(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak desfibrilagailuen nahitaezko instalazioa arautu eta dibulgaziozko bideoak editatu ditu bihotz-geldialdietan jokatzeko moduari buruz astelehena, 2019.eko otsailak 18


Nafarroan, arrastorik gabeko biziraupen maila % 19,2koa da bihotz-biriketako geldialdietan, Estatuan dagoen % 10eko bestebestekoaren aldean.


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretua onartu du kanpo desfibrilagailu automatikoen instalazioa eta horien erabilpenari buruzko formakuntza arautzeko. Foru Dekretuak gailu horiek osasun eremutik kanpo nola erabili behar diren zehaztu du, eta lehendabiziko aldiz, establezimendu eta esparru publiko jakin batzuek desfibrilagailu bat ikusteko moduko lekuan, mantenimendu egoera egokian eta erabilpenari buruzko trebakuntza duen pertsonalaren kargura eduki behar dutela ezarri du.

Ezkerretik eskuinera, Elizalde, Gabilondo eta Reyero, gaur goizeko aurkezpenean. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 30eko 6/2019 Foru Dekretua onartu du kanpo desfibrilagailu automatikoen instalazioa eta horien erabilpenari buruzko formakuntza arautzeko. Foru Dekretuak gailu horiek osasun eremutik kanpo nola erabili behar diren zehaztu du, eta lehendabiziko aldiz, establezimendu eta esparru publiko jakin batzuek desfibrilagailu bat ikusteko moduko lekuan, mantenimendu egoera egokian eta erabilpenari buruzko trebakuntza duen pertsonalaren kargura eduki behar dutela ezarri du.

Osasun Departamentuak lurralde mailako banaketaren eraginkortasun handiagoa bermatu nahi du, eta aldi berean, Biziraupen Katea bermatzen lagun dezaketen jokabide egokiei buruzko jarraibideak ezagutzera eman nahi ditu herritarren artean.

Dibulgaziozko bideoak

Aipaturiko Foru Dekretuaren onarpenarekin bat eginik, desfibrilagailu automatikoak era egokian erabiltzeko eman beharreko pausoei buruzko dibulgaziozko bideoak ere argitaratu dira. Era argi eta laburrean, bideo horiek balizko bihotz-geldialdia ikusten duenak kontuan hartu beharreko jarraibideak zehaztu dituzte, inguruan biziraupenari buruzko formakuntza duen inor ez baldin badago.

Lehendabiziko bideoak hiru minutuko iraupena du eta bihotz-geldialdia ikusitakoan aktibatu beharreko biziraupen-katea azaltzen du. Geldialdian nola identifikatu eta nola jokatu adierazten du, hasteko 112 telefono-zenbakira deituz, eta jarraian, bihotz-biriketako bizkortzea eginez eta desfibrilagailu automatikoa erabiliz osasun zerbitzuak iritsi arte.

Desfibrilagailuen eginkizun nagusia, ohiko erritmo kardiakoa deskarga elektriko baten bitartez berreskuratzen laguntzea da, “biziraupen-katean” aurreikusirako maniobrak hasi ondoren. Iraun laburragoa duten beste bi bideoetan, esku-hartzea zalantzagarria izan daitekeen egoerak ezagutzeko (arnasketa normala edo arnasketa agonikoa) eta behin identifikatuta nola jokatu behar den zehazteko landu dira.

Bideoak El ABC que salva vidas delako elkartearen lankidetzaz landu eta lau hizkuntzatan editatu dira: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta alemanez. Material guzti-guztia Nafarroako Osasun atariak Youtube plataforman duen kanalean eskura daiteke dagoeneko.

Bideoak gaur goizean aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondok, Osasun-Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari Lazaro Elizaldek eta Bihotz-Geldialdiaren arreta aktibatzeko kodearen arduradun Diego Reyerok.

Agerraldian, halaber, formakuntza-erakunde instituzionalei zuzendutako ikastaro birtual baten sorrera iragarri da, desfibrilagailu automatikoak erabiltzeko beharrezko eduki teorikoak bilduz, gerora hiru orduko ikastaro praktikoekin otsazeko xedez.

Aurkezpenean adierazi dutenez, Foru Dekretu berriaren arabera, 700 pertsonatik gorako aforo baimendu edo aurreikusia duen edozein esparru eta instalaziok desfibrilagailua izan behar du, eta aforo hori 500ekoa da kirol instalazioen kasuan.

Horrez gain, desfibrilagailu horiez arduratuko diren profesionalek izan beharreko oinarrizko formakuntza erregulatu du, horiexek baitira bihotz-biriketako geldialdia duten pertsonei arreta egiteko “esku hartuko duten balizko lehendabiziko pertsonak”. Lehen pertsona esku-hartzaile horiek bihotz-geldialdian jokatzeko moduari buruzko formakuntza egokia ere izanen dute, eta ondorioz, haien esku-hartzea formakuntzarik gabeko pertsonena baino maila handiagokoa izanen da.

Ekintza koordinatua bermatzeko Foru Dekretua

Dekretu berriak erantzuna eman nahi dio indarrean zegoen 2011ko araudia eguneratzeko premiari, bihotz-geldialdiari eman beharreko arretan osasun-sistemako eta osasun-sistematik kanpoko baliabideen arteko ekintza koordinatua erraztuko duen sare operatibo bideragarria bermatu ahal izateko, izan ere, honelako ezbeharren lekukoek lehendabiziko hamar minutuetan egiten dituzten esku-hartzeek hil ala biziko garrantzia dute.

Ekintza-ildo hau Osasun Planarekin lotuta dago, izan ere, Planaren lehentasunezko estrategien barnean, denboraren menpeko edo hil ala biziko larrialdiak deritzenetarako arreta hobetzea sartu da, hil ala biziko larrialdietarako herritarrei formakuntza ematea ere aurreikusi delarik.

Arau berrian ezarritakoaren arabera, jendearentzako desfibrilagailua eskuragarri izan beharko duten esparruen artean, 700 ikasle baino gehiago dituzten ikastetxeak, 700 enplegatu baino gehiago dituzten lan-zentroak eta 500 pertsonatik gorako aforo baimendua edo aurreikusia duten kirol, kultura eta aisialdiko instalazioak nabarmendu behar dira. Betebeharra 2.000 metro koadrotik gorako azalera eraikia duten saltoki edo merkataritza-guneetara, aireportuetara, tren-geltokietara eta 10.000 biztanletik gorako populazio duten udalerrietako autobus-geltokietara ere hedatuko da, baita Udaltzaingoen nahiz Foruzaingoen patruiletara eta udaltzain zein aguazilengana ere.

Desfibrilagailuak ikusteko moduko leku iristerrazetan kokatuko dira, Bizkortzeari buruzko Nazioarteko Koordinazio-Batzordeak (ILCOR) gomendatutako seinaleztatze unibertsalaz bereizita eta SOS Navarraren 112 telefono-zenbakia agerian dagoela. Leku berean, gailuak erabiltzeko jarraibideak tokian tokiko hizkuntza ofizialetan jarri beharko dira, baita beste hizkuntza batzuetan ere, instalazioaren titularraren irizpidearen arabera. Azken hau instalazioaz eta mantentze-lan egokiez ere arduratuko da.

Lehendabiziko pertsona esku-hartzaileen formakuntza

Dekretu berriak zehaztutako definizioaren arabera, “lehendabiziko pertsona esku-hartzaileak” dira bihotz-biriketako geldialdia izan duten pertsonei lehenengo arreta emateko aukera gehien dutenak. Arauak nahitaezkotzat jo du, gutxienez bizkortze-maniobren eta desfibrilagailuen erabilerari buruzko formakuntza duen pertsona bat izatea, 700 pertsonatik gorako aforoa duten zentroen jendaurreko irekiera-ordutegian (500 pertsonatik gorako aforoa, kiroldegien kasuan).

Besteak beste, hauexek dira egiaztatutako formakuntza izan behar duten kolektiboetako batzuk: Udaltzaingoak, udaltzainak eta aguazilak, Foruzaingoa, Nafarroako Suhiltzaileak, igerilekuetako eta beste aisialdia-esparru batzuetako sorosleak eta dekretuari atxikitako esparruen jendaurreko irekiera-ordutegian desfibrilagailuen erabileraz arduratu behar duten pertsonak.

Lehenengo pertsona esku-hartzaileentzako ikastaroak Nafarroako Gobernuaren nahiz dekretuan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten bestelako erakunde publiko edo pribatuen menpeko erakundeek antolatuko dituzte. Ikastaroan ematen dituzten irakasleek osasun-larrialdietako titulazio profesionala edo bizi-euskarriko irakasle-prestakuntza izan beharko dute.

Eskatutako formakuntzaren barruan, gutxienez sei orduko iraupena eta oinarrizko formakuntza teorikoko hiru ordu eta formakuntza praktikoko beste hiru ordu izanen dituen hasierako ikastaroa egin beharko da, zati praktikoan arnasbideak libratzeko erari buruz, bihotz-biriketako oinarrizko bizkortze-maniobrei buruz eta desfibrilagailu automatikoen erabilerari buruzko edukiak bilduz. Akreditazioa duten pertsonek bi orduko eguneratze eta mantentze ikastaroa egin beharko dute bi urtez behin.

48.000 ikasle trebatuta

Egun, Udaltzaingoetako kideen % 81ek formakuntza hartu du eta desfibrilagailua darama patruila-autoetan, baita aguazil zein udalzainen % 38k ere.

Halaber, El ABC que Salva Vidas elkartearen eta O-NOZeko Ospitalez kanpoko Larrialdi Zerbitzuko nahiz Hezkuntza eta Osasun departamentuetako pertsonalaren ekintza koordinatuari esker, Nafarroan, Oinarrizko Bizi-Euskarriari buruzko formakuntza eskola ikasleen ikasgaietan sartzea lortu da.

2014az geroztik, Bihotz-Biriketako Bizkortzeari (BBB) buruzko 59 ikastaro antolatu eta 951 irakasle trebatu dira, eta horrekin batera, BBBa egiteko 1.468 panpina banatu dira ikastetxeen artean, 48.000 ikasleri baino gehiagori horren inguruko trebakuntza emanez.

504 desfibrilagailu erregistratuta Nafarroan

Egun, 504 desfibrilagailu erregistratuta daude guztira Nafarroan, Osasun Departamentuko erregistroaren arabera. Gailu hauek oso baliabide baliagarriak dira bihotz-biriketako geldialdiren baten aurrean egin beharreko esku-hartzerako, biziraupen-kateko gainerako osagaiekin batera, baina egungo banaketa ez dator bat lurralde mailako plangintza egokiarekin eta ez dago bermatuta aparatu horien erabilpenean trebatutako pertsonalaren presentzia egokia.

Bihotz-biriketako geldialdiak

Urteko 60 bihotz-geldialdi gertatzen dira, batez beste, 100.000 biztanleko. Ospitalez kanpo gertatzen diren ezusteko bihotz-geldialdien % 80 gaixotasun koronarioaren ondorio dira. 10 aldiz heriotza gehiago eragiten dute bihotz-geldialdiek trafiko-istripuek baino.

Ospitalez kanpoko Bihotz-Geldialdien Europako Erregistroak 66,5 urteko batez besteko adina zehaztu du eta % 66ko eragina gizonengan. Horrelako ezbeharren % 80 etxean gertatzen da. Hamar kasutik zortzitan, inguruko pertsonen esku-hartzea funtsezkoa da pazientearen biziraupena bermatzeko. Esku-hartzerik gabeko minutu bakoitzeko, % 7 murrizten dira bizirik irauteko aukerak. Desfibrilazioaren eraginkortasuna estu-estu lotuta dago erantzuteko denborarekin.

 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa