(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Barkos Lehendakariak Iruñerriko bost udalerritako 4.315 etxebizitzaren birgaikuntza energetikoa egiteko plana aurkeztu du ostirala, 2019.eko otsailak 15


SustaiNAVility programa Antsoain, Barañain, Noain, Atarrabia eta Zizur Nagusian garatuko da eta 438 etxebizitzatako inguratzaile termikoei eragingo die lehendabiziko fasean, 7 milioiko inbertsioa tarteko


barkos

Barkos Lehendakaria eta Laparra lehendakariordea proiektuen arduradunekin. ( irudia handitu )

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek Iruñerriko bost udalerritako 4.315 etxebizitzaren birgaikuntza energetikoa bultzatuko duen plana aurkeztu du gaur goizean. Ondorengo bi urteei dagokien lehendabiziko fasean, proiektuak 438 etxebizitzatako inguratzaile termikoei eragin eta bi berokuntza-sare eraberritzea aurreikusi du, eta horretarako, 7 milioi euroko guztizko inbertsioa mobilizatuko duela kalkulatu da, 3 milioi baino gehiago Nafarroako Gobernuaren kontura.

Gobernuak eraikinak zaharberritzeko eta auzoetako hiri-birsokuntza bultzatzeko sustatu duen asmo handiko plan honen aurkezpenean, Barkosekin batera izan dira Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra, proiektua lideratzen ari den Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari kudeatzaile Jose Mari Aierdi eta Antsoain, Barañain, Noain (Elortzibar), Atarrabia eta Zizur Nagusiko alkateak diren Ander Oroz, Ohiane Indakoetxea, Alberto Ilundain, Mikel Oteiza eta Jon Gondan, proiektu honi loturiko Iruñerriko bost udalerrien izenean.

“Eraikinen zaharberritzearekin eskutik dator esparru publikoaren birsorkuntza, eta ildo horretan, aurreko garaietako garapen intentsibo hotzen aldean, hirigintza sozialago eta iraunkorraren alde egin dugun apustua kontrajarri behar dugu, begirada hiri kontsolidatura eta bizitza osoko auzoetara itzuliz”, adierazi du proiektu honen harira Uxue Barkos Lehendakariak, gaur goizean Zizur Nagusiko Kultur Etxean egindako ekitaldian.

Nasuvinsa etxebizitza eta hirigintza arloko sozietate publikoak bizitoki-parkea zaharberritzeko pilotatu eta kudeatzen duen SustaiNAVility proiektua aurkezteko ekitaldian, jarduketa honi loturiko hainbat esparru profesional, enpresarial eta sozialetako ehun bat pertsonak parte hartu dute. Horien artean zeuden, Foru Gobernuko Etxebizitza eta Energia zerbitzuetako zuzendariak diren Javier Etayo eta Martin Ibarra, proiektuan parte hartuko duten bost udaletako zinegotziak eta teknikariak, energia eraginkortasuneko zein eraikuntzako profesionalak, teknikariak eta enpresak, finantza erakundeak, Finka Administratzaileen Elkargoko lehendakari Peio Mendia, eta jarduketa hauetan murgildutako elkarte eta auzokide-komunitateen ordezkariak, besteak beste.


grupo

Lehendakariaren atzean bergaituko diren lehendabiziko etxebizitzak. ( irudia handitu )

Alkateen aitorpena

Jendaurreko agerraldian, Barkosek harekin batera agertu diren bost alkateen aitorpen berezia egin du, eta horrekin batera, eskerrak eman dizkie “birgaikuntza energetikoaren alde auzoak aldatzeko tresna gisa egin duzuen apustuagatik eta lurrari eta behar sozialei atxikiago dagoen hirigintza ulertzeko beste modu horrekin duzuen sineste osoagatik”.

Lehendakariak, auzokideen inplikazioa aipatuz, argi utzi nahi izan du “birgaikuntza energetikoa eraikinak eraldatzera deituta dagoela, baina eraikinetan pertsonak bizi dira, eta hauexek dira proiektu mota honek behar duen mobilizazio herritarraren protagonistak eta eragileak”, izan ere, haren hitzetan, “auzokideak dira, kalitatezko etxebizitza izateko eskubidearekin batera, osasuna izateko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko eskubidearekin batera eta auzoak berreskuratzeko eta hiri-ingurune aktiboan bizitzeko eskubidearekin batera, proiektu hau kosta ahala kosta aurrera aterako dutenak”.

Anfitrioi lana egin duen Zizur Nagusiko alkatearekin batera, ekitaldian parte hartu dute, halaber, Antsoain, Barañain, Noain eta Atarrabiko alkateek, SustaiNAVility programak haien herriei egingo dien ekarpenaz gogoeta egiteko eta 438 etxebizitzari dagokien zaharberritze plan honen lehendabiziko faseko etxebizitzen nahiz hiri-inguruneen tipologia zehazteko.

Udalerrika banaturik, lehenbailehen abiatuko diren esku-hartzeen bitartez, 96 etxebizitza zaharberrituko dira Zizur Nagusian, beste 84 Barañainen, 80 etxebizitza eta berokuntza-sare bat Antsoainen, 90 etxebizitza eta beste berokuntza-sare bat Atarrabian eta 88 etxebizitza Noainen, Nasuvinsako Zaharberritze eta Hiri-Birsorkuntzaren arloko arduradun Isabel Izcuek proiektua azaltzeko hasierako agerraldian jakinarazi duenez.

Eraikinak zaharberritzeko, berokuntza-sareak berritzeko eta hiri-ehuna birsortzeko programa hau Nafarroako Gobernua buru duen SustaiNAVility proiektua europarrari atxikita dago, eta etxebizitza nahiz energia arloetako jarduketak biltzen ditu, auzo eta hirien trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko xedez.

Iruñerriko 4.000 etxebizitza baino gehiago zaharberritzeaz gain –horien % 10, aipaturiko 438 etxebizitzak, ondorengo bi urteotan-, SustaiNAVility proiektuan toki erakundeentzako laguntzak ere aurreikusi dira, energia berriztagarrien arloko inbertsioetarako eta eraginkortasuna hobetzeko neurriak inplementatzen dituzten industrien aholkularitzarako, besteak beste.

Zaharberritzeko politiken lehentasuna

Hiri kontsolidatuko etxebizitzen zaharberritzea eta auzoetako hiri-birsorkuntza dira, etxebizitzen arrazoizko errentamenduaren sustapenarekin batera, Nafarroako Gobernuak azken lau urteotan bultzatu duen etxebizitza eta hirigintza iraunkorraren aldeko politikaren oinarri nagusiak.

Horren harira, Foru Komunitateko bizitoki-parkea laguntza publikoen bitartez zaharberritzeko esku-hartzeak hiru halako baino gehiago gehitu dira, eta 2014an zaharberrituriko 1.537 etxebizitzen aldean, 5.429 etxebizitza zaharberritu ziren 2018aren bukaeran. Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntzak proportzio berean gehitu dira: 8 milioi euro duela lau urte eta 22 milioi baino gehiago iaz.

Zaharberritze eta hiri-birsorkuntzarako plan hau aurrera aterako, Nasuvinsa sozietateak auzoko bulegoak jarriko ditu proiektuari atxikitako bost udalerrietan, inguratzaile termikoa egokitu edo eraikinen azpiegiturak berritzeko lanak onartzen dituzten auzokideen komunitateei aholkularitza teknikoa emateko, laguntza publikoak tramitatzeko eta prozesu osoko babesa eskaintzeko. Nasuvinsako tenikariek auzokide-komunitateen esanetara lan egiten dute zaharberritze lanetan soluzio tekniko, energetiko eta ekonomikorik onena lortzen laguntzeko, dirulaguntzak tramitatzeko edota ekarpenak era solidarioan eta banku-kreditu baten bitartez finantzatzeko negoziazioetan laguntzeko.

Horrela, Nasuvinsaren bulegoko auzoak, auzokieekiko harreman estuan, zubi-lana egiten du Administrazio publikoarekin –Nafarroako Gobernua, udalak edo Europako erakundeak- eta eraikinak zaharberritzeko proiektuetan parte hartu ohi duten arkitektoekin, teknikariekin, eraikuntzako enpresekin, finantza erakundeekin eta bestelako eragile profesionalekin.

Txantreako aurrekaria

Antzeko jarduketa baten bitartez –Nasuvinsak ere pilotatu zuen Efidistrict proiektua-, Iruñeko Txantrea auzoan 600 etxebizitzaren baino gehiagoren birgaikuntza energetikorako eta hiri-birsorkuntzarako lanak bideratu ziren duela urte eta erdi eskas, Orvinako etxebizitza sozialen blokeetan.

Herritarren parte-hartze handia lortu zuen esperientzia hau arrakastaz burutu zen, eta nahitaezko erreferente bilakatu da Gasteiz, Donostia eta Bartzelona bezalako hiriburuentzat, askotxo baitira Txantrean hainbat aldiz bisitari ibili diren hiri horietako zinegotziak eta urbanistak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak (IDEA) jardunbide egokien eskuliburuan sartu berri duen jarduketa honen nondik norakoak ezagutzeko asmoz.

Iruñeko Udalarekin batera, Nasuvinsa sozietate publikoak bigarren fasea ireki du Txantrean eraikinen birgaikuntza energetikorako jarduketak auzo osora hedatzeko asmoz, eta dagoeneko, etxebizitzatik gorako auzokide-komunitateak atxiki zaizkio proiektuari, hasierako eremua bikoiztuz.

Efidistrict proiektuak Txantrean lortutako arrakastaren harira, Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsaren bitartez, eredu berbera errepikatu nahi du gaur aurkezturiko SustaiNAVility proiektuari atxikita dauden Iruñerriko beste bost udalerrietan, Tuterako Lourdes auzoko zaharberritze-proiektua berriz ere abian jarri eta alokatzeko etxebizitzen parke publikoko sustapen zaharrenetan birgaikuntza energetikoko plana bideratzeaz gain. Egun, etxebizitza arloko sozietate publikoak kudeaturiko errentamendu babestuko 900 etxebizitzak baino gehiagok osatzen dute alokatzeko etxebizitzen parke publikoa.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa