(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

 Elkartasunaren  Nafarroa Nazioarteko Sariaren XVII. edizioa deitu dute 2019. urterako asteartea, 2019.eko otsailak 19


Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute sari hau haien lanean ibilbide nabarmena izan duten pertsonei, GKEei edo erakundeei emateko


Gema Mañú eta Javier Cortajarena, lankidetza-hitzarmena sinatzerakoan. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko zuzendari nagusiak, Gema Mañuk, eta Laboral Kutxako lurralde-zuzendariak, Javier Cortajarenak, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, horren bitartez Elkartasunaren Nafarroa Nazioarteko Sariaren XVII. edizioaren deialdia egiteko.

Sariaren helburua da Nazio Batuen agendak hemendik 2030. urtera bitarte markatutako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko egindako lanarengatik edo izandako ibilbidearengatik nabarmendu diren pertsonak, GKEak edo erakundeak saritzea.

Aurreko edizioetan bezalaxe, bi erakundeen artean finantzatzea adostu dute, kudeaketa-gastuak ez ezik, sariaren zuzkidura bera ere partekatuaz; aurten, saria 25.000 eurokoa izango da, eta saritutako pertsonak edo erakundeak garatutako jarduera indartzen erabili ahal izango du, saria horretarako ematen da-eta.

Hitzarmenean, aldeen eskubideak eta betebeharrak arautzeaz gain, eranskin moduan jasotzen dira sariaren edizio berria erregulatzen duten deialdiaren Oinarriak. Proposamenak Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik hasi eta 2019ko maiatzaren 17ra bitarte.

Beste batzuetan bezala, honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak, hots, edozein herrialdetan legez eratutakoek: erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, e.a.), hezkuntza-erakundeek, erakunde kulturalek, sozialek, gobernuz kanpoko erakundeek, e.a. Halaber, izena eman dezakete, adierazitako epearen barruan, epaimahaiko kideek eta antolakuntzak gonbidatutako pertsona ospetsuek edo erakundeetako ordezkariek. Norberarentzat edo legez ordezkatzen duten erakundearentzat Saria eskatzen dutenek aurkeztutako hautagaiak ez dira onartuko.

Sariaren inguruko edozein informazio eskuratzeko, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jar daiteke (Diru-sarrerak Bermatzeko eta Garapenerako Lankidetzako Zerbitzua) + 34848425043 telefonora deituta edo servcoopdes@navarra.es helbide elektronikora idatzita.

Epaimahaia zazpi kidek osatuko dute, deialdia egiten duten erakundeen ordezkariak barne, eta kide horiek ospe handiko pertsonen eta profesionalen artean hautatuko dira, elkartasun-munduarekiko sentsibilitate berezia eta esanguratsua dutenen artean. Epaia ekainean emango da, eta komunikabide ezberdinei eskainitako prentsaurreko bidez iragarriko da; alegia, Saria zein erakundek edo pertsonak irabazi duen jakinaraziko da edota, hutsik geratu bada, horren berri emango da.

Elkartasunaren Nafarroa Nazioarteko Sariak 2019an XVII. edizioa izango du. Saria urtero banatu da, 2015ean izan ezik.

Nafarroako Gobernuak zein Laboral Kutxak borondatezko lanaren eta lan solidarioaren balioak sustatu nahi dituzte, eta herrialde eta herri txirotuetako sektore kaltetuenen aldeko konpromiso soziala erakutsi nahi dute; modu horretan, 2001. urteaz geroztik esku hartzen dute Saria ematen, eta dagoeneko saritutako pertsonak eta erakundeak ugari dira.

Aurreko edizioetan saritutako pertsonak

Aurreko edizioetan, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak hainbat kontinentetako erakundeak eta pertsona ospetsuak saritu dituzte; hots, profil oso anitzekoak. Tartean, honako hauek aurkitzen dira: Bakearen Nobel Saria, Muhamad Yunus; Kalkutako Karitateko Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fedearen eta Alaitasunaren Nazioarteko Federazioa; San Juan de Dios Ospitale Ordena; Wassu Gambia Kafo eta Mama Samathe; Aguaricoko Bikariotza Apostolikoa-Ekuadorreko Misio Kaputxinoa; eta Isabel Martín-Creative Handicraft.

Halaber, honako hauek jaso dute saria: Manuel E. Patarroyo Murillo irakasleak; Kenyako Dimina Khasialak, ‘Mama Tunza’ bezala ezagunak; Martha Pelloni Ahizpak, Argentinan Giza Eskubideen alde lan egiten duenak; Juan Ciudad Fundazioak eta langileetariko batek, Paciencia Melgar Ahizpak, ahaztutako gaixotasuna duten pertsonekin egindako lanarengatik (tartean Ebola); eta Via Campesina erakundeak, lau kontinentetan ezarritako munduko mugimendu sozialak, 73 herrialdetan dagoenak eta FAO bezalako Nazioarteko Foroetan eta Erakundeetan bitartekari ospetsua denak. Azken edizioan, Afrikako lau aktibista saritu ziren: Theresa Kachindamoto, Malawikoa; Hulo Guillabert, Senegalgoa; Victoria Nyanjura, Ugandakoa, eta Oumou Sall-Seck, Malíkoa, Afrikan giza eskubideen alde egindako lanarengatik, guztien lana saritzen duen baterako hautagaitzan.

Elkartasunaren Nafarroa Nazioarteko Saria, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak elkarrekin sortu zuten 2001. urtean, nahiz eta saria hurrengo urtean banatu. 2010. urtean, sari hau 'Vianako Printzea' Nazioarteko Sarietan sartu zen, Elkartasunaren Vianako Printzea Saria izenarekin. 2012. urtean, ordea, hasierako formatura itzuli zen, bai izenaren aldetik, bai saria emateko Ekitaldiaren planteamenduaren aldetik, eta 2019ko edizio honetan ere modu berean jarraitu nahi da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa