(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak klimarekin eta energiarekin konpromisoa hartzera gonbidatu ditu toki-erakundeak osteguna, 2019.eko otsailak 14


Hilaren 20an Iruñean egingo den jardunaldi batean emango da ezagutzera ekimena


Nafarroako Gobernuak ekimen bat jarri du martxan toki-erakundeek beren plangintzaren bidez klimarekin eta energiarekin konpromisoa har dezaten, Covenant of Mayors for Climate & Energy (Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna) ekimen europarraren metodologiari jarraikiz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Nafarroako toki-erakundeei bidali die proposamena, eta informazio-jardunaldi batera gonbidatu ditu. Otsailaren 20an izango da jardunaldia, Iruñean, Kondestablearen Jauregian, 10:30ean. Izena emateko, sartu esteka honetan.

Alkateen Ituna ekimen europarrean, toki-gobernuek ere beren ardura gisa hartzen dituzte berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuak, eta ikuspegi komun bat berenganatzen dute klima-aldaketa eta pobrezia energetikoa arintzeko eta haietara egokitzeko.

Toki-erakundeentzako laguntza

Hori dela eta, gonbidapen honen helburua da Nafarroako toki-erakunde gehienek Foru Komunitatearen eta Europar Batasunaren konpromisoekin bat datorren klima- eta energia-politika bat ezartzea. Horretarako, Exekutiboak laguntza ematen die klimarekin eta energiarekin konpromisoa hartuta duten toki-erakundeei, eta metodologia eta euskarri teknikoa eskaintzen dizkie berotegi-efektuko gasen (BEG) inbentarioak, ahulezia eta arriskuen analisia, klima eta energia jasangarrirako ekintza-plana (PACES) eta egoera-txostena prestatzeko.

Horretarako, udal-ordezkariz osatutako lantalde bat sortuko da, eta, Iraunkortasunaren Nafarroako Lursarea Agentziak eta NELS sareak lagunduta, klimarekin eta energiarekin erlazionatutako jardunbide egokiak, ezagutza eta baliabideak partekatuko ditu. Horretaz gain, diru-laguntzak emango dira klima- eta energia-planetako neurriak ezartzeko, baita barneko nahiz herritarrekiko informazio- eta komunikazio-euskarriak ere.

Bestalde, interesatuta dagoen toki-erakunde osoak onartu behar du klimarekin eta energiarekin hartutako konpromisoa, eta konpromiso hori behar bezala gauzatzeko ekimen bat garatzeko lanean hasi. Hortaz, talde-lanean jardun behar da, eta informazioa eskaini.

Jardunaldiaren programa

Xehetasun horiek guztiak eta Alkateen Ituneko edukia, baldintzak eta prozedurak otsailaren 20an egingo den Klimaren eta energiaren aldeko konpromisoei buruzko jardunaldian aurkeztuko dira. Hauek hartuko dute parte ekitaldian: Eva Garcia Balaguer, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia; Miguel Morcillo, Europar Batasuneko Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren bulegoko kidea; Josep Riera, Melianako (Valentzia) alkatea; eta Joxe Abaurrea, Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorreko zinegotzia. Solasaldiaren ondoren, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde Arretxeak emango dio amaiera ekitaldiari.

Beste aurrerapauso bat da hau maila guztietako erakundeek eta eragile sozial eta ekonomikoek partekatzen duten lan-ildoan. Bertan, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orria onartzea eta klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko legea prestatzea. Testuinguru horretan, Nafarroa prest dago beste erronka bati aurre egiteko; alegia, herri-mailan klimaren eta energiaren aldeko konpromisoak hartzekoari.

Ekimen horrek, alde batetik, Life NAdapta proiektuaren aurreikuspenei erantzuten die, Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko politikak modu integratu, koherente eta inklusibo batetik ezartzeko; eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak urriaren 10ean Bruselan sinatu zuen Alkateen Ituneko Lurralde Koordinatzaileen Konpromiso Adierazpenari.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa