekintzen proposamena (diagnosia parte-hartzearen bidez ere landu zen), eta une honetan herritarren partaidetzarako irekita dagoen proposamena hau desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten hirugarren sektoreko entitate eta elkarteekin ere eztabaidatuko da.

Ondoren, planaren ebaluazioa eta jarraipena eginen da zenbait adierazle objektiboren laguntzaz, inpaktua, prozesuaren emaitzak, estaldura eta kostua eta eraginkortasunaren aldeko erlazioa neurtzeko. Halaber, jarraipen-txostenak landuko dira urtero planaren gauzatze-maila eta lortutako emaitzak zehazteko, eta proposamenak egiteko atala irekiko da, planaren inplementazioa sortuz doazen beharren arabera egokitu eta hobetzeko.

Nafarroako 2019-2022ko Desgaitasun Plana aurkezteko hurrengo jardunaldia Tuterako Lourdes Zentro Zibikoan izanen da bihar, asteazkena, otsailak 13, 10:30etatik aurrera. Jarduera hau ere doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da esteka honetan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa